2026-04-10
Blog Page 891

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailak eragile sozialak bazterrean utzi ditu

LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuok salatzen dugu Gizarte Politiketarako Ahaldunak duela hilabete batzuk bizkar eman ziela eta erantzunik ematen ez duela.

Arabako Esku-hartze Sozialaren 2. hitzarmena bete-betean negoziatzen ari garen honetan, Aldundiak azpikontratatzen dituen gizarte-zerbitzu guztiei eragiten diena, aipatu sailak AISA patronalari jakinarazi zion Espainiako ekonomiaren desindexatze legea ezartzeari ekin behar ziola, non haren bidez “eskulanak dakartzan kostuek eragin gehikuntza, langile publikoek jasan duten gehikuntza baino handiago ez dadila izan” nahi omen duen. Iragarpen honek, 2016. urteko amaieraz geroztik egiten ari ginen, eta sektore oso baten baldintza soziolaboralen menpe dagoen negoziazioa mugatzen du.

Honengatik, mahaian ordezkatuak gauden sindikatuok eskatu genuen, ekainean, erakundeetako arduradunekin elkarrizketatu ahal izatea, zegozkion azalpenak eman zitzaten eta negoziazioak bizi zuen egoerari buruzko iritziak trukatzeko, baita irtenbideak topa ditzagun eta horrela, titulartasun publikoko sektorea izanik, esku pribatuetan dagoen sektore batean prekarietatea kokatzea eragotzi dezagun.

Aldundiak ezer ez dioenez, LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuok, gaur hasiera eman diegu hainbat ekimenei, gure hitza erakundeek entzun dezaten, lehenengo eta behin, zerbitzu publikoak delegatzen eta azpikontratatzen dituztelako, enpresek eta patronalek erabaki dezaketenaren zoriaren menpe utziz, eta gero, soldata-baldintzen negoziazioa murriztu nahi izaten dute, negoziazio mahai inguruan eseri gabe.
 

 

 

Bizkaiko Umeen Zerbitzu Foraleko langile kopurua premiaz handitzeko eskatu dugu

Uda honetan GUFE-Aldundiko Sekzio Sindikalak Bizkaiko Lurralde Historikoko Batzar Nagusietan eskaera bat aurkeztu zuen Haurren Foru Zerbitzuko administrari zein teknikari postuen kopurua premiaz handitzeko. Helburu hori dela eta, datozen hilabeteetan onartu behar diren 2018ko Aurrekontu Orokorretan beharrezko kopuru ekonomikoa lotu beharra dago. Aipatu eskaera gaur azaldu eta eztabaidatu dute Bizkaiko Batzar Nagusien Eskaeretarako eta Herritarrakaz Hartu-Emonetarako Batzordean. Agerraldi horretan azken boladan zerbitzuak duen funtzionamendu eskasa salatu dute. Izan ere, horrek eragina dauka babesik gabe dauden Bizkaiko adingabeei emandako zerbitzu publikoan. Eztabaida egin bitartean, elkarretaratze bat egin dugu Batzar Nagusien kanpokaldean.
 
LABek Bizkaiko Lurralde Historikoko Batzar Nagusiei Umeen Zerbitzu Foralaren lanpostu administratiboen eta teknikoen kopurua handitzeko eskatu dio, eta horretarako, datozen hilabeteetan 2018ko Aurrekontu Orokorretan beharrezkoa den partida ekonomikoa jartzea.

2016ko Bizkaiko Aurrekontu Orokorretan zerbitzu honen beharrak islatu ziren, nahiz eta argi eta garbi modu eskasean, lanaldi partzialeko psikologo lanpostu bakarra sortuz. Horrek azken bi urteetan (2016 eta 2017) zerbitzu honek barnean duen egoera negargarria iraunarazi eta larriagotu du, eta baita Bizkaian babesik gabe dauden haurrenganako zerbitzu publikoaren gabeziak ere.

Umeen Zerbitzuan jasotako fitxategiak tratatzeko eta kudeatzeko atzerapen kezkagarriak arrisku larriko egoerak eragiten ditu, baita babesik eza adingabekoengan, ez baitira ebazten beharrezko epeetan. Horrez gain, Umeen Babeserako Lege berriak ardura handiagoa eta eskakizun administratibo maila handiagoak eskatzen ditu eta haurren eta beren familien oinarrizko eskubideen berme handiagoa eta tratamendu hobea. Horrek guztiak fitxategiak prozesatzen dituzten profesionalen laneko gainkarga eta laneko segurtasun eza areagotzen du. IMQk berriki egindako arrisku psikosozialen ebaluazioak guzti hau egiaztatzen du.

