2026-07-15
Blog Page 806

Nafarroako Iturgintza eta Berogintza hitzarmen duina aldarrikatzen dugu sektoreko 3.000 langileentzat

0
Nafarroako Iturgintza eta Berogintza hitzarmenaren indarraldia duela 3 urte iraungi zen honetan, CCOO eta UGT-k, Patronalarekin %1,1-eko soldata igoera sinatu dute, sektoreko langileek beraien lan baldintzak hobetzeko behar duten hitzarmenaren negoziaketa osoari heldu gabe, eta beraz, beste behin ere langileen eskubideen defentsari bizkar emanez.

Orain bi hilabete adostu zen soldata igoera, UGTk, CCOOk eta Patronalak Iturgintza eta Berogintza hitzarmenarekin agertutako erantzunkizun faltari jarraiki, sektoreko langileen soldatak izoztuta mantendu dituzte eta are larriagoa dena, hitzarmen berri bat abiatzeko osatu beharreko mahaia martxan jartzeko apostua ez dute egin, eta beraz, ziurrenik, irailera joanen da hitzarmen berri baterako negoziazioen hasiera.

LABen hautua argia da: negoziazio kolektiboa behar dugu, sektoreko langileen lan baldintzak hobetu eta eros ahalmena (botere adkisitiboa) igotzeko. Horretarako gaude hemen hain zuzen ere, borroka hori guztia aurrera eramateko.

Baina hori argi dugun bezala, argi dugu ere bai negoziazio horretan sartzeko patronalak baldintza minimo batzuk onartu behar dituela; ez gaude prest langileen bizkar aberastu daitezen. Horregatik guztiagatik ozen salatzen dugu, berriro ere, CCOO eta UGT-k hartu duten jarrera. Ez da onargarria Nafarroako K.P.I-ari lotu gabeko igoera sinatzea, horrek ez baitu bermatzen eros ahalmenaren berreskuratzea gauzatzea.

Nahikoa da! Utz diezaiotela langileen eskubidearekin jolasteari, ez diezagutela ziririk sar, ez diezaiogun utz, hitz hutsak esaten diguten bitartean, egunero zanpatzen eta arpilatzen gaituzten horiei mesede egiten iraun dezaten. Jarrera horri eutsi nahi badiote negoziazio kolektiboan, langileei baino, aurrerantzean ere patronalari mesede egin nahi badiote, borrokan segituko dugu langileen eta hauen eskubideak urratzen ez direla berma dadin.

 

 

 

Hondakinak kudeatzeko beste eredu batera trantsizioa egitea ezinbestekoa dela berretsi dute

0

Hondakinak eta fiskalitatearen inguruko jardunaldia antolatu du Bizkaia Zero Zabor elkarguneak, eta hainbat ondorio atera dituzte.

Hondakinak eta fiskalitatea izan zituzten hizpide joan den ostiralean, kutsatzen duenak ordaintzen ote duen galderari erantzuteko, besteak beste. Zero Zabor Bizkaia elkarguneak antolatu zuen mahai ingurua, eta LABek presentzia izan zuen, elkargunea osatzen duten eragileetako bat den heinean.
 
Hala, hainbat datu interesgarri eman zituzten. Esaterako, adierazi zuten 2050an orain erabiltzen dugun materialaren hirukoitza behar izango dugula eta elikagaien %70 gehiago. Horrek hainbat desafio planteatzen ditu eta horien artean kokatzen dugu hondakinena. Beraz, ezinbestekoa da gaurdanik irtenbideak eta alternatibak planteatzea.

Bizkaia Zero Zabor plataforma zaborren kudeaketaren inguruan eztabaida soziala pizteko sortu zen. Gainera, politika publikoetan eragitea ere plataforma honen beste erronketako bat da. Norabide horretan antolatu zuten ostiraleko jardunaldia.

