2025-12-23
Blog Page 78

Nafarroako etxeko langileek asanblada irekia egin zuten larunbatean Iruñeko gure egoitzan

Antolatzea erabaki dute eta baita urte luzez ukatu zaizkien eskubideak elkarrekin aldarrikatzea ere. Nafarroan ez ezik, Bizkaia eta Gipuzkoan ere antolatu ditu LABek antzerako espazioak

Batzar irekia da sindikatuaren babesarekin egingo dituzten ekintzak erabakitzeko lehen urratsa. Hemendik aurrera, etxeak ez dira izango entzunak izango diren leku bakarra.

Gora etxeko langileen borroka!

Eusko Jaurlaritzak langile eta familiei bidalitako gutunaren aurrean, greba da bidea

LAB, STEILAS, ELA, eta CCOO sindikatuok salatu nahi dugu EAEko Hezkuntza Sailak izandako jokabidea unibertsitatez kanpoko irakasleen sektorean deitu ditugun lau greba egunen aurrean. Oso larria iruditzen zaigu Hezkuntza sailak irakasleen eta familien posta pertsonala erabili izana propaganda egiteko, familiak irakasleon kontra jartzeko eta grebak baldintzatzeko.

Propagandatik harago, hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzekin gertatzen ari dena Eusko Jaurlaritzak gure herriko hezkuntza publikoa indartzeko duen borondate eskasaren adibide garbia da. Hamabost urte luze dira jada gure lan-baldintzak arautzen dituen akordioa berritzen ez dela. Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik izan hamabost urte luze hauetan, gurekin, bere langile garenokin, lan-akordio arautzailerik sinatzeko. Erakunde publikoek eredu izan beharko luketen horretan, Hezkuntza Sailak hamabost urte luzeko atzerapena darama.

Bestetik, gutunean hizpide izan dute egungo negoziaketaren nondik norakoa. Argi dago sindikatuok Hezkuntza Sailarekin negoziatzeko borondatea dugula, inork ez du halakorik ukatu, eta horrela jakinarazi diegu langileei asanbladetan greben zergatia azaltzerakoan. Asanbladaz asanblada ari gara azaltzen negoziaketa nolakoa izaten ari den eta zergatik den beharrezkoa greba dinamika hau. Aurrerantzean ere, langileekin ikastetxeetan bertan, eta ez gutun elektroniko bidez, gutunean Hezkuntza Sailak zerrendatutakoek non dituzten hutsune nabarmenak, konkrezio gabeziak eta abarrak azaltzen jarraituko dugu. Era berean, borrokan jarraituko dugu aipatu ere egin ez dituzten horien alde.

Ikastetxeetako batzarrez gain, mahai negoziatzaileetara joaten jarraitzen dugu nahiz eta mahai horietan edukirik ez egon. Hezkuntza Sailak agerian utzi du mahaiak eta bilerak langileekin negoziatzeko eta adostasunak lortzeko erabili beharrean, negoziaketa itxura emateko eta bere burua justifikatzeko tresna gisa erabiltzeko hautua egin duela.

Hezkuntza Sailak argi utzi digu ez duela dirurik inbertituko gure lan-baldintzak hobetzeko, eta ondorioz, hezkuntza publikoa indartzeko. Begi-bistakoa da, hortaz, borondate kontua dela, oraingoan ere. Ez dezagun ahaztu lan-baldintzak eta hezkuntza kalitatea txanpon beraren bi aldeak direla.

Honengatik guztiagatik, irakasleei eta familiei eskatzen dizuegu ez diezaiozuen biderik eman Hezkuntza Sailak gutunaren bidez bere burua justifikatzeko ariketa nabarmen honi. Familiek egunero-egunero ikusten duzue eskolako errealitatea eta ez dizuete gutun bidez ezer azaldu orain arte. Zuek, familiek harreman zuzena duzue hezkuntza publikoaren errealitatearekin eta horregatik ziur gaude greba hauen bidez elkarrekin borrokatuko dugula. Irakasleok ere egunez egun jasaten dugu gure ikastetxeetako lanpostuetan Hezkuntza Sailak duen utzikeria. Ez digute gutun bidez ezer azaldu behar, gu ere benetako errealitateaz jakitun baikara.

