2026-09-08
Blog Page 866

Erantzukizun eta ardura politikoarekin jokatu dugu irakaskuntzako kolektibo laboraletan

0
Martxoaren 2an emandako agerraldiaren bidez, LAB sindikatuak jakitera eman zuen Sukalde eta Garbitzaile, Heziketa Berezia eta Haurreskolak Partzuergoko kolektiboetan hurrengo martxoaren 14rako eta 15erako, zein aste santuko oporraldien ostean iragarrita zeuden greba eta mobilizazio dinamika guztiak etengo zituela. Ohar honen bidez, LAB erabaki horretan berresten da, hilabeteetako mobilizazio eta konfrontazio dinamika bere emaitzak ematen hasi delako. Guzti hau langileen borrokari, elkarlanari eta mobilizazioek izandako oihartzunari esker izan da. Mahaien desblokeoa langileon garaipen gisara irudikatzen dugu.

LABi zilegitasuna bere kidegoak eta afiliatuek ematen diote, eta kontraste lan jarrai eta sakon baten ondoren, mobilizazioak eteteko argudio eta arrazoiak nagusitu dira. Aldarrikapen taulatik zintzilik gelditutako edukiak Mahai Orokorrean argitzekoak direla uste dugu, zerbitzu publiko gisa borrokatu beharrekoak gainera.

Kolektibo hauetan, negoziazioaren abiapuntua izango diren akordio on batzuk lortu ditugu, lan baldintzak eta eskaintzen dugun hezkuntzaren kalitatea hobera egiteko xedearekin. LAB sindikatua lehen indarra da hiru kolektibo hauetan, eta dagokigun erantzunkizun eta ardura politikoarekin jokatu nahi izan dugu. Gure ustez, sektore hauek egoera espezifikoa dute hezkuntza komunitatearen baitan, kolektibo prekarizatuenak eta feminizatuenak izateaz gain, urteetan zehar murrizketa ikaragarriak jasan dituzte. Batzuek edukirik ez dagoela behin eta berriro azpimarratzen duten arren, LABetik garrantzitsua iruditzen zaigu edukiei heltzea eta lorpenak mahaigaineratzea. Hauek lirateke kolektiboka lortutako aldarrikapen esanguratsuenak:

Haurreskolak Partzuergoa:

• Akordiorako proposamenean zikloaren aitortza politikoaren norabidean urratsak ematea lortu dugu: hezitzaile bezala irakasleen baremazioan puntuatzea onartzen da, honek suposatzen duen aitortza hezitzailearekin.
• Hezkuntza zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetzen da: zonaldeko zerbitzu asistentzial hutsa den zerbitzua bertan behera geratzea aurkeztu dute. Lizentzia baimenak eta txanda egunak ordezkatuko dira. Ordezkapenak ez dira bertaratze orriarekin baldintzatuko
• Herrietako haurreskoletako biziraupena bermatzea lortu dugu: familia guztiei aukera berdintasunean oinarrituta 8 orduko zerbitzua eskaintzea bermatuz.
• Ordezkoen araudi duina mahai gainean jarri dute, orainartekoan jasota zeuden eskubideak nabarmen hobetuz. Horrela, lan zamak arintzea lortzen da.

Sukaldari eta garbitzaileak:

• Lanpostuen zerrenda handitzea lortu da: 30 lanpostu gehiago txertatuko dira eta lanpostu zerrendan dauden jardun partzialeko plazak osoak bihurtuko dira.
• Sukaldeko ratioak: laguntzak jarriko dira dieta eta bazkalkide kopuruaren arabera.
• Ikastetxe integratuak: garbiketako metrajea 1.030 m-ra jaitsiko da. Laguntza kontratuak eskainiko direnez, lanpostu berriak sortuko dira.
• Funtzioak: ikasturte honetan sukaldari nahiz garbitzaileen funtzioak zehaztuko dira.
• LEP/egonkortasuna: 2018an LEPren nondik norakoak zehaztuko ditugu, abenduaren 31 baino lehen.
• Fomazioa eta euskalduntzea: urtero ikastaroak egingo dira lan orduen barruan txertatuz. Euskarako liberazio bikoitzak egingo dira eta beharraren arabera kopurua handi daiteke.
• Errelebo kontratua: 2018tik aurrera aplikatzen jarraitzeko neurriak hartuko dira.

