2025-12-23
Blog Page 81

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

Munduko Medikuen Langileen Legezko Ordezkaritzak, kaleratze kolektiboko espediente honetarako ordezkari sindikal hautetsirik ez duten lantokietako ad hoc ordezkaritza hautatuarekin batera, adierazten dugu ez dugula onartzen GKEaren zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientearen (EEE) aurrean duen jarrera, espainiar estatuko plantilla osatzen duten 484 lankideen 118 lanpostuak mehatxatzen baititu.

Munduko Medikuen zuzendaritzak ekonomiaren, ekoizpenaren eta antolaketaren arloko arrazoiak aipatzen ditu, pertsonen ordezkaritzak bere osotasunean kontra egiten diotenak. Aurkeztutako arrazoiei buruzko gure balorazioa da ez dituztela justifikatzen proposatutako 118 kaleratzeak, ez eta Munduko Medikuak-ek zuzeneko kaltetu gisa proposatu dituen 118 pertsona nominalizatuak ere, kontsulta-aldiaren lehen egunetik.

Planteatutako 118 kaleratzeen zati handi bat 2025eko irailerako aurreikusitako Gizarteratze eta Laneratze Proiektuaren (Camino proiektua) amaierarekin lotuta dago. Proiektu hori Espainiako Berdintasun Ministerioak finantzatua da, zeina gauzatzeko entitateak ebazpen positiboa jaso berri baituen, guztira 7,8 milioi euroko aurrekontuarekin (2024-2025 urteetarako). Hori dela eta, gure ustez, prebentziozko EEE baten aurrean gaude, proiektu bat abian baitago, eta datozen hilabeteetarako finantzaketa eskuragarri baitago.

Proiektu hori alde batera utzita, zuzendaritzak galera iraunkorren egoera ekonomikoa aipatu du, soldata-masan aldaketa handiak egiteko beharra justifikatuko lukeena. Hala ere, Langileen Legezko Ordezkaritzak ohartarazi du zuzendaritzak emandako datu ekonomikoak kontraesankorrak direla. Izan ere, 2023ko aurrekontu ikuskatuaren arabrea, erakundeak emaitza positiboarekin amaitu zuen urtea.

Ildo horretan, eta EEEaren Negoziazio Batzordearen bost bilera egin ondoren jada, Langileek Legezko Ordezkaritzak ohartarazi du zuzendaritza jarrera immobilistan eta ez oso kolaboratiboan kokatu dela, eta horrek negoziazio mota oro zailtzen duela.

Langileen Legezko Ordezkaritzak gogorarazi du, gainera, prozesu horrek ez diela langileei soilik eragiten, baita erakundeak lan egiten duen kalteberatasun-egoeran dauden pertsona guztiei ere.

Horregatik guztiagatik, iragan ostegunean Munduko Medikuak entitateko langileek elkarretaratzea egin zituzten iragan ostegunean, entitatearen egoizen aurrean, zuzendaritzari EEE prozesua geldiaraz dezala eskatzeko.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.

Era berean, EITBren sare sozialetarako estrategiaren ardura ere hartuko du, webera zein EITBren plataformetara (Primeran, Makusi, Guau, Nahieran…) audientzia erakartzeko ildoak diseinatuz eta EITBren entretenimendu programen webgune eta sare sozialak koordinatuz.

Euskalduna ez den pertsona bat hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak postu horretarako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen sustapena duen hedabide baten zuzendari izateko. Ba al du logikarik belaunaldi berriei eskainitako eskaintza euskara hutsean diseinatu ondoren (Makusi, Gaztea, Primeran… ) EITBren arlo digitala gidatuko duen pertsonak euskaraz ez jakitea?

Euskararen aurkako eraso larri baten aurrean gaude. EITB osoko langileen hizkuntza eskubideak bakarrik ez, euskal gizarte osoarenak urratu dira. Eta hizkuntza eskubideak oinarrizko giza eskubideak ere badira, Giza Eskubideen Gutunak jasotzen duen bezala.

