2026-05-06
Blog Page 871

Langilerik ez dagoela soberan aldarrikatu dugu Sarrigurenen, Siemens-Gamesaren egoitzaren aurrean

0

Siemens-Gamesak Sarrigurenen duen egoitzan elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak. Kontzentrazio horren helburua zen, kaleratze espedientean eta ondorengo enplegu mahaian egin genuen bezalaxe, enpresan ez dela inor soberan defendatzea. Hori dela eta, ez dugu uste langileen irteerak negoziatzea erabaki zuzena denik. Izan ere, Siemens-Gamesak Euskal Herrian dituen lantegi ezberdinetan plantilla eskasia dagoela badakigu.

Mota horretako proposamen batean sartzeak multinazionalaren argudioak ontzat ematea dakar, etorkizunean enpresak plantilla murriztea errazten du eta, gainera, geratzen diren langileei lan zama handiagoa izatea eragingo die; eta hori, paradoxikoki, langile gehiago kontratatuz soilik konpon daiteke.

Beraz, Siemens-Gamesan ez dago inor soberan eta langileen irteera negoziatzeak multinazionalak bere helburuak lor ditzan ekarri dezake, baita geratzen diren langileen lan baldintzen okertzea ere.
 

 

 

Zerrenda Bakarraren inguruko eztabaida publiko bat egin dezala proposatu diogu Izquierda-Ezkerrari

Gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan LAB sindikatuak adierazi du, Irakaskuntzako Zerrenda Bakarraren inguruko azken egunetako gertaerak eta jarrera hartzeak ikusita, Izquierda-Ezkerrak bizkar emanen diela gehiengo sindikalari, aldaketaren gainontzeko alderdiei, gizarteko ahotsik progresistenei eta irakasle gehienen iritziari, baldin eta azkenean PSNren lege proposamenari baiezkoa ematen badio. Hori dela-eta, LABekin eztabaida publikoa izateko deia egin dio.

Lehenik eta behin, Kontseiluak Iruñean eginiko manifestazio jendetsua nabarmendu nahi du LABek. Zerrenda Bakarraren auzia nafar gizartean txertatzen joan da azken hilabeteotan eta larunbatekoa horren beste erakusgarrietako bat izan zen. Egungo egoeraren zentzugabetasunaren jakitun da gero eta jende gehiago Nafarroan. Aldi berean, I-E koalizioaren barnean den Batzarre alderdiak, gaiaren inguruan eztabaidatu eta gero, Zerrenda Bakarraren alde agertu izana izugarri estimatzen dugula adierazi nahi dugu. Eztabaida honetan mahaigainean ideien eta argudioen lehia besterik ez dagoenean agerian geratu da Zerrenda Bakarraren aldeko iritziak gailentzeko aukera gehiago dituela, ez baitago aldeko argudioak biltzen dituen beste alternatibarik.

Pozgarria da LABen aldarrikapen historikoetako batek nafar gizartean jadanik lortu duen atxikimendua ikustea, baita egunotan Zerrenda Bakarrak gure eztabaida politiko zein sozialean izan duen garrantzia egiaztatzea ere. Atzean, ezkutuan, jende askoren lan eskerga dago, eztabaida saio luzeak, gai hau argi ez zuen hainbat hiritar eta talderekin eginiko bitartekaritza, kalean zein instituzioetan eginiko lana… gure zeregin nagusia nafar Hezkuntzan hizkuntzen araberako zerrenda bereiziak egotea dakarren diskriminazioari buruzko kontzientzia piztea izan da.

Horrexegatik, Izquierda-Ezkerraren egoitzaren aurrean eginiko kontzentrazioari koalizio horrek egin dizkien kritikak neurrigabeak iruditzen zaizkigu. LABen ekintza erabat zibikoa eta baketsua izan zen. I-Eko jarraitzaileek euren parlamentu-ordezkariek azalduriko jarreraren inguruko hausnarketa egin zezatela eskatzea zen. Zerrenda Bakarra Parlamentuan lege bidez eragozteko PSNk aurkeztutako mozioaren alde egingo zuela iragarria zuen I-Ek eta horrek izan zitzakeen ondorio larriez ohartarazi genuen. Gai horren inguruan UPN, PSN eta PPrekin bat egiteak gauza askori bizkar ematea suposatzen du, besteak beste Hezkuntzan eta Administrazioan gehiengo sindikalak adierazitako iritziari. Harritzekoa, Nafarroako Polizien Legeari buruzko auzian I-Ek gehiengo sindikalaren iritzia horren aintzakotzat hartu zuenean. Harrigarria baita ere I-Ek hemen zerrenda bananduak defendatzen jarraitzea, Galizia, EAE, Katalunia edo Valentzian justu kontrako jarrera duen bitartean.