Honela gauzak, politika publikoak aurrera eramaterako orduan, instituzioek duten tresnarik eraginkorrena fiskalitatea dela esan genezake. Fiskalitatea, tresna politiko bat den heinean, aberastasunaren birbanaketa ahalbidetzeaz gain, hainbat jarrera eta elementu zigortu ditzake. Hori hondakinen esferara ekarrita, ezinbestekoa da beste kudeaketa eredu batera trantsizioa egiteko.

Esperientzia praktikoak
Jardunaldiak bi zatitan banatu ziren. Alde batetik, Julen Rekondo eta Ignasi Puigek ponentzia bana aurkeztu zituzten gaiaren inguruan, eta, bestalde, udalerri eta mankomunitate ezberdinetako esperientzia praktikoak izan genituen aztergai; bertan izan genituen Usurbileko alkatea, Lea Artibaiko mankomunitateko lehendakari eta teknikariak eta Zamudioko udaletxeko teknikaria. Argi geratu zen fiskalitatea ezinbesteko tresna dela herri honetan beste hondakinen kudeaketa batera bidean trantsizioa egiteko.

 

 

Aurreakordioa lortu dugu Nafarroako Kirol Kudeaketako hitzarmenean

Hirugarren greba egunean lortu da adostasuna; larunbatean, hain zuzen ere. Joan den ostegunean abiatu genituen lanuzteak LAB, UGT eta LAB sindikatuok, hitzarmenik gabe bi urte eta erdi eman eta gero.
 

 

 

Osakidetzako EPEa euskaraz egitea, oztopoz jositako bidea

Zergatik azken urteetan ikasketak, osasun arloko ikasketak ere, euskaraz egin dituzten milaka eta milaka lagunetako gehienek Osakidetzako Enplegu Publiko eskaintzan azterketa gazteleraz egitea erabaki dute? Aukera eta erraztasun berdintasunik ba al dago azterketa gazteleraz zein euskaraz egiteko? Bistan da ezetz.

LAB sindikatuak Enplegu Publiko Eskaintza euskaraz egitea erabaki duen Mikel Legarreta erizainarengana (@JediTxikia Twitterren) jo du prozesua zuzen zuzenean bizi izan duen pertsona baten testigantza jasotzeko asmoz. Hitz gutxitan egoeraren gordintasuna azaldu digu. Eskerrik asko Mikel zure koherentziagatik eta egoera hain garbi azaltzeagatik.

Ikasketak euskaraz burutu dituztenak eta, hortaz, osasun arloko gaiak euskaraz lantzen ohituak daudenak, Osakidetza euskalduntzeko indargune preziatutzat hartu beharko lirateke. Naturalki euskaraz ikasi eta lan egiteko ohitura duten lagun guzti hauek etorkizuneko Osakidetza euskaldunaren oinarria izan beharko lirateke. Ezin larriagoa da 0 minututik (Enplegu Publiko Eskaintza) jende guzti honi euskaraz lan egiteko trabak jarri, hizkuntz ohiturak aldatu arazi, eta indargune hau zakarretara botatzea.

EPEa prestatzeko Osakidetzak emandako bibliografia ia guztia gazteleraz soilik dago. Nola egin azterketa euskaraz, ikasi nahitaez gazteleraz egin behar baduzu? Euskaraz egitea erabaki dutenen erabakia eredugarria da, baina onartezina da egin arazten zaien gain-esfortzua.

Zenbaitzutan beste traba gehigarri bat agertzen da: Euskarazko azterketetan galderak ez dira beti behar bezain ongi ulertzen edota nahasteko arriskua izaten dute. Izan ere, azterketako galderak gazteleraz prestatzen dituzte eta batzuetan euskarazko itzulpenak hala moduzkoak izan dira.

Hizkuntz ohiturak urratzeaz gain, azterketa euskaraz egitea erabaki dutenak diskriminatzeaz gain, guzti hau astakeri eta zentzugabekeri ezin handiagoa da Osakidetzan euskara normalizatzearen ikuspegitik.

LAB sindikatuak berriro ere Osakidetzari eskatzen dio euskararen normalizazioa eman dadin, osasun zerbitzuetan euskaraz lan egin, bizi eta zerbitzua jasotzea posible izan dadin, beharrezkoak diren neurriak hartu ditzala premiaz.
 