GUFEko Egoitza Harreraren Unitatearen lan-zamari dagokionez, Babesik Gabeko Haurrekin Esku Hartzeko Eskuliburuak 30/35 kasu aurreikusten du koordinatzaile bakoitzeko, errealitatean 50 kasu dituzte ordea. Umeak eta Nerabeak Babesteko Sistema Aldatzen Duen Lege berria ezartzearen ondorioz, lan-zama handitu egin da.

Esparru juridiko berriaren ondoriozko aldaketa hauek guztiek ez dute Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzun instituzionalik, Haurrentzako Plana iraungita baitauka, 2012an bukatu baitzuen. Babesik Gabe Dauden Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Haurrentzako III. Plana (2016-2019) ez du argirik ikusten nahiz eta lehentasunez aurre egin behar diren erronkek duten garrantzia:

• Haurren Zerbitzu Foralen koordinazioa Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin eta zerbitzua ematen duten entitateekin araudi berria kontuan hartuz.
• Umeen Zerbitzuaren kudeaketa eta antolamendua hobetzea, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak gauzatuz.
• Emandako zerbitzuaren kalitatea bermatzea eta mantentzea.

Bestalde, gizarte ekintzako beste zerbitzuetan enplegu publikoa handitzeko beharrak aztertzea ere eskatu du LABek.

Hala eta guztiz ere, zerbitzuaren kalitatearen galerak eta lan-zama handiak ez dira soilik Umeen Zerbitzuan gertatzen ari. Gizarte Ekintza Saileko beste unitate administratibo batzuen buruek, hala nola Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzukoak, Zentroen Zerbitzukoak edo Prestazioen Eea Diru- Laguntzen Zerbitzukoak, azkenaldian, beren langile kopurua handitzeko segidako eskaerak egin dituzte. Aurrekonturik ez dagoenez, eskaerak bertan behera gelditu dira.

Egoera horren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiak, LAB eta CCOO lan sindikatuekin batera, 2016ko uztailean idatzi zuten foru langileen lan-baldintzen hitzarmenaren/akordioaren 83.b. artikuluaren arabera, konpromisoa hartu zuen analisia eta azterketa egiteko Gizarte Ekintzako Saileko zenbait tokitan lanpostuak sortzea ahalbidetzeko.

Hitzarmena sinatu zenetik urtebete igaro ostean, aipatutako konpromisoa ez zen bete eta Araubide Juridikoaren Eta Funtzio Publikoren Zuzendaritzak 2017ko maiatzean negoziatzeko batzordean aitortu zigun, Gizarte Ekintza Sailaren menpe dauden hainbat zerbitzutan egiturazko arazo larrien iraupena, eta baita ere Gizarte Inklusioa Sustatzeko Zuzendaritzan, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren menpe dagoena.
Hori dela eta, LABetik Bizkaiko Lurralde Historikoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorren tramitazioa eta onarpenaren aurrean zera eskatzen dugu:

• Premia handiz Umeen Zerbitzuko langile kopuruaren handitzearen beharra aztertzeko txosten teknikoa prestatzea, kategoria administratibo eta teknikoetan.
• 2018ko Bizkaiko Aurrekontuetan Umeen Zerbitzuan antzeman diren beharrezkoak diren lanpostuak barneratzea.
• Gizarte Ekintza Saileko gainerako zerbitzuetan langile kopurua handitzeko beharrak aztertzeko txosten teknikoa egitea, baita Gizarte Inklusioa Sustatzeko zerbitzuari dagokionez ere, 2019. eta 2020. urteko Bizkaiko Aurrekontuetan diru-hornidura aurreikusteko.

 

 

Lan heriotzen atzean prekarietatea dagoela salatu dugu berriro

Joan den astean hildako garraiolariaren lan heriotza salatuko dugu gaur, Atxondon, Comercial Arrate enpresaren aurrean, Artia industriagunean. Gutxienez, 46 hil dira jada urtea hasi zeneteik; azkena, herenegun, Zeberion. Euskal gehiengo sindikalak deituta egin dugu gaurko elkarretaratzea, "Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez" leloarekin.