Kasu honetan, erregimenarekin bat egiteak, horrek dituen sakoneko ondorioak kontuan izan gabe, Aldaketaren aurka egin nahi den higatze saioarekin elkarlanean aritzea suposatzen du. Herritarrak hizkuntza bat baino gehiago jakiteagatik zigortuak izaten jarraitzea suposatuko luke. Estatu osoan Zerrenda Bakarra ez duen lurralde bakarra Nafarroa izaten jarraitzea suposatuko luke. Nafarroako Adiministrazioaren barnean Zerrenda Bakarra izango ez lukeen arlo bakarra Hezkuntza izaten jarraitzea suposatuko luke. Eta batez ere, eztabaida hori elikatzen jarraitzeak irakasleriaren artean benetan existitzen ez den konpetentzia artifiziala berpiztea suposatuko luke. UPNk horren gustuko duen “que vienen los vascos” leloaren bertsio berria, orain Hezkuntzan.

Hari horretatik tiraka hamarka argudio bildu ahal ditugu. Egungo egoera ulertezina dela eta horren aurrean Zerrenda Bakarraren aukera onena dela gero eta agerikoagoa da. Gustatuko litzaiguke guk gai horren inguruan gure argudioak plazaratu ditugun bezalaxe I-Ek ere berdina egitea, euren jarraitzaileek sarritan egin dituzten tankerako ekintzak egiteagatik “faxistak” eta antzeko irainak jasotzen ibili beharrean. Horregatik guztiagatik, LABek I-Eri dei egiten dio berarekin batera Zerrenda Bakarraren inguruko aurrez aurreko eztabaida publikoa egitera. Bakoitzak bere argudioak defenda ditzala modu ireki eta demokratikoan.

Amaitzeko, galdera bat. Enplazamendu honi, gehiengo sindikalaren gehiengoari, aldaketaren aldeko gainontzeko alderdiei, gizarteko ahotsik progresistenei, irakasle gehienen iritziari… horri guztiari I-Ek bizkar ematen badio, zein lobbyren interesak defendatzen ari da orduan?
 

 

 

Aztiko langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute Gasteizen

0

Ekonomia Garapenaren batzordean, Tapia kontseilariak erantzuna eman dio gaur Aztiko langileen lan baldintzen inguruko galdera parlamentario bati. Hori gertatzen zen bitartean, Aztiko langileek eurek elkarretaratze bat egin dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, hirtzarmen duin baten defentsan.
 

 

 

Errefuxiatuak eta sexu eta genero aniztasuna, hizpide

Bilboko Xake espazioan hitzaldi bat eskainiko du bihar, abenduak 19, Ongi Etorri Errefuxiatuak dinamikak, LABen babesarekin. "Errefuxiatuak eta sexu eta genero aniztasuna" leloa izango du, eta 19:00etan hasiko da Bilbo Zaharreko espazio horretan.

LGTBQI+Refugee in Greece taldeko kide Kepa Blazquezek, LABeko kide Mikel Alvarezek eta Feministaldeko Ana Maria Palaciosek hartuko dute hitza Xake espazioan.
 

 

 

Argentinako herria Gobernuaren politika hauen aurka mobilizatzera eta borrokara animatzen dugu

0

Euskal Herriko LAB sindikatutik gure elkartasuna bidali nahi diogu Argentinako klase sindikalgintzari eta oro har Argentinako herri osoari pairatzen ari diren egoera gogor hauetan.

