2026-01-14
Blog Page 878

LABek Urkullu interpelatu du lan istripuen aurrean erabaki politikoak hartzeko

0

Gaur INDUSTRIA 4.0 jardunaldia burutzen ari da EUROPA Jauregian eta bertan LABek protesta ekintza egin du lan osasunarekin lotuta dagoen sarraskia salatzeko. Izan ere, URKULLU Lehendakariak hitza hartu behar zuenean, LABeko kideek hitzartzea eten eta interpelatu dute zuzenean propaganda gutxiago egiteko eta erabaki politikoak behingoz hartzeko langileon osasuna, eta bizitza, bermatzeko.

LAB-ek argi eta garbi utzi nahi du jardunaldi hau propaganda hutsa dela, gure ustez propaganda 4 industria 0, deitu beharko litzateke. Are gehiago, Jaurlaritzak eta Patronalak bultzatzen duten ereduan prekarietatea 4 eta lan osasuna 0 baino ez dizkigute eskaintzen.

Horrelako propaganda ekitaldietan, errealitate gordina izkutatzen dute: 2017an Hego Euskal Herrian 43 langile hil dira, Industria sektorean 18 dira hildako langileak, 3 Araban; 22916 lan istripu eta 2586 lan gaixotasun erregistratu dira (hauek estatistika ofizialak dira, baina badakigu lan istripu asko ezkutatzen direla eta datuak makilatzen direla.)

Beraz, datu horiekin Eusko Jaurlaritzari eta Patronalari galdera zuzena egiten diegu: ze industria aurreratu saldu nahi digute, industrian 2 astero langile bat hiltzen denean?

LABek argi du lan istripu eta gaixotasun profesinalen atzean dagoen egiturazko arazoa prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla. Patronalak prekarietatea zabaltzen du (langile berriak diskriminatzen, azpikontraten bidez, ETTen bidez, zabor kontratuekin, kontratazioan iruzurra eginez, formazioa ukatuz, segurtasun neurriak hartu gabe,…) eta Jaurlaritzak eta PNVk erabateko babes politikoa eskaintzen diote, eta ezagutzen ditugu horren ondorioak.

Pertsonengan apustua egiten dutela diote baina sarraski etengabe honekin bukatzeko borondaterik ez dago. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Patronalari exijitzen diegu propaganda eta marketing gutxiago eta konpromiso zehatzak har ditzaten langileon osasuna bermatzeko, erabaki politikoak hartu behar baitira arazo hau konpontzeko. Lan osasuna bermatzea industria aurreratu baten ezinbesteko osagaia izan behar da.

LABek heriotza eta lan istripuen atzean dauden erantzule zuzen nahiz zeharkakoak salatzen jarraituko dugu, prekarietatea eta lan istripuak borrokatzen jarraituko dugu.

 

Euskal erakundeek Kataluniari babesa eskain diezaiotela eskatu dugu Gasteizen, Iruñean eta Baionan

0

LABek idatzi bat erregistratu du gaur Euskal Herriko hiru instituzioetan: Gasteizen, Eusko Jaurlaritzan; Iruñean, Nafarroako Gobernuan; eta Baionan, Euskal Elkargoan. Erakundeek erreferendumaren mesedetan joka dezatela eskatu dugu dokumentuan.

Idatziaren bidez Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoarengana zuzendu gara, honakoa eskatzeko:

-Katalunian gertatzen ari dena oso larria da, eskubide zibil eta politikoak, askatasun demokratikoak urratzen ari dira. Demokrazia bera dago jokoan.

-Kataluniako gobernuak zilegitasun osoa du urriaren 1eko erreferenduma deitzeko. Herriari hitza eman eta hitza errespetatzea demokrazia kontua da.

-Urriaren 1ean kataluniako herriak bozkatzeko duen eskubidea urratua izaten ari da. Espainiako gobernuak auzi politiko bati errepresioarekin erantzun dio. Momentu honetan salbuespen egoera dago Katalunia.

Gertatzen ari dena kontuan hartuz, honako eskaerak zuzentzen ditugu:

-Kataluniarekiko babes eta elkartasun osoa adierazi dezala eta errepresio bidearen aurkako jarrera argia azaldu dezala.

-Espainiako Gobernuari exijitu diezaiola Urriaren 1eko erreferendumaren antolaketa eta gauzapena errespetatzea bertatik ateratako emaitza onartzea.

-Erabateko eta baldintzarik gabeko babes politikoa eman diezaiola urriaren 1eko errefendumari eta bertatik ateratako emaitzak zilegitzat har ditzala ondorio guztietarako.