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu lehengo astean Soraluzen (AP1ean) lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei. Beti azpimarratu nahi izan dugu garraiolariek errepidean edukitako lan istripuak ez direla maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen: errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Baina lan istripuak dira, errepideak baitira garraiolarien lan eremua. Ezin dugu ahaztu, tamalez beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean, langile autonomoak baitira.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.
 

 

 

Elkartasuna adierazi diegu Kutxabanqueko langileei

0

Langileak berriro karrikan ziren atzo Baionan, Macronen erreformak salatzeko. Mobilizazio hori baliatuta, LABek ekintza bat egin du Kutxabanque-ko langileei elkartasuna adierazteko. Hain zuzen ere, Kutxabanqueko bulegoak ixtea erabaki dute, eta, ondorioz, 23 langile kaleratu Ipar Euskal Herrian.


 

 

 

Osakidetzak azken sektore mahaietan eskainitako negoziazioa ezerezean gelditu da

0
LABek Osakidetzari dei egiten dio ahalik eta azkarren Sektore Mahaia konbokatzeko, pendientea dugun negoziazio prozesuarekin hasteko. Jendarteak merezi duen kalitatezko osasuna emannahibadugu, langileok lan baldintza duinak izan behar ditugu.

Osakidetzak aurreko ikasturteko Sektore Mahaietan (martxoaren 23an, ekainaren 5ean eta ekainaren 23an) honako puntu hauek mahaigaineratu zituen, bertan parte hartzen dugun sindikatuokin akordio batetara ailegatzeko:

1.- 2017ko EPE programazioa (2016ko EPEarekin batera burutuko dena).
2.- 2018ko EPErako plaza kopuru eta kategorien negoziazioa.
3.- Kontratazio zerrendetako irizpideak finkatu.
4.- 2017 urterako Lekualdatze Lehiaketa eta 2018tik aurrera irekia eta iraunkorra izan behar den lekualdatze lehiaketa sistema berriaren prestaketa.
5.- 2007-2008 eta 2009ko Akordioa ordezkatu behar zuen Lan baldintzen Akordio berriaren aurrerepen moduan, Lizentzia eta Baimenen atala negoziatu.
6.- ESIen Estruktura Dekretua onartu.
7.- Osakidetzan ematen diren Pribatizazioak.
8.- Hainbat Batzordekin lan egin (Lan Osasuna, Euskara, Berdintasuna)
9.- Lana kalitatearen hobekuntza plana indarrean jarri.
10.- Aldizkako kontrataziorako Akordio berria.
11. Hautaketa eta hornikuntza Dekretua.
12.- Lanpostu funtzionalen Dekretua.

Urrian gaude eta esan dezakegu puntu guzti hauetatik Osakidetzak ez duela bete ezta %10a.

Gogoratu behar da ekainaren 23ko Sektore Mahaian, Osakidetzak presa handia zuela akordio batera iristeko eta azkenean SATSEk, SMEk eta UGTk bi puntu hauek sinatu zituzten: 2017ko EPEa eta 2017ko Lekualdatze Lehiaketa. LABek bere momentuan eskaintza eznahikoa zela adierazi zuen.

Osakidetzaren hitzetan, gelditzen ziren gainontzeko puntuak hurrengo Sektore Mahaietan negoziatuko genituzke, baina gaur da eguna oraindik ez gaituztela deitu.

Hau dela eta LABek salatu nahi du Osakidetzak adierazten duen arduragabekeria eta seriotasun falta. Negoziatzeko pendiente dauden puntu guztiak garrantzitsuak dira, baina LABek onartezina jotzen du 2009tik Lan baldintzen Akordio berririk gabe egoteak. Osakidetzan lan egiten dugun langileok ezin dugu hitzarmenik gabe egon. Lizentziak eta baimenez gain, langileok gizarte eskubideez, gure jardunaldi eta atsedenaldiaz, gure eskubideaz, gure euskalduntzeaz, gure segurtasun eta osasunaz, gure soldataz… negoziatu nahi dugu. 2009ko Lan baldintzen akordioak ez digu balio, zaharkituta gelditu baita. Gure eskubidea da Hitzarmen gaurkotua izatea.

