2025-07-19
HomeEkintza SindikalaLABek onartezintzat jotzen du EAJk Gasteizko Parlamentuan aurkeztutako enplegu Publikoaren Legearen erreformarako...

LABek onartezintzat jotzen du EAJk Gasteizko Parlamentuan aurkeztutako enplegu Publikoaren Legearen erreformarako proposamena

Administrazioaren euskalduntzean atzera egiteko arriskuari ateak irekitzen dizkio.

EAJk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko Lege Proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, bere hitzetan, “hizkuntza-eskakizunak erakunde bakoitzaren errealitatera egokitzeko, proportzionaltasun-irizpideekin”, eta nahitaez bete beharreko inolako indizerik ezabatuz. Administrazioaren euskalduntzearen aurkako oldarraldi judizial betean, ekinbide honek hautaketa-prozesu publikoetan euskara babestu eta horien segurtasun juridikoa bermatu nahi omen du.

Aldiz, LABen ustez, ateak parez pare irekitzen dizkiote Lege Proposamenean jasotzen diren neurriek guztiz aurkakoa gertatzeko arriskuari. Proposamenak ez du jasotzen administrazioek bete beharreko inolako irizpide zehatz eta egiaztagarririk, neurrien zenbatekoa “proportzionaltasun-irizpide” zehaztugabe eta arbitrarioen eremu lausoan kokatuz. Hau da, Derrigortasun Indizearen muga objektiboa kenduz gero, unean uneko arduradun instituzionalaren borondatearen esku geratuko da hizkuntza-eskakizuna izango duten lanpostuen ehunekoa ezartzea. Mugarik gabe gorantz, baina bete beharreko gutxienekorik gabe ere beherantz. Izan ere, neurri politikoak ezartzea euskara normalizatzeko inolako borondaterik ez duten eragileen esku inolako mugapenik gabe uzten denean, horren emaitza euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen kalterako izaten da. Administrazioek euskalduntzearen aldeko hizkuntza-politika egokitzeko autonomia izatea defendatzen du LABek; baina autonomia hau ezin da inola ere euskararen eta euskaldunon aurkako hizkuntza-politika egiteko baliatu.

Administrazio bakoitzak bete beharreko Derrigortasun Indizea, administrazio horren barruko euskaldunen ehunekoa eta ia-euskaldunen ehunekoaren erdia batuta lortzen da egun. Une honetan kopuru horrek ezartzen du administrazio horren lanpostu guztien artean euskarazko hizkuntza-eskakizuna izan behar duten lanpostuen ehunekoa (ez dugu ahaztu behar lanpostuen % 100ak gaztelerazko hizkuntza-eskakizuna duela).

EAJren ekimenak proposatzen duen bezala, Derrigortasun Indizea kentzeak ez du ezer konponduko, ezta epaitegien kolpe judizialak mugatuko ere. Alderantziz, Derrigortasun Indizea izan da epaileen ebazpenek gainditu ezin zezaketen muga bakanetakoa.

Hori kenduz gero, epaileen borondate hutsak ezarriko du eskakizunaren zenbatekoa; borondate euskarafoboa behin eta berriz erakutsi duten bezala. Indizearen arabera, une honetan ezarri beharreko ehunekoa euskaldunak eta ia-euskaldunen erdia batuta izan behar bada, hori ezabatuz gero, zerk galaraziko dio epaile bati agintzea euskara-eskakizuna izan behar duten lanpostuen ehunekoa soilik euskaldunen ehunekoa izan behar dela (ia-euskaldunak kontuan hartu gabe), hau “proportzionalagoa” denaren argudioarekin. Edo koxka bat jaitsita, agintzea ehunekoa administrazio horrekin harremana euskaraz izatea eskatuko duten herritarren ehunekoaren araberakoa izan behar dela. Edo beste koxka bat jaitsita, agintzea ehunekoa kaleko erabileraren araberakoa izan behar dela. Lege erreforma honekin epaileen borondate euskarafoboak ez du inolako mugarik izango; edozein euskara-eskakizun “desproportzionatua” iruditu dakieke. Eta eragile batzuek Lan Eskaintza Publiko bakoitzarekin bataila politiko-judiziala planteatzeko arriskuari ateak irekitzen zaizkio era berean.

Finean, proposamen egileek adierazi dutenaren aurka, Lege Proposamen honek administrazioan euskara normalizatzeko prozesua eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak segurtasun juridikorik gabe uzten ditu.

LABen ustez Enplegu Publikoaren Legea erreformatzea ezinbestekoa da oldarraldi judizialari aurre egin eta administrazio publikoaren euskalduntzean jauzi egiteko. Baina erreforma hori norabide egokian izan behar da, ez edozein erreforma. Norabide egokia bere aldetik EH Bilduk aurkeztu duen erreforma-proposamenak jasotzen duena da: euskararen hizkuntza-eskakizunak lanpostu publiko guztietarako ezartzea, gaztelerarekin egiten den bezala, hau da, euskara- eta gaztelera-eskakizunak parekatzea; kudeaketa malgua ezartzea testuinguru soziolinguistikoaren arabera, eta, langile publiko guztien euskalduntzea ahalbidetzeko baliabideak eta liberazioak areagotzea.

LABek dei egiten die alderdi eta sindikatu euskaltzaleei zein euskalgintzari adostasunak eraiki eta elkarlanean administrazioa osoki euskalduntzeko paradigma berri bat indarrean jartzera.

Elkarlana sustatzeko, euskaldunon hizkuntza-eskubideetan inolako atzerakadarik gertatzearen aurka eta administrazioaren euskalduntzean jauzi kualitatibo berriak aldarrikatzeko, datorren ikasturtean mobilizazio sendoak sustatuko ditu LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako 600 lanpostu baino gehiagoren suntsiketa justifikaezina salatzen du

Penaz eta frustrazioz bizi dugu ordezkaritza sindikalaren gehiengoak (UGT, CCOO, ATISS eta Solidari) ontzat eman izana, azken unean, BSHk Eskirozko lantegiaren itxiera justifikatzeko erabili...

LAB eta ELA sindikatuek Eusko Jaurlaritzari ohartarazi diote bere gutxieneko soldata proposamenak ez liokeela 10.000 pertsonari ere eragingo

Eusko Jaurlaritzaren hitzarmenetarako gutxieneko soldata proposamenak ez lieke eragingo EAEn lan baldintza okerrenak dituzten langileei, estatuko hitzarmenak dituztenei edo hitzarmenik aplikagarririk ez duten langileei,...

LABek Hezkuntza publikoan Jaurlaritzaren bete gabekoak salatu ditu

Hurrengo ikasturtea baliabide nahikorik gabe hasiko da hezkuntza publikoan. Negoziazio, mobilizazio eta grebez jositakoa izan da igarotako ikasturtea EAEko unibertsiteaz kanpoko hezkuntza publikoan. LAB, hezkuntza...