LAB sindikatuko ordezkaritza bat Munduko Merkataritza Erakundearen goi bilera dela eta Argentinan egon berri da eta bertan ikusitakoak aurretik jadanik geneukan larritasuna berretsi bertzerik ez du egin. Macri gobernura iritsi zenetik herrialdeak bizi duen inboluzio demokratikoak herrialdea imajinatzea zaila egiten zitzaigun muga batzuetara eraman du. Atzo Buenos Airesen polizia modu baketsuan ajuste eta erreformen aurka mobilizatzen ari zen herri bat erreprimitzen ikusi ondoren, erraten ari ginenean berretsi egiten gaitu.

Macriren gobernua kapital handiari eta botere ekonomikoari salduta dagoen eskuineko gobernu bat da, eta hartzen ari den neurri guztiak nazioz gaindiko kapitala laguntzearen eta langile klasearen eskubideak murriztearen norabidean doaz, atzo Kongresuan eta Patagonian egunero ikusten ari den bezala.

Hala eta guztiz ere badago itxaropenik, eta itxaropen hori atzo karriketan Macriren politika neoliberalen aurka mobilizatu ziren 300.000 pertsonak eta azken aste honetan egon diren mobilizazio sindikal eta sozial jendetsuak dira.

Horregatik guztiagatik Argentinako herria Gobernuaren politika hauen aurka mobilizatzera eta borrokara animatzen dugu, baino batez ere herri interesen mesedetara egonen den eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko borrokara gehitzera animatzen dugu. Borrokak merezi du, atzo kongresuan gobernuak onartu nahi zituen neurriak hartzea galaztearekin ikusi zen bezala.

Horregatik LABetik Argentinako langile klasearekiko gure elkartasunean eta babesean berrestea bertzerik ez zaigu gelditzen.

 

 

 


[IRITZIA] Vascuencearen Legea: bidegabekeria lege bilakaturik


Nafarroako bokalia Imanok Karrerak eta LAB Irakaskuntzako Iñigo Orellak zerrenda bakarra eta euskararen ofizialtasuna izan dituzte hizpide iritzi artikulu honetan. Era berean, herritar guztiei dei egin diete, bihar, hilaren 16an, 12:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik Kontseiluak zerrenda bakarraren alde, aukera berdintasunaren alde, justizia sozialaren alde eta benetako aldaketaren alde deitu duen manifestazioan parte har dezaten.

Gaur (abenduaren 15a) egun tristea da. Orain dela 31 urte gure Nafarroa maitean Vascuencearen Legea onartu zen. Harrezkeroztik, euskara ofizialtasun osoz baztertzen da herrialdearen zatirik handienean, hizkuntza gutxitua izanik ez da bere sustapena behar den bezala bultzatzen, eta euskaldun gehienen hizkuntza eskubideak urratuak izaten dira legez sistematikoki. Nekez aurki dezakegu XXI. mendeko Europan halakorik: eremu administratibo bakarrean hiritarrek legez eskubide gehiago edo gutxiago dauzkate unean dauden tokiaren arabera, hiru eremu desberdinak bereiziz. Injustizia lege bihurturik. Are okerrago, berdintasun eta eskubide demokratikoetan oinarrituta bidegabekeria zuzendu nahi dugun eragileoi «sektarioak eta baztertzaileak» esaten digute status quo-aren defendatzaileek, eta hainbat euskaltzale, diskurtso euskarafoboak kikilduta, ez dira ausartzen Nafarroako hizkuntza den euskarari ofizialtasuna emanen dion lege berri bat aldarrikatzera.

