2026-01-10
Blog Page 909

Cementos Lemonako langileek enpresa-hitzarmen ona adostea lortu dute

Hilabeteetako negoziazio eta mobilizazioen ondoren, LABek Hitzarmen Kolektiboa adostu du Cementos Lemonan, 130 langileko Arratiako porlan fabrikan. Akordio hau LABek deitutako mobilizazioek egin dute posible, baita mobilizazioak gogortzeko erabakiak ere, Cementos Lemonaren ehungarren urteurrenaren bezperetan. Enpresa honen 100 urteak hainbat belaunaldiren lanaren ondorio dira, eta akordio duin bat lortu ezean borrokan jarraitzeko jarrera irmoa erabakigarria izan da.

Edukiei dagokienez, gure balorazioa oso ona da. Guretzat ezinbestekoa zen ondorengo hiru gaiak jasotzea:

-Lan baldintzak hobetzea. Akordioak KPItik gorako soldata igoerak jasotzen ditu, eta igoerak ditu gaueko plusean eta produkzio priman. Enpresak zuen malgutasuna murriztu egin da, eta baimendutako soldatak hobetzeaz gain, zigor araudia aplikatzean enpresaren eskumena mugatu da.

– Enpresak aurrez ezarritako langileen arteko desberdinatasunak ezabatu dira. “Mando molino”ko langileen egoera hobetu da, eta haien egoera blindatu da, lanpostuak eduki gabe uzteko tentazioari aurre eginez. Harrobiko langileen kasuan, soldata diskriminazioa (soldata eskala bikoitza) kendu da, soldatak gorantz berdinduz.

– Etorkizunerako bermeak. Bi kontratazio berri adostu dira, eta langile kopurua mantentzeko konpromisoa lortu, inoiz Cementos Lemonako hitzarmen baten jaso izan ez dena.

Azaldutako edukiez gain, harro gaudela esan nahi dugu:

-Negoziaketa honetan izan dugun eredu parte hartzaileagatik, etengabean langile guztiekin baina bereziki
gai bakoitzarekin zuzeneko lotura zuten langileekin hartu emanetan egon garelako.

-Cementos Lemonan lan harreman eredu berri baten bidean urratsak eman ditugulako, interes partikularren gainetik interes orokorra ezarriz, ez beste zaharkitutako sindikalgintza ereduetan bezala. Izan ere, enpresa eroso zegoen interes partikularrak lehenesten zituen ereduarekin.

Amaitzeko, Cementos Lemonako langileak zoriondu nahi ditugu azaldu duten kemenagatik. Merezi dugu lortutako akordioa. Dena den, hau urrats bat besterik ez da, eta gure etorkizunaren defentsak borroka berriak ekarriko dizkigu.
 

 

 

Marinel bat hil da Nigerian lanean ari zela

Aurten 27 langile hil dira laneko istripuz

Ostegunean jakin genuen, Nigeriako uretan zebilen TEEKAY enpresaren itsasontzi merkante batean, J.G. 53 urteko langilea hil egin zela, lan istripu ez traumatikoan. Dagoeneko 27 dira gutxienez 2017an Euskal Herrian euren lanpostuetan edo euren ondorioz hildako langileak, 3 Araban, 8 Bizkaian, 12 Gipuzkoan eta 4 Nafarroan.

CETA itunaren aurka irten gara berriro kalera

0

Bilbon, Iruñean eta Donostian izan dira protestak, eta borrokari eusteko deia egin dute bertan. Izan ere, CETAren aurkako borroka ez da amaituko Espainiako ganberek hura onartutakoan, gero EBko estatu kideek berretsi egin beharko baitute. Hori dela eta, CETAren eta gainerako nazioarteko merkataritza-itunen (TTIP, TISA…) aurkako plataformen artean elkartasunak sortzea behar-beharrezkotzat jo dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako TTIP eta CETAren aurkako plataformak kalera irten dira gaur, itunaren eragin kaltegarriaz ohartarazteko. Hain zuzen ere, elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Iruñean eta Donostian. Gipuzkoako hiriburuan, gainera, horma-irudi kolektibo bat osatu dute Alderdi Ederren.