Euskara eta euskal hiztunak gutxietsi dira, eta hedabide publiko honetako langileon ardura da eraso hauek gelditzeko lan egitea. Osterantzean, konplizeak ginateke. Hautaketa prozeduratik hasita, urraketak bata bestearen atzetik eman dira, eta berehalako zuzenketa eskatzen dugu:

-Hautaketa prozesuko baldintzen urraketa: EITBk berak hautaketa prozesuan ezarritako baldintzak ez dira errespetatu. “Ingelesa eta euskara jakitea, ulermenerako eta ahozko eta idatzizko adierazpenerako trebetasunak erakustea” zioen lan deialdiak. Are gehiago, “idatzizko eta hitzezko komunikaziorako aparteko trebetasunak” ere kontuan hartuko zirela aipatzen zuen.

Titulazioari dagokionez, berriz, gradua da eskatu dena. Bada, EITBko sarrera eskakizun irizpide gisa, gradua eskatzen den kasu guztietan, gutxienez, C1 hizkuntza eskakizuna ziurtatzea derrigorrezkoa da. Zer dela egin da salbuespen hau?

-2023-2027 Euskara Plan Estrategikoaren urraketa: 2000. urtetik, legealdi bakoitzean, EITBren zuzendaritzak plan estrategiko bat prestatzen du, epealdi horretako lerro eta helburu estrategikoak zehazteko. Une honetan indarrean dagoena EITBren 2023-2027ko Euskararen Plan Estrategikoa da, 2022an onartutakoa. Bertan, EITB Euskara Batzordeak (langileen bost ordezkarik eta zuzendaritzaren beste bostek osatzen dute) ezarritako helburuak jasota daude, eta hitzez hitz hau dio lehenbiziko atalean:

“Euskararen erabileraren sustapena erakundearen barruan maila guztietan. Bikain ebaluazioak agerian jarri duenez, EITBn euskararen erabilera da alderdi ahula. Hobekuntza tarte handia dago bai laneko harremanetan, bai langileen arteko harreman informaletan, bai testu sorkuntza. Oso garrantzitsua da hobekuntzarako lehen bultzada zuzendaritzaren aldetik etortzea”. Bete-betean urratu da helburua.

-EITBren 2023-2027ko Euskara Arloko Ekintza Planaren urraketa: EITBk Euskara Plana ere badu 2013tik, lau urtero EITBko Euskara Batzordean berritzen dena, hiru helburu nagusi hauekin:

Euskal Irrati Telebistak euskaraz funtzionatu ahal izatea.

Langileak euskara enpresan normalizatzeko prozesuan inplikatzea.

EITBk euskaldunen irudia zabaltzea kanpoan.

eitb.eus-en zuzendari berria erdalduna izatea planaren kontrakoa da errotik. Hain zuzen ere, zehaztapen hauxe jasota geratu da testuetako batean: “Urteetako esperientziak erakusten digu nahikoa dela euskara ez dakien pertsona bakar bat sartzea euskaldun talde batean, hizkuntza aldatu eta den-denak erderaz mintzatzen hasteko. Horregatik, EITBk bereziki zainduko du entitatera sartzen diren pertsona berriek lanpostuari dagokion euskara-maila betetzen dutela, eta, hortaz, ez direla eragozpen euren lantaldeak euskaraz funtziona dezan”.

Garbi dago ez dela irizpide hau kontuan izan eta izendapenak eragin zuzena izango duela lan harremanen hizkuntzan.

Horiek esanda, gogora ekarri nahi dugu Emun Kooperatibaren zerbitzua kontratatuta duela EITBk (Ekintza Planaren barruan) erakundearen barruan euskara sustatzeko.

-5/1982 “Euskal-Irrati Telebista” Herri-Erakundea sortzezko legearen urraketa: arauaren atarikoak argi eta garbi dio euskararen sustapena eta zabalkundea dela erakundearen misioetako bat. Nekez sustatuko da hizkuntza, egitasmoaren gidaritzan euskara ez dakitenak egonda.

Horrenbestez, EITB Mediako LABek oso larritzat jotzen du gertatua, eta eskura dituen gune eta foro guztietara joko dugu EITBk, kanpoan zein barnean, euskara sustatzeko bereak dituen konpromisoak bete ditzan, Euskara Batzorde zein Administrazio Kontseilutik hasi eta Hizkuntza Eskubideen Behatokira zein Legebiltzarreraino.

