2026-02-15
Blog Page 807

Amurrioko TRI enpresako langileen babesa jaso dute Productos Tubulareseko grebalariek

0

Tubos Reunidos taldeko zuzendaritzak kaleratzeak eta lan-baldintzen prekarizazioa iragarri ditu Trapagarango Productos Tubularesen lantegian, eta, hori dela eta, bertako langileak greba mugagabean daude martxoaren 8az geroztik. Azken asteetan egindako mobilizazioen harira, euren lan gatazkak beste lantegi batzuetan ere eragina izan dezakeelakoan, langileak Amurrioko Tubos Reunidos Industrial (TRI) enpresaren aurrean mobilizatu dira gaur. Hain zuzen ere, TRI enpresako langile batzordeak babesa eman die grebalariei, eta manifestazio jendetsua egin dute.
 

 

 

Manifestazio bateratu bat egingo dute bihar Alfa, Edesa eta Geyser enpresetako langileek

0

ALFA, Edesa eta Geyser-eko enpresa-batzordeek manifestazio bateratu bat egingo dute bihar Eibarren, 18:30ean, Untzaga plazatik abiatuta. Hiru enpresak ez ixtea eskatzeaz gain, benetako industria politika bat aldarrikatuko dute.
 

 

 

Nafarroako Lan Departamentuaren aurrean salatu ditugu lan heriotzak

Joan den ostiralean Lakuntzan eta Untzuen izan ziren bi lan heriotzak salatzeko elkarretaratze bat egin dugu gaur, euskal gehiengo sindikalak deituta. Iruñean egin dugu, Lan Departamentuaren aurrean. Nafarroako heriotz istripuez gain, Bizkaian, Artean, beste langle bat hil zen asteartean; hirugarrena, lau eguneko epean. Aurten, dagoeneko 16 langile hil dira lanean.

 

 

 

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak batzar ireki bat antolatu du larunbaterako

Bilbon egingo dute bilera, 10:30etik aurrera, Hika Ateneoan, eta Emakume Mundu Martxaren Nazioarteko XI. Topaketak antolatzeari begira dago deituta. Hain zuzen ere, landuko dituzten gaiak anitzak dira, baina oinarrizkoena feministon herria antolatzeko lan taldeen sorrera izango da. LABek batzarrean parte hartzeko gonbitea luzatu du.

Hauxe da larunbateko egitaraua:

10.30 Ongi etorria
10.45 EMMren XI. Nazioarteko Topaketak: Lekua, datak, leloa, irudia eta eduki politikoa.
FEMINISTON HERRIA antolatzeko taldeen eraketa.
12.15 Erailketa sexisten aurkako protokoloaren inguruan egiten gabiltzan eztabaiden informazioa.
12.45 EMMren logo berriaren proposamena
13.15 Apirilak 24, elkartasun ekintza feminista
13.45 Besterik eta itxiera
 

 

 

Zerbitzu publikoen defentsan mobilizatuko gara bihar Baionan

Funtzionario eta zerbitzu publikoen kontrako erasoek segitzen dute Ipar Euskal Herrian. Treinbideak, Osasuna, Hezkuntza… denok zerbitzu publikoak erabiltzen ditugu; ikasle, erretretadun, langile. Hala, mobilizatzeko eguna izango da bihar, martxoak 22, zerbitzu publikoen defentsan. Manifestazioa izango da 10:30ean, Baionako udaletik abiatuta.

Publiko edo Pribatuan, gobernamenduak bere estrategia aplikatzen segitzen du: erreformak sortzen, lotura soziala, elkartasuna eta kolektiboa hausteko.

Zerbitzu publikoa oraindik gehiago ahulduz, gobernamenduak biztanle guziak ditu erasotzen.

Martxoaren 22a, mobilizazio eta greba eguna izanen da Funzio Publikoan. zerbitzu publikoa ahultzen duten erreformen salatzeko eguna: indize-puntuaren balioaren izoztea, egun eskasa berriz ezartzea, 120 000 funzionarioen desagertzea.

Funzionarioak kenduz, zerbitzu publikoa bera dute izorratzen eta jende xumeei garraio, hezkuntza edo arta eskubideak ttipitzen denbora berean.

Hezkuntzan
Baxo eta lizeoaren erreformek erakaslearen estatutua baldintzatuko dute, baita ordu eta postu kopuruak ttipituko ! Goi mailako ikasketentzat: selekzioa. Hona zer erantzun ematen duten eraginkorra ez den sistema bati buru egiteko.

Hezkuntzaren kostuak ttipitzea helburutzat duen erreforma ezin dugu onartu. Agenda politiko bati erantzun nahi duen erreforma ez dugu onartuko. Eskola bermoldatu behar dela egia da, baina sektoreko profesionalei horren inguruan gogoetatzeko aukera eman behar zaie.

