2026-01-15
Blog Page 860

Haurreskolak Partzuergoko grebak %84ko jarraipen zabala izan du

0

Borroka aste arrakastatsua izaten ari gara Haurreskolak Partzuergoan, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok deituta. Eusko Jaurlaritzak jakingo du, hitz egiteko borondateaz gain negoziatzeko prest dagoen. Lekukoa, eskoletako sukaldari eta garbitzaileei pasatuko diegu. Azpisektore honetako borroka astea urriaren 16tik 20ra bitartean izango da.

Atzo, grebaren bezperan, argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuen agindua, honela zehazten zituena: “Haurreskolak Partzuergoa: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.”

LABen iritziz egun bat edo batzuetako greba deialdietan ez litzateke gutxieneko zerbitzurik ezarri behar. Gainera, gutxieneko zerbitzu hauekin ez da hezkuntza zerbitzua ezta segurtasuna bermatzen, eta gutxiago greba eskubidea.

Aginduaren helburua, egun arruntaren itxura eman eta desmobilizatzea bada ere, greba egun arrakastatsua burutu dugu. Oztopoak oztopo, oraingoan ere jarraipen zabala izan du Haurreskolak Partzuergoko grebak, deitutako langile eta hezitzaileetatik, %84ak egin du greba. Hezitzaileen artean handiagoa izan da grebaren jarraipena kudeaketa arloan baino. Eibarren kotxe-karabana eta kontzentrazioa egin dituzte, Partzuergoaren egoitzaren aurrean.
 

 

 

Bartzelonan hildako garraiolariaren lan heriotza salatu dugu Indo enpresaren aurrean

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin dugu gaur Orion, Indo enpresaren aurrean, bertako gidari baten lan heriotza salatzeko. Hala, Ubegun industriagunean elkartu gara, "prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez!" leloarekin.

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu Bartzelonan lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei. Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Azpimaragarria da euskal garraio sektorea osatzen duten
garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez dira hobetu. Ezinbestekoa da garraiolari nahiz gidarien egoera hobetzea, bai porteen prezioetan, bai lan orduetan, Europako herrialde askotan hartzen ari diren antzeko neurriak kontutan hartuz, izan ere, sektorearen zati bat prekarietatean egoteak, bestea ere, bertara bultzatzen baitu.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Garraiolarien lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen: errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Besteetan, “heriotz natural” delakoen zifren barruan sartzen ere saiatu ohi dira, ez garraio sektorean bakarrik, lanak eragiten dituen estres egoerak, besteak beste, alde batera nahita utzita.

2017. urtean jada 51 langile hil dira lan istripuan, horietatik 8, garraiolariak. Datu hauek guztiak eta prekarietatearen ondorioak gizarteratzea ezinbestekoa dela kontutan hartuta, gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratze bat egin dugu gaur.

Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUko kideok egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.
 

 

 

Aparteko orduak eta azpikontratazioa salatu ditugu Olaberriako Arcelorren

Goierrira iritsi da Ekimen Ibiltaria, indartsu. Goizean goizetik gaude kalean, eskualdeko hainbat lantokitan “Lan duina, bizi duina” aldarria zabaltzen. Haurreskoletako gaurko grebarekin egin dugu bat eta Olaberriako Arcelor eta Carrefourren izan gara, hau guztia, Ekimen Ibiltariaren bitartez egindako auto karabanaren eskutik. Arcelorri dagokionez, prekarietatearen adibide bat dela salatu dugu lantegiaren aurrean.

Lan duina eta bizi duinaren aldeko auto karabana Beasainen abiatu dugu, bertako haurreskolatik. Hain zuzen ere, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoa borrokan dago, eta gaur greba eguna zuten haurreskoletan. Lanuzteekin bat egin dugu.

