2026-01-19
Blog Page 815

Garbialdiko langileek Bizkaiko aldundiaren aurrean erakutsi dute berriro euren ezinegona

0

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, aldundiaren aurrean, eta hitzarmenaren negoziazioa 2012. urteaz geroztik blokeatuta dagoela salatu dute berriro. LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deitu dugu mobilizazioa, eta abenduaz geroztik antolatutako protestekin dator bat.
 

 

 

CENen aitzinean salatu dugu Nafarroako soldata arrakala altua

Heldu den otsailaren 22an “Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna” izanen da, Bilbon atzo iragarri genuen bezala. Jakin badakigu aipaturiko berdintasuna, oraindik ere, lortzetik oso urrun gabiltzala eta hori dela-eta, gaur LAB sindikatuko emakume afiliatu nahiz delegatuak CEN-en egoitzaren parean elkartu gara Nafarroako lan eremuan ematen diren diskriminazio nahiz soldata arrakalak patronalak nahiz administrazio publikoak azter dezaten eskatzeko; Nafarroako soldata arrakala baita Estatuko altuena eta Europako batezbestekotik goiti dago.

Iruñerria-Pirinioak eskualdeko LABeko arduradun Rosa Iriartek azpimarratu duen bezala, gizonek eta emakumeek ez dituzte oraindik eskubide berdinak. “Ez ditugu aukera berdinak eskubideetara iristeko legeek (Estatukoak zein nazioartekoak) eta adierazpen instituzionalek horrela esan arren. Eskubide berdintasuna oraindik ez da lortu eta hori ez da bidezkoa”.

Iriartek esplikatu du nola emakumeak modu progresiboan lan-merkatura sartzeak ez duen ekarri bere lan-baldintzen parekatzea; eta generoagatiko soldata arrakala kroniko bihurtu izanak agerian uzten duela berdintasun politika publikoen porrota. “Gizon eta emakumeen artean dagoen soldata ezberdintasuna emakumeok lan munduan pairatzen dugun diskriminazioaren adierazpiderik argiena da, baina ez bakarra”.

Hego Euskal Herriko emakumezko langile batek gizon batek baino 7.680 euro gutxiago irabazten du batez beste, INEk argitaratutako azken Soldata-Egituraren Inkestaren arabera (2015eko datuak). Nafarroaren kasuan, emakumeek batez beste 8.164,29 euro gutxiago jaso zuten gizonezkoekin alderatuz.

Eurostat-en arabera, %13,9koa da soldata arrakala Hego Euskal Herrian, Europar Batasuneko batezbestekoa %16,3koa den bitartean. Azpimarratzekoa da, Nafarroan handiagoa dela soldata-arrakala, %18koa hain zuzen ere. Izan ere, estatu mailan gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalarik handiena Nafarroako da.

Ondorioz, Hego Euskal Herrian emakumezkoen batezbesteko soldatak %33,6 egin beharko luke gora gizonenekin parekatzeko.

Goizean, elkarretaratzearen aurretik, emakumeok batzarra egin dugu martxoaren 8ko mobilizazioak antolatzeko.

Soldata-arrakalaren atzean dauden faktoreen artean batzuk zuzenak dira (soldata ezberdina lan berdinagatik, legez “debekatua” baina ordainketa modu ezberdinen praktika enpresarialen bidez estalitakoa). Beste batzuk ordea, faktore ez-zuzenak dira (lanbideen segregazioa, sektore feminizatuetako enpleguari balio gutxiago ematea, kontratazio partzialak emakume aurpegia du, zaintza lanen ardura ez partekatzea…).

Jakina da eta frogatu egin daiteke emakumeek lanbide bateko gehiengoa osatzen dutenean soldatak apalagoak direla eta kontrakoa gertatzen dela gizonezkoen kasuan, orokorrean, emakumeek egindako lanak gutxietsiak baitaude. Adibidez, egun Hego Euskal Herrian enplegu partzialeko lanpostuen hiru laurdenak emakumeek betetzen dituzte eta lanaldi partzialeko enpleguak, modu logikoan, berarekin dakar soldata baxuagoa.

