2026-07-16
Blog Page 836

Bajan egoteagatik Alestisen kaleratutako langilea berriro lanean hastea exijitu dute

0

Gasteizeko Alestiseko enpresa-batzordeak babesa erakutsi dio.

Gasteizeko Alestiseko enpresa-batzordearen gehiengoaren oharra:

Atzo, apirilaren 23an kontzentrazioa egin genuen Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen Lan Saileko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean, pasa den martxoaren 23an Langileen Estatutuko 52. d) artikuluan oinarrituz kaleratu zuten Alestiseko langilearen kontziliazioarekin batera. Adiskidetze-egintzan, enpresak onartu egin zuen kaleratzea bidegabea zela, aipatu zituen arrazoiak faltsuak zirela eta kaleratzea ez zuela egin behar izan. Hala ere, langilea ez du berronartu eta honen ordez, kaleratze bidegabeari dagokion kalteordaina onartu du.

Alestiseko enpresa batzordeak enpresaren aldetiko gehiegikeria ikusten du gertatutakoan, kaleratutako langilearen berronartzea eskatzen du eta enpresak ez dezala Langileen Estatutuko 52 d) artikulua erabili, absentismoagatik kaleratzea ahalbidetzen duela justifikatutako baja medikoak izan arren. Era berean, Enpresa-Batzordeak langiletik langileak zoriondu nahi ditugu, kaleratze honen aurrean izandako erantzunagatik. Apirilaren 3, 5, 11 eta 13an lanuzteak egin zituzten, eta produkzioko langileen %90ak parte hartu zuen protestetan.

Azkenik, berriz ere eskatzen dugu kaleratutako langilearen berronartzea eta salatzen ditugu enpresak langileei egindako mehatxu eta hertsapenak absentismo datuak murrizteko aitzikiarekin. Absentismoa murrizteko neurri prebentiboak erabili behar dira eta ez aipatu artikulu hau langileak diziplinatu eta beldurtzeko. Gaixotzea delitu ez denez, kaleratutako lankidea berriro lanera bueltatzea eskatzen dugu.
 

 

 

Greba egingo dugu Lanbiden maiatzaren 10ean

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok arreta eredu berriaren ezarpena geldiarazteko eskatzen dugu, eta baita eredu berri bat “hasieratik” negoziatzeko ere.

Lanbidek ezarri nahi duen arreta-ereduak nabarmen okertuko ditu zerbitzua eta langileen baldintzak.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok gure desadostasuna agertzen dugu Lanbideko bulegoetan ezarri nahi den arreta-eredu berriarekiko. Zuzendaritza aldebarrez ari da pausoak ematen, erakunde horretako langleen oinarrizko eskubideak urratuz.

Lan sindikatuok arreta-eredu berriaren ezarpena geldiarazteko eskatu dugu, eta baita Lanbiderako beste eredu bat prestatzeko ere, bete behar diren eginkizunekin bat etorri behar duena, enplegu-politika aktiboak alde batera utzi gabe.

Zenbait hilabetetan elkarrizketak izan arren, eredu berriaren ezarpena aurrera doa tamalez, ez baitituzte kontuan hartzen gure eskariak.

Lakuan, Esko Jaurlaritzako Enplegu Sailburuordearekin eta Lanbideko zuzendariarekin izandako azken bileraren ostean, ez omen dute asmorik arreta-eredu berriaren ezarpena geldiarazteko. Eredu berria abiaraziko dute langile gehienen iritziaren kontra, sindikatu bakar baten sostengurik gabe, eta heritarrentzako zerbitzuaren kalitatearen kaltetan.

Sindikatuok joan den asteazkenean, hilak 18, hiru lurraldeetan egindako batzarretako sostengu zabalarekin kontzentrazioak deituko ditugu ostiraletan lantokietan eta maiatzaren 10erako greba deialdia erregistratu dugu gaur.

Arreta-eredu horren hedapena/ezarpena bertan behera uztea eskatzen dugu, eta baita benetako negoziazio-prozesu bati ekiteko ere.

 

 

 

Babesa erakutsi diegu Altsasuko auziperatuei Madrilgo Auzitegi Nazionalean #AltsasukoakAske

0

Imanol Karrera Exekutiboko kideak eta Gaizka Uharte Sakanako arduraduna Madrilen izan dira gaur Altsasuko gazteen epaiketan, sindikatuaren babes eta elkartasun osoa adieraztera.

Komunikabideei emandako adierazpenetan Karrerak adierazi du inputatuei eta Altsasuko herriari elkartasuna erakustea izan dela bidaiaren arrazoietako bat, epaiketak suposatzen duen zentzugabekeria juridikoa salatzearekin batera.