 

 

Periko Solabarria gogoan, bere heriotzaren hirugarren urtemugan

Periko Solabarriari omenaldia egin zioten larunbatean, bere heriotzaren hirugarren urteurrenean, Barakaldoko Rontegi zubian. Hain zuzen ere, bertan osatu dute berriro bere horma-irudia, udazkenean pairatutako erasoaren ondoren.  

Periko Solabarria erreferente bat da. Ez zen inoiz borrokatik jubilatu, inoiz ez zen baztertuen aldeko borrokatik jubilatu, eta horrek eraman du egon den lekuetan hain maitatua izatera. Larunbatean egin zioten omenaldia horren isla izan zen.
 

 

 

Indarkeria sexista lehen mailako arazo politikotzat har dezaten exijitu du Emakumeon Mundu Martxak

Sophia Losche 28 urteko emakumea eta migratzaileen aldeko aktibista alemaniarra zenaren gorpua aurkitu dute Asparrenako gasolindegi baten ondoan. Berri hau Manada kasuko epaituak kalera aterako direla jakin dugun egun berean gertatu da.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak igorritako oharra:

Beste behin ere emakume bat eraila izan da eta Euskal Herrian agertu da bere gorpua. Izan ere, Sophia Losche 28 urteko emakumea eta migratzaileen aldeko aktibista alemaniarra zenaren gorpua aurkitu zuten atzo ekainaren 21ean Asparrenako gasolindegi baten ondoan. Politika munduko aktibista zen, unibertsitateko partidu sozialdemokratako presidentea izan zen bi urtez eta 2016tik dagoen errefusiatuen krisian Borders Kitchen izeneko gobernuz kanpoko erakunde batean bolunatrio moduan lanean egon zen Lesbosen. Eta berri hau Manada kasuko epaituak kalera aterako direla jakin dugun egun beran gertatu da.

Beste behien ere emakumeok kalean libre eta aske izateko ditugun oztopoak agerian geratu dira. Baita juztizia patriarkala dela, erasotzaileak kalean daude epaia egon arren hau irmoa ez dela argudiatuz, naiz eta badauden bitartekoak hau gerta ez dadin.

Nazkatuta gaude erasotuak eta erailak izateaz! Indarkeria sexitari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu.

Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!

 

 

 

Administrazioko burutzak eskuratzeko prozesuan benetako berdintasuna eskatu diogu Nafarroako Gobernuari

LAB sindikatuak batzar-elkarretaratzea egin du gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren parean, Administrazioko burutzak eskuratzeko prozesuetan langile publiko guztiek aukera berdinak izan dezaten exijitzeko.

Administrazioko burutzak eskuratzeko merezimendu-lehiaketa hasiera-hasieratik ustelduta egon da, LABen ustez. Eta porrotaren erakusle nabarmena da burutzak betetzeko deialdiak langileen artean izan duen oihartzun eskasa. Izan ere, gaur egun burutza duten pertsonek memoriak egiteko eta lehiaketa irabazteko tenorean abantaila handia daukatenez, deituriko burutza gehienetan pertsona bakarra aurkeztu egin da lehiaketara: gaur egungo burua.

Hasiera batetik Administrazioko egitura berrantolatzen eta arrazionalizatzen hasi behar zen, zentzugabeko burutzak kendu ahal izateko. Burutza askori inposatutako baldintzei dagokienez, erran behar dugu justifikatu gabe daudela, arbitrario eta klasista direla eta langile gehienak aurkeztu ahal izatea oztopatzen dutela. Eta gainera ezin da ahaztu, bai UPNren garaian, bai gaur egungo gobernuarekin, burutza gehienak “digitalki” izendatuak izan direla.

 

 

 

Lan eta bizi duinaren alde egiten duten langile guztiei dei egin diegu hauteskunde sindikalen epealdi trinkoaren atarian

0

"Sindikalgintza inoiz baino beharrezkoagoa da; ez edozein sindikalgintza, ordea. LAB garai honi aurre egiteko prest eta prestatua dagoen sindikatua da", nabarmendu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak.

