2025-12-19
Blog Page 84

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren zerrenda lazgarriari ‒dagoeneko 26 dira‒. Gainera, egoeraren larria ikusita, Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea exijitu zion LABek Gobernuari, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren berehalako neurriak har daitezen. Bada, sindikatu honen salaketa eta gero, azken bilera egin zenetik zazpi hilabete pasa ondoren, Gobernuak abenduaren 10erako deitu du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluaren hurrengo bilera.

2024 urte latza izaten ari da Euskal Herrian lan istripuei dagokionez. LABek egiten duen zenbaketaren arabera, gaurgero 60 dira hildako langileak, horietako 26 nafarrak edo Nafarroan hilak. Gauzak horrela, bistan da Nafarroako Gobernuak urteetan ezarri izan dituen lan osasunerako politikak antzuak eta hutsalak izaten ari direla. Plan guztiek porrot egin dute; datuek eta heriotzek hala berresten dute. Ondorioz, orain alerta gorria ezartzea eskatzen duen egoera horri beste norabide bat emateko borondate politikoa eta determinazioa exijitzen dio LABek Gobernuari.

Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua heldu den abenduaren 10ean batzartuko da berriz eta LABek hiru akordio proposatuko ditu bilera horretan:

  1. Laneko prebentzio sisteman indarkeria matxistaren prebentzioa txertatzeko proposamena.
  2. Laneko ezbehar tasari dagokionez, alerta gorria ezartzea eta horrek eskatzen dituen ezohiko neurriak adostea eta gauzatzea. Horrekin batera, hemendik aurrera datuak modu ofizialean argitaratzea.
  3. CENeko enpresariei araudia behingoz betearazteko beharrezkoak diren bitarkekoak adostea eta gauzatzea. Bide horretatik, Nafarroako Gobernuari eskatzea has ditzala Nafarroako Parlamentuan zein Espainiako Gobernuarekin, ofizialki eta formalki, lan ikuskaritzaren arloko eskumen guztiak bere gain hartzeko behar diren izapide guztiak.

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.

Joan den ostiralean, azaroaren 29an, enpresak bat-batean kaleratu zuen langile bat. Batzordeak ulertzen du kaleratze hori langileak eskarmentatzeko modu bat besterik ez dela. Gaur pertsona hori izan da, baina bihar beste edozein izan daiteke.

Enpresak badaki kaleratzeak auzitegietan amaituko duela, eta kalteordaina ordaindu beharko du. Baina, zoritxarrez, egungo araudiak aukera ematen du, enpresak dirua jarriz gero, langilea kalean geratzeko. Guztiz bidegabea da, legez kanpo kaleratu zaituztela frogatu arren, enplegurik gabe geratzen zarelako.

Nahikoa da zigorrak jartzearekin. Nahikoa da arazorik ez dagoen lekuetan arazoak bilatzearekin, pertsona batzuek ez dagokien botere-maila dutela senti dezaten. Zergatik, bestela, egin da hau?

Hobe luke enpresak, horretan aritu beharrean, lantokiaren funtzionamendu ona zainduko balu. Lana behar bezala egiten zuen langile bat kaleratu dute. Eta bitartean, arduradunek eta erdi-mailako kargudunek beldurraren politika hori babesten dute, langileen kexei entzungor eginez. Ez du batzordeak esaten. Horixe adierazten du zigorren kopuruak eta hauen aplikazioak.

Antolakuntza desastre hutsa da. Txandak aldatzen dira araudian ezarritako aurreabisuak bete gabe; zereginak egun batetik bestera aldatzen dira; jendea atal batetik bestera mugiarazten dute; beti dabiltza presaka; prebentzio-neurriak falta dira, prestakuntzarik eta ezagutzarik gabe… Eta gero arazoak etortzen dira, baina horiei aurre egin beharrean, umekeriatan aritzen dira gutxi batzuen egoak elikatzeko.

LABek ez du Ilunion enpresaren akordioa sinatuko eta desadostasuna adierazteko mobilizatu da

LAB eta ELA sindikatuek deituta, Ilunion enpresako Beriain eta Noaingo lantegietako langileek, ONCE Fundazioarenak diren eta ikuztegi industrialeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enplegu zentro berezietakoek, elkarretaratze bana egin zuten atzo, hitzarmen berriaren negoziazio mahaian sindikatu horiek alde batera utzi dituztela salatzeko. LABek ez du akordio hori sinatuko, langileen behar eta aldarrikapen nagusiak jasotzen ez dituela uste duelako.