-Laguntza logistiko eta juridikoa eman diezaiela Kataluniako instituzioei eta kataluniako herriari erreferendum hori ahalik eta berme gehienekin egin dadin, besteak beste:

-Instituzio honetako zerbitzu juridikoak Generalitatearen behar izanetarako eskainiz.

-Begirale moduan arituko litzatekeen ordezkaritza instituzionala bidaliz.

-Boto paperak inprimatu nahiz bozka kutxak jartzeko, edo behar denerako beharrezkoa den laguntza logistikoa eskainiz.

 

 

 

Prekarietatea salatu dugu Urkulluren aurrean

0

Prekarietatea eta lan istripuak salatu ditugu, gaur, Gasteizen egin duten Araba 4.0 jardunaldiaren irekieran. Hain zuzen ere, Iñigo Urkulluk hitza hartu duenean irten gara salaketa egiteko, eta lehendakariaren hitzartzea eten dugu.

LABeko ordezkariok hartu dugu hitza, ekintzaren ostean: "Industria 4.0 ekimenak hobe luke deitu ‘Propaganda 4 industria 0’, edo ‘Prekarietatea 4 Lan Osasuna 0’. Izan ere, 2017ko datuen arabera, dagoeneko 47 langile erahil dituzte, astero bat, eta industria sektorean 18 izan dira jada hildakoak. Urteko lehen sei hilabeteetan, zenbaki ofizialen arabera, 23.000 lan istripu izan dira. Eta zenbaki ofizialak direnez, jakin badakigu are eta istripu gehiago direla, enpresek trikimailuak baliatzen baitituzte istripuak ezkutatzeko".

Hala, erakundeei eta patronalari propaganda gutxiago egiteko exijitu diegu, "eta sarraski hau gelditzeko neurriak har ditzatela". Izan ere, istripu eta heriotzak ez dira kasualitatearen ondorioz gertatzen, estrukturalak dira, lanaren prekarizazioa eta kalitate eskasaren ondorioz. "Patronalak langileen osasuna erabiltzen du aberasteko, Jaurlaritzaren oniritziarekin. Bada garaia langileen bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial bat eraikitzen hasteko. Bitartean, erantzuleak seinalatzen jarraituko dugu", erantsi dugu.

 

 

 

Edesa Industrial eta Geyser Gastech enpresetako langileek Lakuara eraman dute euren ezinegona

0

Edesa Industrial eta Geyser Gastech enpresetako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak duen egoitzaren aurrean. Eusko Jaurlaritzari inplikazioa eskatzeko eta konponbideak mahaigaineratzeko egin dute protesta.
 

 

 

Bizkaiko Hirugarren Adineko Egoitzen kudeaketa eredua aldatzeko eskatu dugu

Bizkaiko Hirugarren Adineko Egoitzetako baldintza pleguen zirriborroa eskuratu dugu eta aurreikusten da urriko lehen asterako onartzea eta, beraz, Foru Aldundiak egoitzekin egingo dituen kontratuen baldintzak onartzea. LABen ustez, plegu hauek ez dituzte inondik inora jasotzen zerbitzu duina eman ahal izateko langileek eskatzen dituzten gutxienekoak. Horrela, langileen aldarrikapenak mahai gainean jarri eta Foru Aldundiari duen ardura behar bezala bete dezan eskatzeko, elkarretaratze bat egin du LABek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Bizkaiko Hirugarren Adineko Egoitzen kudeaketa ereduaren aldaketa beharrezkoa delako eta instituzio honen inplikazioa eskatzeko egin dugu protesta.
 
Kalitatezko zerbitzu publikoetarako bidea egiten joan behar gara. Ez da bide erraza, baina denon mesedetan egiten joan behar garen bidea da hau.

Bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak Hirugarren Adineko Egoitzetarako Baldintza Pleguen proposamen bat egin berri du, inondik inora langileon aldarrikapen eta eskaerak batzen ez dituena, eta zerbitzu hau kalitatezkoa izan dadin minimoak betetzen ez dituena.

Hasteko, Foru Aldundiak ez du aurreikusten Egoitza hauetarako plaza arrunt gehiago sortzerik 2017- 2018rako. Denok dakigu nolako beharrak dituen Bizkaiko gizarteak, batez ere gero eta adinez nagusiagoa den gizarte bat delako, baina ez da aurreikusten beharrak handiagotzen joan daitezkeenik ere. Zein aterabide proposatzen du hurrengo urteetarako? Beste alde batetik, 2018ko uztailetik aurrera, behar handikoak diren 100 bat plaza gehiago sortuko direla dio, baina ez du zehazten ezta definitzen, behar handiko pertsona hauek ondo artatzeko zein profesional mota eta zein ratio beharko den, beraz, lan gehiago eta berezitasun handiagoekin sortuko dira, baina nola emango zaie hauei arreta? Zeinek egin beharko du lan hau? Zein baldintzapean?

