2026-01-15
Blog Page 858

Giza kate bat egingo dugu gaur Bilbon, Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren defentsan

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok mobilizazioak egin ditugu urriaz geroztik, udalen arduragabekeriei aurre egiteko eta etxez etxeko laguntza zerbitzua kudeatzen dutenek agertzen duten enpresa-grinari aurre egiteko. Hala, aurreikusitako mobilizazioen artean azkena gaur egingo dugu, Bilbon, 17:30ean. Hain zuzen ere, gizate kate bat egingo dugu Bizkaiko Foru Aldubditik udaletxeraino.
 

 

 

Nafarroako Legebiltzarrak larriki gaixo dauden presoei buruzko mozioa onartu izana oso positiboa dela iritzi dugu

nafar preso politikoen sakabanatze politikari azkena emango dion adostasun soziala lotzeak lehentasuna du, non haren eraginez, astero, hiltzeko arriskua paratzen duten, senideak eta lagunak bisitatzeko, ehunka kilometro bete behar izaten dituzten ehunka nafar herritarrek.

Nafarroako Legebiltzarrak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren botoekin, larriki gaixo dauden presoei buruzko mozioa onartu ondoren, LAB sindikatuak ondorengoa adierazi nahi du:

1. Arras positiboa irizten diogula Nafarroako Parlamentuak onartu ebazpenari (haren edukiagatik eta adostasun handi batez onartu delako) eta harekin bat gatozela, hartan eskatzen baita larriki gaixorik dauden nafar presoak aska daitezela.

2. Juridikoki, politikoki, sozialki eta giza-mailan, onartezina da Espainiako Gobernuak, garai berrietan gauden arren, oraindik eusten duen eta heriotzaraino heltzen den salbuespeneko espetxe-politika (ETAk behin betikoz baztertu badu ere bere jarduera armatua). Horren adibide, gizatasunaren ikuspegitik, Espainiako Barne ministroa den Zoidok erran eta iraingarriak suertatzen diren hitzok: “larriki gaixo dauden presoak, haiek zendu baino bi hilabete lehenago askatuko dira”.

Horrela, presoei ere dagokien bizitzeko eskubideari begirunea azalduz, Espainiako estatuan indarrean dagoen legeria nahiz nazioarteko estandar oinarrizkoenak betez, hiru nafar preso hauek beraien etxeetan egon beharko lukete jadanik.

3. Gure erabateko konpromisoa agertzen dugu Nafarroako gizartean, oro har, eta nafar langileen artean bereziki, zeharrekoa eta bere baitan hartuko duen behar besteko adostasuna lor dadin, non haren bidez gizarte-aktibazioan urrats berriak egiten eta Espainiako Gobernuak nafar preso politikoei ezarri salbuespeneko espetxe-politikari azkena emateaz hitzartzen utziko digun.
 

 

 

Araban jarraitzen du lan duina eta bizi duina izateko aldarriak

Ekimen Ibiltariak Gasteiz utzi du, baina Araban jarraitzen du, bihar arte. Hain zuzen ere, “Lan duina, bizi duina” dinamika Oionen izan da gaur, eta Araia eta Agurainera iritsiko da asteartean.

Infogunea egokitu eta delegatuen batzarra egin dugu goizean Oionen, ekintza sindikaleko tailerrarekin batera. Biharko egitarauari dagokionez, Froneri-Nestle enpresaren aurrean elkarretaratze bat egingo dugu, 10:00etan, kaleratzeak salatzeko. Ondoren, auto karabana bat abiatuko dugu bertatik, eta, 11:00etan, Aguraingo industriaguneetan hainbat jarduera egingo ditugu, Lautadako ehun produktiboaren suntsiketaren kontra. 12:00etan, Agurainen bertan, Infogunea egokituko dugu.

Asteazkenean, berriz, Gipuzkoara itzuliko da Ekimen Ibiltaria; Arrasatera iritsiko da, hain justu.
 

 

 

Batzarrera deitu dugu, Nafarroako Esku Hartze Sozialeko hitzarmen sektorial duin bat borrokatzeko

Hitzarmen sektorial duina lortze aldera, ezinbestekoa da antolakuntza eta borroka. Lehenengo pausu bezala, asanblada bat martxan jarriko dugu sektoreko afiliatu eta delegatu barne biltzen duena. Hurrengo azaroaren 30an, osteguna, goizeko 10:00etatik 11:30tara, Errotxapean LABek duen egoitzan biltzera deia luzatu dugu.