CETA itunarekin korporazio handien neurrira egindako legedia sustatuko litzateke; korporazioek merkatuan dituzten azken mugak ezabatuko lituzkete, hain justu. Hortaz, CETA bezalako nazioarteko itun ekonomikoek neoliberalismoan sakontzen dutela nabarmendu dute gaurko protestetan.

Astelehenean, Gasteizen
Astelehenean izango da Gasteizen txanda. Ekainaren 5ean, Europako Gaietako eta Kanpo Ekintzako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren egoitzan bilduko da 11:30ean. Valoniako parlamentuko ahaldun Hélène Ryckmansek agerraldia egingo du bertan. Testuinguru honetan, elkarretaratzera deitu dute 12:30erako, Gasteizko Legebiltzarrean. Eta egun berean, ekainaren 5ean ere, 19:30ean, hitzaldi bat antolatu dute Aldabeko zentro zibikoan. Hélène Ryckmansek berak parte hartuko du, beste hizlari batzuen artean.

CETAren aurka mobilizatzeko arrazoi ugari daude, eta horretarako CETA CHECK on-line tresna ere jarri dute eskuragarri. Tresna horrekin, nahi duen edonork bere desadostasunaren berri eman diezaieke itun horien alde dauden alderdietako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako parlamentariei. Hilabete eskas batean, milaka e-mail bidali dira webgune horretatik parlamentari horien postontzietara.

 

 

 

Feminismoak Euskal Herriak dituen korapiloak askatzen lagundu eta etorkizuneko erronkei ekarpena egin behar diela nabarmendu dugu

Herri feminista bat eraiki nahi duen mugimenduak feminista behar du izan ezinbestean, eta helburua bezain garrantzitsua da bertara iristeko prozesua. Horregatik, ezker abertzaleko emakumeok gogoeta prozesu feminista batean murgilduta gaude bete-betean. Atzera begira jartzeko aukera izan genuen urtarrilean, Durangon egindako V. Nazio Batzarrean. Bada, gaur, adierazpen bat aurkeztu dugu komunikabideen aurrean, Bilbon, eta ezkerreko independentismoa indartu eta berreraikitzeko erronka estrategikoa dela berretsi dugu bertan, beste ondorio eta erronken artean. LABeko Exekutiboko kide Izaskun Garciak hartu du hitza agerraldian, besteren artean.

Hauxe da gaur irakurri dugun adierazpena:

EZKER ABERTZALEKO EMAKUME FEMINISTON V. NAZIO BATZARRAREN ADIERAZPENA

Ezker abertzaleko emakume feministok, V. Nazio Batzarraren hausnarketa-prozesuaren baitan, independentismoari, jendarteari eta euskal feminismoari honako hau adierazi nahi diogu:

Bizi dugun testuinguruari erreparatuta…

Eredu sozio-politiko eta ekonomikoaren zilegitasun krisiaren aurrean: alternatibaren garaia da. Euskal jendarteak, sistema kapitalista eta patriarkalaren aurrean, alternatiba eskatzen du eta argi du alternatiba hori ez dela estatuetatik etorriko. Hala, Euskal Herrian irekitzen ari diren alternatibarako burujabetza-prozesuetan parekidetasuna eta feminismoa presente egin behar ditugu.

Jendartearen esparru guztietan eragingo duen estrategia feministaren garaia da. Emakumeok pairatzen ditugun diskriminazio, jazarpen eta biolentzia egoera ezberdinei aurre egiteak egiturazko erabaki eta neurriak behar ditu. Salaketa soilaren eta sasi-irtenbideen garaia pasa da. Sexuen arteko
berdintasunak eta jendarte ez patriarkal baten eraikuntzak anbizio osoko estrategia eta politika feminista eskatzen dizkigu.