Honekin batera, esan beharra dago, plegu hauetan ez dela benetan ratioen inguruko proposamen erreal bat egiten, zenbaki bat botatzen da (0,45 langile okupatutako plaza bakoitzeko eta hauetatik 0,36 arreta zuzenekoak) eta listo. Ez du ezer gehiago definitzen. Baina arazo honi aterabidea emateak berebiziko garrantzia du lana duintasunez egin eta zerbitzua kalitatezkoa izan dadila ziurtatzeko. Ratioek kategoriaguztietarakozehaztuakegonbehardute,presentzialak izan behar dira eta beharren arabera ere definizio bat behar dute: langile gehiago behar dira txanda bakoitzean eta kategoria ezberdinetakoak. Honek ezin du gehiago itxaron.

Beste arazo bat diru publikoaren inguruko gardentasun falta ere bada. Pleguetan eguneko eta pertsona bakoitzeko Aldundiak zenbat diru ematen dion enpresari agertzen da, baina ez du inon zehaztu ezta definitzen diru hau nola eta zertan gastatatu behar dutenaren gaineko irizpiderik. Honek kezka izugarria sortzen digu, enpresak denon diruarekin aberasteko planak egiten dituzten bitartean, langile eta erabiltzaileak egunero egunero okerrera egiten dugula ikusi, eta inongo bitartekorik jartzen ez dela ikusten dugulako. Horretarako eta kontrol publikoa bermatzeko bi neurri hauek jasotzea eskatzen dugu:

• Patronalari gehienezko irabazien muga ezartzea eskatzen dugu, %2 bat inguruan egon litekeena.

• Enpresei ematen zaien dirua zertarako denaren inguruko irizpideak ezarri behar zaizkie eta hau betetzen dutela bermatu behar da.

Azkenik, Aldundiari eskatzen diogu, 1.592 orduko lanaldi maximoa ezartzeko urtean: hau da egoitza publikoetan lan egiten den ordu kopurua eta guk, 106 ordu gehiago egiten ditugu soldataren erdiaren truke.

Haien politikek erabaki dute pribatizazioa eta langileon prekarietatea bide egokia izan daitekeela, beraz haien politikek konponbidea eman behar diote egoera guzti honi. Baldintza pleguak Aldundiaren borondatearen nondik norakoa markatzen dute eta orain aukera paregabea da Aldundiak behar duena egin eta Egoitzetan gertatzen ari denaren inguruan benetako ekarpena egiteko.

 

 

Bizkaian hildako etxegabearen omenezko ekitaldian izango gara bihar

BesteBi izeneko plataformak ekitaldi bat egingo du ostegunean, irailak 28, Barakaldoko herriko plazan. 11:30ean izango da joan den astean zendutako pertsonaren aldeko omenaldia. Plataforma honek etxerik gabeko pertsonen eta etxebizitza duin baten alde lan egiten duten hogei bat elkarte biltzen ditu.
 

 

 

Alfredo Remirezen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin dugu

0

Alfredo Remirez kartzelaratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta amurriotarra urtebetez espetxeratu nahi dute sakabanaketa salatzeagatik. Horixe izan da bere delitu bakarra. Bistan da Espainiako Estatuaren errepresioak ez duela etenik, eta, egoerak egoera, garaiak garai, euskal herritarrak jopuntuan izaten jarraitzen dutela; adierazpen askatasunaren kontrako erabaki hau aurretik hartutako beste batzuen segida besterik ez da. Aski da, jazarpen honekin amaitu beharra dago.

LABetik gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Remirezi, eta, bide batez, amurriotarrari babesa eskaintzeko deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Hain zuzen ere, manifestazio bat egingo dute ostiralean, 20:00etan, Amurrioko Juan Urrutia plazatik abiatuta.
 

 

 

LABek eta ELAk dei egiten dugu Kataluniako erreferendumari babesa agertzeko Bilbon larunbatean izango den manifestaziora

0

LABek eta ELAk uste dugu Euskal Herrian erabakitzeko eskubideak eskatzen duela berau bideragarri egingo duen estrategia, eta hau soilik aldebakarrekoa eta mobilizazioan oinarritua izan daiteke.