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku hau modu zehatzean identifikatzea eskatzen du, bai prebentzio planean eta bai arriskuen ebaluaketan, eta hari neurri prebentiboak ezartzea, formakuntzatik hasita. Jarraian, horiek huts egingo balute, indarkeria matxistaren protokoloen aplikazioa letorke. Logika prebentiboa borobiltzeko, osasun zaintzako sendagileek galdeketa zehatza egingo liekete emakumeei, indarkeria matxista zantzuak identifikatu ahal izateko. Halakorik balego, osasun zaintzako sendagileek Osalani jakinaraziko liekete, enpresaren esku gaia utzi gabe, biktimaren berbiktimizazioa ekiditeko. Neurri hori ezartzeak Osalanen eta lan ikuskaritzaren teknikariak ere prestakuntza espezifikoa jasotzea eskatzen du.

Laburbilduz, atal teknikoaren integrazioa lan ikuskaritzaren eskumena denez, hari luzatzen zaio proposamena enpresetan betearazteko eskaera. Halaber, osasun zaintza Osalanen eskumena denez, Osalani eskatzen zaio haren inplementazioa betearazteko enpresetan.

Istripu-tasa
2024a ere urte latza izaten ari da Euskal Herrian lan istripuei dagokionez. Bistan da urteetan Eusko Jaurlaritzak inplementatu dituen lan osasunerako politikak antzuak eta hutsalak izaten ari direla eta plan guztiek porrot egin dutela; datuek eta heriotzek hala berresten dute. Datu ofizialek bajadun istripuen %6ko igoera aurreikusten dute iazko datuekiko, azarora bitarte. LABek gogorarazi nahi du 2024an dagoeneko 61 langile hil direla lan istripuetan eta laneko gaitzen errealitatea ezkutaturik dagoela enpresen mutualitateen joko zikinaren erruz.

Eskaera zuzena luzatu du LABek: Jaurlaritzak garatu dezala ikuskaritza gaitasun osoa eta handitu dezala ikusikari kopurua, Europako estandarrak berdinduz, gutxienez. Enpresek erakutsi dute azken hiru hamarkadetan ez dutela lan osasunaren araudia borondatez betetzen; behartuta bete dezatela, orduan.

Akten afera
LABentzat ez da erraza izaten ari Osalanerako itzulera. Izan ere, bileretako aktek ez dute jasotzen bertan eztabaidatutakoa. Bada joera bat eztabaidak eta desadostasunak ezkutatzeko, eta, hala, kontseiluaren adostasun giro ez erreala irudikatzeko. Hainbat helegiteren ostean, eta aktek bide bera jarraitzen dutenez, LABek etorkizunean ez du sistema hori onartuko eta bileren transkripzioa eskatu du, beste instituzio batzuetan egiten den bezala, arazo horiek ekidin daitezen.

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren larritasunak are erantzun handiagoa eskatzen du, eta horregatik, LAB sindikatuak dei egiten die Nafarroako herritarrei larunbat honetan, abenduaren 21ean, Iruñean eginen den manifestazioan masiboki parte har dezaten, ez bakarrik lantegi horren egoera zehatzagatik, baita Nafarroako industriaren etorkizun zalantzagarriagatik ere.

Azken hilabeteotan LABek kezkaz ikusi du Nafarroa Garai osoan ematen ari den enplegu industrialaren suntsiketa dinamika. Suntsipen hori disimuluan gertatzen ari zen azken urteetan. Baina azken hilabeteetan modu traumatikoagoan ari da izaten. Horren adibide dira Villatuertako Tenerias Omegaren itxiera, non 100 lanpostu inguru suntsitu diren; Sunsundeguiren eta bere 400 langile ingururen etorkizun zalantzagarria; eta, nola ez, Ezkirotzen BSH ixteko iragarpen ustekabekoa, 660 lanpostu zuzen suntsituko dituena eta zeharkako bertze ehunka lanposturi eraginen diena.

Izan ere, enpresa bat ixteak ez die soilik bere langileei eragiten. Enpresa laguntzaileei, zerbitzu-enpresei eta azpikontratei ere eragiten die, kasu anitzetan babesgabetasun handiagoa baitute, eta, horrenbertzez, enpresen erabaki horiek eragindako kaltea esponentzialki biderkatzen da. Eta garbi diogu erabaki horiek enpresarialak direla, erabakiok ez baitiote erantzuten ez egoera ekonomiko globalari, ez merkatu-arazoei; CENek ordezkatutako eta babestutako enpresaburuen erabaki eta/edo kudeaketa txarrak dira, diru-gose aseezinari soilik erantzuten diotenak.