Aurtengo maiatzean egin zuen lehen proposamena Ilunionek, eta horri UGTren ekarpen bat gehitu zioten uztailean. Ordutik ez zen negoziazio mahaiaren bilera gehiagorik deitu, harik eta joan den urriaren 28an LAB sindikatuari negoziazio mahai hori hurrengo egunean bilduko zela jakinarazi zioten arte. Bilera horren berri aurrerapen gutxirekin eman zietenez, sindikatu horretako ordezkariak ezin izan ziren bilerara joan. Aurrerago, eta aitzineko guztia kontuan hartuta, LABek deialdien aktak eskatu zituen, eta horri erantzun zioten azaroaren 19an bertze bilera bat izan zela enpresaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean; bilera horretatik kanpo utzi zuten LAB.

Dirudienez, enpresak eta CCOOk eta UGTk laster sinatuko dute hitzarmen berria, bertze sindikatuek egindako proposamenak kontuan hartu gabe. Hori dela eta, LABek ez du bere sinadura paratuko hitzarmen horretan, Ilunioneko langileen behar eta aldarrikapen nagusiak kontuan hartu ez direla uste baitu. Sinatu nahi duten hitzarmenak ez du Iluniongo langileen eskubideen benetako hobekuntzarik ekarriko. LABek ez du baztertzen mobilizazio gehiago deitzea bere desadostasuna eta haserrea erakusteko.

Ia 100 langile migratu eta arrazializaturi eman diegu prestakuntza lan-eskubideen eta antolaketa kolektiboaren inguruan

Urrian eta azaroan, ikastaroak egin ditu LABek Azkoien, Bilbo, Gasteiz eta Ondarroan.

LABen, langile migratu eta arrazializatuen ekarpenaren aitortzatik abiatzen gara, ez bakarrik Euskal Herriko ekonomian, baita sare sozial eta politikoan ere. Sindikatu gisa, lanean jarraitzen dugu langile horientzat ere tresna erabilgarria izateko.

Eta norabide horretan, urrats zehatzak ematen ari gara, praktikatik abiatuta arrazakeriaren aurkako gure sindikalismoa eraikiz.

2024 amaierara iritsi gara, eta modu positiboan itxi dugu Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan garatu dugun prestakuntza-ziklo bat, 90 langile migratu eta arrazializaturen parte-hartzea izan duena.

Abya Yala, Afrika eta Ekialdeko Europako hainbat jatorri geografikotatik etorriak, eta hainbat lan-sektoretan ari dira, hala nola garbiketan, etxeko lanetan, ostalaritzan, merkataritzan, eraikuntzan, muntaketan, logistikan eta banaketan, nekazaritza eta abeltzaintzan, elikagaigintzan, arrantzan, garbitegietan edo top manta-n. Eta LABen eman ditugun ikastaroei esker, beren lan-eskubideak ezagutu eta kolektiboki antolatzen hasi ahal izan dira.

Arrazakeria laboralaren aurrean, arrazakeriaren aurkako ekintza sindikala. Arrazismoaren aurkako gure sindikalismoan eskaintzen diegu langileei faxismoaren aurreko antidoto gisa.

Abenduaren 5ean eta 7an greba Arabako ostalaritzan hitzarmen duinaren alde

Abenduaren 5ean, osteguna, goizeko 10:00etan elkartuko gara Gasteizko LAB sindikatuaren egoitzan (Fermin Lasuen, 13 ), hiriko hainbat auzotan propaganda jarri eta informazioa banatzeko. Abenduaren 7an, larunbata, kalejira egingo dugu Andra Mari Zuriaren plazatik 13:00etan.

Ez gatoz bat EAEko Osasun Mahaian gaur aurkezturiko bigarren faseko dokumentuarekin

Aldi berean, Jaurlaritza kritikatu dugu diagnostikoari egindako bozka partikularra ezkutatzen ari delako.

Gaur Osasun Mahaiaren 4. bilera egin da Bilbon. Bertan Ikuspegi, Balio eta Printzipioen inguruko bigarren dokumentu zirriborroa aurkeztu da.

LABek dokumentu horrekin ados ez dagoela plazaratu du bertan, hutsune nabarmenak dituelako. Dokumentuak batetik, azalpen zabalagoa behar duten kontzeptuak jasotzen ditu; adibidez, zentralizazioa, produktibitatea, erantzunkidetasuna, prediktiboa… Eta bestetik, lehen aipatu moduan, gabezia nabariak ditu puntu askotan, horietako garrantzitsuenak hauek direlarik:

• Publikotasuna eta osasun zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eman behar dela ez du garatzen.