LAB sindikatutik, bi urte daramagu Nafarroako lehen Esku Hartze Sozialeko hitzarmen sektorialaren alde lan egiten.

Esku Hartze Sozialeko sektoreak, historikoki abondono handia pairatu du. Gobernu ezberdinek aurrera eraman dituzten politika neoliberalen ondorioz eta inposaturiko diskriminazio sexistarengatik, langile gehienak emakumeak direlako, lanbidea behar bezala ez baloratuz eta gure eginkizunaren garrantzia aitortzen ez delarik.

Helburua hitzarmen honekin sektore guztiaren lan baldintzak hobetzea da. Gainera Gobernua eta eremu sozial, sanitario eta soziosanitarioko entitate ezberdinen arteko kontratu administratibo guztiak arautuko dituen Kontzertu Sozialen Lege berria baliatuz, erreferentziazko konbenioak derrigorrez betetzera behartuko du, gure kasuan, lortzen dugunean, Esku Hartzeko Sozialeko hitzarmen izango delarik.

Konbenioak eragingo dituen anbitoak
Honako eremu hauek izango dira hitzarmen honen eraginpekoak: Gizarte-ekintzaren eremuak, gizarte eta lan-arloko eremua edo gizarte eta osasun-arloko eremua, baita gizarte eta kultura-arloko eremua eta gizarte-hezkuntzako eremua ere, hala nola sortutako gaixotasun mentala ere.

Konbenioak eremu hauetan lan egiten duten langileei eragingo die: arriskuan edo babesgabetasunean dauden kolektiboak, adintxikikoak, emakumeak, pertsona adinduak eta aniztasun funtzionalekoak, helduak, baztertze egoeran edo arriskuan dagoen populazioa.

Zer eskatu behar dugu?
Mahai negoziatzailean gure aldarrikapenak hurrengo hauek izango dira:

Soldatak: Egiten dugun lanaren garrantzia aitortzen duen soldata igoera.

Lanaldia: Urteko lanaldia jeisten joatea. 1592 urteko lanaldia eta 1424 orduko lanaldia txandaka egiten dutenentzat.

Plusak: Gauekotasuna, turnizitatea, aintzinatasuna eta guardiak. Hala nola jai egun, jai egun bereziak, igandeak eta dedikazio osoak.

Oporrak: Lanaldiaren murrizketarekin bat datorren oporren igoera.

KPI: Eros ahalmenaren berreskuratzeko eskubidea, bizitza garestitu egiten denean.

Bajak: %100 ordaintzea gaisotasun arruntetan zein laboraletan.

Kotratazioa: Kontratazio finkoa bermatzeko konpromezua, enplegua egonkortzeko.

Kilometraia: Kotxea lanerako erabilera ordaintzea.

Exzedentziak eta baimenak: Lan eskubideak babestu, bizitza laborala, pertsonala eta zaintza babesten dituzten baimenak izatea. Fomakuntza profesionala eta edozein egoera delarik bermatzen dituzten baimenen aitortza.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Elikadurari buruzko plana aukera galdua da eskola-jangeletako ereduaren aldaketarantz bidea hasteko

0
Oinarrizko txostenak, besteak beste Eusko Jaurlaritzaren inakzioagatik prezioak adosteagatik zigortu zituzten enpresekin landutakoak, zaildu egiten du euskola jangela publikoetako benetako aldaketa bisualizatzea. Egunotan Eusko Jaurlaritzak Elikadurari buruzko plana aurkeztu du. LABek oinarrizko dokumentu honen irakurketa eta azterketa egin ditu.

LAB elikaduraren inguruan ari da lanean, eskubide bezala, elikadura burujabetzatik planteatua eta jangeletan txertatzeko asmoarekin Eskubide Sozialen Kartan, bestelako eragile batzuekin, hala nola EHNE Bizkia, Etxalde, Bizilur eta bestelako sindikatuekin. Elikadura burujabetzaren printzipio honek ahalbidetu egiten dio herri bati bere elikadura ereduaren inguruan erabakitzea.

Gure Platera Gure Aukera plataformaren parte ere bagara, familia, ekoizle, Nekazal Garapeneko Agentzia, Mugarik Gabeko Albaitariak, sindikatuak eta bestelako eragileekin. Plataforma hau hausnarketa sakona egiten ari da jangelen egungo ereduak dakartzen oztopoen eta berau aldatzeko egingo beharreko aldaketen inguruan. Hobekuntza, 2000ko jangelen eredua amaitutzat emateko eskaritik abiatuta; zentruen autogestioa autonomía ezarriz, espazioari izaera hezitzailea aitortuz eta jangeletako langileei euren izaera hezitzailea aitortuz.