Horrengatik guztiarengatik, LAB sindikatuak eskatzen du botere publikoek berdintasuna sustatzearen betebeharra betetzea, eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteari zehazki eskatzen dio koka dezan betebehar hori bere politiken eta agendaren erdigunean. “Uste dugu garaia dela egoera honen aurrean benetako konpromisoak hartzeko”, gaineratu du Iriartek. “Baina, noski, horretarako behar-beharrezkoa da egoera zein den ongi ezagutzea. Neurri eraginkorrak hartu ahal izateko errealitatea ezagutu behar dugu”.

Zentzu horretan, gaur, LABeko zenbait emakume ordezkarik eskaera formala erregistratu dute CENi eskatuz berak egin dezan Nafarroako soldata arrakalaren inguruko azterketa. Halaber, datozen egunotan ordezkaritza sindikala dugun hamaika enpresatan soldata arrakalaren azterketa egin dezaten eskatuko dugu. Eta datu horiekin guztiekin, zuzendu beharreko egoeren aurrean neurriak proposatuko ditugu tokian toki.

Azkenik, Iriartek azpimarratu nahi izan du diskriminazio ororen aurrean emakumeak ahaldundu eta borroka indartu behar dutela. “Heldu den martxoaren 8ko greba feministan eta mugimendu feministaren deialdiekin bat eginez parte hartzeko deia egiten dugu. Emakume langileon lan eta bizi-baldintza duinak aldarrikatzeko kalera joateko ordua baita. Gure arteko ezberdintasunak errespetatuz, sistema kapitalista heteropatriarkal honen aurka borrokatzeko”.

 

 

 

Elkartasuna eta babesa eskaini ditugu “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuteneko 15. urtemugan

0

"Itxia bai, baina ez isildua". Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean entzun den esaldia da hori, "Euskaldunon Egunkaria" itxi zuteneko 15. urtemugaren harira esandakoa. LAB sindikatuaren ordezkaritza bat Andoainen izan da urtemuga ekitaldian, Garbiñe Aranburu buru. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiak elkartasuna adierazi die euskarazko egunkari nazionalaren proiektuari segida eman diotenei zein duela 15 urte itxiera pairatu zutenei. Era berean, babesa luzatu dio Berrialagunak lortzeko "Geroa zugan" kanpainari, LAB sindikatuak berak duela egun gutxi egin bezala.

 

 

 

Pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegile bat bultzatuko du Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi bat egin du gaur Bilbon, eskubide sozialen aldeko ekimen bat aurkezteko; pobrezia eta bazterketa sozialaren aurka eta babes sozialerako kalitatezko sistema publiko baten alde Hain zuzen ere, datozen egunetan, Herri Ekimen Legegile bat jarriko du martxan Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan, eskubide sozialak bermatze-aldera. Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarreetan erregistratuko dute. LABeko Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak hartu du hitza agerraldian, eta burujabetza eta erabakitzeko eskubidea ezinbestekoak direla berretsi du, egungo sistema eraldtzeko bidean.

Hauxe da Herri Ekimen Legegilearen nondik norakoak azaltzeko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak igorri duen oharra:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan hainbat eragile daude bilduta: euskal gehiengo sindikala, mugimendu sozial esanguratsuenak eta ekonomia soziala eta elkartasuna ardatz dituzten erakundeak (REAS eta Olatukoop, kasu). Bada, datozen hilabeteetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kanpaina bati ekingo dio Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, Legegintzako Herri Ekimenen (LHE) bitartez. Hain zuzen ere, pobrezia eta bazterketa sozialarekin amaitu eta babes sozialerako kalitatezko sistema publiko bat aldarrikatzea izango da LHE hauen helburua.

Zer da LHE bat?

Jendarte zibiletik bultzatutako lege proposamenak dira. Erakundeek eskaintzen dituzten tresnak dira, partaidetza soziala sustatzeko xedearekin. 10.000 sinadura behar dira, Eusko Legebiltzarrean LHE bat eztabaidatua izan dadin. Nafarroan, berriz, hautes errolda autonomikoaren %1 behar da (5.000 sinadura inguru). Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kopuru hauek soberan gainditzea espero du.

Legebiltzarren mahaien izapidea beteta, sinadurak biltzen eta ekimenaren azalpenak ematen hasiko ginateke; apirila eta ekaina bitartean, gure aurreikuspenen arabera.