Aldaketa politiko eta feministarako aukera erreala da. Euskal Herriak gaitasun eta sentsibilitate feminista zabala ditu eta horrexegatik, euskal feminismoaren gaitasunaren bermeaz, jendarte-eredu berrirantz abiatzeko talentua eta anbizioa dituela uste dugu.

Erronka horri indar berriz heltzeko ezker abertzalea birfundatzen ari den honetan: Prozesu Feminista berritzeko garaia dela uste dugu. Hortaz, estrategia independentistaren jardun osoan feminismoa txertatzeko norabidean ezker abertzaleko emakume feministok urrats berria ematera goaz.

Hori horrela…

Ezkerreko independentismoa indartu eta berreraikitzeko erronka estrategikotzat hartzen dugu. Ezkerreko independentismoa anitza da eta han eta hemen barreiatua dago. Horrexegatik, aldaketa politiko eta soziala nahi duten sektore eta sentsibilitate ezberdinen topagune izaeran sakontzeko ahalegina egitea ezinbestekoa da. Euskal Estatuaren eraikuntza demokratikoak jendarte eredu feminista berez ziurtatuko ez duen arren, azken hau lortzeko bidean ezinbesteko estadioa bilakatzen da. Ezkerreko independentismoak burujabetza eraikitzeko ibilbide bat eta alternatiba oso bat eraiki behar du eta
erronka horretan feminismo abertzaleak bere gaitasun eta indar guztia inplikatu behar duela uste dugu.

Euskal Herriko feminismoak Euskal Herriak dituen korapiloak askatzen lagundu eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prozesuari ekarpena egin behar dio, euskal jendarte eta emakume zapalduekin duen konpromisoari erantzunez. Feministok, aniztasunean eta alderdikerien gainetik, elkarrekin lan egitera ohituak gaude eta filosofia hori da euskal jendartean barreiatu eta kutsatu behar duguna.adibidez, gatazka politiko eta
armatuaren konponbidean feminismoa eta emakumearen bizipena aintzat har dadin lan eginez. Bestalde, feminismoaren helburu nagusienetako bat zapaldua den emakume ororen erabaki gaitasuna indartzea da. Hortaz, euskal jendarteak
bere etorkizuna erabakitzeko duen ahalmena aldarrikatu eta gauzatzea feminismoaren erronkak izan behar dira.

Euskal Herriko feminismoarekiko eta aldaketa ekarriko duen estrategia feministarekiko leialtasuna berresten dugu. Euskal Herriko mugimendu feministaren parte izan, emakume taldeetan egon edo bestelako talde edo dinamiketan ikuspegi feminista txertatzen aritu, ezker abertzaleko emakume feministok aukera berriak irekitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu.

Ezker abertzaleko emakume feministok urrats feminista emango dugu, Prozesu Feministan sakonduz. Ezker abertzaleko emakume feministak ezker abertzalearen parte gara, kontzientzia feminista bera ez duten bestelako sektore eta pertsonekin historia, proiektu eta estrategia bat konpartitzen dugu. Feminismoa ikusteko molde eta tradizio bat osatzen dugu era berean. Ezker abertzaleak konpromiso feministan sakondu behar duela deritzogu, alde batetik, jardun politikoan feminismoa ardatz gisa hartuz, bestetik, barne-argazkia berrituz eta azkenik, feminismoarekiko ardura eta egitekoei leku propioa eskainiz. Ezker abertzaleko emakume feministok aitzindaritza hartu eta honen garapenerako urrats feminista emango dugu.