LABek eta ELAk dei egin dute datorren larunbatean, hilak 30, “Demokrazia; erabakitzeko askatasuna” goiburuarekin Bilbon izango den manifestaziora. Gure xedea da euskal jendarteak Kataluniako herritarrei itxurazko babesa adieraztea; izan ere, herritarrok uneotan eraso latza ari baitira pairatzen espainiar estatuaren aldetik, hau Generalitateko gobernuak urriaren 1erako deitu duen erreferenduma indarrez eragotzi nahian ari baita.

LABek eta ELAk uste dute honez gero gauza bat argi geratu dela: espainiar Estatuan ezin da erabakitzeko eskubiderik egikaritu, ez Katalunian, ezta Euskal Herrian ere. Beraz, eskubide honen alde gaudenok hura gauzatu ahal izateko estrategia bat definitu behar dugu, eta horrek eskatzen du prozesu sozial eta politiko bati ekitea; Katalunian gertatutakoa ikusirik, prozesu hori soilik konfrontazio demokratikoan oinarritua, aldebakarrekoa eta herritarren mobilizazioak bultzatutakoa izan daiteke.

Bi sindikatuok gure herriaren erabakitzeko eskubidea defenditzen dugu erreibindikazio demokratikoa delako. Baina gainera, langile-klaseak bizi duen egoera dela eta, beste eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzearen alde egin nahi dugu; horretarako ezinbestekoa da erabakitzeko eskubide betea izatea. Ez dago aldaketa sozialik aldaketa politikorik gabe.

LABek eta ELAk egiaztatu dute Katalunian elkarrizketaren garaia iraganeko kontua dela, PPren gobernuak behin eta berriz entzungor egin baitie erakunde katalanei, hauek etengabe saiatuagatik ere. Kataluniak bere bideari jarraitu behar dio. Honi dagokionez, agerian geratu da alferrik aldarrikatzen dela espainiar Estatuarekiko ituna, honek ez baitu sekula erabakitzeko eskubidea aitortuko, ezta Euskal Herriari ere. Espainiar Estatuarekiko ustezko aldebikotasuna soilik modu batean da posible: soberanistek beren posizio politikoa baztertu eta inposatzen zaien inboluzioari men egiten badiote.

LAB eta ELAren iritziz, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde daudenek honako gutxienekoak partekatu behar dituzte: demokrazia sindikala bermatzea, langile- klaseak zilegizko moduan hautatutako gehiengo sindikala errespetatzen delarik. Halaber, jendartearen parte hartzea aintzat hartu behar da, eta ez hedatu mugimendu sozial eta sindikalei buruzko mesfidantzazko mezuak; eta noski, Kataluniaren aurkako errepresioa xaxatzen duten alderdi politikoekiko harreman oro haustea.

LABek eta ELAk nahi dugu prozesu politiko hau, zeinaren une gorenetako bat urriaren 1ean izango den, ilusioa emango duen aukera bihurtzea.

Azken arrazoi hauek ezinbestekoak direla nabarmenduaz, LABek eta ELAk dei egiten diote langile-klaseari datorren larunbatean Bilbora joan dadin demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestaziora.
 

 

 

Arduraz jokatzeko deia luzatzen diogu EAEko Hezkuntza Sailari

0

Datozen egunetan Lakuako Hezkuntza Sailak joan den martxotik konfrontzazio eta mobilizazio dinamikan murgildurik gauden kolektibo desberdinetako mahai negoziatzaileetara deitu gaitu sindikatuetako ordezkariei. Deialdi horietan, gure aldarrikapen taulako puntu garrantzitsu batzuk barneratu baditu ere, LAB sindikatutik tentuz eta erantzukizunez jokatzeko ardura hartuko dugu, ezin baitugu ahaztu guretzat ezinbestekoa dela kolektibo guztietako mahaiak deitzea eta momentuz, sukalde eta garbitzaileen mahairako data zehatzik ez dugu esku artean.

Administrazioak dagokion arduraz jokatzea espero dugu, eta
bilkura hauetan gure aldarrikapenei lotutako pisuzko edukiak aurkezteaz gain, negoziaketak garatzeko egutegi zehatzak, tenpusak, metodologia proposamena eta berme mekanismoak mahai gainean jar ditzala espero dugu.

Horrela ez bada, iazko ikasturtean hasitako konfrontazio eta mobilizazio dinamikan eta udazkenerako planteatu dugun egutegi mobilizatzailean sakontzea beste biderik ez digu utziko.