Tresna honek mugak ditu, baina, hala ere, uste dugu erabilgarria izan daitekeela eztabaida politikoaren erdigunean diru sarrerak bermatzeko sistema hobetzeko neurri zehatzak eta etxebizitzarako eskubidea kokatzeko.

Zer diogu LHE hauetan?

Bermatutako gutxieneko diru sarreren politiken errealitatea hobetu eta etxebizitza duin baterako eskubidea bermatu nahi dugu, ekimen honetan jasotako neurri zehatzen bitartez.

Bermatutako diru sarrerei dagokienez (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bermatutako Errenta, Nafarroako kasuan), Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata erreferentzia gisa hartzea planteatzen dugu berriro. Honela, bakarrik bizi diren pertsonei Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren pareko %100 bermatuko litzaieke diru sarrera moduan. Gainera, eskalaren hobekuntza nabarmen bat planteatzen dugu, bi pertsonek osatutako elkarbizitza unitateek Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren %150 bermatuta izateko, eta diru sarrera horiek %200 izan daitezen hiru edo pertsona gehiagok osatutako elkarbizitza unitateentzat. Modu honetan, azken urteetan izandako murrizketei egin nahi diegu aurre, Euskal Autonomia Erkidegoan emandakoak bereziki. Hala ere, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren desindexazioak ere izan du eragina Nafarroan, murrizketa orokorrak eraginez.

Etxebizitza arloari dagokionez, LHE hauen bitartez, asmoa da herritarrei erakundeen bitartez alokairu sozial bat jasotzeko eskubidea dutela modu eraginkorrean aitortzea, eta eskubide hori ezin dela inoiz eta inongo kasutan laguntza ekonomiko baten bitartez ordezkatua izan.

Pobrezia errealitate bat da, gero eta nabarmenagoa, eta gero eta kolektibo gehiagori eragiten diena. Egoera horren arrazoietako bi etxebizitza duin bat izateko ezintasuna eta gutxieneko diru sarreren falta dira. Euskal Herriko erakundeek eskumenak badituzte herritarrak babesteko politikak gauzatzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eskaera bat egiten die gorbernu buruei: gehiengoaren bizitza kalitatea hobetzeko zerbitzura jar dizatela erakundeak. Borondate politikoa besterik ez da behar horretarako.

 

 

 

Pentsiodunak kalera irten dira

Euskal pentsionisten plataformek iragarritako mobilizazioetan izan gara gaur, eta euren aldarrikapenak geure egin ditugu hainbat herritan egindako elkarretaratzeetan. Hain zuzen ere, PP zein PSOEk egindako pentsioen erreformak baztertzen ditugula adierazi dugu kalean, eta %0,25arekin konformatzen ez garela ozen esan dugu, gure eros-ahaleman murrizten duelako.

Iruñeko mobilizazioa.
200 lagun inguru bildu dira Zumarragan.
 

 

 

Enpresetara joko dugu soldata arrakalaren azterketa egin dezaten, diskriminazio egoerak zuzentzeko

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, soldata arrakalari aurre egiteko esku artean ditugun ekimenen berri emateko. Hain zuzen ere, ostegunean, soldata arrakalaren aurkako egunean, enpresatan proposamen bat erregistratuko dugu, non soldata arrakalaren azterketa egitea eskatuko diegun enpresei eurei. Egoeraren azterketa egin ondoren, diskriminazio egoerak zuzentzeko proposamenak egingo dizkiegu enpresei, baita instituzioei ere. 

Enpresek egin beharko duten azterketan ezaugarri hauek hartu beharko dituzte kontutan: enpresako lanak nola antolatzen dituzten sexuen arabera, gizonen soldataren batez bestekoa eta emakumeena, zein kontziliazio neurri eta nortzuk eskatzen dituzten, zenzendaritza karguetan zenbat emakume eta zenbat gizon dauden eta kontrataziorako eta promoziorako sistemak, besteak beste.