Gaineratu du, “gure ustez ez dela justizia, hau ez da justizia itsua. Justizia hau malgua eta ona da aberatsekiko eta aldiz, gogorra da gazteekiko eta langileekiko, Beraz, eskatzen duguna Nafarroako gizarteak ozen esan zuen moduan Iruñean apirilaren 14an epaiketa honek bertan behera geratzea eta Altsasukoak azke geratzea”.
 

Estatalizazioaren kontrako borrokak jarraitzen du

Akordio Interprofesionalaren kontrako inpugnazioa kendu egin dute, etorkizuneko erreklamazioei uko ekin gabe.

Gaur goizean FEADRS patronal estatalak Akordio Interprofesionalaren kontrako inpugnazioa kentzea erabaki du. Berri ona izan beharko litzatekena, ez da hain ona, patronalak bertan behera utzi duelako inpugnazioa, baina etorkizuneko erreklamazioei uko egin gabe (“reserva de acciones” gaztelerako formula juridikoa erabiliz), hau da, gorde egiten du berriz inpugnazio hori jartzeko aukera.

Akordio Interprofesionalaren kontrako inpugnazioa kendu egiten da, baina ez hau berriz jartzeko mehatxua, hurrengo pausoak patronal horri interesatzen zaion moduan ez badoaz. Hau izango ote da ELAk aurreratu zigun akordioa? Argi eta garbi esan behar dugu hau, ezer izatekotan, sasi-akordio bat dela, patronalak ez baitie bere helburuei muzin egiten, alegia, estatalizazioarekin jarraitzea, ezta horretarako Akordio Interprofesionala berriro inpugnatzeko aukerari ere.

LABen ustez estatalizazioari aurre egiten dion akordio batek bertan negoziatzen diren lan hitzarmenak aplikatzea defendatu eta eskatu behar du, estatu mailako markoa jokaleku gisa onartu gabe. Ikusiko dugu ELAk Eurest enpresa estatalizatzailearekin aurreratutako akordioak baldintza hori betetzen duen ala ez.

Inpugnazioa kenduta, eta FEADRS patronalak edo beste patronalen batek bere estatalizazio nahiak asetzeko hartu dezaketen edozein erabakiren zain, Akordio Interprofesionalaren balioa ez da zalantzan jartzen, baina lan hitzarmena indarrean duten langileen lan baldintzak soilik babestuz.

Beste langile askok estatalizaziopean edo mehatxupean jarraitzen dute, Confebaskek eragiten duen blokeoagatik beren lan hitzarmenak berritu gabe daudelako langile batzuen kasuan edo, beste batzuen kasuan, patronalak bertan eremu berriak irekitzea ukatzearen ondorioz jada beraien lan baldintzak estatalizatuta dituztelako.

Estatalizazioa egundoko erasoa da, gure lan baldintzak prekarizatzea bilatzen duen erasoa, eta sektorez sektore eta enpresaz enpresa ematen ari garen erantzunarekin batera, erantzun orokor eta zabala eskatzen du, sektore guztietan. Gure bizitza zentralizatu nahi digute eta erantzutea beharrezkoa da. Erantzun hori prestatzen dabil LAB. Datozen egunotan egoeraren irakurketan sakondu eta ekimen berriak iragarriko ditugu.
 

 

 

Katalunian egon gara, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean

LAB sindikatuko ekintza sozialeko idazkari Bea Martxueta Kartaluniako Eskubide Sozialen Kartaren eratze prozesua bertatik bertara ikusten eta Euskal Herrian egindako prozesuaren berri ematen egon da.

Euskal Herrian egin bezala, Katalunian ere sindikatu eta mugimendu sozialak Kataluniako Eskubide Sozialen Karta eratzen dabiltza, bertan bizi duten testuinguru politikoa eta batez ere prozesu independentista eduki sozialez betetzen, eta etorkizuneko Kataluniako estatua nola izatea nahi duten eztabaidatzen.

Batzarra Vic hirian izan zen larunbatean eta bertan, Bea Martxuetaz gain, hainbat eragile sozial eta sindikaletako kideek parte hartu zuten. Azpimarratzekoa izan zen Carnies en Lluita plataformako kideek azaldu ziguten egoera bortitza. Langile gehienak etorkinak direla aprobetxatuz, lan baldintza esklaboak inposatzen dizkiete “kooperatiba” faltsuen sistemari esker, eta hori gutxi ez balitz, arrazismoa, homofobia eguneroko ogia dira.

Gure aldetik, langile horiei gure babesa adierazteko konpromisoa hartu genuen eta ahal genuen neurrian Euskal Herrian haien aldarrikapenen bozgorailu izateko konpromisoa hartu genuen.

 

 

 

Gaixotasun profesionalen inguruan ohartaraziko dugu, “Lanean bizirik eta osasuntsu. Lan-gaixotasunak. Izena duena bada” lemarekin

0

Hiriburuetan mobilizazioak egingo ditugu apirilaren 27an, Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan.

