2026-01-22
Blog Page 756

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuak bidezko lan-baldintzak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean

0

Langileak Gasteizen elkarretaratu dira Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzarekin negoziazio zuzena exijitzeko, zerbitzuak pairatzen dituen benetako arazoak konpontzeko.

Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko Langileen Batzordea, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratu da Gasteizen. “Zerbitzuko Zuzendariak errealitatea ukatzen du eta errespetua galdu digu. Zuzendaritza honek negoziatzeko gaitasunik ez duela uste dugu eta, horregatik, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaria den Juan Carlos Sotorekin elkarrizketak hasteko eskaria egin dugu”, adierazi dute sindikatuek.

Langile Batzorde guztiaren oniritziarekin, defizitarioa zen 2018ko egutegi inposatua gaitzesteko mobilizazioak abiarazi ziren. “Langileon parte-hartze eta babesari esker, egutegiok atzera botatzea lortu zen. Horrekin batera, egungo arazo eta ezinegonei konponbidea emateko, zuzendaritzarekin bilerak hasi genituen”, azaldu dute sindikatuek.

Emergentzietako zuzendaritzak, zerbitzuaren egoera guztia berraztertzeko konpromisoa hartu zuen. Langileen Batzordeak, prozesu horretan, gutxienez honako gai hauek defendatu nahi zituen:

• Emergentzietako osagarria langile guztientzat.
• Koordinazio eta erantzukizun osagarria, koordinazio lanak egiten dituzten langile guztientzat. Manutentzioa, ordutegia eta atsedenak.
• Aldi baterako langileentzat egonkortasuna.
• Urteko egutegiaren negoziazioa.
• Informazioa transmititzeko denboraren aitorpena (txandartekoa)
• Formakuntza jarraia ugaritzea, lan orduetan izanda.
• Sakabanatze geografikoa, egutegiagatik, base batetik bestera ibili behar dutenentzat.
• Laneko arropa egokia.
• Lanpostu funtzionalen berrikuspena eta balorazio objektiboa. Emergentzietako arriskuagatiko balorazioa kontuan hartuz.

Martxoaren amaieran, sindikatuek negoziazioak apurtu zituzten. Izan ere, Emergentzietako Zuzendaritzak ez zuen txandartekoa aitortu nahi, dagoeneko langile guztiek egiten duten arren. “Beste gaiak lantzen jarraitzeko gutxienekoa zen txandartekoa eta ez gerenteak bere eskutitzean aipatzen dituen hiru gaietan bakarrik”, argitu du Emergentzietako Langileen Batzordeak.

“Negoziazioen hausturaren ondoren eta Emergentzietako Zuzendariaren errespetugabeko jarrera manipulatzailea ikusita, protesta ekintzekin jarraituko dugu bidezko lan-baldintzak eskatzeko”, ohartarazi dute sindikatuek.

 

 

 

Lantokietan sexu aniztasuna bermatzeko protokoloa berritu dugu

Urteak dira LAB askatasun sexualarekin konprometituta dagoela eta aitzindaria izan da lantokietan aniztasun sexuala askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokolo bat egiten, langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabil dezaten. Bada, LGTBI+fobiaren aurrean beste pauso bat eman dugu, eta lantokietan sexu aniztasuna bermatzeko gida eta protokoloaren edizio berritua aurkeztu dugu gaur. Lehena 2015ean egin genuen. 

Gaur, ekainak 28, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna da. Egun garrantzitsua eta azkenego urteetan kapitalismo larrosaz desitxuratu nahi izan dute. Aurten arreta berezia jarri nahi dugu lan munduan bisibilizazioa bultzatzen eta langile trans*en egoera ezagutarazi eta lan munduan neurri zehatzak sustatzen.

Badira urteak LAB askatasun sexualarekin konprometitu zena eta aitzindaria izan da ere Lantokietan Aniztasun sexuala askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokolo bat egiten, langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabili ditzaten. Apirilaren 26rako sozializazio kanpaina burutu genuen lesbianak lantokietan ere ikusgarriak izan daitezen, Hazte Oir-en gorrotoaren autobusa Euskal Herrira sartu orduko, ongi etorriak ez zirela adierazi genien beste hainbat eragile sozial eta herritarrekin batera.