Gaurko agerraldian bertan, txosten bat aurkeztu dugu soldata arrakalari buruz. Garbiñe Aranburuk azterketa hori aipatu du, egunerokoaz gain, errealitatearen erradiografia egiteko: “Aurkeztu dugun txostenak eta ematen diren bestelako diskriminazio egoera batzuek ere argi utzi dute berdintasunaren aldeko politika publikoen porrota. Instituzioen lehentasunen artean egon beharko luke berdintasunaren aldeko politikak sustatzea”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “LABek bere lehentasunen artean kokatu du soldata arrakalari aurre egitea. Urteak daramagu azterketa espezifikoak egiten eta aurten urrats bat harago joatea erabaki dugu”.

Elixabete Etxeberriak martxoaren 8an deitutako greba feminista ekarri du gogora, eta greba hori egiteko arrazoiak soberan daudela nabarmendu du: soldata arrakalaren arazoa, tarteko. “Oraindik ere, gaur egun, guk, emakumeok, lan munduan diskriminazio ugari pairatzen ditugu: lanaldi partzialak, soldata arrakala, jazarpen sexuala, lanaldi murriztutak, aldi baterako kontratuak, sexu araberako lan banaketa, kontziliazio neurri eskasak, prekarizazioa, zaintza lana ikustezinak, feminizatuak eta pribatizatuak, etxeko langileen egoera onartezina, autonomo faltsuak, erabat prekarizatuta emakume pentsionistak, eskubiderik gabeko emakume migranteak…”, zerrendatu du.

Bilerara, gure proposamenarekin
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Departamentuak bilera bat egingo du asteazkenean, soldata arrakala hizpide, eta LAB gonbidatu du. Gonbidapen horri buruz ere hitz egin du Garbiñe Aranburuk: "Soldata diskriminazioaren arazoa eztabaida sozialean kokatzea lortu da. Orain arte, Lan eta Justizia Sailaren aldetik ez da inolako lanketarik egon gai honetan, eta justu bilera deialdia soldata arrakalaren kontrako egunaren bezperan izateari oportunista deritzogu. Argazkia bilatzen da, eta bilera horri ez diogu inolako ibilbiderik ikusten. Baina, soldata arrakalarekin amaitzeko proposamenak baditugu. Hala, bilerara joango gara eta proposamen horiek eramango ditugu”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “LABentzat irtenbidea ez dago horrelako mahai antzuetan, baizik eta aktibazioan eta mobilizazioan. Horregatik, egun horretan bertan ere gure aldarrikapenak egiteko aprobetxatuko dugu kalean. Horregatik, martxoaren 8an, emakumeak sistemaren porrota irudikatzeko planto egitera deitzen ditugu. Emakumeak jendartearen erdia gara eta ezinbestekoak gara sistema honek funtzionatu dezan. Martxoaren 8ko planto egunarekin irudikatu nahi duguna da, gure lanik gabe, sistema honek porrot egiten duela”.

Hain justu, Elixabete Etxeberriak azaldu bezala, “sistemaren bidegabekeria guztiak azalarazteko eta dena gelditzeko lau ardatz izango ditu martxoaren 8ko grebak: kontsumo greba, zaintza lanen greba, hezkuntza greba eta lan munduko greba.

7.680 euro gutxiago urtean
Agerraldian aurkeztu dugun txostenak ez du zalantzarako tarterik uzten: gizon eta emakumeen arteko soldata desberdintasuna lan munduan ematen den diskriminazio nabarmenena da. Izan ere, Hego Euskal Herrian, emakumeek gizonek baino 7.680 euro gutxiago kobratzen dute urtean. Beraz, emakumeen soldata %33,6 handitu beharko litzateke, gizonenarekin parekatzeko.

Soldata arrakala egoteko hainbat arrazoi daude. Zuzeneko dikriminazio egoerak tartean dira, hau da, lan beragatik soldata desberdina aplikatzea. Zeharkako egoerak ere badaude, hauek legalak. Lan berari ezin zaio soldata desberdina ordaindu, baina enpresa batzuetan egiten da, zenbait trikimailu erabilita.

Lanbideen segregazioa, sektore feminizatutako enpleguari balio sozial txikiagoa emateao, lanaldi partzialak, zaintza lanen ardura emakumeongan geratzea, kontziliazio politiken porrota korrespontsabilitatea ez delako lantzen… hauek dira zeharkako diskriminazioa egoteko ematen diren ezaugarrietako batzuk.