Olaberriara abiatu gara ondoren, eta Arcelorren izan gara. Lantegiaren egoera azaltzeko batzar bat egin dugu zubi azpian, eta gure aldarrikapen eta salaketen berri eman dugu.“ArcelorMittal Olaberrian baditugu prekarietatearen adibide batzuk. Urteak dira plantilla faltagatik aparteko ordu kopuru onartezinak jasaten dituztela langileak. Azken urteetan gero eta azpikontratazio gehiago dago. Lan berdina egiteko, soldata eta baldintza ezberdinak langileentzako. Multinazionalaren nahia garbia da. Postuak kanporatu, enplegu finkoa suntsitu eta lan prekario eta malguagatik aldatu”, azaldu dugu.

Olaberriako Carrefourren ere egon gara. Elkarretaratze bat egin dugu, “Hemen lan egin, hemen negoziatu” lelopean, bertako hitzarmenen alde; hitzarmen estatalen aurka, alegia.

Goizeko jarduerak amaituta, arratsaldean, Infogunea ezarriko dugu Urretxu-Zumarragako Potros enparantzan, 17:30etik 19:00etara.

Gasteizen txanda
Ekimen Ibiltaria Gasteizera iritsiko da ostiral eta larunbatean. Hauxe da egitaraua:

Ostirala, azaroak 10:

9:00etan, ekintza sindikaleko tailerra, LABen egoitzan.
11:00etan, Infogunea, Correos plazan.
11:30ean, auto karabana, “Araban enplegu duina” lelopean: Martxoak 3 plaza, Mercedes, Michelin.
12:30ean, mobilizazioa, zutabe ibiltariak, Correos plazatik: azpikontraten aurka, EAJren harrokeriaren kontra eta zerbitzu publikoen suntsiketaren aurka.

Larunbata, azaroak 11:

12:00etan, Infogunea, Correos plazan.
12:00etan, pikete informatiboak, dendaz denda, sektore feminizatuak eta prekarietatea ikusgarri egiteko.
13:00etan, elkarretaratzea, Correos plazan.
 

 

 

Kontratu publikoetan klausula sozialak derrigorrez txertatzeko eskatu dugu


LAB, ELA eta CCOO sindikatuok agerraldi bat egin genuen atzo, Nafarroako Kontratu Publikoen Legearen harira. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernua lege hori negoziatzen ari da, eta proposamen bat helarazi dio Legebiltzarrari. Bada, atzo bertan ireki zen emendakinak aurkezteko epea, eta, hori baliatuta, sindikatuok kontratu publikoetan klausula sozialak derrigorrez txertatzeko eskatu dugu.

 CCOOen, ELAren eta LABen EKARPENAK, EGINKIZUN DEN KONTRATU PUBLIKOAREN LEGEARI
 APORTACIONES DE CCOO, ELA Y LAB ANTE LA FUTURA LEY DE CONTRATOS PÚBLICOS

LABeko ordezkari Berta Garciaren hitzetan, “klausula sozialak txertatzeko aldarrikatzen ari gara aspalditik. Milaka lagun daude administrazioan lanean, azpikontratatuak. Klausula sozialen bitartez, langile horien guztien lan baldintzak bermatuko lirateke. Sindikatuok eskatzen duguna da klausula horiek derrigorrezkoak izatea, ez enpresa batek baliatu dezakeen aukera huts bat. Ezinbestekotzat jotzen dugu hala izatea”.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuok Nafarroako Kontratu Publikoen Legeari egindako ekarpenaren berri eman genuen atzoko agerraldian. Osatutako txostenean klausula sozialen garrantzia nabarmentzen dugu.

 

 

 

Hainbat aldarrikapen eta salaketa egin ditugu Tolosaldeko industriaguneetan

Ekimen Ibiltariak bidea egiten jarraitzen du, “Lan duina, bizi duina” lelopean. Tolosaldean ibili gara gaur. Hain zuzen ere, eskualdeko industriaguneak bisitatu ditugu goizean, auto karabana baten bitartez.