Heziketa Berezia:

• LEP/behin behinekotasuna: 2019. urtean 260 lanpostu eskainiko dira lan eskaintza publikoaren bidez, une horretan lan zerrendetan pertsonal finkoak bete gabe egongo diren jardunaldi osoko lanpostu guztiak.
• Lanpostu zerrendak eta hezitzaileon plantilak egokitzea: egiturazko lanpostuak izan daitezkeenak lanpostu zerrendan txertatzeko konpromisoa
• Interinitate kontratuak: lanpostuen zerrendako lanpostu guztiak kontratu hauen bidez beteko dira.
• Homologazioa: fisioterapeuta, lan terapeuta eta gizarte langileen titulazioa eta ordutegia maisu maistrenan berdinak izaki, kategoria horretako ordainsariak jasoko dituzte.
• Ordezkoen zerrendak: LEP aurreikusita dagoen ikasturteetan eskaintza horretako espezialitate edo kategoria guztietako zerrendak irekiko dira.
• Gizarte fondoa: langile hauentzat gizarte fondoa ezarriko da, 2018an egindako gastuak aintzat hartzen dituztelarik.
• Prestakuntza eta euskalduntzea: hezkuntza sailaren prest gara eta irale programetan parte hartzeko aukera ikasturte osorako kontratua izanda.
• Asteko jardunaldia: gehienez 37,5 ordukoa izango da koordinazioa eta prestaketak barne. Eguneko arreta zuzena 6 ordukoa izango da gehienez, eta ezin denean, astean 30 ordukoa izango da.
• Garraioa eta jantokia: ikasle guztiak hartuko dira kontuan ratioak kalkulatzerakoan

Beraz, abiapuntua baldin badugu ere, ez dago dena irabazita. Lanean eta borrokan jarraituko dugu, bai kolektibo hauetan, eta baita irakasleen sektorean ere.

 

 

 

Amavir Beteluko langileek ordubeteko lanuzteak eginen dituzte martxoko sei egunetan

Amavir taldeak Betelun duen egoitzako langileok lanuzteak egiteko baimena erregistratu dugu Lan Departamentuan. Lanuzteak martxoan zehar izango dira eta ordubetekoak izango dira. Zehazki, 2018ko martxoaren 11n, 17an, 18an, 24an, 25ean eta 31n egingo ditugu.

Deialdi hau egiteko arrazoia da enpresak gurekin negoziatzeko duen borondate falta. Datorren martxoaren 31n bukatuko da Nafarroako Gobernuarekin dagoen 25 ohe kontzertatzeko akordioa, eta gogora ekarri nahi dugu Nafarroako Gobernuarentzat kostu berdina duela kontzertatutako ohe batek betelun edo Amavir taldearen beste edozein zentrotan. Baina hala ere, adibidez, Amavir Argaray zentroan langileek 100 ordu gutxiago lan egiten dituzte eta %13 gehiago kobratzen dute.

Hori dela eta, Beteluko Amavi taldeko langileek borroka gogortzea erabaki dugu, gure lan baldintzak beste zentro batzuekin berdintzeko asmoz eta gure lan baldintzak duintzeko asmoz.

Lanuzte hauekin, eskatu nahi diegu inplikatutako eragile ezberdinei (Beteluko Udala, Amavir taldea eta Nafarroako Gobernua) konponbide bat bila dezaten.

 

 

 

Aernnovak ez du Berdintasun Legea eta hitzarmen kolektiboa betetzen

Arabako Aernnova Aeroestructuraseko enpresa-batzordetik salatu nahi dugu. Martxoaren 8aren bezperetan, berdintasun legea eta hitzarmen kolektiboa bera ez direla betetzen ari, enpresak ezezkoa eman baitio Berdintasun-Plana martxan jartzeko proposamenari.