Apirilaren 28 honetan, lan istripuek eragindako osasun galera eta heriotzak salatzearekin batera, arreta jarri nahi dugu Laneko Gaixotasunetan. Ikusezinak eta ahaztuak izaten jarraitzen dute. Europako Lan Osasunaren Agentziaren arabera, lan istripuek eragindako laneko heriotz bakoitzeko 18 langile hiltzen dira lan gaixotasunagatik, baina berehalako ondorioak ez dituztenez, behar baino gutxiago deklaratzen dira eta jatorrian dauden arriskuei aurre egiteko beharra alde batera uzten da.

Iaz baja eragin zuten laneko gaixotasunak %25,9 igo ziren. Egunero 12 laneko gaixotasun sortzen da; deklaratutako laneko gaixotasunen %90etik gora patologia muskulo-eskeletikoak dira, gainerakoak, berriz, produktu toxiko edo arriskutsuen eraginpean aritzeak eragindakoak, eta ia guztiak arintzat hartuak izaten dira. Atzemandako gaixotasunen %70 gaixotasun arrunt bezala ezkutatu eta sistema publikora bideratzen da. Gaixotasun profesionala modu horretan ezkutatzeak zer ikusi handia du baja horiei loturiko planteamendu ekonomikoekin, izan ere, gaixotasun bat laneko gaixotasun gisa aitortu ala ez, mutuak ala osasun sistema publikoak, batak ala besteak hartzen du bere gain. Mutualitateeek, gaixotasunen prebentzioa egin beharrean, kontingentzia profesional gisa ez aitortzeko irizpidearekin dihardurte, eta hala, gaixotasuna artatzea eta hari dagokion prestazio ekonomikoa osasun sistema publikora bideratzen dute.

Estatistika ofizialek ere ezkutatzen dituzte gaixotasun profesionalak; hainbat azterketaren arabera munduan sortzen diren gaixotasun guztien %10 eta 20 artean lanari zuzenki lotuak egon litezke. Lanaren Nazioarteko Erakundea (LANE) dio laneko gaixotasunen %83 ez direla hala aitortuak; Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren arabera, Europan 167.000 heriotz gertatzen dira, haietatik 8.000 lan istripuen ondorioz, eta 159.000 laneko gaixotasunetatik eratorriak. Uste da urtero estatuan 9.550 heriotz inguru gertatzen direla lanarekin lotutako minbizien ondorioz.

Euskal Herrian han laneko gaixotasunen estatistiketan ez da jasotzen laneko gaixotasunak eragindako heriotz bakar bat ere, nahiz eta, amiantoaren eraginez, 1993tik hona 1.494 pertsona baino gehiago hil diren.

Aipamen berezia merezi du emakumeen egoerak, izan ere, baldintza eta posizio sozial eta ekonomiko kaskarragoak dituzte eta arrisku ezberdinak, laneko prekarietatea gehiago sufritzen dute, enplegu prekarioekin, lanaldi partzialekin eta soldata baxuagoekin. Emakumeek, gainera, ordaindu gabeko lanak egiten denbora gehiago ematen dute. Lan feminizatuek osasunean duten eragina epe luzera agertzen da eta guztiz ikusezinak bihurtzen dira, etxeko langileekin gertatzen den moduan, zeinak prebentzioaren inguruko arauditik kanpo geratzen diren.

Laneko gaixotasunen zerrenda guztiz osatu gabe dago eta behar direnak ere ez dira deklaratzen. Hala izatekotan, laneko gaixotasunagatiko lehen heriotz kausa minbiziarena litzateke. Laneko gaixotasunak ikusarazteak da prebentzio aldetik eta sindikalki erronka nagusiena. Ezkutatuak diren neurrian, gaixotasunen jatorrian dauden zergatiak saihesteko arrazoirik ez dago, eta lan baldintzak hobetzeko beharra ere alde batera geratzen da.

Mutualitateak dira egoera larri honen erantzuleak. Patologiak duen laneko jatorria ukatu egiten dute sistematikoki. 100 kasutik 40 baja bakarrik ematen dituzte. Eta egoera honen onuraduna patronala da, patologiaren jatorria lanean dagoela ukatzea aitzakia baita prebentziorik ez egiteko.

Praktika horren ondorioz osasunari eragindako kaltearen kudeaketa Osakidetzak edota Osasunbideak hartzen dute beren gain, Mutuen ordez. Alegia, Mutuen praktika desegokia jendarteak ordaintzen du, denon artean ordaintzen dugu laneko gaixotasunen jatorriaren aitortza eza.

Lanean jarraitu behar dugu, lakra sozial honen aurkako borroka egin eta gaurko lan osasuneko ereduaren alternatibak garatzeko. Osasunaren babesera sistema alternatiboa aldarrikatzen dugu, pertsonen bizitza eta osasuna erdian jarriko dituena.