Batasun sindikala lortu dugu greba hauen aurrean. LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuak batu egin gara, langileok askotan eskatu diguzuen moduan. Batu egin gara negoziaketak hutsalak direla denok ziurtatu dezakegulako. Lau sindikatuok deia egiten dugu grebara aho batez, eta ziur gara kaleak beteko ditugula.

CSS Confederazione Intersindicale Sardaren 40. urteurreneko ekitaldietan izan gara, sindikalismo soberanista indartzeko helburuarekin

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra eta Koldo Saenz Nazioarteko Harremanen Cagliarin (Sardinia) izan dira asteburuan, Confederaziono Intersindicale Sarda (CSS) bertako sindikatuaren 40. urteurreneko ekitaldietan.

Atzo egindako hitzartzean, klase sindikatu soberanisten artean aliantzak indartzearen garrantzia nabarmendu zuen Aranburuk, LAB zein CSS kide moduan dituen Estaturik gabeko Nazioen Sindikatuen Plataforman lan eginez. Balioa eman zien LAB eta CSSren arteko urte luzetako harremanei: “bi klase-sindikatu gara, estaturik gabeko nazioetako bi sindikatu”.

LABek ospatu berri duen 50. urteurrenaren harira, sindikatuak bere sorreratik izan duen kontrabotere izaera azpimarratu zuen Aranburuk, sindikalismo feminista, antirrazista eta ekosozialaren alde eginez.

Trump, Milei, Le Pen, Meloni eta Abascal bezalakoek gorpuzten duten ultraeskuinaren gorakadaren aurrean aurrean, nabarmendu zuen kapitalismoaren aurreko alternatibak sortzea tokiko eremutik indartu behar den kontu globala dela. “Ezkerra eta sindikatu soberanistak gara herri-sektoreei alternatiba bat eman behar diegunak”, gaineratu zuen, “kontrabotere sindikalismoa praktikan jarriz, lan zentroetan zein kaleetan borrokak aktibatuz”.

Beste alde batetik, larunbatean konferentzia bat egin zen “Gerra eta bakea, sindikatuon egitekoa eta nazioarteko koordinazioa” izenburupean. Jasangarria izango den ekoizpen eredua defendatu zen bertan, giza eskubideen urraketen konplize izango ez dena eta lan baldintza onak dituen eredu bat aldarrikatuz. Sardiniako langileek ez dute genozidioak egiteko erabiliko diren armarik esportatu nahi eta bertako enpresek bizitza eta lurraldea defendatzea nahi dute.

Lanuzteak Borg Automotiven langileei inposatu nahi dieten lan baldintzen funtsezko aldaketaren aurrean

Noaingo enpresako langileek urtarrilaren 16an hasi zituzten lanuzteak (2 ordutakoak txanda bakoitzean) eta datorren astelehenean ere egingo dituzte.

Enpresa batzordeak (LAB, UGT, ELA eta CCOO) salatzen du 150 langileri eragingo diela txandakako lanaldien ezarpenak. Egoera honek ez du soilik langileen lan- eta familia-bizitza uztartzea arriskuan jartzen, eta desplazamendu gastuak ere nabarmen handituko ditu, izan ere, askok ezin izango dute orain arte bezala, ibilgailua partekatu.

Enpresak lan-kargaren hazkunde esponentziala aipatuz justifikatzen ditu enpresak aldaketak. Hala ere, enpresa-batzordeak uste du aldaketa hauek ezin direla aldebakartasunetik inposatu, horrek lan-egutegiaren banaketan modu nabarmenean eragina izango duelako. Uste du arrazoizkoa dela akordio bat bilatzea, besteak beste, honakoak jasoko dituena: lan-egutegiaren banaketa egokiagoa, urteko lanaldia murriztea, lan- eta familia-bizitza uztartzerako ordu gehiago ematea eta txandakatze aldaketengatik osagarriak ezartzea.