LABek bere erronken berri eman du gaur, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoari begira. Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Antolakuntza arduradun Izaskun Garciak eta Eraketa arduradun Dabid Lizarraldek hartu dute parte agerraldian, eta LAB langileen egoerari irtenbideak emateko proiektu sindikal hoberena dela berretsi dute.

Hain zuzen ere, kontrabotere sindikalgintza, sindikalgintza soziopolitikoa eta eredu sindikal berritua direla gure ardatzak azpimarratu dugu. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "sistemak negoziazio kolektiboaren muga eta elkarrizketa sozialeko mahai antzuetan nahi gaitu. Kontzertazio sindikalgintzaren porrota begi bistakoa da. Borroka da bidea, borrokaren bidez akordio duinak lortu ditugu. LAB bere sorreratik bere eredu sindikala kontraboterean oinarritu duen sindikatu bakarra da. Sortu eta hazi eredu sindikal koherente berberaren baitan egin dugu".

Mobilizazio soziala eta borrokak non, LAB han. "Mobilizazio soziala bizirik dago eta LABek garrantzia izan du borroka horietan guztietan, pentsionisten plataformekin, mugimendu feministarekin, Gure Esku Dago dinamikarekin edota Altsasuko auzipetuen aldeko mugimenduarekin eskuz esku aritu izan da. Lantokietan ere, ordezkaritza dugun lekuetan parte hartu dugu", azaldu du.

Sindikalgintza soziopolitikoari dagokionez, eraldaketa sozialaren alde borrokatzen dugu eta eraldaketa sozialerako behar beharrezkoa den aldaketa politikoaren alde borrokatzen dugu: "Gaur egungo instituzioen politika publikoak aldatzeko borrokatzen dugu eta burujabetzaren alde borrokatzen dugu, eraldaketa sozial erabatekorik ez dagoelako erabakitzeko eskubiderik gabe".

Eskaintza sindikal sendoa dugula esan du Garbiñe Aranburuk, eta eredu sindikala berritu dugula gogoratu du, helburu hauekin:

-Langileon lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka, sortzen den aberastasuna birbanatzeko borroka eraginkortu, patronalaren eta instituzioen aurrean gure eragin gaitasuna handituz.
-Lan guztiak aitortzeko borroka egiten dugu. Zaintza lanak ezin dute ikusezinak izaten jarraitu eta emakumeon bizkar gainean erori. Emakumeok bigarren mailako langile bilakatzen gaituen lanaren sexuen araberako antolaketaren aurka borrokatzen dugu.
-Ohiko lan mundutik harago dauden kolektibo desberdinei egiteko badugu eskaintza: etxeko langileak, autonomo faltsuak, bekadunak, migranteak….

Azken batean, LABen helburua eraldaketa sozialean sakontzea da, langileon bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta Euskal Herriko jendarte osoari bizitza duina bermatzea. "Langileekin eskuz esku aritzen gara, beraien kezka, lehentasunak eta beharrak entzun eta araberako proposamen sindikalak zehazten ditugu, langileen bidelagun gara", azpimarratu du Garbiñe Aranburuk. Hala, hauteskunde sindikalak bide horretan urratsak emateko baliatu nahi ditugula adierazi du, eta epealdi trinkorako ezarritako erronkak zehaztu ditu:

-Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren postua egonkortu, CCOOekiko aldea handituz.
-Nafarroan, %16a gainditzea dugu helburu.
-Belaunaldi berriak eta emakumeak ordezkaritzan parekidetasuna lortzea dugu helburu (40-60).
-Hego Euskal Herrian, aurreko hauteskunde sindikaletan UGT gainditu genuen eta hirugarren sindikatua, oraingoan bigarren sindikatu izatetik gertuago kokatu, epe motz-ertainean bigarren izateko.
-Ipar Euskal Herrian ordezkaritza handitzea da helburua.