 

 

 

“Ekintza sindikaleko gida” aurkeztu dugu, borrokarako tresna berria

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiborako idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, hilabete luzetako barne lanaren ondorioz osatutako “Ekintza sindikaleko gida” aurkezteko. Dokumentuan, sindikalismo berriak patronalak eta botore politikoak inposatu nahi diguten eredu prekarioari aurre egiteko beharko lituzkeen baliabideen inguruan LABek egiten dituen estrategia eta proposamenak jaso ditugu.

 

Gidan proposamen zehatzak jasotzen direla azaldu du Garbiñe Aranburuk. "Aldarrikapen orokorrak konkretatzen ditugu: prekarietateari aurre egiteko, lan osasuna bermatzeko, emakume eta gizonen arteko diskriminazio egoerekin amaitzeko klausula feministak, diskriminazioa pairatzen duten kolektibo desberdinei aukera berdintasuna ziurtatzeko klausulak, azpikontratetako baldintza pleguetan jasotzeko klausulak, hizkuntza eskubideak bermatzeko…. Gidaren berrikuntza da borrokak antolatzeko tresna berri bat dela, orain arte egin dugun bidean urrats bat gehiago dela. Kontua ez delako mobilizatzeko arrazoiak ditugula esatea, kontua ez delako proposamenak edukitzea, kontua aldarrikapen horien alde borrokarako gaitasuna izatea da".

Horregatik, LABeko idazkari nagusiak nabarmendutakoaren arabera, gidan proposamenaz harago, irizpide argi batzuk jasotzen ditugu aldarrikapen horien aldeko borrokak antolatzeko:

• Prekarietatearen kontrako borroka aurrera eramateko gune naturalena lan zentroak dira. Egoera zehatzari erreparatu eta Gidan jasotzen diren proposamenak egokitu behar dira.

• Langileak aktibatu nahi baditugu, langileek informazio zuzena izan behar dute momentu oro, protagonista sentitu behar dute, subjektu aktiboak izan behar dute. Beraiek dira pairatzen duten egoera hobekien ezagutzen dutenak eta beraiek dira egindako borrokaren onurak jaso behar dituztenak.

• Antolatzeko modu berriak ere planteatzen ditu GIDAK. Ohiko sail sindikalak ez du egoera guztiei erantzuteko balio.

• LABek oso argi du mobilizazio gehiago sustatu behar ditugula baldin eta patronalaren jarrera baldintzatuko badugu. Eta langileok mobilizaziorako dugun bitartekorik garrantzitsuena greba dela zalantzarik gabe.

• Mobilizazioa horien helburua eraginkortasuna bilatzea izan behar da, langileei ahalik eta kostu sozial gutxien eta patronalari ahalik eta kostu gehien ekarriko dien mobilizazio ereduaren alde egiten du LABek

• Helburua hau izanik, ez dago borroka eredu bat eta bakarra leku guztietarako balio duenik, kasuz kasu aztertu behar da ze nolako borroka planteamendua egingo dugun

• Greba deialdi horiek bestelako dinamika batzuk ere izan behar dituzte. Borroka horiek, kalera atera behar dira, sozializatzeak garrantzia berezia dueta elkartasun ariketa moduan, erabiltzaileak ere inplikatzeko, irakaskuntzako konfliktoak ez die eragiten irakaskuntzako langileei bakarrik, neri ere ama moduan eragiten dit eta beraien borrokaren parte izan nahi dut.

• Eta guzti honetan borroka kutxa tresna bat gehiago da, langileek grebak irauten duen bitartean izan dituen kostu sozialak arintzeko, baita isunak ordaintzeko ere.

Aktibazioan dago giltza
Xabier Ugartemendiak, bere aldetik, gida gisako tresna bat osatzeko arrazoiei buruz hitz egin du. Hala, testuinguruaren kokapena egin du lehenik: "Azken urte hauetan, eta lan erreformek emandako tresnak erabiliz, lan harremanetan prekarietatea neurri gabe hedatzen ari da. Patronalak, botere politikoaren babesarekin, prekarizazio prozesu bat aurrera eraman nahi du, langileen lan baldintzen merkatzean oinarrituz beraien irabaziak. Oraingo lan harremanak laneko legedia eta negoziazio kolektibo ereduaren araberakoak dira, eta hori patronalaren interesei bakarrik erantzuten du, langileen eskubideak eta interesak alboratuz".

