2026-04-10
Blog Page 859

Nafarroarentzat beharrezkoa den albistea

Nafarroako eta Espainiako Gobernuen arteko hitzarmen ekonomikoaren eguneraketaren harira, bi gobernuen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren eguneraketaren zertzelada guztiak jakin gabe, tekniko zein politikoak, LAB sindikatutik adierazi nahi dugu beharrezkoa den albiste baten aurrean aurkitzen garela. Eguneraketarik gabe, Estatuari Nafarroak ematen dion dirua bidegabeko handitze batean kokatuak izatera derrigortzen gintuen eta.

Nafarroako Gobernuaren jarreran aldaketa bai, baina hitzarmen ekonomikoaren negoziaketaren inguruan lausodura ikusten dugu.

Nafartar guztion kalterako eta zinezko lapurreta suposatzen zuen Espainiako Gobernuaren negoziazio borondate ezaren aurrean, Nafarroako Gobernuak izan duen jarrera aldaketa egoerari aurre eginez, positibotzat jotzen dugu. Hala ere eta lehen adierazi dugun bezala, negoziazio eta ondoren lortutako hitzarmenaren zehaztasun guztiak jakin gabe, tentuz ibiltzea eskatzen digu. Horrela izanda eta zuzen den bezala, Nafarroak Estatuari ordaintzen dizkion zerga zama gutxituko du eta 2015 eta 2016 urteetan ordaindutako gainerakoak berreskuratuko ditu. Diru kopuru osoa, 215 milioi hain zuzen, Nafarroako gizartean ditugun premiak betetzera bideratua izan beharko zirela uste dugu.

Hala ere, eta lehen adierazi dugun bezala, Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioaren inguruko lausodura kritikatzen jarraitzen dugu. Zer negoziatu den ez dakigu, ordainketan zergatik eta zeintzuk izan diren kontzeptuak ezta. Beharrezkotzat jotzen dugun gardentasun faltari argi eta garbi kritika egiten diogu.

UPN-PP eta PSNren erregimenaren iruzurraren aurrean burujabetza eta justizia soziala aldarrikatzen dugu. Berriro ere, UPN-PP-PSN erregimenak langileriari iruzur soziala egin dietela agerian gelditu da. Elkarlanean aritu dira Estatuarekin, inongo lotsarik gabe eta urteetan zehar 250 milioi euro baino gehiago suposatu duen lapurretak Nafarroako langileriak murrizketa sozialak sufritzera kondenatu ditu. Horren haritik, UPN-PP-PSNk ezagutzen duten gozarre bakarra Espainiako Gobernuaren Mariano Rajoyri eta Felipe VI erregeari diote.

Ondorioz, Estatu Espainolak Nafarroako morroien laguntzarekin, larrutzearekin bukatzeko aukera bakarra burujabetza dugu. Ustela den Estatu Espainolak bere gain hartu duen bidegabeko kanpo zorra ez ordaintzeko dugun aukera bakarra burujabetza dugu. Frankismoaren oinordea den erregetzak suposatzen dituen gastuak ez ordaintzeko eta Guardia Zibila indar okupatzaileak kanporatzeko, burujabetza aukera bakarra bezala aurkezten zaigu. Gure ondareak guztiak gizarte politiketan eta zerbitzu publikoetan erabiltzeko eta justizia soziala lortze aldera, burujabetza bide bakarra bezala aurkezten zaigu.
 

 

 

Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren akordioa guztiz ez-nahikoa da

Madriletik inposatzen den miseriaren aurrean, Estatus politiko berriak behar dira, enplegu eta babes sozial gaietan eskuduntza guztiak izango dituztenak, besteren artean, gutxieneko soldata arautu eta ezartzeko aukera emango duen marko juridiko politiko berria. Horren alde lan egiten jarraituko dugu.

Madrilgo gobernuak eta CCOO–UGTk Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata eguneratzeko lortutako akordioak bi ondorio argi uzten ditu guretzat:

1.- Erabat motz geratzen den igoera da, guztiz ez-nahikoa. Azken urteetan desoreka sozialak izugarri handitzen ari dira, sortzen den aberastasunaren zati gero eta txikiagoa bideratzen da soldatetara, gero eta handiagoa kapitalaren errentetara. Igoera honek ez dio tendentzia horri amaierarik jarriko. Beraz, bazterkeria eta prekarietatea betikotzen lagunduko duen beste erabaki bat da.