Indartsu eta osasuntsu
LABek indartsu eta osasuntsu ekingo die hauteskunde sindikalei: 4.000 ordezkari pasatxo ditu (4.150) eta 40.000 afiliatu baino gehiago (41.368).

Sindikatu feminista bilakatzeko hartutako erabakiak eta emandako urratsak fruituak ematen ari dira:

-Zuzendaritza marko guztiak parekideak
-Ordezkaritzaren %36 emakumezkoak
-Afiliazioaren %42 emakumezkoak

Aurreko hauteskunde sindikalen epealdi trinkoaren emaitzak kontuan izanik, gure goranzko joera agerikoa da:

-EAEn, %18ko langa pasatuta bukatu genuen orain 4 urte, eta egun ia %19an gaude.
-Nafarroan bilakaera izugarria izan da, ia %14 izatetik %16ra hurbildu gara.
-Hego Euskal Herrian, beraz, %17 pasatxoko ordezkaritza izatetik %18 gainditzera iritsi gara. Hirugarren sindikatua gara, bigarrenarekiko 2 puntura.

Orain aukera berri bat dugu emaitza hauek hobetu eta LABen proiektua indartzeko. Lantokiz lantoki langile guztien eskubideak eta beharrak defendatuz, alternatiba sozial eta ekonomikoa sustatzeko. Aldaketa nahi duten langileen sindikatua gara. Langile inkonformistak. Borrokalariak. Horrenbestez, lan eta bizi duina lortzeko bidean bat egiten duten langile guztien BIDELAGUNA izango da LAB.
 

 

 

Erabateko jarraipena izan dute hitzamen duinaren alde SAMMICeko langileek egindako lehen greba egunek

0

Greba egun bi egin dituzte Azkoitiko SAMMIC SLko langileek hitzarmen duinaren alde. 140 langile ditu enpresak eta ostalaritzako makineria industriala egiten dute.

Ekainaren 11an egin zuten langileek asanblada eta honek langile-batzordeak eramandako proposamen bateratua onartu zuen, baiezko 105 bozkarekin, 15 ezezkorekin eta 5 boto zurirekin.

SAMMIC-eko langile batzordean LABeko 5 delegatu daude eta ELAko 4. Langile- batzordeak egindako greba-egutegiaren arabera, atzo eta gaur izan dira lehen greba egunak %100eko erabateko jarraipena izan dutenak.

Bi egun hauez gain, grebak deitu dituzte datorren asteko astearte, asteazken eta ostegunean, 26tik 28ra, hain zuzuen ere. Egoera konponduko ez balitz, greba mugagabera joko lukete uztailaren 2tik aurrera.

2017ko abenduaren 31n amaitu zen sinatuta zeukaten itunaren indarraldia. Langile- batzordeak iazko azaroan eman zion bere Hitzarmen proposamena enpresako zuzendaritzari. Ordutik negoziazioa martxan dagoela esan liteke, nahiz eta enpresaren lehenengo erantzuna oso berandu iritsi zen. Langileen partetik uneoro izan da proposamena puntuz puntu aztertu eta edozein gairen inguruan hitz eginez, akordiora iristeko borondatea.

Enpresaren jarrera oso ezkorra izan da ordea, hasieratik. Ez du inoiz langile-batzordearen proposamenaren inguruan hitz egiteko borondaterik erakutsi. Berak aukeratutako puntu batzuen inguruan hitz egiteko prest bakarrik agertu izan da.

Blokeo egoerak gainditzeko saiakerak asko izan diren arren, orain arteko denak ezinezkoak izan dira. Horregatik erabaki zuen langile-batzordeak greba proposamena asanbleara eramatea. Garbi ikusi da langileek hitzarmen duin baten beharra ikusten dutela eta horretarako prest daudela, emaitzak ikustea besterik ez dago).

Enpresari pasa den asteko asteartean, ekainaren 12an, egin zitzaion greba deialdiaren jakinarazpena. Oraingoz ez da bere erantzun edo proposamenik izan.