2026-08-21
HomeEkintza SozialaLangabezia jaistea ez da albiste ona, prekarizazioa indartzearen kontura gertatzen delako

Langabezia jaistea ez da albiste ona, prekarizazioa indartzearen kontura gertatzen delako

Hego Euskal Herriko enplegu arloko zerbitzu publikoetako bulegoetan, otsaileko datuen arabera, 163.323 langabe daude ofizialki erregistratuta, eta horietatik %57 emakumeak dira. Hala ere, errealitateak dio 321.660 dela lan bat eskatzen dutenen kopurua: 129.000 okupatu daude, lan hobe baten bila ari direnak, eta 29.300 pertsona baztertu dituzte, arrazoi desberdinak direla medio, langabeziaren datu ofizialak dotoretzeko. Datu honek adierazten du, enplegu arloko zerbitzuek baliatutako “kontabilitate sortzaileaz” gain, langile asko eta asko daudela euren enpleguarekin pozik ez daudenak. Atsekabe maila honek argi erakusten du sortutako enpleguaren kalitate eskasa; prekarioegia da eta gaizki ordainduta dago.

Hain zuzen ere, okupatuta dauden herritarren %17 baino gehiagok lanaldi partziala dute (emakumeak, bereziki) eta hauen artean %58 inguru lana bilatzen ari dira, baina ez dute lanaldi osoko alternatibarik aurkitzen.

Prekarietatea eta lan errotazio egoera honen beste erakusleetako bat ondoko datu hau da: sinatutako 100 kontratuetatik 7 dira mugagabeak bakarrik, eta denbora zehatz baterako aldi baterako kontratuen %57k zazpi egun baino gutxiagoko iraupena dute.

Hau guztia ikusita, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk argi du langabeziaren datu hutsek ez dutela benetako errealitatea adierazten. Izan ere, bere iritziz, “langabezia jaistea ez da albiste ona, prekarizazioa indartzearen kontura gertatzen delako”.

Gainera, lan erreformatik sei urte betetzen diren honetan, langabeentzako prestazio sistemak eskaintzen duen babes maila gero eta txikiagoa dela salatu beharra dago.

Hau horrela da enpleguaren prekarizazioaren ondorioz, egoera honetan zaila baita eskubideak sortzea kontribuzio-prestazio bat eskuratu ahal izateko. Bestetik, Espainiako Gobernuak 2012an langabezia prestazioak murriztu izanak ere beste faktore bat da, prestazio hauek eskuratzeko bidea zaildu baitute, eta kopurua murriztu.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian ofizialki langabe diren herritarren %31k bakarrik jasotzen du prestazioren bat SEPEren aldetik (lehen INEM zena). Honela gauzak, Espainiako langabezia sistemak 113.927 pertsona uzten ditu babesik gabe (urtarrileko datua). Gainera, 26.456 lagunek jasotzen dute 430 euro inguruko prestazio asistentzial bat; hots, pobrezia mailatik nabarmen beherako kopurua.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...