2026-10-12
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaOsakidetzako EPEa euskaraz egitea, oztopoz jositako bidea

Osakidetzako EPEa euskaraz egitea, oztopoz jositako bidea

Zergatik azken urteetan ikasketak, osasun arloko ikasketak ere, euskaraz egin dituzten milaka eta milaka lagunetako gehienek Osakidetzako Enplegu Publiko eskaintzan azterketa gazteleraz egitea erabaki dute? Aukera eta erraztasun berdintasunik ba al dago azterketa gazteleraz zein euskaraz egiteko? Bistan da ezetz.

LAB sindikatuak Enplegu Publiko Eskaintza euskaraz egitea erabaki duen Mikel Legarreta erizainarengana (@JediTxikia Twitterren) jo du prozesua zuzen zuzenean bizi izan duen pertsona baten testigantza jasotzeko asmoz. Hitz gutxitan egoeraren gordintasuna azaldu digu. Eskerrik asko Mikel zure koherentziagatik eta egoera hain garbi azaltzeagatik.

Ikasketak euskaraz burutu dituztenak eta, hortaz, osasun arloko gaiak euskaraz lantzen ohituak daudenak, Osakidetza euskalduntzeko indargune preziatutzat hartu beharko lirateke. Naturalki euskaraz ikasi eta lan egiteko ohitura duten lagun guzti hauek etorkizuneko Osakidetza euskaldunaren oinarria izan beharko lirateke. Ezin larriagoa da 0 minututik (Enplegu Publiko Eskaintza) jende guzti honi euskaraz lan egiteko trabak jarri, hizkuntz ohiturak aldatu arazi, eta indargune hau zakarretara botatzea.

EPEa prestatzeko Osakidetzak emandako bibliografia ia guztia gazteleraz soilik dago. Nola egin azterketa euskaraz, ikasi nahitaez gazteleraz egin behar baduzu? Euskaraz egitea erabaki dutenen erabakia eredugarria da, baina onartezina da egin arazten zaien gain-esfortzua.

Zenbaitzutan beste traba gehigarri bat agertzen da: Euskarazko azterketetan galderak ez dira beti behar bezain ongi ulertzen edota nahasteko arriskua izaten dute. Izan ere, azterketako galderak gazteleraz prestatzen dituzte eta batzuetan euskarazko itzulpenak hala moduzkoak izan dira.

Hizkuntz ohiturak urratzeaz gain, azterketa euskaraz egitea erabaki dutenak diskriminatzeaz gain, guzti hau astakeri eta zentzugabekeri ezin handiagoa da Osakidetzan euskara normalizatzearen ikuspegitik.

LAB sindikatuak berriro ere Osakidetzari eskatzen dio euskararen normalizazioa eman dadin, osasun zerbitzuetan euskaraz lan egin, bizi eta zerbitzua jasotzea posible izan dadin, beharrezkoak diren neurriak hartu ditzala premiaz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...