Gainera, onartezina iruditzen zaigu Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igoera BPGren igoerari edota lanpostuen sorrerari lotua egotea. Igoera handiagoa behar da eta inolako baldintzarik gabe. Sortzen da horretarako nahikoa aberastasun. Kontua da ekonomiaren errekuperazioa prekarizazioaren kontura egiten ari dela; hau da, gutxi batzuen irabaziak bermatzen jarraitzen direla gehiengoaren bizkar gain.

2.- CCOO -UGTren noraeza eta saldukeria. Madrilgo gobernuak bi sindikatu hauen babesa jasotzea horrelako akordio baterako oso adierazgarria da. CCOO-UGTren eredu sindikalaren porrotaren beste adierazle bat da. Langileen interesak bigarren maila batean kokatzen dituzte hauek, aspaldi utzi zioten langileen alde borrokatzeari eta aspaldi beraien biziraupenerako borrokan dabiltza.

LABek ez du erreferentzia hori kontuan hartuko, eta, Europako Karta Sozialaren irizpideak erreferentzia moduan hartuta, 1200€ko soldata garbia aldarrikatzen eta defendatzen jarraituko dugu.
 

 

 

Arabako esku-hartze sozialaren hitzarmenaren defentsan irten gara kalera

Arabako Esku-hartze Sozialaren Hitzarmen Kolektiboa kolokan dago. Hitzarmen Kolektiboa aurre-akordioaren puntuekin sinatzeko eskatzen dugu sektorean ordezkaritza dugun 5 sindikatuok (LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT), eta, helburu hori bultzatzeko, hiru greba-eguneko deialdia egin dugu abenduan. Hilaren 13 eta 20ko mobilizazioen ostean, gaur hirugarren greba egunari heldu diogu.

Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean elkartu gara gaur, eta protesta zaratasua egin dugu atari aurrean. Aurretik, manifestazio bat egin dugu Gasteizko kaleetan zehar, Provincia Plazatik abiatuta.
 

 

 

Enpleguaren aldeko apustua egin dezatela eskatu diegu Edesa Industrial, Fagor eta Gasteizko Gobernuari

0

LAB eta ELAren ustez, instituzioek eta enpresak ehunka familia utz dezakete kale gorrian. Aspaldi hontan gardentasun falta da proiektu enpresarialen ezaugarri nagusia. Errealitatea sistematikoki ezkutatzen da, iritzi publikoari komeni dena bakarrik jakinarazten zaio. LAB eta ELA, lanpostuak defendatzen ditugun erakundeak izanik, baztertzen saiatzen dira.

Enpresa horien kulturan, elite gutxi batzuk bakarrik ezagutu dezakete benetako egoera. Testuinguru horretan eman zen aurreko Fagorren porrota. Alde batetik proiektu sozial beten parte zirela esaten zitzaien kooperatibistei, eta bestetik enpresaren benetako egoera ezkutatzen zitzaien.

Fagorren ondorengoa, CATAren bitartez eta EDESA INDUSTRIAL izenarekin, gardentasun falta berdinarekin jarraitu du. Betetzen ez diren etorkizunerako planak aurkezten dira, seriotasunik gabeko proiektuak aurkezten dira, eta lotsarik gabe, gauza bat eta bere kontrakoa defendatzen dute.

Bitartean teorian proiektu industrial serioak bultzatu beharko luken Gasteizko Gobernuak, enpresa hau gainbeherara eraman duten zuzendaritzak babesten jarraitu du. Egia esan, gardentasun falta, eliteek egiten duten kudeaketa, enpresarien inpunitatea eta langileei bizkarra emateko kultura da azken aldian Gasteizko Industria Sailak egiten duena. Beraz ezin EDESA INDUSTRIALek administrazioaren presiorik jaso.

Azken egunetan inbertsio galanta egingo lukeen AMICA talde poloniarraren plan industrial baten berri izan dugu. Berriro ere, langileen ordezkariei berri eman aurretik, komunikabideetara zabaltzen dute. Egun batzuk beranduago jakin izan dugu Mondragon korporazioak epaitegi merkantilean Fagor marka berreskuratzeko eskaera judiziala egin duela.