Bukatzeko, adierazpen honen azken helburua, euskal emakumeoi eta lurralde ezberdinetako emakume zapalduei gure borroka feministan berresten garela adieraztea izan da. Emakumeok eguneroko bizitzan eta bizi esparruetan, modu agerian edo mendeetako pisuaren islarekin pairatzen ditugun egoera larriei erantzuteko norabide bat hartu dugu. Emakumeok eguneroko bizitzan eta milaka egoeretan azaltzen ditugun erresistentzia eta asmo eraldatzaileei, jendarte berria eraikitzeko etengabeko anbizioari eta zapalkuntzaren aurrean sortzen zaigun ezinegon mingarriari erantzuteko, ezker abertzaleko emakume feministok, hartu dugun bidean eman dugun urrats feministaren berri eman nahi izan dugu.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

GORA BORROKA FEMINISTA!

GORA GU TA GUTARRAK! GORA HERRIA!
 

 

 

Enpresari gardentasuna eta Jaurlaritzari inplikazioa eskatu diote Muebles Xeyko langileek

0

Muebles Xeyko enpresa batzordeak prentsaurrekoa eman du lantegiaren sarreran, Zumaiako Oikia auzoan, enpresaren egoeraz ohartarazi eta euren aldarrikapenak jakinarazteko. Hain zuzen ere, hartzekodunen lehiaketan sartu dira langileak.

Hauxe da GMUko (Muebles Xey) enpresa batzordeak kaleratu duen oharra, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatuta:

Urte asko sufritzen pasa ostean, eta Zuzendaritzak zein komunikabide batzuk kontrakoa saldu nahi izan duten arren, hilzorian egon daitekeen beste enpresa bateko langileak gara gaur hemen aurkitzen garenak, GMUkoak hain zuzen, edo XEY, nahiago baduzue.

"Hilzorian" egon gaitezkeela diogu bai. Azken urte hauetan, desinformazioaren, azpijokoen eta presio ikaragarrien zurrunbilo baten partaide zuzen bilakatu gaituzte, eta dakigun apurra, aste honetan bertan gure Zuzendaritzak Hartzekodunen Konkurtsoa eskatu duela da, likidezia arazo erraldoi bat tarteko.

2012an, XEY egoera kaxkarrean zelarik, ezagutu genuen egun dugun Zuzendaritza berria. Enpresa eta bertoko langileon salbatzaile izateko omen zetozen. Urte guzti hauetan aurreko Zuzendaritzaren eskemetan ikaragarri sufritutako langilegoa ginen, baina gure lanpostuen bermea oinarri hartuta, esperantzaz ireki genizkion ateak 2012 hartan ireki zen fase berriari. Esperantza hura langileon bizkargainean lehertu zen arte.

Egia da Zuzendaritza berriak azken urteetan lana ekarri duela gurera, fakturazioak gora egin duela, baina zein preziotan? Zalantza handiak ditugu lan hori ateratzeko ezinbesteko tresna garen langileok, sekula kontutan hartu izan gaituzten! Opor aldaketak, hilabetero hilabetero nominen ordainketa atzeratzeak, azken lau urteotako aparteko pagak ez ordaintzea, Geroa eta aseguru pribatuen ordainketak etetea, kontratazio berrien merketzea eta hauekiko politika prekarioak. Hauek, gure lan-baldintzek urte guzti hauetan jasan duten gainbeheraren adibide soil batzuk besterik ez dira.

Behin eta berriro zuzendaritzarenak diren erabakiak hartzera behartuak izan gara, gure lan-baldintzen inguruko erabaki horiek zein ondorio ekar lezaketen informaziorik ere jaso gabe. Langileon esfortzuaz subentzionatutako enpresa eredua eraiki dute urte guzti hauetan. Akzionista nagusiek, baztertu ere egin zituzten bere garaian enpresa honetako proiektuan dirua inbertitzeko prest zeudenen eskaintzak. Eta orain, diru arazoak, tarteko hartzekodunen lehiaketan sartzear gara.