Lan munduan, LGTBI+ fobiaren kontrako borrokan ere aurrerapausoak eman ditugu eta eta hau salatzeko ekintza sindikala martxan jarri dugu. Lan munduan ematen diren diskriminazio eta indarkeria kasuak salatzea ezinbestekoa da.

Eta gure afiliazio fitxan, beste gorputz edo identitateekin aitortzeko aukera ematen da.

Eta langile guztiok ezberdinak garenez, errealitate guztiak kontutan hartuko dituen neurri berritzaileak jaso ditugu aurkeztutako gidan eta negoziazio kolektiboaren txostenean:

Kolektibo guztientzako neurriak eta klausulak proposatu ditugu:

-Enpresan aniztasuna kudeatzeko plangintzak burutzea.

-Sustapen, hezkuntza, abantaila sozial eta abar oztopatzen edo galarazten duen barneko edozein klausula edo arau deuseztatzea, zuzeneko edo zeharkako bazterkeria oro ezabatuko dela bermatzeko.

-LGTBI+fobia, arrisku psikosozialtzat hartuko da, eta arrazoi hauengatiko jazarpen laborala saihesteko neurriak hartuko dira.

-Sexu aniztasun edo identitateagatiko jazarpena hutsegitetzat hartuko da zigor prozeduran, larritasun eskala egokiaz.

-Familia baimenetarako gay, lesbiana, transexual eta bisexualen bikoteek osatzen dituzten familiak ere kontuan hartzea.

-Langileen Estatutuko 52.d artikuluak dakartzan kasuak zabaldu, ez daitezela absentismotzat jo trans* pertsonen trantsizio prozesuarekin zerikusia daukaten kontsultak, izapideak edo ezintasun iragankorrarekin zerikusia daukaten lanera hutsegiteak.

Gida eta protokoloaren azalpena eta egindako aldaketak
Trans-Lesbo-Homo-Bifobiak hamaika aurpegi ditu eta toki guztietan ematen da, baita lan munduan ere: behin eta berriz estereotipoak erabiliz, bizitza sexuala etengabe kuestionatuz, iseka eginez, umiliatuz,… Langile guztiok eskubide berdinen jabe izan beharko genuke, eta guztiok zuzenki edo zeharka diskriminatuak ez izateko eskubidea dugu kontratatu behar gaituztenean edo gure lanpostuetan. Badugu eskubidea gure intimitatea eta duintasuna errespeta dezaten, baita gure identitate eta orientazio sexuala ezkutuan behartuta ez bizitzeko ere, eta enpresek egoera diskriminatzaile hauek saihesteko eta prebenitzeko neurriak ezarri behar dituzte.

Nazio Komiteko kideen elkarretaratzea, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna dela eta.

Horretarako orain dela hiru urte gida eta protokoloa egin genuen eta aurten berritu egin dugu: trans* kolektiboari dagokionean sakondu dugu eta sexu joera kontutan hartzea baino, gorputz eta identitate anitzak kontutan hartu ditugu.

Langile Transen egoera
Gaur egun, nahiz eta Hego Euskal Herrian LGTBI+ kolektiboaren diskriminazioaren kontrako legeak egon, lan asko dago egiteko, batez ere lan munduan eta langile trans*ei begira. Sindikalgintzan oso berria den gaia da eta geu ere ikasten ari gara.

Langile trans*ei begira hiru momentu hartu behar ditugu kontuan:

-Trantsizioa egin baino lehen, enplegua galtzeko beldurra egoten da; hortaz, lanean identitatea ezkutuan bizitzen da eta trantsizioa egiteko momentuan atzeratu ohi da. Honek sekulako estres mailak eta arrisku psikosozialak sortzen ditu eta trataera atzeratzeak ondorio fisikoak izan ditzake.

-Trantsizioa egitean, baliteke lanpostua edo jardunaldia egokitu behar izatea eta kontsulta medikoetara joatea erraztu beharko litzateke eta izapide administratiboak egiteko baimena eman.