2016ko urriaren 25ean izan genuen lehen bileratik ez dute inolako neurririk hartu, plana jartzeko enpresa-batzordetik egin ditugun eskarien aurrean behin eta berriz egin dute ezinikusiarena eta ezinezko egin dute gure enpresako gizon eta emakumeen artean dauden desberdintasunak zuzentzen

Horregatik, publikoki salatu nahi dugu enpresaren borondate falta eta hitzarmen kolektiboa ez betetzea eta instituzioen pasibitatea berdintasun legea ez betzearen aurrean.

Azkenik, datorren astean Lan Ikuskaritzan egoera salatuko dugu eta exijituko diogu neurriak hartzea Aernnovak onartutako akordioak bete ditzan eta euren jarraipena egin.
 

 

 

Alegazioak aurkeztuko dizkiogu Bizkaiko Aldundiak “borroka kutxaren” inguruan egindako informazio eskariari, honen izaera kontuan izanda

0
Alegazioa aurkeztuko dugu Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako prozedimenduari, zeinak 2014, 2015, 2016 eta 2017 urteetan borroka kutxatik eginiko ordainketa orororen informazioa igortzeko eskaria agintzen digun. Administrazio publikoaren eskaera zehatza da aipatu urte horietan %2a atxikitzeko beharrizana sindikatuari erreklamatzea eta 2017tik aurrera atxikipena egiteaz gain zergapetuaren oinarrian batzea, lan etekin gisara.

LAB sindikatuak alegazioa aurkeztea erabaki du, besteren artean, honako arrazoi nagusi hauengatik:

-LABek 2012an sortu zuen borroka kutxaren tresna, greba epeetan aktibatzeko aukera izan dezaten langileek. LAB sindikatuak duen tresna ez da erresistentzia kaxa bat, botroka kutxa baizik. Garrantzitsua da kontzeptu biak bereiztea. Borroka kutxak ez du grebako denbora tartean langileak jasotzeari utziko dion soldata ordezkatzeko helbururik. Bere helburua da greba tartean langileak izango duen kalte ekonomikoa dena delakoa izanda ere, langileak oinarrizko beharrizanak asetzeko minimoa izatea. Ez da inolaz helburua soldata ordeztea, gutxieneko berme bat izatea baizik, maila asistentzialean.

-LABek ez du bat egiten entitate foralak gauzatzen duen interpretazio juridikoarekin, alegia, ordaindutako zenbatekoak lan etekin gisara kalifikatzearekin. Are gehiago, orain arte sindikatu ezberdinek antzerako tresnak izan arren bertatik gauzatu diren ordainketak ez dira sekula lan etekin gisara kalifikatuak izan, aplikagarri den marko legala berbera izanik ere. LABek ulertzen du aldaketa normatibo bat ez, baina interpretazio aldaketa bat gauzatzen dela oraingoan.

Hau horrela, beraz, Bizkaiko Foru Aldunditik jasotako eskaeraren aurrean, gure desadostasuna azaltzearekin batera, alegazioa aurkezteko prozedura abiatzen dugu LABetik.
 

 

 

Mugimendu Feministarekin eta martxoaren 8ko grebarekin duen konpromisoa dela eta, ez dugu egun horretan Arabako etxez etxeko hitzarmen sektorialeko elkarretaratzean parte hartuko

Honek ez du esan nahi sektoreko lan-borrokak baztertzen ditugunik, martxoaren 8a eta gero Arabako Etxez Etxeko Laguntzako hitzarmen duin baten alde borrokan jarraituko dugu bai hurrengo elkarretaratzetan zein hitzarmenaren negoziaketan. Baina egun honetako konpromisoa sektoretik haratago doa, emakume ororengatik da, lana aitortua izan hala ez izan.

Arabako Etxez Etxeko Laguntzako sektoreak dagoeneko bi greba egun burutu ditu hitzarmen duin baten alde.