LABek ariketa propioa egin du, elikadura burujabetza, ereduaren berrikuntza eta lan-baldintzen eta euretatik eratorritako akordioak errebisioan oinarritzen dena.

Denok espero genuen mahai tekniko bat martxan jarri izana, 2016ko martxoaren 3an onartu zena, dauden proposamenak aztertu eta elkarrekin egindako dokumentu batean lanean hasteko.

Azterketa ezagutarazi aurretik, ezinbestekoa da testuinguruan jartzea. Jakin behar dugu zenbat eragile, aktore, elkarte, sindikatu ari den lanean, ezberdintasuna gaindituz, ideien ekarpenak eginez, proposamen zein manifestuak osatuz. Azken finena, aliantzak eraikiz.

Bilerak izan dira alderdi politikoekin. Administrazioarekin ere izan dugu harremana, mahai teknikoa behin baino gehiagotan martxan jartzea eskatuz. Baina ematen du guzti hau ez duela administrazioak kontuan hartu.
Argitaratutako txostena irakurrita zalantza sakonak sortzen zaizkigu. Hausnarketa hau testuaren lehen orrialdeen azterketan oinarritzen dugu. Bertan agertzen dira Eusko Jaurlaritzak berau osatzeko erabili dituen bazkideak, prezioak adosteagatik epaitutako katering enpresak, Eusko Jaurlaritzaren geldotasunari esker.

Txostenak lanerako ardatzak zehazteko asmoa du, garapenerako tarte txikia ere markatu arren. Adibidez,
berrikus daitezkeen pleguez hitz egiten du baina ingurumen eta sozial arloko klausulak txertatzeko aukera
barneratu gabe, hauei esker, elikagai ekologikoak, sasoikoak, bertokoa aurkitzeak erraztuko litzateke.

Zein da administrazio honen benetako asmoa? Zergatik ez da txostena osatzeko eragile sozialik deitu? LAB konbentzituta dago txosten hau Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren baitan ulertu behar dela, jendarteak exijitzen duen benetako aldaketarantz benetako pausorik ez ematera bideratua.

Ziurrenik egun gutxiren buruan ikusiko dugu nola deitzen gaituen horrenbeste itxaron dugun mahai teknikora, berau hasi aurretik jangeletako benetako aldaketaren balizko garapena baldintzatzen duena. Gobernu honek oso argi utzi du, berriro ere, nortzuekin lan egin nahi duen, bere geldotasunari esker prezioak adosteagatik zigortu zituzten enpresekin.

Gainera, susmagarria den borondatezko ezgaitasuna erakusten du gure seme-alabentzako kalitatezko esparru bat sortzera bdieratutako benetako aldaketa integralari ekiteko. Berriz ere lepoa ematen dio jendarteari.

LABek jakinarazten du, deitua baldin bada, parte hartuko duela mahai teknikoan. Gainontzeko espazioetan egiten dugun bezala egingo dugu, konpromisoa erakutsi dugun erantzukizunarekiko, eraikuntzarena hain zuzen, hormen kolorea aukeratzeko boterea soilik utzi diguten arren

 

 

 

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako langileek greba egingo dute ostegunean

0

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinak protestan ari dira joan den ikasturteaz geroztik, lan baldintzak hobetzeko aldarriarekin, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon ekimenez. Azaroan zehar sektore bat ariko da borrokan astero, eta sukalde eta garbiketako langileei egokituko zaie txanda egunotan, joan den astean Haurreskolak Partzuergoko langileei egokitu zitzaien bezala. Hala, sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, datozen egunetan egingo ditugun mobilizazioen berri emateko.

Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako langileok mobilizazio eta greba dinamikan sartuta gaude iazko ikasturtetik.

Gure sektorea guztiz pribatizatzeko arrisku bizian dago. Azken urte luzeetan Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailean sukalde, jantoki eta garbiketa jarduerak etengabe pribatizatu ditu. Egun, gobernua sektorea hiltzen uzten ari da, epe motzean jarduera enpresa pribatuen eskuetara pasatzeko. Izan ere, sukalde, jantoki kolektiboetan eta garbiketan diharduten enpresek interes handia dute hezkuntza publikoan, langile publikook betetzen ditugun lanpostu eta jarduerok bere gain hartzeko.