Lan harremanei dagokionean ere, bidea ez da errazagoa izan. Informazioa eskatu izan diegun bakoitzean, erantzun badigute, beraiek nahi izan dutenean eta nahi izan duten moduan egin dute. Langileok gardentasuna eskatu diogun bakoitzean informazioa izkutatzearekin erantzun digute, eta gezurrak ere jasan ditugu. Langileon arteko zatiketa bilatu nahi izan dute behin eta berriz, grebarako eskubidea zapuzteko ahaleginarekin, elkarrizketa bat ezin errespetuz eraman izana, banakako "elkarrizketak", enpresaren gainbehera gure errua izango delakoaren mehatxuak. Gure eskubideak aldarrikatu eta defendatzeagatik presionatutako langileak izan gara.

Egoera zaila da guretzat, aspaldian isilean eraman dugun egoera zaila, eta horregatik jotzen dugu komunikabideetara. Desinformazioarekin aspertuta, langileonganako etengabeko neurriekin nekatuta eta egia gosez gaude!

Zor haundiak omen ditu GMUk, baina ez dakigu zehazki zenbatekoak! Lehiaketa fase batean sartzear egonda ere, bizirik irautea nahi omen du zuzendaritzak, baina ez dugu hau nola planteatzen dutenaren informaziorik. Behin eta berriz eskatuta ere, alferrik!

Kolektibo gisa antolatuta gauden langileak gara eta argi daukagu zer nahi dugun eta zergaitik borrokatuko dugun:

– Ez daukagu zehazki gertatu denaren informaziorik, baina langileok gara enpresa honen aktiborik garrantzitsuena eta egoera honi irtenbidea eman behar bazaio ezinbesteko gardentasuna behar duen kolektiboa gara.
– GMU edo XEYrengan sinesten dugu eta benetan, etorkizuna duela uste dugu.
– Enpresa bideragarria dela uste dugu eta horren defentsan arituko gara, lehen bezala, gaur eta etzi.
– Enpresaren arazoa langileok ez garela jakitun, langiloentzat ondorio zuzenik ekarriko ez duen etorkizuna exijitzen dugu.

Ez dakigu ezer onik aterako den hontatik, baina guztion ardura da euskal industria sarearen etorkizuna bermatzea. Gugandik hasita, zuzendaritza, zordunak, insitituzioak… baina batez ere, guzti honetan akzioen %30a duen Eusko Jaurlaritzaren Eskuartze zuzena exijitu nahi dugu. Ez langileok, ezta Zumaia zein Urola Kostako eskualdeak ere, ezin du onartu horrelako beste golperik.

Hau dela eta, etorkizuna eta gardentasuna nahi ditugulako, datozen egunetan lanuzteekin hasiko gara. Bien bitartean, milesker etorri zareten guztioi eta hurrengorarte.
 

 

 

Oiartzungo Alcampora eraman dugu “Hemen lan egin, hemen negoziatu” aldarria

0

Fetico, Fasga, UGT eta CCOO sindikatuek eta ANGED patronalak saltoki handietako Estatuko hitzarmena sinatzeko akordioa egin dute. Hitzarmenean ez dute kontutan hartzen bertan lan egiten duten langileen beharrak eta beste behin ere iruzur berri bat egin diete sektoreko langileei. Hala, LABek elkarretaratze bat egin du gaur Oiartzungo Alcamporen aurrean, eta borrokatzeko deia luzatu dugu, Oiartzungo Carrefourreko langileek hartutako bidea oinarri. "Carrefourren ahal izan bada, gainontzeko enpresetan ere ahal da", nabarmendu dugu.

Hain zuzen ere, Oiartzungo Carrefour merkataritza guneko langileek abiatutako bidea goraipatu du LABek, 3 greba egun egin ondoren, non hipermerkatua itxita egon den, akordio on bat lortu dutelako, hitzarmen estataletik at eginez.

Sindikatutik sektoreko gainontzeko langileak animatu nahi ditugu, Carrefour Oiartzungo lan taldeak abiatutako bidea jarrai dezaten.
 