Langileen %30ak baino gehiagok egin du greba, hau lorpen handia izan da sektore honetako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla kontuan hartuta, langileek urte osoan zehar egiten baitute lan zerbitzu minimoetan.

Sektore feminizatu eta prekarioa dugu hau, lana eta bitza pertsonala uztartzeko zailtasun handiak dituena. Partzialtasun handiko lanaldiak direlako eta egunean 10 ordutako disponibilitatea eskatzen zaielako.

“Ekoizpenean”, eta ez zaintzan, oinarritzen den antolakuntza sistema batekin. Beraien eginkizunek ez dute merezi duten aitortza, ondorioz, sektore honetan garatzen diren gihar eta hezurretako gaixotasunak ez dira lan gaixotasunak bezala aitortzen.

Arabako Etxez Etxeko Laguntzak 2.981 erabiltzailetik gora zaintzen ditu, eta 800 langile baino gehiago daude bertan lanean. Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak azpikontratatzen dituzten enpresa pribatuen menpean lan egiten du kolektibo honek. Arabako Etxez Etxeko Laguntzaren hitzarmena ultraktibitatean dago 2011. urtetik. Horrek langileen eros ahalmenari dagokionez %7,4a galtzea ekarri du, eta aldi berean, lan baldintzen berritze edota egokitzapenik ez egotea suposatu du.

Eta guztia hau, zergatik? Pertsonen zaintzak ez duelako merezi duen aitortza politiko, sozial ezta ekonomikorik. Zaintzaz negozio bat egiten dute, ahalik eta etekin gehien ateraz menpekotasuna daukaten pertsonen eta sektoreko langileen lan baldintzen kontura.

Hau da, etekinek zerbitzuaren kalitateak baino lehentasun handiagoa daukate.

Gure bizitzako momentu desberdinetan denok izaten gara menpeko baina emakumeak dira gehien zaintzen dutenak, bai inguruko pertsonak zein ezezagunak, lan ordaindu moduan edo dohainik, baina guztiak aitortzarik gabe eta prekarietatean.

Arrazoi guzti hauengatik, eta LABek Mugimendu Feministarekin eta martxoaren 8ko grebarekin duen konpromisoa dela eta, egun horretan ez du Arabako Etxez Etxeko hitzarmen sektorialeko elkarretaratzean parte hartuko.

Mugimendu Feministarekin lotuko ditugu gure indarrak, sektore eta elkarte guztietako emakumeen lan guztien aitortza aldarrikatzeko. Gainontzeko emakumeen salaketa eta aldarrikapenekin bat eginez, argi daukagu gure tokia, beraiekin batera, kalean dagoela. Egun horretako helburua baita elkarrekin borroka egitea, denek elkarbanatzen ditugulako zapaltzen gaituzten: lan baldintzak, baldintza ekonomikoak, politikoak eta sozialak. Bizi baldintzak.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak Martxoaren 8ko greba feministarako gutxieneko zerbitzuak gogortu ditu emakumeon greba eskubidea urratuz

0
Gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla deritzogu eta emakume langileon greba eskubidea urratzen duela salatu nahi dugu. Horrez gain, agintekeria honen aurrean emakume guztiei dei egiten diegu Martxoaren 8ko greba Feministan antolatuko diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera Martxoaren 8a egun arrakastatsua eta historikoa izan dadin.


Martxoaren 8ko greba feminista dela eta deitu ditugun lanuzteen inguruko bermatu beharreko zerbitzuei buruzko Agindua jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailak. Aurreko grebetako Aginduak gehiago okertuz, batez ere sektore feminizatuetan.

Lanuzteak deitu ditugun sindikatuok agindu honen kontrako helegitea aurkeztu dugu gaur. Agindua behin-behinean bertan behera uztea eskatu da, ezarritako gutxienezko zerbitzuak gehiegizkoak direlako eta emakume langileon greba eskubidea urratzen dutelako.