Sektoreko azken hitzarmena 2009koa da. Ia 9 urte igaro dira orduz geroztik eta Hezkuntza Sailak sistematikoki ez du bete soldatez, ratioez, prestakuntzaz, langileez, euskalduntzeaz, lan osasunaz edota erretiro partzialaz sinatu zuen konpromisoa. Eta egun, egoera oso larrian gaude bai sukaldeko baita garbiketako langileak:

-Kontratu guztien %63 behin-behinekoak dira (400 langiletik gora).Sukaldarien artean %62 eta garbitzaileen artean %61.

-Egiturazko lanpostu ugarik ez dute %100eko jarduna eta aldiz, asteko 2.420 ordu inguru kasu gehienetan iruzurrezkoak diren “laguntza kontratu” bidez betetzen dira.

-“Laguntza kontratu” askotako jardunak erdia edo herena baino txikiagoak dira.

-Lan-kargak eta ardurak asko handitu dira eta kasu batzuetan, ratioak eta metrajeak ere ez dira betetzen, ez dira egungo errealitateari egokitzen.

-Ordezkapenak ez dira betetzen edo oso berandu betetzen dira.

-Kategoriak eta soldatak azken mailetakoak dira eta ardura handiko funtzioak bete behar izaten dira.

-%11tik gorako eros-ahalmen galera pairatu dugu. 2010 geroztik 16.000 eurotik gorako galera metatua (urteko soldata osoaren %73tik gorakoa).

-Euskalduntzeko plan eta baliabiderik ez da ezarri.

-Azpiegiturak zahartzen utzi dira eta ez da inbertsio eta berrikuntzarik egin. Eskola berrietan ez dago sukalderik.

-Erretiroa errazteko neurriak bertan bera utzi dizkigute.
Prestakuntza planik eta ekintzarik ez dago.

Hezkuntza Sailak inola ere ez dio erantzuten egoera larri honi. Izan dugun negoziazio mahai bakarrean, gure oinarrizko aldarrikapenek ez dute erantzunik jaso. Gobernuaren aldetik ez dago egungo plantillak egonkortzeko, handitzeko edo lan-kargak murrizteko inolako proposamenik. Ezta azken urte hauetan pairatu ditugun murrizketei buelta emateko planteamendurik.

Hau guztia azaleratu, salatu eta egoera larri honi irtenbidea exijituko dugu aste honetan zehar. Ekimen ezberdinak burutuko ditugu:

-Gaur gure egoeraren eta aldarrikapenen berri emateko prentsaurreko hau burutu dugu.

-Bihar, asteartea, sukaldarien aldarrikapenak eta sukaldeko tresnak zintzilikatuko ditugu ikastetxeetan.

-Asteazkenean, garbitzaileen aldarrikapenak eta garbiketa tresnak zintzilikatuko ditugu ikastetxeetan.

-Ostegunean, sektoreko greba burutuko dugu eta Hezkuntza ordezkaritzetan giza-kate, elkarretaratze, kazolada eta aldarrikapen lunch eta garbiketa burutuko ditugu.

Bilbon 11:30ean plaza Zirkularretik giza katea
Donostian 11:00ean Boulevarretik giza katea
Gasteizen 11:30ean Hezkuntzako delegazioan

Ostiralean, ohiko diren ikastetxeetako elkarretaratzeetan egingo dugu bat.

LAB eta ELAk Eusko Jaurlaritzari negoziazio mahaia deitu eta ondorengo aldarrikapenen inguruko negoziazio erreala abian jartzea eskatzen diogu:

-Onartezina den behin-behinekotasun maila murriztu.

-Sukaldetako ratioak eta garbitzeko metrajeak gutxitu eta egokitu.

-Ordezkapenak lehen egunetik bete.

-Lanpostu-Zerrandako lan postu guztiak lanaldi osokoak bihurtu eta egiturazko lanpostu guztiak Lanpostu-Zerrenda sartu.

-Langileek bete beharreko funtzioak zehaztu eta lan kategoriak aitortu

-Eroste ahalmena berreskuratu.

-Erretiroa errazteko neurri eta pizgarriak ezarri.

-Langileen prestakuntza eta euskalduntze planak gauzatu.

-Azpiegituretan inbertsioak egin, berritu edota sortu.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta, honek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea. Agerian utzi dugun Sukalde eta Garbiketako egoerari ere buelta emanez.