Osasuna
Ospitale eta zahar-etxeetan langile kalifikatuak eskas dira, kontratu prekarioak emendatzen dira: horrek, ondorio latzak ditu zerbitzuaren kalitatean. Gure adineko jendeak ongi tratatua izaitea merezi du.

Bertan antolatzea, aterabide gisa
Martxoaren 22a, zerbitzu publikoen kalitatea aldarrikatzeko eguna izanen da, baina badakigu greba isolatu eta zatikatuak ez direla nahikoak izanen gobernamendua gibelarazteko. Haratago gogoetatu behar dugu.

LABek argi du Euskal Herrian Macron erreformek ondorio latz guttiago izan dezaketela behar bezala antolatzen bagira. Izan Pribatu edo Publikoan, baldintza onak ditugu Euskal Herria Macron legearen eremutik kanpo atxikitzeko. LABek tokika eta manera interprofesional eta kolektiboan antolatu behar dela pentsatzen du. LABek behin baino gehiagotan beste sindikatuak interpelatu ditu elkarrekin baldintza hobeagoak sortzeko. LABek tresna horien eraikitzeko egunero lan egiten du.

Euskal hirigune elkargo berriak kalitatezko zerbitzu publiko berria asmatu behar du, herritarren beharrei erantzunez eta prekaritatearen aurka borrokatuz.

Euskal Herriaren ezagutza administratibo eta instituzionalak bertan antolatzeko tresnak garatzen lagunduko gaitu: Elkargoak eskumen batzuk berreskuratu beharko ditu denen onerako: Garraioa, osasuna, etab.
 

 

 

Prekarietatearen aurkako dinamika Tolosara iritsiko da ostiralean

Prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin, LABek elkarguneak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat herritan, lan prekarioa betetzen dutenak bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko. Hala, Ostiral Duinak izeneko dinamikaren lehen hitzordua Arrigorriagan izan zen martxoaren hasieran, eta ostiral honetan, martxoak 23, Tolosan egongo gara. Egitarau zabal bat prestatu dugu. 17:00etan, Altxorraren Bila ekimena egingo dugu. Hain zuzen ere, prekarietatearekin zerikusia duten elementuak eta honi aurre egiteko tresnak baliatuko ditugu jokoa gauzatzeko. 18:00etan, txontxongilo saio baten bitartez, prekarietatea salatuko dugu; 18:30ean, kalejira-katea egingo dugu; eta, 19:00etan, afari merienda. Hau guztia Tolosako Plaza Berrian izango da, eguraldi ona eginez gero. Bestela, euria ari badu, Berdura plazan elkartuko gara.

Ostiral Duinak dinamikan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrrak, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

• 1.200 eurotako gutxieneko soldata bermatu.
• Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordutara murriztuta
• Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko.
• Gutxieneko orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian.
• Laneko Ikuskaritzak enpresei kontrol eraginkorra egitea.

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokietan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunak. Euskal Herrian langile pobreak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoren bidez, LABek egoera honeta ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu eta emaitza latza da: langileen %80ak lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi du, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu jendartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetako hurbiltzeko gonbitea luzatzen diegu herritarrei, denon eskubideen alde eragiteko!
 

 

 

Mundu guztiko bizilagunontzat eskubide guztiak aldarrikatzen ditugu, Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Egunaren etorrerarekin

Bihar da martxoaren 21a, Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako eguna. 2017ko maiatzean Gasteizen egindako Biltzar Nazionalean onartutako gaiaren inguruko ebazpena berretsi du LABek eta ondorengo egunetan egingo diren ekimenekin bat egin dugu. Bilbon “Hiritartasuna guztiontzat” lemapean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dugu, besteak beste. Mobilizazioa 19:00etan abiatuko da Arriagatik.

Era berean, Nafarroako SOS Arrazakeriak “Emakumeak eta migrazioa” izenburupean egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia egin nahi du LABek. Martxoaren 22an, “La Rebelde” Nafarrokoa etxeko langileen elkartearen aurkezpena egingo da Iruñeko Maravillas Gaztetxean, 19:30ean. Martxoaren 23an, “Adela”, Carabancheleko Herri Batzarraren lan autodefentsaren aurkezpean egingo da, 19:30ean Zabaldin. Azkenik, martxoaren 24an, Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako manifestazioa egingo da 12:00etan Gaztelu plazatik abiatuta eta 13:00etan, Arrazakeriaren aurkako hamaiketakoa Maravillas Gaztetxean.