Usabalen aparteko lan orduak salatu ditugu, Lizartzako Casa Ezeizan 35 orduko lanaldia eta 1.200 euroko soldata aldarrikatu ditugu, Apatta Errekan lan osasuna eta prebentzioa jarri ditugu lehen lerroan eta Asuncion klinikan hitzarmen duin bat eskatu dugu.

Iurreamendiko helduen egoitzan ere izan gara, eta bertako langileen borroka babestu dugu. Era berean, Tolosako kaleetatik barrena ibili gara, lan duina eta bizi duinaren aldeko aldarria gizarteratzeko.

Ekimen Ibiltaria Goierrira iritsiko da bihar, azaroak 9. Eskualde honetan ere auto karabana bat egingo dugu, 9:00etatik 13:00 ak arte, Beasaingo haurreskolatik abiatuta. Arratsaldean, Infogunea ezarriko dugu Urretxu-Zumarragako Potros enparantzan, 17:30etik 19:00etara.
 

 

 

Murrizketak salatu ditugu Barakaldoko San Eloyko ospitalean

0

Joan den urriaren 25ean Barakaldo Sestao ESI honetako langileok Gerentziak inposatutako murrizketeen kontrako elkarretaratzea egin genuen LAB, SATSE, ELA, ESK, SME, UGT, CC.OO eta SAE sindikatuok. Bada, gure bidezko eskarietarako erantzunik ezaren aurrean, argudio seriorik ezaren aurrean eta komunikabideetako Gerentearen gezurraren aurrean, sindikatuok langileriaren batasunarekin mobilizazioekin jarraitzea erabaki dugu, lan- baldintza eta kalitate-asistentziala duin bat lortu arte.

Gerenteak mobilizazio hauek kontutan hartu behar ditu eta langile eta gastu murrizketak atzera jo behar ditu. Hauek dira salatu ditugun murrizketak:

-Kontratazioetan murrizketa garrantzitsuak; (medikuak,erizainak,erizain laguntzaileak, zelariak,administrari laguntzaileak,…).

-Kontsultetako osasun langileentzat lanpostu ezabapena eta lan gainkarga.

-Langileriaren lan baldintzaren egoera hondatzea. Beste unitate batzuetarako beharrezko higikortasuna langileei inposatzen zaie akatsen arriskua handituz, estresa egoera sortuz eta kalitatea hondatuz.
 

 

 

Gaur Azaroak 8 Greba Orokorra Katalunian

0


Gaur Azaroak 8 asteazkena Kataluniako herrialde osoan greba orokorra deituta dago azken urtetako erreforma ezberdinen ondorioz inposatu den prekarietatearen aurka protesta egiteko. Aldi berean greba hau soldata jeitsieraren ondorioz Kataluniako langile klasearen %20k pairatzen duen pobrezia egoera salatzeko helburuarekin antolatu da.

Egoera honi Espainiar estatuak Kataluniako auto-gobernuaren kontra abiaturiko erasoa gehitu behar zaio; konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren bitartez eta ANC eta OMNIUNeko zein Kataluniako gobernuaren zati baten atxiloketarekin gauzatu dena. Honek guztiak Kataluniako gizartean sumindura areagotzea ekarri du, ikusten baitute Espainiar estatutik datorren bakarra murrizketak, prekarietatea, pobrezia, errepresioa eta eremu politiko, ekonomiko eta sozialean haien erabakiak hartzeko eskubidearen urraketa direla.

Horregatik LAB sindikatutik greba egun honetan gure babesa adierazten diogu Kataluniako herriari, orain arte Kataluniako herria bere erabaki propioak hartzeko subjektu bezala aitortzeko bide honetan egin dugun bezala eta etorkizunean ere eginen dugun bezala,

Borroka da bide bakarra
Gora langile klasea

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak multinazionalen interesen edo giza eskubideen artean aukeratu behar du

0

LAB eta ELA sindikatuok eta OMALek (Multinazionalen Behatokia Latinoamerikan) Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Politikaren inguruko prentsaurreko bat eman dugu gaur Bilbon. OMALeko Juan Hernandezek “Eusko Jaurlaritzaren enpresei begirako nazioartekoratze politikaren azterketa” dokumentuaren gako nagusiak aurkeztu ditu, eta LAB eta ELAko ordezkariok Urkulluk berriki Quebecera egindako bisitarekin lotu dute gaia, Tratatuak eta exekutiboaren politika orokorra nabarmenduz, ereduaren errotiko aldaketa eskatuz.