LABetik salatzen eta borrokan jarraituko dugu prekarietatearekin amaitzeko, enpresen gaineko kontrolak eta ikuskapenak areagotzeko eta prebentzio neurriak hartzea exijitzeko. Politika publikoak aldatu behar dira lan osasunerako eskubidea bermatzeko; laneko gaixotasunen erregistro bat sor dadila eskatzen dugu.

Patronala neurriak hartzera behartzeko mobilizatuko gara, instituzioak interpelatuz, egoeraren erantzule zuzenak seinalatzeko. Erantzun sozial masiboa artikulatzeko unea da, langileen kontrako indarkeria patronalarekin amaitzeko.

Apirilaren 27, ostiraleko mobilizazioak:

-BILBO 12:30ean Manifestazioa Plaza Zirkularretik
-DONOSTIA 11:30ean Bilbao plazatik manifestazioa
-GASTEIZ 11:30ean Landatxo Gizarte Etxetik manifestazioa
-IRUÑEA 11:00etan Gurutze plazatik manifestazioa
 

 

 

Lan heriotzak salatu ditugu berriro

Joan den astean Burgelun hildako garraiolariaren heriotza salatzeko elkarretaratze bat egin dugu gaur Gasteizen, euskal gehiengo sindikalak deituta.

 

 

 

Gasteizko erailketa matxista salatzeko kalera irtengo gara gaur

Gasteizen eraildako emakumeen eraso sexista salatzeko elkarretaratzeak egingo ditugu gaur Donostian, Bilbon eta Iruñean, Emakume Mundu Martxak deituta. Larunbatean, Gasteizen mobilizatu ginen.

Hauek dira gaurko deialdiak:

-Donostia, 19:30ean, manifestazioa Bulebarretik.

-Bilbo, 19:00etan, Arriaga plazan.

-Iruñea, 20:00etan, udaletxe plazan.
 

 

 

Kritikatzen dugu Jaurlaritzak ez duela Haurreskoletan doakotasuna ezarriko 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familientzako datorren ikasturtean

0
LABek ez du iruzurrik onartuko eta Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunaren aldeko borrokan jarraituko du.

Urte hasieran Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek konpromisoa hartu zuten familiaren eta haurren aldeko politika publikoak garatzeko, Familien eta Haurren aldeko Ituna sinatuz.

LABetik esan genuen plan honen baitan, beste gauza batzuen artean, esan genuen ez dela jasotzen jaiotzatik haurrek aukera berdinasunean daukaten hezkuntza eskubidea, eta ez zela inolako urratsik ematen haurreskoletako doakotasunaren bidean.

Bestalde Legebiltzarrak, martxoaren 21ean familia politikari buruzko eztabaida monografikoa burutu ostean, Jaurlaritzari honakoa eskatu zion. Haurreskolak Partzuergoan doakotasunaren bidean lehen urrats gisa eta progresibotasunean sakontzeko, 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familientzat doakoa izan zedila haurreskoletarako sarbidea.

Gauzak horrela, LABek Eusko Jaurlaritzari kuota berrikuntza hau gauzatzea eta 18/19 ikasturterako indarrean jartzea eskatzen dio, apirilaren 30tik maiatzaren 11ra zabaltzen baita hurrengo ikasturterako izen emate epea.

LABek salatu nahi du, Eusko Jaurlaritzak lana eta familia uztartzeko neurri berrien gaineko itzelezko propaganda egin duela eta momentuz, ez dira indarrean jarriko. Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria den Cristina Uriartek, apirilaren 17an egin den azkenengo bileran aurrekontuei eta balizko azterketa sakon batera lotzen baitzituen.

Haurreskolak Partzuergoa, 0-2 haurrei hezkuntza zerbitzua emateko Eusko Jaurlaritza eta udalerri batzuen arteko hitzarmena den heinean, LABen iritziz, administrazioak haur hezkuntzako lehenengo zikloko kalitatea, doakotasuna eta euskaldun izaera bermatu beharko lituzke, hau da, 0-3 urte bitarteko haurren matrikulatzeko eskubide unibertsala.

Egoera are larriagoa da, 2018ko aurrekontuetan milioi bat euro gehitu direnean, guztira 25.627.322 euro, 0 eta 3 urte arteko umeentzako titulartasun pribatuko haur eskolentzat. Hau da, Haur eskola hauen gaineko hezkuntza proiektu eta kuoten kontrolik ezarri gabe.

Aldiz, Haurreskolak Partzuergoko familiei beketan bideratzen zitzaien dirua, orain urte batzuk errenten araberako sistema eznahiko bat ezartzeko erabili zen, aurrekontuetan inbertsioa handitu gabe.

LABek ez du iruzurrik onartuko eta Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunaren aldeko borrokan jarraituko du, hezkuntza sistema propioa iruten!