• Zerbitzua euskaraz ematearen bermea ez dago jasoa.

• Esklusibotasuna ez da ezta aipatzen.

• Irisgarritasuna edota itxaron zerrenden murrizketa ere ez da aipatzen.

• Zerbitzuaren kalitatea aipatzen duenean, hau garaiz eta era efizientean eman behar dela dioenean, ez du hau bermatzeko baliabide nahiko eta publikoak behar direnik esaten; ez eta horretarako pribatizazio politikak alboratu behar direnik jasotzen. LABen iritziz, hauek dira Osakidetzaren gainbeheraren arrazoietariko bi.

• Langileekiko aipamenetan, sistemaren bihotza direla esaten badu ere, ez du adierazten hauen lan baldintzak duinak eta egokiak izan behar direnik, azken urteetan erabilitako politikak alboratu behar direnik (ezkutuko lanpostuak, behin behinekotasun tasa altuak, lan zamak, absentzien estaldura, arretaren ratioak), ezta erabiltzaileek eskatzen duten eta kalitatezko zerbitzua emateko beharrezkoa den plantillaren dimentsionamendua egin behar denik ere.

• Osasun sistemak behar duen kontrol publikoa ere ez da dokumentuan jasotzen.

LABek ekarpenak egingo dizkio dokumentuari aipatutako gabeziak eta beste batzuk ere zuzenduak izan daitezen.

Beste gai bati helduz, LABek salatu nahi du Osasun Saila izaten ari den jarrera. LABek ondo azaldu zuen mahaian, baita publikoki ere, diagnostikoak, hobekuntzak txertatuta ere, hutsuneak izaten jarraitzen zuela, ez gintuela asetzen, eta beraz ez genuela gurea egiten. Horregatik bozka partikular bat aurkeztu genuen urriaren 30eko bileran, gure desadostasuna idatziz azalduz eta diagnostikoak zituen hutsuneak bertan jasoz; eranskin gisa atxikitu behar izan zelarik.

Jaurlaritzak, ordea, diagnostikoaren erabateko adostasuna irudikatu nahian, LABen posizioa eta honek azalaratzen zuen bozka partikularra ezkutatu du. Lehenik, urriaren 30ean Irekia atarian publiko eginiko balorazioan denak ados zeudela esan zuenean, hau egia ez zenean. Bigarrenik, diagnostikoa maketatu eta argitaratu duenean (edozein pertsonaren esku jarriz). Azkenik, Legebiltzarrera helarazi duen behin betiko diagnosi dokumentuan ere ez da, gaur gaurkoz, LABek eginiko bozka partikularra txertatu.

LABen ustez, desados gaudenon hitza ezkutatzea ez da biderik egokiena mahaian planteatzen den eta Euskal Osasun Sistema Publikoaren eraldaketa bilatzen duen lanketa baterako.

Lanbitel-eko langileen lan-baldintzak duintzea eta Lanbiden txertatzea eskatu dugu

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Lanbide Zerbitzu Zentralen aurrean, Lanbitel-eko 80 langileek pairatzen duten egoera salatzeko. Izan ere, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko erabiltzaileei telefono bidez arreta emateko zerbitzua sortu zenetik, beti egon da azpikontratatuta eta kanporatua.

4set Talent & Tecnology enpresari lizitazio publikoaren bidez pribatizatutako zerbitzu horren zeregin nagusia “herritarrek, erakundeek eta enpresek Lanbideren telefono-plataformara egiten dituzten deiak jasotzea, erantzutea eta horiei irtenbidea ematea” da. Beraz, Lanbidek zuzeneko arreta zerbitzua emateko dauzkan bulegoekin batera, herritarrek erakunde horretan egin beharreko kudeaketak egiteko harremanetarako eta konponbiderako duten lehen gunea dira.

Zerbitzu publiko bat prekaritate-baldintzetan eskaintzen duten langile horiei, Espainiako Estatuko Call Centerren hitzarmena aplikatzen zaie, operadore informatzaile kategoria egokituz (teleoperadore espezialista) 16.000 euroko soldatarekin, hau da, plantillan dauden 80 pertsona inguruk zerbitzua ematen diote Lanbideri, 4set bezalako enpresa batek (Lanbideko pleguetan, zuzendaritzaren beharrezkoa den permisibitatearekin), langileen esplotazioaren kontura irabaziak gizendu ditzan.