Hau da LABeko ordezkari Edurne Larrañagak egin duen irakurketa, sindikatuaren izenean:

Kapitalismo heteropatriarkalak gure bizitzetako arlo guztiak kontrolatu ditu. Osasuna, zerbitzu publikoak, elikagaiak, baliabide naturalak, lan baldintzak… ezer ez da libratzen kapitalaren fase berri honetan. XXI. mendeko kapitalismoaren agertoki berri honetan, nazioarteko itun ekonomikoek protagonismo berezia hartu dute, botere ekonomiko eta politikoen birkonfigurazio berri bat bultzatuz. Hain zuzen ere, tratatu hauen ezaugarri nagusiena intentsitate baxuko demokrazia da. Politika hauek bultzatzen dituztenentzako, demokrazia formala negozioak hasten direnean bukatzen da.

Aipaturiko fase berri honek hiru esparru ditu: politikoa, kulturala eta ekonomikoa.

Arlo ekonomikoan, erabakia argia da. Langileon eskulana eta gaitasunak guztiz merkantilizatuko dituzte, inolako eskubiderik gabe utziko gaituzte eta enpleguak guztiz prekarizatuko dituzte. Gainera, askatasun sindikalik gabe eta grebarako eta borrokarako eskubide gabe utziko gaituzte, negoziazio kolektiboa tresna bezala erreformen bidez deuseztatuz.

Arlo kulturalean, faxismo soziala jendarteratu dute: indibidualismoa, arrazakeria, homo-lesbo-transfobia langileon arteko lehia eta zatiketa. Eta jarrera hau hegemonikoa bilatzea lortu dute.

Arlo politikoan, gobernuen eta instituzioen eskumen politiko eta juridikoen anputazioa bilatzen dute. Zentzu honetan, herritarron tresna izan beharko liratekeen erakunde publikoak edukiz hustu nahi dituzte eta de facto, korporazio globalen gobernua ezarri. Eusko Jaurlaritzari esan nahi diogu bi aukera daudela gaur egun:

Tratatu neoliberalak onartzea eta sustatzea.
Erakunde publikoen bitartez, euskal herritarron eskubideak defendatzea eta neoliberalismoari oztopoak jartzea. Hori aurrera eramateko, burujabetza ezinbestekoa dugu Euskal Herrian.
Azkenaldi honetan egindako mugimendu politikoek erakusten dute gaur egun Eusko Jaurlaritzak duen jarrera lehenengoa dela. Madrilen PNVk CETA onartu du Senatuan eta gainera, Urkullu Kanadan egon da nazioarteko tratatu honek Euskal Herrian izan dezaken aplikazioa aztertzeko, eta balizko akordio ekonomikoak bilatzeko.

Multinazionalen interesak edo giza eskubideak defendatzea. Ez dago erdiko posiziorik, ez beste aukerarik. Bi aukera horien artean bat aukeratu behar du Eusko Jaurlaritzak.
 

 

 

Hildako garraiolariaren lan heriotza salatuko dugu bihar, Orion, INDO enpresaren aurrean

Egunotan jakin dugu Orioko INDO enpresako gidari bat hil dela bihotzekoak jota, Bartzelonan deskargatzen ari zenean. Hori dela eta, elkarretaratze bat egingo dugu bihar, azaroak 9, INDO enpresaren aurrean, euskal gehiengo sindikalak deituta. Orioko Ubegun industriagunean izango da protesta, 11:30ean, "Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez!" leloarekin.