Langileok kontutan izan behar dugu Hitzarmena izatea gure lan baldintzak hobetzeko eta gure eskubideak defendatzeko tresna garrantzitsua dela. Enpresa guztiak beraien hitzarmen propioa izateko borrokatzen ari dira, bada garaia guk ere berdina egiteko.

LABek Osakidetzari gogora arazten dio soldataren %1a igotzea ez dela nahikoa, langileok honekin ez baitugu galdu dugun erosahalmena berreskuratulo; gaixorik egoteagatik ez dugu penalizaziorik nahi; lan zamak arintzeko ordezkapenak lehenego egunetik nahi ditugu; jubilatzeko adina aurreratzeko plan bat nahi dugu…
 

 

 

Patricia, pentsioduna: “Zailtasunak ditut hilabete bukaerara iristeko”

"Lan duina, bizi duina" ekimen ibiltariaren laugarren eguna da gaur. Lizarran izan gara prekarietatea salatzeko, eta, jardueratik jarduerara, pentsiodunekin egoteko aukera izan dugu. Hain zuzen ere, alde zaharrean muntatutako infogunean izan ditugu gurekin, elkarretaratze bat egin baitute. Klase subjektua bere osotasunean proiektatu eta kolektibo zehatzei eskaintza egiteko prest gara LABetik, eta pentsiodunen kolektiboa oso presente dugu. Patriciak bere lekukotasuna utzi digu, pentsiodunen errealitate gordinaren adibide.

“Familia laguntzen dut nire pentsioarekin, koordainketa sanitarioari egin behar diot aurre eta zailatsunak ditut hilabete bukaerara iristeko. Zoritxarrez, bost axola diegu instituzio eta alderdi politikoei, EAJ-PP-PSOE-UPN alderdiei. Urteak eman ditugu 1.080 euroko pentsio duin bat aldarrikatzen”.

Patriciak bertatik bertara ezagutzen du prekarietatea. Hala, LAB sindikatura gerturatzeko deia egiten diegu pentsiodunei, lan eta bizitza duin baten alde borrokatu eta antolatu daitezen.
 

 

 

Prekarietatea salatu dugu Lizarran, Sar Quavitae enpresaren aurrean

Ekimen Ibiltaria Lizarrara iritsi da gaur, eta "Lan duina, bizi duina" mezua lau haizetara aldarrikatu dugu. Hainbat jarduera egin ditugu; horien artean, Sar Quavitae enpresaren aurrean egindako elkarretaratzea. Hain zuzen ere, enpresa honen kontratazio politika, soldatak eta jardunaldi murriztuak salatu ditugu, prekarietatearen adibide gisa.

Ekintza sindikaleko tailerrarekin abiatu dugu eguna, eta sindikatuko 15 bat ordezkarik hartu dute parte bertan. Topaketa amaitu ostean, industriagunera joan gara prekarietatea salatzeko.

Ondoren, Lizarrako alde zaharrera itzuli gara, eta, osteguneko azoka baliatuta, Ekimen Ibiltariaren panelak jarri eta propaganda banatu dugu.


Lizarratik Tuterara

"Lan duina, bizi duina" dinamikak Lizarratik Tuterara egingo du jauzia bihar, urriak 20. Goizean, ekintza sindikaleko tailerra gauzatuko dugu, eta, ondoren, ustezko autonomoen egoera salatuko dugu Uvesa enpresaren aurrean.

Arratsaldean, etorkinek pairatzen duten egoera salatuko dugu, eta, eguna amaitzeko, kalejira bat antolatu dugu.
 

 

 

Epaitegietara jo dugu Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aurka, zerrenda subsidiarioen lanerako eskubidearen alde


Bide hau erabiliz, maiatzaren 16an Gizarte Ongizateako Diputatuak argitaratutako agindu foralak bertan behera uztea eskatzen dugu. Foru agindu horietan, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundean (GOFE) data hori baino lehenago lan egin ez dutenei aldi baterako lanerako Zerrendetan Subsidiarioetan parte hartzea oztopatzen zaie. Honen guztiaren berri gaur eman dugu, epaitegien atarian, salaketa jartzeko unean.

Hamar urte baino gehiago daramatzagu Enplegu Eskaintza Publikorik gabe eta Gerentziari eskatu genion, gutxienez, 22 lanpostutarako zerrenda subsiadiarioak zabaltzea. Hau egin zen, baina baldintza batekin, azken 5 urteotan gutxienez 10 egunetan GOFEn lan egin izana. Neurri hau, diskriminatzaileaz gain ilegala da, gure arautegian jartzen baitu titulua eta nahia duen pertsona orok sartzeko eskubidea duela.

