2026-06-15
HomeIrakaskuntzaIkastolakIkasle Abertzaleak erakundeak Arrasaten deitutako manifestazio nazionalaren inguruko gogoeta

Ikasle Abertzaleak erakundeak Arrasaten deitutako manifestazio nazionalaren inguruko gogoeta

Ikasle Abertzaleak taldeak manifestazio nazionala deitu du Arrasaten otsailaren 22rako, Arizmendi ikastolako ikasleen grebarako eskubidea aldarrikatzeko. Gu ez gara nor mobilizazio horren zilegitasunaz jarduteko; erakunde bakoitzak badu bere ekimenak diseinatu eta bideratzeko eskubide osoa. Hala ere, manifestazio nazionala deitu izanak, Arizmendiko ikastolako auzia nahiz oro har hezkuntza sistemaren nolakotasuna kokatu du eztabaida publikoaren erdigunean eta gauzak horrela LABek egiten duen irakurketa plazaratzeko komenigarritasuna ikusi dugu.

Arizmendi ikastolako ikasle ordezkariek barne araudia aldatzeko eskari zilegia egin dute, DBHko ikasleen greba eskubidea aitortua izan dadin. Ikastolak araudia aldatzeko prozedura martxan jarri du eta LABetik espero dugu ikasleen eskaria aintzat hartzea. Ikasle Abertzaleak-en ustez, ordea, martxan jarritako prozedura ez da zilegia: “Zuzendaritzak espero gisa jokatu du, horrelako kasuetan burgesiaren interesak (egungo egoeraren egonkortze eta erreprodukzioa) defendatzen dituen edozein gestorek bezala, zapalduok engainatzeko edozein trikimailu, mehatxu eta gezur erabiliz”. Gertatutakoa orokortuz, hezkuntza instituzioen inguruko kritika erabatekoa egiten du IAk: “izan kooperatiba, ikastetxe publiko edo katolikoa ere, badakigu, egungo esplotazio eta zapalkuntza egoerak erreproduzitu, gestionatu edo asko jota erreformatxoak egiteko tresna direla hezkuntza instituzioak”.

Lehenik eta behin, neurriz kanpokoa iruditzen zaigu ikastetxe jakin batean eztabaidagai dagoen araudi bati horrelako dimentsioa ematea, Arizmendi Ikastola bailitzan Euskal Herriko burgesiaren tresna nagusi eta langileriaren etsai; areago eta gehiago, esan bezala, ikastetxeko ikasleen ordezkarien eskariz zuzendaritzak araudi hori aldatzeko prozedura martxan jartzea onartu duenean. Gauzak horrela, Arizmendiko ikasleen eskariekin bat egiten dugu baina ez diogu babesik emango IAk deitutako manifestazio nazionalari.

Bigarrenik, ez dugu hezkuntzaren gainean IAk egiten duen irakurketa konpartitzen. Egia da egitura politikoaren kontrola duen elitearentzat, hezkuntza, indarrean dauden baloreak eta jarrerak birproduzitzeko mekanismoa dela. Aldiz, zanpaketarik gabeko jendartea sortu nahi dugunontzat, hezkuntza mundua hobetzeko prozesua izan daiteke; mendeetan zehar eliteen mesedetan eraikitako arrazakeria, patriarkatua eta klasismoa deseraikitzeko aukera; gizabanakoa nahiz jendartea ahalduntzerako tresna. Euskal Herrian dugun hezkuntza, bere adierarik zabalenean, sakoneko tira-bira horren ondorio da, alegia, eliteen eragina ez ezik zanpaketa ezberdinen kontzientzia izan duten herritarren eragina ere badauka. Euskal Herrian lan eta borroka ugari egin da euskarazko irakaskuntza hedatu, euskal curriculuma martxan jarri, hezkidetza sustatu edota langileen seme-alabek hezkuntza duina izan dezaten. Emandako urratsak balioan jarri eta urrats berrien alde borroka eginez eraikiko dugu hezkuntza sistema propioa.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak

Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak. Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio...

Nafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei erantzun ahal izateko

LABen iritziz, Nafarroako parlamentuan aurkeztu berri den lege proposamenak iraganeko akatsetan sakontzen jarraitzen du, hainbat arlotan norabide egokia hartu baldin bada ere.

Fundiciones del Estandan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Azken asteetan mobilizazio fase luze bat aurrera eraman eta hainbat lanuzte eta greba egun egin ostean etorri da lorpena.