Urte asko zerrenda bakarraren alde borrokan eman ondoren, lortu dugu eta segituan Vascuencearen Legea deitzen den hizkuntza apartheid-a asmatu zutenek kendu nahi digute. Hain zuzen ere, zerrenda bakarraren etsai guztiek, hau da, berdintasunaren etsaiek Vascuencearen Legea argudiotzat erabiltzen dute. Bunkerrekoek ere esaten dute zerrenda bakarrak Nafarroako populazio gehiena diskriminatzen duela. Hala ere, horietako inork ez du azaltzen, selektibitatean bezala, hautagai guztiek aldi berean azterketa berdina eginda, eta ondoren notaren arabera zerrenda bakarra osatuta, nola demontre diskriminatzen duen. Ez dute azaltzen, benetan ez duelako diskriminatzen. Kontua ez da sektarismoa edo nazionalismoa beraiek dioten bezala, berdintasun eskubidea baizik. Erregimenak argi dauka zerrenda bakarrak orain arteko erdaldun elebakarren supremazia euskaldun elebidunen gainean arrisku bizian jartzen duela. PSNren bitartez, bazterketa legez arautzeko, beharrezkoa zeukaten Ezkerrari amua bota diote eta honek momentuz irentsi egin du. AFAPNA, UGT, CCOO, UPN, PP eta PSNk argi daukate: Nafarroako bi hizkuntza jakiteak bat jakiteak baino gehiago balio behar du, kosta ahala kosta. Badirudi, Ezkerra tranpaz ohartzen ez den bitartean, aldaketa soziala ez sendotzeko eta berdintasuna ez lortzeko UPN, PSN eta PPren erasoa aurrera doala.

Ezkerraren kontraesanak agerikoak eta ugariak dira: zergatik baztertu bakarrik euskaldun elebidunak eta ez beste hizkuntzetako elebidunak? Baliteke Ezkerrari esker laster beste hizkuntzetako irakasle elebidunek ere azterketa bat baino gehiago egin behar izatea. Zergatik bakarrik irakaskuntzan? Nafarroako beste zerrenda guztietan edo Estatuko beste erkidego guztietan ez da baztertzen. Foruzainen legearekin ados ez egoteko aitzakia gehiengo sindikalaren kontrako iritzia izan bazen, zergatik oraingoan gehiengo sindikala aintzat ez hartu irakasleen negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz? CCOOren itzalak zerikusia izanen du nonbait. Inplikatuen iritzia ere ez dute kontuan hartuko? Kaltetutako irakasle plataforma zerrenda bakarraren alde agertu da. Zergatik egin ezjakintasunaren apologia elebakarrei elebidunen aurretik abantaila emanez? Ez da izanen, bada, CCOOren afiliatu gehienak elebakarrak direla eta ohituegiak egon direla Gobernuaren aldetik pribilegioak jasotzen? Zergatik zigortu euskaldun elebidunak bi azterketa eta bi programazio egitera? Hizkuntza gaitasuna derrigorrezkoa den euskara tituluaren bitartez bermatzen da jada. Zer diote Ezker Batua eta Batzarreko oinarriek gai honen inguruan? Zergatik uste dute PPk txalotu duela beraien jarrera? Euskaldunei bi aukera eman nahi dizkielako? Zergatik elebidunak bi aukera ematen dizkien Ezkerraren proposamenaren aurka agertzen ari dira?… Erantzunik ez. Ea hilaren 21ean Ezkerrak ezkerretik aldaketa sozial eta justua bultzatzen duen, edo, aldiz, UPN, PSN eta PPrekin batera lauko berria osatuz, injustizia betikotzen duen.

LABek legegintzaldi honetan jarrera eraikitzailea erakutsi du proposamen ugari eginez. Sindikatuak maiz publikoki aldaketaren gobernuari ausardia eskatu dio hizkuntza bazterketa gainditzeko urratsak egin ditzan. Horrela izan ez denean kritikatu egin du, esate baterako Vascuencearen Legea ontzat eman eta horren barneko aukerak aprobetxatu ez dituen administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretua salatuz. Baina oraingoan, irakaskuntzako zerrenda bakarra dela eta, LABek gobernuaren erabakia txalotu nahi du eta bere babes osoa erakutsi nahi dio. Hala ere, aldi berean, gogorarazi nahi dio, zerrenda bakarren aferan, zein euskararekin lotutako gehienetan, Vascuencearen Legea dela behin eta berriz aldaketa justu eta sakona galarazten duen oztopo gaindiezina. Beraz, alda dezagun behingoz bazterketari izaera legala ematen dion legea.

Azkenik, LABek herritar guztiei dei egin nahi die, bihar, hilaren 16an 12:00etan autobus geltoki zaharretik Kontseiluak zerrenda bakarraren alde, aukera berdintasunaren alde, justizia sozialaren alde eta benetako aldaketaren alde deitu duen manifestazioan parte har dezaten. #2dEmanEuskarari.
 