Ebazpena
LABen 9. Biltzar Nagusian, hurrengo ebazpena onartu genuen. Bertan agertzen diren aldarrikapenen alde borrokan arituko gara hurrengo urteetan:

Munduan zapalduta eta esplotatuta gauden herrietako langile guztiok helburu bera dugu: sistema kapitalista, heteropatriarkala eta neokolonialarekin amaitzea, gure gorputz, herri, bizitza eta planeta kolpatzen dituelako

Krisi global bati aurre egiten ari gara, krisi sistemiko eta zibilizatzailea, aurrekaririk gabekoa gizaki mailan. Sistema honen ezaugarri nagusien artean krisi ekologikoa daukagu, horren ondorioz, desertifikazioa, natur baliabideen agortzea, lur eta uren arpilatzea, eta komunitateeen deserriratzea ematen dira. Inperialismoak herrien burujabetza merkataritza askeko Tratatu berrietara oinperatzeko estrategiak topatzen ditugu. Horrez gain, gerrak eta gatazka anitzak bultzatzen ditu, eta honen ondorioz oker izendatutako errefuxiatuen krisia sortu du, migranteen heriotz zenbaezinak Mediterraneoan eta munduko muga desberdinetan sortuz, emakumeen kontrako indarkeria eta emakume eta umeen trafikoa areagotuz. Eta guzti honekin batera zaintza-lanen krisia ematen da, mundu mailako emakumeak egin ohi diren zaintza lanen kate globalak areagotuz, migrazioak bultzatuz eta gure herrietan sortzen diren lanpostu prekarioak eta batzuetan semi-esklabotzan bultzatuz. Halaber, mobilizazio sozialak kriminalizatzen dira. Hauek guztiak sistemaren diru-gosearen ondorio dira, kapitalaren metaketa bere ikur bilakatu baitu.

Milioka pertsona daude behartuta euren herriak, bizilekuak, lanak eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko, ekologiko edo gatazka belikoen ondorioz. Kalkulatzen da azken garaiotan 65 milioi pertsona desplazatu egon dela. Bigarren Mundu Gerrak eragin zituen kopuruetatik gertu gaude. Badakigu badaudela gerrak. Gerra hauen arrazoi eta erantzukizunak ezkutatu egiten zaizkigu, ez da interesatzen ezagut daitezen. Lotsak, delituak eta negozioak milaka heriotzaren kontura, bortxaketak eta askotariko indarkeriak argitara aterako lirateke eta ez da interesatzen. Informazioa manipulatuta heltzen zaigu, bloke ekonomikoen interesak oso handiak baitira. Batez ere, mundu mailako statu quoa mantendu behar da. Halaber, armagintza lobbiek (2014an, 10 armagintza enpresa nagusiek 30.000 milioi dolarretako irabaziak izan zituzten), lobby ekonomiko eta finantzarioek zehatz dezaten bizi egingo garen ala hil, eta nola egin behar dugun.

Milaka pertsona pilatzen dira Europako herrialdeen ateetan, bizitzeko aukera bat topatu nahian. Europaren erantzuna, ordea, urrun dago elkartasunezkoa, eskuzabala izatetik. Segurtasunaren izenean, horma eta arantzadun hesiak jartzen dira, eta kontrol militar eta polizial zorrotzak. Europak bertan behera uzten ditu, heriotzaren atarian, gizon, emakume eta umeak. Milaka ume Europan zehar galdurik daude, trata eta esplotazioaren mehatxupean. Europak oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek gurekin zerikusirik ez duten, eta lotsarazten gaituzten interes ekonomiko, finantzario eta belikoei erantzuten diete. Bestelako neurriak beharrezkoak ditugu, hala nola:

Produkzio eta kontsumo sistemaren eraldaketa. Produkzio eta kontsumo sistema gisa, Kapitalismoaren gehiegikeriak kalteak eragiten ditu ingurumenean, eta aldaketa klimatikoaren ondorioak azkartzen ditu. Honek zigor erantsi bat ekartzen du: etorkizunean, gero eta pertsona gehiagok migratu beharko dute bizirauteko, euren jatorriko eremuetatik kanpo.

Emakumeen eta adingabeen trataren kontrako neurriak indarrean sartzea. Pertsonen trata, bereziki emakume eta adingabeak pairatzen dutena, saretua dago eta interes ekonomiko hutsak bultzatuta areagotzen ari da. Egoera horren kontra borroka zuzena egin behar dugu, etekin ekonomikoak ateratzeko, trata bultzatu, babestu eta sustatu egiten dituzten taldeen kontra salaketa publikoa egin behar eta neurri eraginkorrak bermatu. Lan hau aurrera eramateko gizonezkoen inplikazio aktiboa ezinbestekoa da.

Migrazio politikei buelta ematea, gerren eta multinazional eta estatu inperialisten baliabideen kontrolaren isla direlako. Pertsona guztiek eskubidea dute euren lanaren emaitzarekin duintasunez bizitzeko euren herrialdean; eskubide hori inork ez lieke ukatu beharko, gaur egun gertatzen den bezala.