Enpresa-batzordetik babesa eskertzen dute langileentzat hain garrantzitsua den momentu hauetan. Guztien mesederako irtenbideak bilatzeko konpromisoa adierazten du, enpresako zuzendaritzarekin elkarrizketa irekia mantentzeko asmoa duela gaineratuz.

Salatzen dugu Mikel Sanchezen fitxaketa EAEko Osasun Sailak Mutualiari egindako mesedeen ordainetan dela

Mutualiak fitxatu du Mikel Sanchez Osasun Saileko goi kargua izandakoa.

Joan zen 2022ko maiatzean LABek salatu zuen EAJ eta PSEren eskuetan dagoen Jaurlaritzak langileon historia klinikora sarbidea oparitu ziola Mutualiari, EAJren orbitako mutualitate enpresarialari.

Osakidetzak, diru publikoz, herritarraren bizitza osoan garatutako historia klinikoa elkarte enpresarialari oparitzeak arrisku nabarmenak ditu langilearentzat, bere bizitzako edozein osasun arazo edo pasarte erabili baitezake enpresak laneko gaixotasun bat ukatzeko.

Arartekoak berak salatu zuen historia klinikoak ematea baimentzea presiopean sinatu ohi dutela langileek eta ez dela bidezkoa praxi horrekin jarraitzea, aukerak berak langilearen ahuldadea baliatzen duela alegia.

EAJ eta PSEren gobernuak eginiko opari horrek ordaina izan du, ate birakarien soldata oparoak hain zuzen. Kontuan izan behar da Mutualiak kudeatzen duen diruaren %100 publikoa dela, baina erabakiak enpresariek hartzen dituztela euren interesen babesean. Orain, Mikel Sanchezek soldata oparoa jasoko du, diru publikoa, enpresariz osatutako administrazio kontseilu baten erabakiz.

EAEko hezkuntza publikoko greba zikloa erregistratu dugu

EAEko Hezkuntza sailari lan zamak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortu eta bermatzeko zein lan osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurriak eskatzen dizkiogu.

Gaur, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean Hezkuntza publikoan aritzen diren Sukalde eta Garbiketako, Haurreskolak Partzuergoko langile zein Irakasleen greba dinamika erregistratu dugu.

EAEko Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoa indartu eta inbertsioa publikoa handitu dezan exijitu diogu, langileen lan-baldintzak hobetu eta eskola publikoa erdigunean jarri dezan. Izan ere, arestian aipatutako kolektiboetako lan hitzarmenak iraungita daude, Hezkuntza sailak, berria izanik ere aldebakarrez hartutako erabakiak hartzen jarraitzen du langile zein hezkuntza komunitatearen kalteetan, eta sindikatuon eskaerei muzin eginez eduki nahikorik gabe negoziazio mahaiak deitzen jarraitzen du.

2009koak dira Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketa alorreko zein Sukalde eta Garbiketako langileen hitzarmenak, eta 2010ekoa irakasleena. Beraz, 15 urte luzeren ondoren, bada garaia lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatu, atzerapausoak bertan behera utzi eta langileon lan baldintzak hobetzeko.

Nahiz eta kolektibo bakoitzarentzat aldarrikapen zehatzak izan, badira sindikatuek adostutako zazpi aldarrikapen bateratu: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea.

Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.

Beraz, irakasleak urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26 eta 27an; Haurreskolak Partzuergoko langileak urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an; eta Sukalde eta Garbiketako langileak urtarrilaren 30 eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an mobilizatzera deitu ditugu.

Greba egunez gain ostiraletan ere mobilizatu dinamika martxan jarri dugu gaurdanik, ikastexeetan mobilizazioak deituz.

Hezkuntza publikoko langileei greba eta mobilizazio hauek babesteko deia luzatu diegu. Izan ere, mobilizazioen eskutik etorriko da sindikatuok adostutako aldarrikapenak lortzeko negoziaketa erreala.

