2024-07-27
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaCENen aitzinean salatu dugu Nafarroako soldata arrakala altua

CENen aitzinean salatu dugu Nafarroako soldata arrakala altua

Heldu den otsailaren 22an “Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna” izanen da, Bilbon atzo iragarri genuen bezala. Jakin badakigu aipaturiko berdintasuna, oraindik ere, lortzetik oso urrun gabiltzala eta hori dela-eta, gaur LAB sindikatuko emakume afiliatu nahiz delegatuak CEN-en egoitzaren parean elkartu gara Nafarroako lan eremuan ematen diren diskriminazio nahiz soldata arrakalak patronalak nahiz administrazio publikoak azter dezaten eskatzeko; Nafarroako soldata arrakala baita Estatuko altuena eta Europako batezbestekotik goiti dago.

Iruñerria-Pirinioak eskualdeko LABeko arduradun Rosa Iriartek azpimarratu duen bezala, gizonek eta emakumeek ez dituzte oraindik eskubide berdinak. “Ez ditugu aukera berdinak eskubideetara iristeko legeek (Estatukoak zein nazioartekoak) eta adierazpen instituzionalek horrela esan arren. Eskubide berdintasuna oraindik ez da lortu eta hori ez da bidezkoa”.

Iriartek esplikatu du nola emakumeak modu progresiboan lan-merkatura sartzeak ez duen ekarri bere lan-baldintzen parekatzea; eta generoagatiko soldata arrakala kroniko bihurtu izanak agerian uzten duela berdintasun politika publikoen porrota. “Gizon eta emakumeen artean dagoen soldata ezberdintasuna emakumeok lan munduan pairatzen dugun diskriminazioaren adierazpiderik argiena da, baina ez bakarra”.

Hego Euskal Herriko emakumezko langile batek gizon batek baino 7.680 euro gutxiago irabazten du batez beste, INEk argitaratutako azken Soldata-Egituraren Inkestaren arabera (2015eko datuak). Nafarroaren kasuan, emakumeek batez beste 8.164,29 euro gutxiago jaso zuten gizonezkoekin alderatuz.

Eurostat-en arabera, %13,9koa da soldata arrakala Hego Euskal Herrian, Europar Batasuneko batezbestekoa %16,3koa den bitartean. Azpimarratzekoa da, Nafarroan handiagoa dela soldata-arrakala, %18koa hain zuzen ere. Izan ere, estatu mailan gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalarik handiena Nafarroako da.

Ondorioz, Hego Euskal Herrian emakumezkoen batezbesteko soldatak %33,6 egin beharko luke gora gizonenekin parekatzeko.

Goizean, elkarretaratzearen aurretik, emakumeok batzarra egin dugu martxoaren 8ko mobilizazioak antolatzeko.

Soldata-arrakalaren atzean dauden faktoreen artean batzuk zuzenak dira (soldata ezberdina lan berdinagatik, legez “debekatua” baina ordainketa modu ezberdinen praktika enpresarialen bidez estalitakoa). Beste batzuk ordea, faktore ez-zuzenak dira (lanbideen segregazioa, sektore feminizatuetako enpleguari balio gutxiago ematea, kontratazio partzialak emakume aurpegia du, zaintza lanen ardura ez partekatzea…).

Jakina da eta frogatu egin daiteke emakumeek lanbide bateko gehiengoa osatzen dutenean soldatak apalagoak direla eta kontrakoa gertatzen dela gizonezkoen kasuan, orokorrean, emakumeek egindako lanak gutxietsiak baitaude. Adibidez, egun Hego Euskal Herrian enplegu partzialeko lanpostuen hiru laurdenak emakumeek betetzen dituzte eta lanaldi partzialeko enpleguak, modu logikoan, berarekin dakar soldata baxuagoa.

Horrengatik guztiarengatik, LAB sindikatuak eskatzen du botere publikoek berdintasuna sustatzearen betebeharra betetzea, eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteari zehazki eskatzen dio koka dezan betebehar hori bere politiken eta agendaren erdigunean. “Uste dugu garaia dela egoera honen aurrean benetako konpromisoak hartzeko”, gaineratu du Iriartek. “Baina, noski, horretarako behar-beharrezkoa da egoera zein den ongi ezagutzea. Neurri eraginkorrak hartu ahal izateko errealitatea ezagutu behar dugu”.

Zentzu horretan, gaur, LABeko zenbait emakume ordezkarik eskaera formala erregistratu dute CENi eskatuz berak egin dezan Nafarroako soldata arrakalaren inguruko azterketa. Halaber, datozen egunotan ordezkaritza sindikala dugun hamaika enpresatan soldata arrakalaren azterketa egin dezaten eskatuko dugu. Eta datu horiekin guztiekin, zuzendu beharreko egoeren aurrean neurriak proposatuko ditugu tokian toki.

Azkenik, Iriartek azpimarratu nahi izan du diskriminazio ororen aurrean emakumeak ahaldundu eta borroka indartu behar dutela. “Heldu den martxoaren 8ko greba feministan eta mugimendu feministaren deialdiekin bat eginez parte hartzeko deia egiten dugu. Emakume langileon lan eta bizi-baldintza duinak aldarrikatzeko kalera joateko ordua baita. Gure arteko ezberdintasunak errespetatuz, sistema kapitalista heteropatriarkal honen aurka borrokatzeko”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.