BSH Ezkirotz ixteko asmoa deslokalizazio hutsa eta gogorra da. Eta Nafarroan deslokalizazioaz hitz egiten aritzea oso kezkagarria da, teorian horrelako egoerak eragozteko lege bat baitago. Lege hori ez da batere eraginkorra, eta, argi eta garbi, ez du bere helburua betetzen, hau da, ez du lortzen enpresarien gehiegikeriak geldiaraztea; beraz, nahitaezkoa da hura berrikustea eta helburuetan sakontzea. Lan horretan erakunde guztiek parte hartu beharko dute, Nafarroako gizarte osoaren arazoa baita hau. Beraz, ezinbertzekoa da larunbat honetan Nafarroako herritarrek Iruñeko kaleak gainditzea, Golem Baiona zinema-aretoetatik 12:00etan abiatuko den manifestazioan, Nafarroako industriaren etorkizunaren alde eta lanpostuak baldintza duinetan mantentzearen alde.

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko eta konponbide osoa aldarrikatzeko. Halaber, urtarrilaren 11n Bilbon egingo den mobilizaziora joateko deia luzatu diegu langileei.

Hemen, gaurko agerraldietan irakurritako adierazpena:

Gaur Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala ordezkatzen dugun sindikatuok berriro mobilizatu
gara, gure herriak urtetan bizi izan duen gatazkaren ondorioen konponbideak duen garrantzia mahai gainean jartzeko. Euskal presoen
etxeratze prozesuan urrats garrantzitsuak eman badira ere, korapilo handiak falta dira askatzeko oraindik, salbuespenak indarrean jarraitzen
du oraindik.

Europar Batasuneko zigorren batuketaren lege erreforma albiste pozgarria bada ere, bide luzea falta da oraindik egiteko. Biolentzia
ezberdinen biktimek egia jakitea eta aitortza behar dute, honen eskutik, espetxean dauden eta erbestean dauden euskal herritarren etxeratzea beharrezkoa da iraganera iltzatzen gaituzten korronteei amaiera eman eta behin betiko elkarbizitzari begira jartzeko.

Horregatik, langileok ere Sareren jardunarekin bat egiten dugu beste behin, langileok ere gure ekarpena egingo diogu konponbide
prozesuari, gure alea jartzeko prest gaude etxera bidean. Hain zuzen ere, hori aldarrikatzeko langileok ere urtarrilaren 11n Bilbon izango
gara. Arratsaldeko 17:00 La Casillatik abiatuta, berriro ere milaka eta milaka izanen gara Bilboko kaleak herritarrez bete eta BEHIN BETIKO
bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren garaia dela aldarrikatuko dugunak.

Euskal preso, iheslari eta deportatuak lantokietara!

LABek salatu du Bizkaiko aurrekontuak ez direla pribatizatutako zaintza langileek behar eta merezi dituztenak

Zaintzako sektore pribatizatuetako langileak langile publikoak dira. Zerbitzu publiko bat ematen dute, eta horren erantzukizuna eta titulartasuna administrazioei dagokie.

Bizkaian 10.000 langile baino gehiago dira langile horiek, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketaren bitartez, eta menpe, pribatizatutalo enpresetan lan egiten duten langileak dira: hirugarren adinekoen egoitzetan, esku-hartze sozialean eta aniztasun funtzionalean (Gorabide, Gaude, Aspace…).

Pribatizazioan oinarritutako egungo sistemak negozioa lehenesten du jasotzen dugun zerbitzuaren kalitatearen eta langile gisa ditugun baldintzen gainetik. EAJk hamarkadetan zehar hartu dituen erabaki politikoetan oinarritzen den sistema da. EAJren politika neoliberal horiek prekaritate egoera larrira eraman dituzte langileak, eta egiten duten zerbitzu publikoaren kalitateak nabarmen okerrera egin du. EAJk eta PSOEk aurkeztu dituzten aurrekontuek ez dakarte hobekuntzarik langileentzat, kontrakoa baizik: pribatizazio eta prekarizazio sistema krudel honetan gehiago sakontzen dute.