Eusko Jaurlaritzari Hezkuntza Saileko arduradunei eskatzen diegu, orain arteko jarrera aldatu eta egoera larri honi heldu eta irtenbidea emateko proposamen zehatzak mahai gainean jarriz, negoziatzeko borondatea ager dezala.

Honela ez bada, iazko ikasturtean egin dugun moduan, ikasturte hasiera honetan gauzatzen ari garen mobilizazioei jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko. Ez dugu utziko sukalde eta garbiketa zerbitzuak guztiz pribatizatzen eta hitzarmen eta lan-baldintza duinen alde borrokatuko dugu.

Gurea ere hezkuntza delako!
 

 

 

Gipuzkoako Nagusien Kontseiluko parte hartzearen murrizketa salatzen dugu, kanpoan utzi baitituzte Jubilatu eta Pentsionisten Elkarteak

Pasa den urriko 2017/17 dekretuak Gipuzkoako Adinekoen Kontseiluaren osaketa aldatzen du. Orain, 17 bokalia izango ditu, orain arte 23 izan dituen arren, 2013/21 dekretuaren ondoren. Kendu duten bokalietako bat Jubilatu eta Pentsionisten Elkarteei zegokien.

Salatu behar dugu Gipuzkoako elkarteen zati handi bat kanpoan uzten dela, besteak beste, jubilatu eta pentsionisten Elkarteen ordezkaritza. Ez da kasualitatea Gizarte Arretaren esparruan egungo Gipuzkoako Aldundia ezartzen ari den murrizketak salatzen eta nagusientzako bizi-baldintza duinak eskatzen ibili direnei (1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, gero eta gehiago diren eta menpekotasun egoeran daudenentzako arreta duin eta egokia, osasun kopagoarekin amaitzea…) Kontseiluan duten ordezkaritza kendu nahi izatea, EAJ eta PSOEko ordezkari instituzionalek behin baino gehiagotan esan dietenean ezetz euren aldarrikapenei.

Kontseilutik kanpo utzi dituzte baita Gipuzkoako Alzeheimerra eta bestelako buru-gaixotasunak dituzten pertsonen familiarteko eta lagunen elkartea (AFAGI), Hurkoa Fundazioa, Aita Menni Fundazioa eta Nagusilaneko ordezkari bat.

Gipuzkoako udalerrien ordezkaritza ere txikitu egin dute. Orain arte 3 ordezkari zituzten. Donostikoa 1 eta beste bi gainontzeko udalena, 3.000 biztanletik beherako udalerrien ordezkari batekin eta zeinetan aniztasun politikoa errespetatu behar zen. Orain, EUDELeko ordezkari bakarrak ordezkatuko ditu.

LABetik ulertzen dugu partehartzeak ahalik eta zabalena izan behar duela. Ez dugu uste ona denik partehartzearen esparruan ere murrizketak egitea. Gure ustez ez da betetzen ari Zerbitzu Sozialen 96/5 Legea, zehazten duena “botere publikoek herritarren partehartze demokratikoa sustatuko dute…”. Hortaz, partehartzearen arloan emandako atzera pauso berri hau salatu beharrean gara.

Zoritxarrez legegintzaldi honetan konprobatzen ari gara nola ari diren Gipuzkoan partehartzeari eraso egiten eta mespretxatzen, eta soilik erabiltzen dute komunikabideei zuzendutako diskurtsoetarako, benetako errealitatea izkutatzen dutenak, aurrera egiteko inolako borondaterik ez dutela. Esparru guztietan ari dira ezartzen inposizio eta murrizketa politika, guztiok ordaintzen dugun propagandarekin isilarazi nahi dutena, benetan nahi dutena errealitatea izkutatzea delarik.

Errotiko norabide aldaketa exijitzen dugu, herritarren eta elkarteen benetako partehartzerako mekanismoak ezartzea eta era berean, herritarren borondatea errespetatzea. Horretarako, ezinbestekoa da kontsulta mekanismoa zehaztea Instituzioek gipuzkoarren borondatea ezagutu dezaten inposizioari eutsi beharrean. Horixe da ohikoa egun EAJ eta PSOEren esku dagoen Gipuzkoako Foru Gobernu honen jardueran.
 