Egoera honen aurrean, ELA eta LABek honakoa esaten dute:

– EDESA INDUSTRIAL, FAGOR S.COOP, Gasteizko Gobernua eta enpresan ordezkaritza duten sindikatuok lan taldea osatzea exijitzen dugu. Helburua izan behar du etorkizun industriala bermatuko duen proiektua bultzatzea.

– Lan talde horri enpresaren egoera erreala igorri behar zaio. Talde horren osaketak aldaketa bat suposatuko luke. EDESA INDUSTRIALen gainbehera ekiditzeko lehen urratsak izango ziren.

– Etorkizunerako proiektu industriala bermatzeko beharrezkoak izango dira guztion interesak uztartzea; enpresarenak, markarenak eta langileenak, azken horien lanpostuak eta lan baldintzak defendatuz.
 

 

 

Salbuespenezko espetxe politika ankerraren adibide garbia da Ibon Iparragirreren kasua

Ibon Iparragirre muturreko egoeran dago. Etxean egon beharko luke bere osasun egoera larria dela eta, baina Espainiako Estatuak gizatasun printzipiorik ez du aplikatzen euskal presoekiko, eta, bizi arriskuan egon arren, etxera eraman ordez, Arrasateko Aita Menni zentro espezializatura bideratzeko erabakia hartu du zigorra betetzen jarrai dezan. Erabaki honek ez gaitu asebetetzen, askatasuna ez duelako eskuratu, etxean eta senideen ondoan egon beharko lukeenean.

Salbuespenezko espetxe politika aplikatu ohi du Espainiako Estatuak euskal presoen aurka, eta horren erakusle garbiena gaixorik dauden presoen egoera da. Eragile guztien inplikazioa behar da bidegabekeria honi amaiera ipintzeko. Adostasunak eraiki behar ditugu gai honen inguruan, ezin baita bake eta normalizazioaz hitz egin presoak kartzeletan hiltzen dauden bitartean.
 

 

 

Bulego berritua estreinatu dugu Baionan

0

Eguberrien etorrerarekin, LABek bulego berritua estreinatu du Baionan. Ostegunean egin genuen ekitaldia, baina, aurretik, delegatuen biltzarrari ekin genion egungo eta datozen erronkak zehazteko.

Ipar Euskal Herriko LABeko delegatuen biltzarrean hainbat gai izan genituen hizpide: "Bertan erabaki" kanpaina, Macron legearen lehen bilana, aurreikuspenak, 2018ko hitzorduak… Biltzarra eta gero, denok Baionako bulego berrituaren estreinaldian hartu genuen parte.
 

 

 

Sebastien Hiriarten kaleratzearen aurka mobilizatu gara Hendaian

Sokoa enpresako langilea kalean geratzeko arriskuan dago, zuzendaritzak asmatutako aitzakia bat dela eta: produktibitatea ez lortzea. "Argi dugu Sebastien Hiriart apirilaz geroztik soldata negoziazioen karietara egindako greba mugimenduan parte hartze aktiboa izan duelako konbokatua izan dela", azaldu dute Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkariek.

Sebastien Hiriarti elkartasuna adierazteko hainbat protesta egin ditugu egunotan. Enpresaren aurrean informazio gune bat egokitu dugu, Hendaiako hautetsiei zuzendu gara eta Sokoako langileek eurek erabakiaren aurka egin dute protesta, ikatza eta guzti utzita enpresaren atarian. "Gaur Sebastien Hiriart da, eta bihar ezin izango da?", galdera egin dugu mobilizazioetan. "Hendaiako bezalako hiri batean, non langabezia tasa ia %15era iristen den, Sokoa enpresak argi eta garbi erakusten du zein diren bere benetako balioak", kritikatu dugu.

Sokoako zuzendaritzak Sebastien Hiriart kanporatzeko aitzakia bat bilatzen duela begibistakoa da, eta, horretarako, produktibitatearen argudioa baliatu du, guztiz aleatorioa dena; aleatorioa, eta pisurik gabekoa. "Horrelako argudioak onartezinak dira. Besteak beste, CHSCTko espertisak 2015eko otsaileko dokumentuan azaldu bezala, produktibitatea lortzea askotan ezinezkoa da", erantsi dugu.