Aurrekontu hauek ez diete erantzuten baldintza duinez hitz egin ahal izateko beharrezkoak eta presazkoak diren aldaketei. Ratioaren arazoari aurre egiteko erroko aldaketak behar dira, eta zuzendaritza aldaketak egin behar dira arazoari aurre egiteko; batez ere, hirugarren adinekoentzako egoitzetan. Izan ere, horietan langileek egunero zaintzen dituzten pertsonei arreta duina eman ezin izateari lotzen zaion xantaia emozionalari aurre egin behar izaten diote, eta hezitzaileek erabiltzaileei laguntzeko behar dituzten baldintzek aldaketak behar dituzte: aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten langileen aitortza aldaketak egin behar dira. Sektoreko langile horiek enpresaz enpresa borrokatu behar izaten dute haien oinarrizko lan baldintzak aitortuko dizkieten hitzarmenak lortzeko. Eta zaintza
sektorean luze jarrai genezake.

Aurrekontu hauek ez dira langileok behar ditugunak, ezta merezi ditugunak ere. LABentzat kezkagarria da egungo aurrekontu proiektuak lortutako adostasun politiko zabala. EH Bilduk ezarritako neurriek aurrekontuen zati bat hobetzen¡ dute, baina aurrekontu osoa oraindik ez da nahikoa pribatizatutako zaintza eremuko langileen beharrei erantzuteko; adibidez, hitzarmenak berritzeko edo berriki aldarrikatu dugun ratio-sistema berri bat ezartzeko.

LABek aurrekontu horiek bermatzen dituzten politikei aurre egiten jarraituko du, publifikazioaren eta ekiparazioaren aldeko borrokak bultzatuz eta zaintza lanak humanizatuko dituzten ratioak parekatzeko exijituz.

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

Bilera horretatik honako ondorioak atera ditugu:

• Jakin bagenekien bezala, negoziazio mahai horrrek balio izan du baieztatzeko euskal langileon eta zerbitzu publikoen beharretatik oso urrun dagoela.

• Lorpen bezala saldu nahi zaigun akordioa antzua da, argitu ez den bide legal bat garatu behar duelako, denboran asko luza daitekeena. Gainera, titular horrek kalte onartezin bat ezkutatzen du: erretirorako derrigorrezko adina 70 urtetik 72ra atzeratzea. LABen iritziz, jaso beharko lukeen aldaketa, hain zuzen, EAEko eta Nafarroako enplegu publikoen legeei eskumenak ematea izan beharko litzateke.

• Hori dela eta, Madrilgo Administrazio Publikoaren Mahaian ordezkaritza duten sindikatuei eta Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei eskatzen diegu, hain zuzen, Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bertako langileen beharrak eta baldintzak negoziatzeko eskumena bertara ekartzeko lan egin dezatela, bakoitzaren koherentziaren eta eragin ahalmenaren arabera. Hau da, Hego Euskal Herriko administrazio eta erakundeei erretiroaren inguruko eskumen legegileak praktikan aitortzeko, eta negoziazioak EAEko eta Nafarroa Garaiko Mahai Orokorren esku uzteko, hemen erabaki ahal izateko.

• Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zera exijitzen diegu, lehenbailehen Mahai Orokorrak deitzeko, besteak beste, gai honi zintzotasunez heltzeko. Madrilen egiten diren urratsei itxaron gabe, hemen bertan ezartzeko neurriak negoziatu ditzakegu, baldin eta borondaterik badago.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Gaur, abenduak 19, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta gehiengo sindikala adostasun batera iritsi gara. Ondorioz, indarrean zegoen hitzarmena gainditu eta hemendik aurrera hitzarmen berria izango dugu. 2023ko ekainaren 1ean, Hezkuntza Legearen testuinguruan, egindako bi greba egunak eta LAB eta Hezkuntza Sailaren artean akordio laborala sinatu izana ezinbestekoak izan dira hitzarmena sinatzeko.

2004ean sinatutako hitzarmenean Hezkuntza Laguntzako Espezialistek hezitzaile kategoriaren aitortza lortu genuen. Borroka luzearen ondorioz lortutako aitortza izan zen hura, eta Euskal Herriko beste lurraldeentzat erreferentzia izan gara. Nafarroan, gure urratsei jarraika, berriki lortu dugu hezitzaile kategoriaren aitortza.

