2026-10-01
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaPobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegile bat bultzatuko du Eskubide...

Pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegile bat bultzatuko du Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi bat egin du gaur Bilbon, eskubide sozialen aldeko ekimen bat aurkezteko; pobrezia eta bazterketa sozialaren aurka eta babes sozialerako kalitatezko sistema publiko baten alde Hain zuzen ere, datozen egunetan, Herri Ekimen Legegile bat jarriko du martxan Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan, eskubide sozialak bermatze-aldera. Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarreetan erregistratuko dute. LABeko Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak hartu du hitza agerraldian, eta burujabetza eta erabakitzeko eskubidea ezinbestekoak direla berretsi du, egungo sistema eraldtzeko bidean.

Hauxe da Herri Ekimen Legegilearen nondik norakoak azaltzeko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak igorri duen oharra:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan hainbat eragile daude bilduta: euskal gehiengo sindikala, mugimendu sozial esanguratsuenak eta ekonomia soziala eta elkartasuna ardatz dituzten erakundeak (REAS eta Olatukoop, kasu). Bada, datozen hilabeteetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kanpaina bati ekingo dio Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, Legegintzako Herri Ekimenen (LHE) bitartez. Hain zuzen ere, pobrezia eta bazterketa sozialarekin amaitu eta babes sozialerako kalitatezko sistema publiko bat aldarrikatzea izango da LHE hauen helburua.

Zer da LHE bat?

Jendarte zibiletik bultzatutako lege proposamenak dira. Erakundeek eskaintzen dituzten tresnak dira, partaidetza soziala sustatzeko xedearekin. 10.000 sinadura behar dira, Eusko Legebiltzarrean LHE bat eztabaidatua izan dadin. Nafarroan, berriz, hautes errolda autonomikoaren %1 behar da (5.000 sinadura inguru). Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kopuru hauek soberan gainditzea espero du.

Legebiltzarren mahaien izapidea beteta, sinadurak biltzen eta ekimenaren azalpenak ematen hasiko ginateke; apirila eta ekaina bitartean, gure aurreikuspenen arabera.

Tresna honek mugak ditu, baina, hala ere, uste dugu erabilgarria izan daitekeela eztabaida politikoaren erdigunean diru sarrerak bermatzeko sistema hobetzeko neurri zehatzak eta etxebizitzarako eskubidea kokatzeko.

Zer diogu LHE hauetan?

Bermatutako gutxieneko diru sarreren politiken errealitatea hobetu eta etxebizitza duin baterako eskubidea bermatu nahi dugu, ekimen honetan jasotako neurri zehatzen bitartez.

Bermatutako diru sarrerei dagokienez (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bermatutako Errenta, Nafarroako kasuan), Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata erreferentzia gisa hartzea planteatzen dugu berriro. Honela, bakarrik bizi diren pertsonei Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren pareko %100 bermatuko litzaieke diru sarrera moduan. Gainera, eskalaren hobekuntza nabarmen bat planteatzen dugu, bi pertsonek osatutako elkarbizitza unitateek Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren %150 bermatuta izateko, eta diru sarrera horiek %200 izan daitezen hiru edo pertsona gehiagok osatutako elkarbizitza unitateentzat. Modu honetan, azken urteetan izandako murrizketei egin nahi diegu aurre, Euskal Autonomia Erkidegoan emandakoak bereziki. Hala ere, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren desindexazioak ere izan du eragina Nafarroan, murrizketa orokorrak eraginez.

Etxebizitza arloari dagokionez, LHE hauen bitartez, asmoa da herritarrei erakundeen bitartez alokairu sozial bat jasotzeko eskubidea dutela modu eraginkorrean aitortzea, eta eskubide hori ezin dela inoiz eta inongo kasutan laguntza ekonomiko baten bitartez ordezkatua izan.

Pobrezia errealitate bat da, gero eta nabarmenagoa, eta gero eta kolektibo gehiagori eragiten diena. Egoera horren arrazoietako bi etxebizitza duin bat izateko ezintasuna eta gutxieneko diru sarreren falta dira. Euskal Herriko erakundeek eskumenak badituzte herritarrak babesteko politikak gauzatzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eskaera bat egiten die gorbernu buruei: gehiengoaren bizitza kalitatea hobetzeko zerbitzura jar dizatela erakundeak. Borondate politikoa besterik ez da behar horretarako.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.