 

 

 

Akordio itzela lortu dugu Asociación Navarra Sin Fronteras enpresan

Duela 30 egun eskas, Asociación Navarra Sin Fronteras enpresaren langile batzordean sartu zen estreinakoz LAB sindikatua, indarrez sartu ere. LABek 50 boto eta 4 ordezkari lortu zituen, eta UGTek, 17 boto eta ordezkari 1. Bada, berriki, LABen 4 ordezkariek akordioa sinatu dute erakunde horren zuzendaritzarekin.

Sinaturiko akordioari esker, 2018ko abenduaren 31a baino lehen bukatzen diren kontratu ebentual guztiak lan-kontratu mugagabe bilakatuko dira. Gainera, aurrerantzean enpresak ez du lan edo zerbitzu jakin baterako kontratazioa erabiliko, eta kaleratzearen kontrako helegitea aurkeztu zuten kaleratutako hiru langileak berriz onartuko dituzte (haien artean LABeko ordezkarietako bat).

LABen aburuz, garaipen hau itzela izan da, eta posible izan da langileek erakutsitako ardura eta borrokarako grinari esker.
 

 

 

Aurrerapausoak ikusten ditugu EAEko hezkuntzan izandako negoziazio mahaietan

0

LABek Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamena langileekin konpartitzea, kontrastea egitea eta hauei hitza ematea ezinbestekotzat jotzen du momentu honetan. Eta horixe da gure hurrengo erronka. Langileen hitza errespetatuz jokatuko du LABek mahai negoziatzaileetan. Zer botatzen dugun faltan, zer moldatuko genukeen, edukirik edo ez dagoen, zeintzuk izan beharko diren hurrengo urratsak…

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko mahai negoziatzaile desberdinak garatu ondoren, LAB irakaskuntzak ondorengo hausnarketa egiten du:

Administrazioak mahai gainean jarri dituen edukiak jaso eta aztertuta, LABek irakurketa baikorra egiten du. Hilabeteetako mobilizazio eta konfrontazio dinamika bere emaitzak ematen hasi da. Borroka, langileen elkarlana eta mobilizazioek izan duten erantzun zabal eta arrakastatsuak garaipenenerako ateak ireki dizkigu. Hezkuntza Sailak gure aldarrikapen taulari lotutako edukiak mahaietara ekartzea beste biderik ez du izan eta orain abiatzen da hainbesteetan aldarrikatu dugun benetako negoziazioa. Mahaiak desblokeatzea lortu dugu eta gertaera hau langileon garaipen gisa irudikatzen dugu LABetik.

Mahai desberdinetan aurkeztutako proposamenek abiapuntu bat markatzen dute negoziaketetan. Proposamen hauetako batzuk bide onetik doaz eta hezkuntza sistema zein langileen lan baldintzetan onura garbi bat suposatzen dute. Hala ere, zenbait eduki eta proposamen zorroztu egin behar dira, hobetu. Era berean faltan botatzen ditugun beste aldarrikapen batzuk mahai gainean jarri behar ditu administrazioak, negoziaketetan benetan ere sakontzeko momentua izanik. Zentzu horretan, LABek hezkuntzaren kalitatean eragin zuzenena duten aldarrikapenetan jartzen ditu marra gorri guztiak, bestelako aldarrikapenak inondik inora baztertu gabe.

LABek Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamena langileekin konpartitzea, kontrastea egitea eta hauei hitza ematea ezinbestekotzat jotzen du momentu honetan. Eta horixe da gure hurrengo erronka. Langileen hitza errespetatuz jokatuko du LABek mahai negoziatzaileetan. Zer botatzen dugun faltan, zer moldatuko genukeen, edukirik edo ez dagoen, zeintzuk izan beharko diren hurrengo urratsak…

Mahaiak desblokeatuta, orain tentsioa mantentzeko unea da. Hortzak erakusten jarraitu beharra dago, beharrezkoa balitz berriro ere ofentsibara jotzeko. Langileon borroka da administrazioarekiko dugun tresna bakarra. Erabil dezagun inteligentziaz!