 

 

Siemens-Gamesako gaizki deitutako enpleguaren mahaian parte hartzeko dugun eskubide edo zilegitasunararen inguruko oharra

0
ELA sindikatuak ohar bat argiratau du zeinetan esaten den LABek ez duela eskubiderik Siemens-Gamesako zuzendaritzarekin enpleguaren inguruko egiten ari diren negoziazioetan, langileen babes nahikorik ez duelako. Nahiko tristea iruditzen zaigu ELA sindikatuak gure zilegitasuna auzitan jartzea eta inolako aipamenik ez egitea Siemens-Gamesako zuzendaritzaren jarrera prepotente eta mehatxariaren aurrean.

Honakoa argitu nahi dugu:

1.- LAB ez zegoen enpresaren hasierako EEEaren negoziazioaren mahaian kaleratzeak egingo ziren lan- zentro bakarrean soilik genuelako ordezkaritza, zehazki Arazuriko lantegiko ordezkari bat. Gonbidatu bezala hartzen genuen parte, ahotsarekin baina botorik gabe.

2.- Azken bileran enpresak aipatutako EEEa bertan behera uzten zuela iragarri zuela. Horrela, ez gaude beronen negoziazioan.

3.- LAB, Siemens-Gamesak Estatuan dituen lan-zentro guztiak kontuan hartzen badira, eskubide osoa du egoteko, gutxienez ordezkari batekin, prima aldakorreko baldintzen funtsezko aldaketaren negoziazioan gertatu zen moduan.

4.- LAB, Euskal Herria den bere jarduera esparruan, lehen indarra da EAEn Siemens-Asteasu, Zumaia eta Mungiako lantegiak elkarrekin hartuta.

5.- Enplegua murrizteko negoziazioetan parte hartzen ari diren enpresa eta sindikatuek publikoki argitu beharko dute aurreko EEEaren gainean negoziatzen ari diren ala ez.

6.- Guzti horrengatik, LABetik neurri judizialak hartzea aztertuko du, bere askatasun sindikalerako eskubidea urratzen egon daitezkeelako.

Azkenik, berriro egiten diegu dei sindikatu guztiei langileen kaleratzerik onar ez dezaten. Siemens-Gamesan ez dago inor sobrean.
 

 

 

Aritz Arginzoniz presoaren aldeko biharko elkarretaratzearekin egin dugu bat

Elorrioko presoa abenduaren 18tik 21era bitartean epaituko dute Parisen. Espainian dute kartzelaratua azken hamar urteetan, Huelvan, etxetik 1.000 kilometrora, eta Frantziara estraditatu berri dute, Parisen epaitu dezaten. Halakorik gertatzen den lehen aldia da. LABek bat egin du Kalera Kalera!-k deitutako protestarekin. Bihar, abenduak 15, izango da elkarretaratzea, Durangoko Ezkurdin, 12:00etan.
 

 

 

Emakumeon Mundu Martxak #NiEreLolitaNaiz kanpaina jarri du abian

Aurora Lolita Chavez Ixcaquic ekintzaile indigena eta feminista guatemalarra Euskal Herrian da, pasa den ekaina ez geroztik, aldi-baterako errefuxiatu moduan. Bere eta beste hainbat ekintzaileren egoeraren berri emateko, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak kanpaina bati ekin dio. Honen harira, jendarteari kanpainarekin bat egin dezan eskatu dio elkarteak.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaki bide proposatu ditu kanpainari abesa emateko:

1.- Lolitaren irudiarekin eta #NiEreLolitaNaiz leloarekin argazki bat atera, eraibili hashtag hori (#NiEreLolitaNaiz) eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa etiketatu faceboook-en eta/edo twitter @emakumemartxa.

2.- Lolitaren itzulera oztopoz eta mugaz betea dago, horietako bat ekonomikoa da. Bertan, bere defentsa prestatu ahal izateko abokatua ordaintzeko eta bizitoki berri baterako alokairua, jatekoa… edukitzeko diru-bilketa egiten gabiltza. Egin zure ekarpena kontu korronte honetara: ES14 3035 0134 441340041849 (izena: LOLITA jarri).