Hego Euskal Herriko langile publikoek eros ahalmena galtzen jarraitzen dute

2024ko soldatak %0,5 gehiago igoko dira, %2,5 guztira, KPIa EAEn %3,6 eta Nafarroan %2,7 izan direnean.

Beste behin Madrilen ezarritako soldata igoerak aplikatuko zaizkie Hego Euskal Herriko langile publikoei, hemengo erakundeen konplizitate eta ildo beretik jarraitzearekin.

2024ko soldatak %0,5 igoko zaizkie langile publikoei, hau da %2,5 orotara, eta beraz aurreko urteetan galdutako eros ahalmenari beste koska bat gehituz. Konkretuki, 2008ko krisialdiaz geroztik pilatu zaien eros ahalmen galerari %1,1eko galera pilatuko zaie EAEko langile publikoei 2024an, eta %0,2a Nafarroakoei, jada %20 inguruan geratuko delarik.

Langile publikoen eros ahalmenaren galerak ez du etenik izango, gure erakundeak, Jaurlaritza eta Nafar Gobernua buru, oso eroso baitaude Madriletik agintzen dena aplikatuz. Negoziazio mahaiak edukiz hustu eta aldebakarrez soldatak zein enpleguari lotutako beste hainbat neurri eta muga inposatzen dizkiete; birjartze tasa eta behin-behinekotasun tasa altuak, esaterako. Horren adibide Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak azken mahai orokorretan esandakoa, 2025erako Madrilek ezartzen duen igoera aplikatuko zutela soilik.

Euskal langile publikoek ez dute de facto negoziazio kolektibokorako eskubiderik. Gure erakundeek Madrilek agindutakoa aplikatzen dute erosotasun guztiaz, eta ez dute inongo borondaterik hemen beste bide batzuk jorratzeko, ez eta negoziatzeko ere. Legez beste aukerarik ez dagoela esaten diguten arren, horren atzean benetan dagoena da langileen lan baldintzak hobetzeko borondate falta. Izan ere, aurreko ikasturtean EAEko funtzio publikoko langileok egindako greba eta mobilizazio dinamikaren bitartez lortu genuen alderdi batzuk mugimenduak egitea, baina argi geratzen ari da EAJk eta ez PSOEk ere, ez dutela inolako borondaterik Hego Euskal Herriko langile publikoek bertan erabaki eta adostu dezaten soldata eta enpleguari loturiko ezer.

EAJ eta PSNren politika neoliberalak aplikatzen jarraitzeko Madrili men egitea oso ondo datorkie, eta tartean langile publikoek eros ahalmena galtzen jarraitzen dute, jada %20tik gorakoa; enplegua sortzeko mugak jartzen dizkiete birjartze-tasaren bitartez; edota behin-behinekotasun tasa altuekin jarraitzen dute, sektore guztietan Europak zehazturiko behin-behinekotasun tasaren %8ra oraingoz iritsi ez garelarik.

Pasa den kurtsoan, EAEn, hemen erabaki ahal izatea aldarrikatuz hiru greba egun egin ziren. Aurreko urtean Nafarroan ere grebak egon ziren Nafarroan erabakitzea aldarrikatuz. Beste behin, langileen aldarrikapenei lepoa ematen ari dira.

Aldarrikatzen dugu behingoz hemen negoziatzea, mugarik gabe, eta hemen adostea euskal langile publikoei dagozkien gai guztiak; hori lortzeko bideak eta aldaketak egitea eta jorratzea exijitzen dugu. LABek, bitartean, aldarrikapen horien defentsan borrokan jarraituko du.

Elgoibarreko Modeltek enpresako langile baten kaleratzea salatu dugu

Gaur egindako elkarretaratzean lan-baldintza duinak eta Gipuzkoako egurgintzako hitzarmenaren aplikazioa ere defendatu ditugu.

Iazko abenduan Modeltek enpresan langile bat kaleratua izan zen 2024ko egurgintzako hitzarmen berria aplikatzea eskatzeagatik.

2024ko udan sinatu zuen LABek egurgintzako sektoreko Gipuzkoako hitzarmena, duela urte asko erorita zegoena eta sindikatuarentzat lehentasun bat zena.

