Urtarrilaren 31ean Irungo udaletxean burututako udal batzan, pentsioak bermatzearen inguruko mozio bat aurkeztu zen. Aldeko botoa eman zuten EH BILDU, PSE, SI SE PUEDE IRUN zein PNVk, eta PPren abstentzioarekin, Jose Antonio Santano alkate duen Irungo Udala Estatu Espainiarrari pentsio legea aldatzea eskatzeko konpromisoa hartu zuen, KPIaren igoeran bermatzeko, 2013ko pentsio erreforma deuseztatzeko bai eta 2010 zein 2012ko lan erreformak baliogabetzeko ere.

LAB sindikatuak ondorengo hausnarketa helarazten du:

Zalantzarik gabe akordio hau irungo herritarren susperraldi egoera batean dator. Astelehenero biltzen diren ehundaka pentsionisten antolakuntza eta mobilizaziorik gabe ezinezkoa litzateke hainbat alderdiren babesa, eta beraz, mozioa bera onartzea.

Garrantzitsua iruditzen zaigu udalak herritarren eskaerak biltzeko eta estatu espainolaren eta bere PPko gobernuaren pulitika publiko atzerakoei aurre egiteko tresna izatea. Baina Irungo langileoi gogorarazi nahi diegu erabakion atzean izen-abizenak badaudela, zeinak horrelakoen aurrean zuritze bat bilatzen duten.

Deigarria da Santano eta bere kideen kasua, hots PSOErena. Erreformak deuseztatzeaz hitz egiten digute eurak izan zirenean bidea ireki zutenak. Ahaztu al dute Zapateroren Gobernua izan zela pentsioen erreforma egin zuena 2011ean, non jubilazio adina 67 urtetara atzeratu zuten? Edo behin baino gehiagotan bozkatu dutela 1.080€ko gutxieneko pentsioaren kontra?

Eta PNV? Bere klase interesak tinko defendatzen: banka eta enpresariak. Elite ekonomikoen menpe eta dekretu zein murrizketa sozial, laboral eta politikoak gauzatuz agintzen duten gobernuak sostengatzen ditu eta Euskal herrian inposatu arauok. Gainera, PSOE et PP bezala, 1080€ko gutxieneko pentsioaren kontra azaldu da, plan pribatuak defendatuz, eurek bezalako soldatatzarrak dituztenek ordaindu ditzaketenak, eta ez langileok.

Austeritatearen aitzakian, PP eta PSOEk, gurteleko eta Andaluziako EREen alderdiek, bankarekin aliatuz, eurenak eta bi egin dituzte pentsiodunak geroz eta pobreago jarrai dezagun, pobreziaren mugatik behera dagoen miseriazko pentsioak jasoz. Sistema publikoa ezabatu nahi dute pribatizazioaren aldeko hautua eginez, finantza eragileen pozerako.

Gure pentsioak ez ditu bankaren zerbitzura dagoen espainiar pentsio sistema ustelak bermatuko.

LABen ustez, konponbidea eraldaketa integral batean dago. Euskal Herriaren burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu, zeinak urteetako lanaren ostean duintasunezko zahartzaro bat bermatzeko pentsioak eskaintzeko gaitasuna izango duen.

Hau da bizitza duin baterako aukera bakarra, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal sistema publiko baten eraikuntza, zienak gutxieneko hauek barnebildu beharko lituzke:

– Euskal Gizarte Segurantza integrala
– Eskuduntza ekonomiko eta araugile osoa
– Kalitatezko Enplegurako Politika Aktibo zein Pasiboak
– Gutxieneko Pentsioa 1.080 euro
– Zerbitzu publiko gehiago eta hobeak
– Lanaren banaketa, 35 ordu.
– Emakumeonganako soldata diskriminazioaren ezabatzea, baita pentsioetan ere. – Soldata interprofesionala 1200 euro
– Menpekotasun pertsonei bidezko harrera
– Pentsio sistema propioa

Eta Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformak eskatu bezala, KPIaren berreskuratzea pentsioen igoeran, Rajoyek inposatutako 0,25arekin haustea eta gutxieneko pentsioa 1080€tan ezartzea.

Gutxieneko hauekin gure pentsioak bermatuak daude. Diru nahikoa badago euskal jendarte oparoago, solidarioago eta berdintasunezkoago bat eratzeko. Eta ez badute dirua aurkitzen, bila dezatela iruzurgileen errenta aitorpenetan edota paradisu fiskaletan.

Gure pentsioen biziraupen mehatxuen aurrean mobilizatzea dagokigu.

Dei egiten ditugu langileak kaleak okupatzen eta Irungo mobilizazioetan parte hartzen jarrai dezaten. Baina ez daitezela hitz goxoekin engaina, gogoan izatea zeintzuk diren orain arte murrizketen bidea hautatu dutenak eta 1080€ko gutxieneko pentsioen kontra bozkatu dutenak.