 

 

LABen ordezkaritza bat Bartzelonan da Kataluniako herriari elkartasuna adierazten

0

Gaur, Azaroak 11, LAB sindikatuko ordezkaritza bat Bartzelonan da Kataluniako herriari eta prozesu soberanistari elkartasuna adierazten, eta aldi berean herri bezala hartu duten bide honetan bakarrik ez daudela erakusten. Gaurko manifestazio hau Kataluniako gizarte zibilak askatasunaren astea deitutakoaren baitan kokatu behar da, eta preso politikoen askatasuna exijitzea eta autogobernuaren indargabetzea du helburu. Gogoratu Askatasunaren aste honen baitan asteazkenean greba orokorra egon zela eta greba honen jarraipenaren ondorioz Katalunia gelditzea lortu zela.

LAB sindikatutik garrantzitsua deritzogu Katalunian pairatzen ari diren egoera honetan haien ondoan egotea eta gure elkartasuna adieraztea, Euskal Herrian oinarrizko eskubideen urraketak egon zirenean Kataluniako herriak bere elkartasuna adierazi zuen bezala.

Baina LAB sindikatua ez dator hona soilik Kataluniako herriari bere elkartasuna adieraztera. Kataluniako herria jorratzen ari den bidetik ikasi eta erakusten ari den indarra zabalduz, Euskal Herrian ere bertze burujabetza fronte bat ireki nahi dugu; fronte bat, demokrazia, erabakitzeko eskubidea eta aldaketa soziala ekarriko dituena, hain zuzen ere.

Kataluniako herriak laguntza eta elkartasuna behar ditu, eta hori da gure rola. Euskal Herria zein Espainiako Estatuaren barnean gauden nazioek gure indar guztiekin tira egin eta ustelduta dagoen 78ko erregimen hau bertan behera gera dadin borrokatu behar dugu. Hori da, hain zuzen ere, guk Euskal Herrian egin nahi duguna.

Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde egon gara eta egonen gara beti, eta ulertezina zaigu beste eragile batzuk inolako konplexurik eta lotsarik gabe hartutako jarrera. Hala nola funambulismo ariketa harrigarri batean gaur hemen Kataluniako preso politikoen atxiloketen aurkako manifestazioan daude, Euskal Herrian atxiloketa horiek eta 155. artikuluaren aplikazioa babesten dutenekin gobernu akordioak dituzten bitartean. Gure ustez, erabat kontraesankorra da. Edo demokraziaren, erabakitzeko eskubidearen alde zaude, edo 78. erregimenaren, demokrazia ezaren eta oinarrizko eskubideen urraketarekin bat egiten duzu. Ez dago erdibiderik eta bakoitzak non egon behar duen erabaki behar du.

Horregatik, LAB sindikatua orain arte hartu dituen konpromisoetan berresten da, eta bide honetan bere ekarpena egiten jarraitzeko asmoa adierazten du.
 

 

 

Gasteizko kaleetara eraman dugu “Jaietan denok jai” aldarria

"Lan duina, bizi duina" Ekimen Ibiltaria Gasteizen dago gaur, bigarren egunez. Atzoko jardueren ostean, gaur ere irten gara kalera. Hain zuzen ere, dendetatik ibili gara merkataritza sektoreko langileen lan baldintzak defendatzeko eta hauek pairatzen duten prekarietatea salatzeko.

Jai egunetan irekitzeak ez du enplegua sortzen, langileen lanaldia luzatu baino ez du egiten. Irekiera hauekin ezinezkoa da bizitza laborala familiarekin edo aisiarako denborarekin uztartzea.

Merkataritza gune handien onurako baino ez da. Merkataritza txikia kaltetu eta saltoki txikien itxieran eragiten du. Gehiegizko kontsumoa bultzatzen du. Ordutegi komertzialak jada nahiko zabalak dira erosketak egin ahal izateko.

Honengatik guztiagatik, erosleei ere egiten diegu dei jai egunetan ez erosteko, merkatari txikien itxieran eta egun hauetan lan egitera behartuak gauden langileen prekarietatean eragin zuzena baitu honek.

Hala, egoera honen berri eman dugu gaur Gasteizko kaleetan, "Lan duina, bizi duina" Ekimen Ibiltariaren harira. Gainontzeko sektoreek eta arazoek ere tartea izan dute gure jardueren artean, eta elkarretaratze bat egin dugu Posta plazan, lan duina eta bizi duina aldarrikatzeko.

Ekimen Ibiltariak astelehenean helduko dio berriro bideari, eta Araban jarraituko du beste egun batez. Hain justu, Oionen izango gara.