2024-04-25
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaKonbenioaren dirua politika sozialetan inbertitu dadila aldarrikatu dugu Iruñean

Konbenioaren dirua politika sozialetan inbertitu dadila aldarrikatu dugu Iruñean

LAB sindikatuak Nafarroako ordezkarien batzarra egin du gaur Condestable gizarte etxean, sindikatu honek 2018. urteari begira dituen erronken inguruan aritzeko. Ekimenaren amaieran, parte hartzaileek manifestazioa egin dute Parlamenturaino, Konbenioaren negoziazioan berreskuratu diren 250 milioi euroak hezkuntzan, osasungintzan, enpleguan, industria politikan eta babes sozialean inbertitu dadin eskatzeko.

LABeko Idazkari Nagusi ondoko Igor Arroyok zentzu gabekeritzat jo du Madrilek ezarritako “gastuaren sabaia” delakoaren ondorioz Nafarroak dituen baliabideak inbertitu ezin izatea: “Krisian zehar murrizketak inposatu dizkigute, diru-sarrerak gutxitu zirela argudiatuz. Orain, diru-sarrera garrantzitsu bat daukagunean, esaten digute ezin dugula inbertitu. Politika neoliberalen itxurakeria agerian geratzen da. Euren kezka ez da instituzio publikoen zorpetzea, are eta gehiago, zorpetze hori sustatu egin dute banketxeak erreskatatzeko eta, orain, jokaldia borobiltzeko, izan badugun dirua oinarrizko beharrizanetara bideratu beharrean, diru publikoz erreskatatu ditugun banketxeetara bideratzera beharra dagoela esaten digute”.

Arroyoren ustez, “hauxe baldin bada Nafarroak duen autogobernua, iruzur hutsa baino ez da. Ez dago autogobernurik politika fiskala eta aurrekontuak erabakitzeko ahalmenik gabe, ez dago autogobernurik geure baliabideak zertan inbertitu behar diren erabakitzeko ahalmenik gabe”. Ildo honetan, Nafarroako Gobernuari nahiz Parlamentuari inposaketa honen aurrean planto egitea eta Nafarroaren burujabetza defendatzea eskatu die Arroyok.

“Jakin badakigu 250 milioi horiek nafar jendartearen beharretan inbertitzea eragozten duen marko legala dagoela. Baina Estatuarekin afera honetan politikoki konfrontatu ezean, ez da botere finantzarioaren neurrira egindako marko legal hori aldatzerik izango. Burujabetzaren alde borroka egitea, jendearen beharrak banketxeen interesen aurretik egon daitezen borrokatzea da azken batean”.

LABen iritziz, “autogobernuaren, burujabetzaren edota erabakitzeko eskubidearen eztabaida irekitzeko unea da, funtsean kontzeptu baliokideak dira eta”. Epe motzean, berreskuratutako baliabideak Nafarroaren garapen estrategikoan inbertitzeko akordio politiko eta sozial zabal bat proposatzen du LABek. Epe erdian, berriz, Nafarroaren estatus berria definitzeko prozesuari ekitea beharrezkotzat jotzen du, “gaur egun daukaguna ez baitu herriaren onespenik izan eta Nafarroa Madrilen menpe mantentzen baitu. Izan ere, 250 miloi berreskuratu badira ere, ezin dugu ahaztu urtero Nafarroak 510 milioi euro ordaintze dituela Erret Etxea, Armada edota banketxeen erreskatea bezalako gastuengatik”.

Norabide horretan, Arroyoren iritziz, “kontua ez da gainontzekoei etxeko lanak jartzea, baizik eta Nafarroako aldaketa politiko eta sozialaren bidean aurrera egiteko alde anitzeko konpromisoak hartzea. LAB prest dago norabide horretan murgildu eta mobilizatzeko”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.

Pepsico Etxabarrin ituna berritzeko aurreakordioa #LortuDugu

Arabako lan zentroan 180 pertsona inguruk lan egiten dute, eta KPIaren araberako igoerak izango dituzte.

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.