Gu guztiz kontra egon arren, aurrera egin dute prozesuarekin eta eskandaluzkoa izan da lan egindako denboraren baldintza ez betetzeagatik kanpoan geratu den langile kopurua. Badaude onartutako hautagai bakarra, edo 2 edo 4 hautagai soilik dituzten zerrendak.

Aipatu deialdia komunikabideetan iragarriz egin zuten publiko eta esperantza handiak zabaldu zituzten pertsona askorentzat, baina aipatutako baldintza zehaztu gabe, onartutako pertsonen kopuru erridikulu hau ekarri duena.

Gainera, kanpoan utzitako hautagaiek aurkeztutako norbanako helegiteen aurrean eta Gerentziak erantzunik eman ez duenez, lan-poltsak ez daude indarrean, ondorioz, biderkatu egin dira hautagaiak lortzeko arazoak.

Aipatu diskriminazioaren kontra gaudela jakinarazi diogu Gerentziari izandako hainbat bileretan eta zuzenketa bat eskatu diogu Diputatuari formalki eta konponbideren bat bilatzeko gure jarrera berretsi. Horrela egin genuen maiatzaren 11 eta 25ean eta ekainaren 16an, inolako erantzunik jaso gabe. Era berean, berarekin eta Diputatu Nagusiarekin ekainaren 26an izandako bileran, berriro eskatu genuen agindu foraletako baldintza kentzea.

Modu paraleloan, mozioa eskatu zen Batzar Nagusietan guk eskatzen genuenaren termino berdinetan.

Erantzun gabeziaren aurrean, ekainaren 14an berraztertze-errekurtsoa sartu genien GOFEn 22 foru-aginduei. Honi, uztailaren 27an erantzun zioten gure eskaria gaitzetsiz.
Konbentzituta gaude ezin zaiola inori administrazio publikoan lan egiteko eskubidea mugitu eta negoziazio-bide oro agortu ondoren, aurrera jarraitzen dugu gure salaketarekin, oraingoan epaitekietan, 22 agindu foralak nulotzat jotzea eskatuz eta administrazioari berriro ere dei eginez ez dadin bere erabaki injustua tematu eta zerrendak zabaltzeko, eurek ere sinatu duten araudian zehaztutako baldintzetan.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren aldetik negoziazioari ez eta murrizketei bai


Gaur berriro ere bere menpean dauden langileen lan baldintzak negoziatzeko borondate falta argia adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, ez du elementu berririk planteatu nahi izan Mahai Orokorraren bileran. LABek planteatutako enpleguaren arazoa konpontzeko, eta lan baldintzak eta eros-ahalmena berreskuratzeko planen inguruan ez du ezer entzun nahi izan administrazioak. Entzungorrarena ere egin du gaixotasunen jarraipena mutualitateen ordez osasun zerbitzu publikoak egitearen proposamenaren aurrean. Bileraren aurretik, elkarretaratze bat egin dugu Gasteizen, ELArekin batera, “Zerbitzu publikoak garatu. Lan baldintzak hobetu. Enplegua egonkortu” leloarekin, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Aste honetan, Jaurlaritzak ia 1.000 milioi gehiagoren diru-bilketa egongo dela jendaurrean ozenki iragarri duenean, ez du zerbitzu publikoak hobetzeko proposamen berri bat ere egin. Urkulluk dagoeneko erabaki baitu bankuekin duen zorra kitatzeko erabiliko duela, ez ordea bere langileekin duen zorra arintzeko. Aste honetan ere Madrilek aurrekontuak luzatuko dituela jakin da, eta horrek Jaurlaritzaren proposamenetan izango duen eraginaz aipamenik ez. PNVk eta PPk politika ekonomiko bera dutelako, eta estrategia bera dutelako, eta langileok erosahalmena are gehiago galduko dugu. Ez dira muga legalak Jaurlaritzak dituenak, baizik eta borondate mugak.

Gaur alferrik galdutako negoziaziorako aukera Eusko Jaurlaritzak propagandarako erabiliko duela argi dugu. Bilera antzuen dinamika bat negoziatzeko borondate bezala erabiliko du, propaganda hutsa alegia. Bitartean murrizketak egiten jarraituko du.