Eusko Jaurlaritzak martxoaren 8ko greba feministarekin bat ez duela egingo argi utzi du berdintasunaren aldeko politikak egunero egin behar direla, eta ez bakarrik martxoaren 8an argudiatuz. Eta horretarako, egun horretan 15 minutuko elkarretaratzeetan parte hartzeko deitu dituzte etxean eta familian "oraindik gertatzen diren desoreka garrantzitsuak zuzentzeko”. Haien apustua guztiz azalekoa dela argi ikusten da.

Eusko Jaurlaritzak Martxoaren 8ko greba feministaren inguruan duen iritziaren arabera, ez da harrigarria horrelako neurriak ezartzea, baina bidegabekeria iruditzen zaigu grebara atera nahi diren emakumeei horretarako eskubidea urratzea.

Aginduak, adingabeen egoitza, heziketa zentroetan eta etxebizitza komunitarioetan jaiegunetako gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, asteburuan aste barruan baino langile gehiago daudenean. Honek praktikan esan nahi du egoitza horietan langile bakar batek ere ezin izango duela grebarik egin.

Bereziki larria da adinekoen egoitzetarako gutxiengo zerbitzuetan jaso den aldaketa. Adinduen egoitzetan, orain arte eta egun bateko greban %50ekoa zen, eta orain %70ekoa ezarri dute.

Esku hartze sozialeko zentroetan, ludotekak sartzen dituzte eta ludotekak ez dira oinarriko zerbitzu bat.

Haur eskoletan, zuzendari taldeko kide bat eta koordinatzaile bat ezartzen dute eta haur eskoletan ez dago zuzendaritzako langilerik. Kolektibo guzti hauetako greba eskubidea guztiz urratzen du, eta kolektibo hauek nagusiki emakumeek osatzen dutela kontuan hartuta, emakumeen greba eskubidearen kontrako eraso zuzena dela uste dugu.
 

 

 

Erandioko Jado ikastetxeko langileak kalera irten dira, hitzarmen berri baten alde

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek borrokan jarraitzen dute, martxoaren 20an egingo duten grebaren atarian. Erandioko Jado ikastetxeko langileek elkarretaratzea egin dute gaur, benetako negoziazioaren alde, lan hitzarmen berri bat edukitzeko.
 

 

 

Garbiñe Aranburuk gogoratu du pentsioen kontrako erasoa Zapateroren gobernuarekin hasi zela

Astelehenero mobilizazioak egiten ari dira pentsiodunak Donostiako udaletxearen aurrean, Alderdi Ederren. Hain zuzen ere, batzarrak egin ohi dituzte bertan, pentsioen inguruko aferari buruz hitz egiteko eta mobilizazioak zehazteko. Bada, LABeko idazkari nagusia gaurko batzarrean izan da, pentsiodunei babesa emateko. Garbiñe Aranburuk komunikabideei adierazitako hitzetan, "ez dugu nahi Madrilek erabakitakoa kiudeatu, bertan erabaki nahi dugu".

"Azkenaldian haserrea piztu duena izan da pentsioak eguneratzeko %0,25 hori, baina gogoratu behar da pentsioen kontrako erasoa ez dela neurri honekin hasten, atzetik dator".

Garbiñe Aranbururen hitzak dira huek, pentsiodunek Donostian egindako batzarraren harira egindakoak. "Zapateroren gobernuak jubilazio adina eta kotizazio urteak handitzea erabaki zuen. Pentsioak KPI-aren igoeratik deslotzea izan da beste eraso bat. Honek guztiak ekarri du pentsioen sistema publikoa kaltetua izatea, sistema pribatuaren mesedetan. Horren aurrean aldarrikapen zehatzak ditugu, aspalditik borrokatu ditugunak. Gutxieneko pentsio bat aldarrikatzen dugu, 1.080 eurokoa, eta, bestetik, iruditzen zaigu pentsioen sistema publiko eta propio bat eraiki behar dela", nabarmendu du LABeko idazkari nagusiak.