Oraingo honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste aurrera urrats garrantzitsu bat egin dugu. Alde batetik, Hezkuntza Laguntzako Espezialisten, Zeinu Hizkuntzako Interpreteen eta Transkribatzaileen soldatak Haurreskolak Partzuergo publikoko hezitzaileenekin parekatuko dira. Bestalde, lan zama arindu eta ikastetxeko erabakiguneetan parte hartzea ahalbidetuko duen ordutegia lortu dugu; arreta zuzena 25 ordutara jaitsiko da, eta ikastetxean koordinatzeko eta materiala prestatzeko 5 ordu izango ditugu astean. Gainera, funtzioetan lan hezitzailearen aitortza egingo da eta, lankidetzan azpimarra jarriz, ikastetxeko beste profesionalekiko mendekotasun hizkuntza desagertzen da.

Baina lorpenak ez dira hor bukatzen. Besteak beste, kategoria guztietan behin-behinekotasun tasa%5etik beherakoa izango da eta EPEak 3 urtetik behin egingo dira, ereduak negoziatuz; lizentzia eta baimenetan hobekuntzak daude, eta zaintza eta soldatapeko lana uztartzeko aukerak zabaltzen dira; ordezkoen prestutasunagatiko eta mugikortasunagatiko konpentsazioa eta puntuazioa lortu dugu, zerrendetan izena emateko euskarazko C1 hizkuntza eskakizuna eskatuko da; ordezkoen araudi osoa negoziatzeko egutegia adostu dugu; eta baliabideak esleitzeko irizpideak negoziatzeko atea ireki zaigu, zeinak ikasleen ratioak eta intentsitateak ikasturtea bukatu aurretik negoziatzeko aukera emango baituen.

Ez dugu ahaztu behar hona iritsi ahal izateko 2018an, zortzi greba egunen ostean, 2004ko hitzarmena hobetzen zuen akordioa sinatzea lortu genuela, eta hori ezinbestekoa izan dela. Akordio hark asteko lan orduak mugatu zituen, Fisioterapeuten, Okupazio Terapeuten eta Gizarte Langileen soldatak irakasleenekin parekatu zituen eta Zeinu Hizkuntzako Interpreteak gure kolektiboan integratu zituen, besteak beste.

Kolektibo honetako langileon ordezkarien % 63k baino gehiagok babestu du lan hitzarmen berri hau. Gaur lortutakoak orube bat ezartzen du Heziketa Bereziko hezitzaileon lanaren aitortzan aurrera urrats berriak egiteko. LABek borrokan jarraituko du hezkuntzako kolektibo guztietan eta, bereziki, indarra egingo du administrazioak bazterrean dituen kolektibo feminizatu eta gutxietsiek merezi duten aitortza lortzen.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.

Ikaragarria da arrazoi horiengatik salatzen diren kasuen kopurua, baina kalkulaezinak dira salatzera iristen ez direnak, beti baitago beldurra, xantaiak eta, batez ere, emakume* langileei egiten zaien presioa, batez ere barne-erregimenean eta administrazio-egoera irregularrean dauden emakumeei*.

Jai hauek familian egoteko eta etxeko beroaz gozatzeko omen dira; langile askorentzat, ordea, lan egitea eskatzen duten enplegatzaileek ukatzen dieten eskubidea da, azken hauek beren familiekin goza dezaten.

Lanaldietan, jaiegunetan eta oporretan kontrolik eta erregulaziorik ez dagoenez, Hitzarmen Kolektiboaren beharra agerian geratzen da. Honek, etxeko eta zaintzako langileen beharrei erantzungo lieke, Gabonetako jaiez benetan gozatu ahal dezaten opari moduan benetako eskubideak izanda.

Oxala abenduan dagozkien aparteko ordainsariak jaso ahal izango balituzte, oxala gozatu ez dituzten oporraldiak erreklamatu beharrean egongo ez balira. Olentzerok ezin izan die hori oparitu, baina horretaz arduratzen diren ministerioek egin ahalko luketen zerbait da.

Etxeko langileei esklabotza eta abusuak ekarriko dizkieten jai gehiagorik ez.