Lan erreformekin laneko legedia guztiz desorekatu da patronalaren alde, Ugartemendiaren hitzetan. Gurean, gainera, laneko legedian ez dugu eskuduntzarik, ahalmen legegilea estatuarena baita. Horregatik aldarrikatzen dugu erabakitzeko eskubidea, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki ahal izateko. Erreformen ondorioz ere, Estatalizazioaren mehatxua behin ta berriz agertzen zaigu, gero eta gehiago hedatzen ari delako. LABentzat honen aurkako borroka lehentasunezkoa da. "Aipaturiko egoera ikusirik, LABen erabaki dugu ezin dugula mahaien dinamika antzuari lotuak egon, eta soldata eta lan baldintzak hobetzeko, hau da langileak bizi duten egoerari aurre egiteko, negoziazio kolektibotik harago eraman behar dugula gure ekintza sindikala, inposatu nahi diguten prekarietatearen kontra borrokatu ahal izateko", adierazi du.

Ugartemendiaren arabera, "egoerari buelta emateko ezinbesteko giltza langileen aktibazioan dago, eta aktibazio hori lortzeko eta langileak bizi duten egoeraren irtenbidearen protagonistak izatea ahalbidetzeko, tresna berriak martxan jartzearen beharra ikusi dugu".

 

 

 

Benetako negoziaziorik ez dela egon salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek

2017ko urtarriletik hasita eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak negoziazio mahaiaren itxiera inposatu bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko langile batzordeko sindikatuok langileen lan baldintzak arautuko dituen Lan Hitzarmena negoziatzeko gure prestutasun guztia izan eta erakutsi dugu. Gainera, itxieraren aurrean, berriz ere mahaia ireki eta negoziazio erreal bat izateko gure nahia behin eta berriz azaldu dugu. Izan ere, Imanol Lasak 2017ko azaroan, akordiorik erdietsi gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen lan baldintzak aldebakarrez arautzea erabaki zuen. Batzar Nagusietako talde politikoek honen berri izan dute eta gai honi buruzko informazioa emateko agerraldi bat egitera gonbidatu gaituzte. Agerraldia gaur bertan izan da.

Langile batzordeak ohar hau idatzi du, gaurko agerraldiaren harira: 

1-Ia urtebete iraun duen prozesu honetan ez da benetako negoziaziorik egon, baizik eta argudiorik gabeko “bai/ez” erantzunak gure eskaera gehienei.

2-Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) zenbait hobekuntza ezarri dituen arren, ALDEBAKARREZ, adostasunik gabe eta inongo bermerik gabe egin du eta erraztasun berberarekin ken ditzake.

3-2017ko lan enplegu eskaintza langileen ordezkaritzarekin negoziatu gabe onartzean, GFAk negoziazio kolektiboko eskubidea eta legea urratu ditu.

4-Diputatuen Kontseiluak araudi berri bat ALDEBAKARREZ eta adostasunik gabe onartu eta argitaratuko du; eta ezin dugu ahaztu indarrean dauden adostutako akordioak aldebakarrez aldatzeak legea urra dezakeela.

5-Azkenik, GFAko langileek egin dituzten kontzentrazioak eta mobilizazioak gogora ekarri nahi ditugu eta horrek ematen digun zilegitasunean oinarrituta, eskaera bat luzatu nahi diogu batzorde honi: Diputatu Nagusia den Markel Olano jaunari interpelatzea, berriro negoziazio mahaia ireki dezan eta akordio adostu bat lortzeko benetako negoziazioa bultza dezan.
 

 

 

Hitzarmen berri bat aldarrikatu dute gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak borrokan dira, hitzarmen berriaren negoziazioaren blokeoa dela eta. Martxoaren 20an greba egingo dutela jakinarazi dute egunotan, eta, bitartean, mobilizazioekin aurrera jarraitzen dute. Atzo, esaterako, elkarretaratzeak egin zituzten Bilbon eta Portugaleten, benetako negoziazioaren alde eta hitzarmen berri baten alde.