Garbiñe Aranbururen esanetan, "Estatutua berritzeko esztabaidan murgilduta daude orain alderdi politikoak, eta uste dugu gai hau zentrala dela, erdigunean kokatu behar dela. Aldarrikatzen duguna da ahalmen legegile osoa izatea Gizarte Segurantzan, bertan erabakitzeko gure pentsio sistema. Ez dugu nahi Madrilek erabakitakoa kiudeatu, bertan erabaki nahi dugu".

 

 

 

Lanbide kalitatezko enplegu sistema integral bat izateko oinarriak aurkeztu ditugu

LABek agerraldi bat egin du gaur Bilbon, Lanbideren erreformarako sindikatuaren proposamenaren berri emateko. Hain justu, “Lanbidek benetako erreforma behar du kalitatezko enplegu sistema integrala izateko” txostena aurkeztu dugu, eta dokumentuan, gobernuak Lanbideren erreformarako egin duen proposamenaren balorazioa jasotzeaz gain, LABek defendatzen duen eredua jaso dugu. Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak eta Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkariaren ondoko Eider Casanova hartu dute parte prentsaurrekoan.

LABen iritziz erreformak eragile sozialekin negoziatu eta adostua izan beharko litzateke eta, hortaz, azaleko planteamenduak baztertu beharko lituzke. Hala ere, badirudi EAEko gobernuaren asmoa horixe dela, erreforma eta gero egoerak bere horretan iraun dezala, alegia.

Azken urteotan aplikatu izan diren lan erreformek enpleguari egin dioten eraginaren aurrean, LANBIDEren erreformak ezin du ezikusiarena egin .

Arazo estrukturalak eta funtzionamendu arazoak ditu Lanbidek. Arazo hauek direla eta, Lanbide ez da gaur egun beharrezkoa dugun enplegurako zerbitzu publiko eraginkorra.

Diagnosi honen ostean, erreformak izan behar dituen helburuak finkatu beharra dago. LAB sindikatuaren ustez, helburu hauek, funtzionamendu eskasa konpontzeko ez ezik, Lanbide enplegu zerbitzu publiko integral bihurtzeko oinarriak ezartzeko ere izan beharko lirateke.

Hauek dira, LABen arabera, Lanbideren erreformak jorratu beharko lituzkeen defizitak:

Izaera estrukturala dutenak

• Enplegu politika integrala definitzeko eskumenik eza. Izan ere, politika aktiboak eta pasiboak hartu beharko lituzke bere gain eta enplegu prestakuntza ereduaren inguruan erabaki ahalmena izan beharko luke (erreferentziatzat Hobetuz-en eredua hartuta).
• Ordezkaritza sindikalarekin adostutako benetako enplegu politikarik eza.
• Enplegu politika aktiboak osatzen duten neurrien ebaluazio eta aurreikuspenik eza.
• Euskara: erabiltzaileen eskubide honen bermerik eza.

Lanbideren enplegu zerbitzu publikoaren ereduari dagozkionak, enplegu politikaren inplementazio eta gestiorako tresna den heinean

• Giza baliabide eta baliabide ekonomiko nahikorik ez eta bitarteko informatikoen funtzionalitate eskasa.

• Zerbitzuen pribatizazioa, “kolaborazio publiko-pribatu” adierazpidearen atzean.
• Diru sarrerak bermatzeko errentaren eta enplegu orientazio lanen kudeaketa egokirik ez.
• Enplegu bitartekaritzan portzentaje baxuak.
• Parte hartze sindikalaren eredu formalista.

Erreformak adierazitako arazoei konponbidea eman behar die eta enplegu sistema publiko integral eta kalitatekoaren alde egin eta, hortaz, kalitateko enpleguaren sorreran eta kudeaketan eragiteko gaitasuna izan beharko luke.

Ezinbestekoa da politika pasiboetan erabateko ahalmenak eskuratzea, eta gai hauetan EAEko eragile politiko, sozial eta sindikalen erabakien protagonismoa bermatzea.