Erabiltzen duen ordainsari ekonomikoen politika, egoera horren erakusle da. Enpresak berak bakarrik kontrolatzen dituen parametro batzuk erabiltzen ditu (etekinen ordainsaria, jardunaren ordainsaria, etab.), plantillaren zati bati mesede egiteko eta beste bat zigortzeko balio dutenak. Enpresaren jokabidea zalantzan jartzen duten langileak zigortzen dituzte, ordezkaritza sindikala bera barne.

Halaber, ordainsari-politikaren printzipio orokorren artean, “soldata emozionala” nabarmendu behar da, lorpen handi gisa saltzen baitu, edozein enpresak lan-baldintza duinak sortzeko dituen betebeharrak soilik betetzen dituenean. Ezinezkoa da “soldata emozionalaren” azpijoko horri eustea, ezinezkoa baita enpresa honetako soldaten prekaritatearekin bizi-proiektu bat aurrera eramatea. Soldata emozionalak ez du hipoteka ordaintzen.

Puntu honetara iritsita, LABetik premiazkoa ikusten dugu Lanbidek telefono bidezko arreta zerbitzua bere egituran txertatzeko beharra. Langileek behar dute, eta herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea haren funtzionamendu onaren menpe dago. LABek errespetua eta baldintza berberak eskatzen ditu Lanbitel-eko langileentzat, bai administrazioak zuzenean kontratatuta egonda edo kasu honetan bezala, azpikontrataturik egonda ere.

Zer iritzi du horretaz Eusko Jaurlaritzak? Zer deriotzote horri EAJk eta PSOEk? Zer iritzi du horri buruz Lanbideko zuzendari nagusia den Francisco Pedraza Morenok? Bide batez, Irekiaren profilean honako hau dio Lanbideri buruz: “enplegu gehiago eta hobea lortzeko enplegagarritasuna hobetu nahi duen zerbitzua da”. Enplegu hobea azpimarratu nahi genuke… Ez al da aplikagarria Lanbitel-entzat? A zer adar jotzea Pedraza jauna…

Zer deritzozue herritarrentzat behar-beharrezkoak diren zerbitzu publikoak hobetzeko bideratutako diru publikoa, plantillak prekarizatzen dituzten enpresa pribatuen eskuetan uztearen inguran?

Nola eskaini nahi dugu herritarren premiazko beharren neurrira egokituta beharko lukeen zerbitzu egonkor bat, plantilla hain lan-baldintza eskasetan izanda?

Langileen baldintzak duindu behar dira, baina ez gaitezen okertu, ez gara ari enpresak “soldata emozionalean” irribarreaz eta laguntasunari buruz aipatzen duen aitortzaz… Hori ez, lan- baldintzen benetako hobekuntzaz ari gara, parekatzeko eta duintzeko bideari ekiteaz. Eta azken helburua, baina ez garrantzi gutxiagokoa, zerbitzua publiko egitea eta Lanbiden integratzea da.

Beste behin ere, sektore prekarioenak dira Eusko Jaurlaritzak harro zabaltzen dituen zerbitzu publikoei eusten dietenak.

Bizkaiko Metalaren Merkataritzako hitzarmena lortzeko mobilizatu gara Bilbon

Hitzarmena iraungita dago 2019ko abenduaren 31tik.

elkarretaratzea egin dute Bilbon, Bizkaiko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean, Bizkaiko Metalaren Merkataritzaren eraldaketari egokituko zaion hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. 2019ko abendutik hitzarmena iraungita dagp, eta lan baldintzak arautzen dituen negoziazio mahaia 2024ko maiatzean eratu bazen ere, ez da inolako aurrerapenik egin. Sektorean 9.100 pertsona inguru ari dira lanean, horietatik 2.900 emakumeak*.

Negoziazio Mahaia eratu zenetik, patronalak elementu atzerakoiak planteatu ditu, hala nola garraio plusa etetea, bajen osagarrian murrizketak edo antzinatasun plusaren mugak ezartzea. Argi dugu ez dugula onartuko erosahalmenean %20 inguruko galera duen kolektiboaren baldintzak okertzea. Hurrengo hitzarmenak KPIari lotutako soldata igoerak, lanaldi murrizketak edo subrogazio eskubidea, mantentze irteerak eta abar jaso beharko ditu. Beharrezkoa da hitzarmen berria sektorearen eraldaketara egokitzea.