Udazkenean, langileak egurgintzako hitzarmen berriko hainbat onura aplikatzea eskatu (GEROAko ekarpenak, Garraio plusa…) eta, ondorioz, enpresak langilea kaleratzea erabaki zuen.

Nahiz eta enpresak argudio ekonomikoak erabili, LABen argi daukagu kaleratzea eskubideak erreklamatzearen ondorio zuzena dela eta ez dago onartzeko prest.

LAB prest dago lanpostu duinak eta egurgintzako hitzarmenaren aplikazioa Gipuzkoa osoan defendatzeko eta horrela aldarrikatu dugu gaurkoan.

Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu dituen “J’accuse” kanpainatik urtarrilaren 26an modu masiboan Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute

Europako zein Frantziako eta Espainiako Estatuetako migrazio politikak akusatzeko autoinkulpazio kanpaina abiatu zuten azaro amaieran eta harekin bat egin dute hamarnaka eragile eta norbanakok.

Urtarrilaren 28an, Baionako epaitegian, 7 herritarrek etorkin batzuei beren migrazio prozesuan babesa ematea eta talde antolatuko kide izateko akusazioari aurre egin beharko diote. Haien aurkako epaiketa, 2024ko Korrika egunean Irun eta Hendaia arteko zubia migrazio prozesuan ziren 36 pertsonekin batera igarotzeko ekintzan oinarritzen da.

Orduko ekintza hura hamarnaka eragile sindikal, sozial eta politikok bere egin zuten, “desobedientzia ariketa honekin Euskal Herria Harrera Herria izan nahi duela aldarrikatzeko”. Izan ere, gutxienez 9 dira haien migrazio prozesuan Bidasoako muga zeharkatzerakoan hil diren pertsonak. Europar migrazio politika arrazista eta hiltzaileak egin dituzte egoera honen erantzule J’accuse plataformaren baitan antolatu direnak. “Sei hilabetero aitzakia berri bat asmatzen du Frantziar Gobernuak muga ixteko. Horrela, kontrol arrazistak ezarri, eta migrazioan diren pertsonen ibilbidea jazartzen du, askotan hiltzera ere kondenatuz”.

Ezaguna da Irun eta Hendaia inguruetan ehunka direla elkartasuna antolatu eta migrazio politika ankerrei aurre egiten dieten boluntario konprometituak. Agintari politikoek eta haien legea betearazten duten polizien jazarpenaren aurrean, igarobide seguruen alde egin eta berauek eraikitzeko konpromisoa duten ekintzaileak dira. “Mugak apurtu eta zubiak eraikitzea aldarrikatzen dugu”.

Horregatik, epaiketaren karietara, hamarnaka eragile elkartu dira eta urtarrilaren 28an elkartasuna baino, migrazio politikak eta hauen atzean dauden agintariak akusatuen aulkian egon beharko luketela galdegiteko kanpaina jarri dute martxan: J’accuse.

Modu fisikoan, izen abizen eta nortasun agiria jarriz bat egindako 1.000 herritarren eta hainbat eragileren babesa jaso dute dagoeneko. “Oraindik izenpetzeko aukera dago, besteren artean urtarrilaren 26an egingo dugun mobilizazio jendetsuan ere”. Horrela, epaiketa baino bi egun lehenago, urtarrilaren 26an, Ficobatik goizeko 11:30ean aterako den manifestaziorako deia egin dute. Euskal Herriko hainbat txokotatik autobusak antolatzen ari dira, besteak beste Bilbo, Iruñea edota Durangaldetik.

“Urtarrilaren 26an milaka izango gara egungo migrazio politikak salatzeko Bidasoako muga zeharkatuko dugunak.” Modu berean, kanpaina finantzatzen laguntzeko aukera ere izango du hala nahi duenak —manifestazioan adieraziko da modua— eta aurreratu dute epaiketa egunean ere 13:00ean Baionako epaitegi aitzinean mobilizazioa egingo dutela jasotako autoinkulpazio guztiak epaitegiaren atarira eramateko.