Arrazakeria eta xenofobiarekin amaitzea eta migranteak eta errefuxiatuak kriminalizatzen dituzten politikak desegitea. Pertsona migranteak ez dira mehatxu bat. Gure benetako etsaiak austeritate politikak dira, segurtasunaren eta beldurraren izenean bultzatzen dituzten politikak, interes inperialisten neurrira egindako politikak. Ez gaitezen tranpan erori. Herrien eta pertsonen arteko elkartasuna bultza dezagun.

Lan arloan neurri eta politika publiko eraginkorrak bultza ditzaten eskatzen diegu Nafarroako eta EAEko instituzioei. Esklabotza eta pobreziara eramaten gaitu bizitza eta lana prekarizatzen duen prozesuak. Erabateko erasoa pairatzen ari gara langileen bizi eta lan baldintzei dagokienez, eta, horretan, langile migranteak dira kaltetuenak: kontratu prekarioenak dituzte (kontratua badute), soldata baxuenak ere, eta eskubide sozial eta sindikalak ukatu egiten zaizkie. Ulertu behar dugu gure borroka guztiak borroka bakar bat direla.

Politika publiko eraginkorrak emakume migranteek pairatu ohi duten diskriminazioa eta kalteberetasunarekin amaitzeko. Emakume migranteak kaltetuenak dira. Lan prekarietatearen biktima nagusiak dira. Hauetako emakume asko eta asko diskriminazio eta kalteberetasun egoeran daude. Askok etxeko lanetan eta zaintza zerbitzuan lan egiten dute, eta arazoak dituzte lan baldintza, lan jardunaldi, soldata edo kontratuarekin.

Harrerarako sistema propioa. Harrerarako baldintza propioak izateko, euren gain erabateko eskumena hartzeko eskatzen diegu euskal administrazioei, gure errealitate produktibo eta sozialaren araberakoa, nazioarte mailako elkartasun eta kooperazio gisa.

Langile guztiak eskubide berdinak eduki behar ditugu edonon. Jendarte berri bat denon arten eraikiko dugu, benetan Euskal Herri berri anitza eta justua lortu nahi badugu. Hemen bizi garenok edonondik etorrita, paperekin edo paperik gabe, aukerak behar ditugu bizitzako esparru guztietan duintasunez aritzeko.

Inor ez da ilegala!

Bortizkeriarik gabeko mundu baten alde, bortizkeria matxistaren kontrako borroka erdigunean jarri behar dugu.

Eskubide guztiak munduko bizilagun guztiontzat!
 

 

 

Mobilizazioaren bideari eusteko deia luzatu dugu errauste planta gelditzeko

0

Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta sindikatu eta lan munduko hainbat eragilek hondakinen errausketaren eta hauen kudeaketaren inguruko jardunaldi bat antolatu dugu gaur, Gipuzkoako ehundik gora enpresa batzorderen atxikimenduarekin. Horrekin batera, giza kate bat egin dugu Donostian, Bulebarretik Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaraino. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu jardunaldian zein protestan izan da.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Gizarte eredu justuago baten alde egiten dugu lan, pertsonak eta natura zainduko dituen gizarte eredu baten alde. Helburu horren mesedetan, hondakinen kudeaketari dagokionez, helburua izan beharko luke hondakinak berrerabiltzea eta bir¡ziklatzea. Honen aurkako norabidean doa errauskailua”.

Errauste plantak oso eragin kaltegarriak dituela nabarmendu du LABeko idazkari nagusiak: “Gipuzkoarrontzat ondorio ekonomiko larriak izango ditu, eraikuntzan suposatzen duen gastuagatik eta ondorengo mantenuagatik; eragin negatibo oso nabarmenak ditu osasunean eta ingurumenean; eta errauskailu sistema egitea, hondakinen bestelako bilketa sistemen alde ez egiteagatik, lanpostu gutxiago ekarriko ditu”.

Gaiaren garrantzia ikusita, errauste plantaren eztabaida parte hartze prozesu batean oinarritu beharko litzatekela adierazi du: “Herritarren erabakia izan beharko litzateke. Aldundiak erabaki du, inolako prozesu parte hartzailerik gabe, errauste plantaren obrak abian jartzea. Hau salatzekoa da eta horrela ulertu dute Gipuzkoako hainbat eta hainbat enpresatan. Hain zuzen ere, 120 enpresa batzorderen atxikimendua hor dago, errauste planta gelditzeko eskatuz eta prozesu parte hartzaile bat aldarrikatuz”.

Garbiñe Aranburuk argi dauka: “Geratzen zaiguna da, berriro ere, mobilizazioen bideari eustea”.