 

 

BSH Bosch Gasteizko lantegiko enpresa batzordeak bat egin du Errekaleor defendatzeko manifestazioarekin

0

Etxetresna elektrikoen enpresako langileek lanuzteak egin dituzte aste honetan, erabateko jarraipenarekin. Zuzendaritzaren jarrera salatu nahi izan dute horrela, langileekiko erakutsitako konpromiso faltagatik, duela bi hilabete lantegia salduko duela jakinarazi eta gero. Hala, enpresa batzordeak iragarri du biharko manifestazioan izango dela (Andra Mari Zuriaren plaza, 17:30), Errekaleor defendatzeko eta BSH Bosch-eko langileek eurekl bizi duten lan gatazka gizarteratzeko.

Argitaratutako oharrean, enpresa batzordeak manifestazioan parte hartzera deitu ditu langileak, eta borrokan jarraitzeko konpromisoa erakutsi du.
 

 

 

Ekainak 3 larunbata, pribatizazioen kontrako manifestazioak Osakidetzan

0

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok manifestazioa antolatu dugu ekainaren 3rako, eguerdiko 12etan Bilbon, Osakidetza egiten ari den pribatizazioak salatzeko. Urdulizko Ospitaleetako sukalde, ikuztegi eta garbikuntza zerbitzuen baldintza-agiria geldiarazteko agindua jaso ondoren ere, Osakidetzak zerbitzu horiek eta beste zentro batzuetakoak pribatizatzeko asmoarekin darrai. Osakidetzak, berriro ere, inolako zerbitzu berririk ez “kanporatzeko” bere konpromisoa urratuko du honela.

Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Eta sindikatuok egiaztapen bat azpimarratu nahi dugu: osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun- zerbitzuak eskuratzeko. Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde; baina, horretarako, ezinbestekoa da gure osasun publikoa sendotzea.

Azpimarratu beharrekoa da, halaber, zerbitzu-mota guztiak pribatizatzen direla, baita zuzeneko osasun- arreta ere. Bereziki eskandaluzkoa iruditzen zaigu Tolosaldeko egoera, Euskal Autonomi Erkidegoan erreferentziako ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra baita.

Sindikatuak erabaki hauen aurkako mobilizazio ezberdinak egiten ari gara, oraingoan Osakidetzako langileak eta gizartea, orokorrean, pribatizazioen kontrako manifestazio batera deitzen ditugu. Osasun zerbitzu publiko eta kalitatezko bat defendatzen dugu eta ez diogu aldarrikapen hau egiteari utziko Osakidetzak berak hartutako konpromisoak betetzen ez diren bitartean.

 

 

 

2018ko ekainaren 2an izango da Iruñeko Alternatiben Herria

Eragile sozial eta sindikaletako hainbat ordezkarik aurkeztu dute gaur dinamika; LABeko zenbait kidek, tartean. Hauek izango dira helburuak: martxan dauden alternatibak hedatzea eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko; mobilizazioaren eta gizartea aktibatzearen beharra azpimarratu, trantsizio soziala eta ekologikoa gauzatzeko; eta sareak sortu eta aliantzak egin eta indartzea Alternatiben Herria ospatu eta gero elkarrekin lanean jarraitzeko.

"Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu beharrekoa. Horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriz. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko". Hauxe da Alternatiben Herria dinamikaren izaera.

2018ko ekainaren 2a aldarrikapen eta festa eguna izango da, "proposamen ugariren erakuslea, handiak nahiz txikiak, egunerokoan betetzen gaituztenak. Ekimena bera bezain garrantzitsua da antolatzeko modua. Auzolanean egitea proposatzen dugu, parte hartu, eztabaidatu eta elkarrekin eragin nahi duten eragile eta pertsona guztien artean". Hala azaldu dute gaurko agerraldian.