-Trantsizioa egin ostean. Jazarpen eta diskriminazioa areagotzen da. Oso kontuan hartzekoa da diskriminazio hau enplegua eskuratu orduko hasten dela.

Trantsiziotzat ulertuko dugu trans* pertsonak bere identitatea adieraztea eta bere identitatearen arabera bizitzea erabakitzen duenean. Zenbait kasutan trantsizio hau trataera medikoaz egingo da (hormonen trataera, kirurgia…), baina ez da zertan horrela izan.

Egoera eta momentuaren arabera, gure eskaerak aldatu egingo dira.

-Izena eta tratua: Identitatearen araberako izena erabiltzeko eskubidea. Hau bermatu behar da trans* pertsonak enpresari jakinarazten dion momentutik, dokumentazioan oraindik aldaketa aministratiboa egin ez bada ere, enpresaren komunikazio guztietan bere identitatearen araberako izena erabili beharko da (adibidez, posta elektronikoak, identifikazioak, e.a.).

-Komunak, uniformeak, laneko arropa, aldagelak… Trans* pertsonak eskubidea izan dezan bere identitatearen araberakoak erabiltzeko.

-Kontratazioa: Bermatu behar da trans* pertsonei ez zaiela enplegua ukatuko euren identitatea dela eta. Era berean, promoziorako eta karrera profesionalerako eskubide berberak izango dituztela.

-Gerta daitekeen egoera bat: gizon trans* batek erabaki lezake umea ekartzea. Gizon trans* bat haurdun egonez gero, emakume haurdun batek dauzkan eskubide, baimen eta lizentzia berberak izan beharko lituzke.

Langile klasean sentsibilizazio eta bisibilizazio lana egitea ezinbestekoa ikusten dugu eta horretarako, proposatu ditugun neurriak sustatuko ditugu.

Sistema honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Gure borroka ez da lantokietara mugatuko eta horregatik, Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta beraiekin aliantzak sortzen joatea ezinbestekoa ikusten dugu.

Lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu.

 

 

 
 

Gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin!

Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna izango da bihar, ekainak 28. Data honen harira, LABek aske eta duin bizitzearen alde borrokan jarraituko duela berretsi du.

Errejimen politiko heteropatriarkalak faxismo soziala hegemoniko bilakatu du. Zapaldu eta zapaltzaileen boterea markatzeko, arrazakeriaren edo indarkeria matxistaren, estrategia berdina darabilte aniztasun sexual eta generokoarekin. Jendartean, ezberdinenganako gorrotoa nagusitu dute, eta lantokiak jendartearen ispilu dira.

LABen, ez dugu onartzen genero edo sexu identitateagatik inongo bazterketa ez jazarpenik, ez dugu onartzen langileek euren burua, gorputzak eta identitateak ezin adieraztea beraien kideekin, patroiarekin, bezeroekin, ikasleekin, pazienteekin…

Borroka hau aspaldi hasi genuen sindikatuan: sexu aniztasuna bermatzeko gida eta protokoloa osatu genituen langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabili ditzaten; formakuntza saioak antolatu ditugu tresna hauen erabilera egokirako; apirilaren 26rako kanpaina burutu genuen lesbianak lantokietan ere ikusgarriak izan daitezen; Hazte Oir-en gorrotoaren autobusa Euskal Herrira sartu orduko, ongi etorriak ez zirela adierazi genien beste hainbat eragile sozial eta herritarrekin batera.

Ekainaren 28a kapitalismo larrosaz desitxuratu nahi dute, egun honen hastapenean, LGTBI+ mugimendua eta langileen arteko elkarlaneko borroka izan zen. LABetik aske eta duin bizitzearen alde borrokan jarraituko dugu, eta badugu plana sindikatuan, hori azaltzeko, ostegunean agerraldia egingo dugu.

 

 

 

Preso eta iheslarien aldeko manifestazioa egingo dugu Iruñean, ostiralean

Udaletxeko plazatik irtengo da mobilizazioa, 12:00etan.
 

 

 

Igande eta jai egunetako irekieren kontra mobilizatu gara Santutxuko Carrefourren atarian

Santutxuko Carrefour Express da igande eta jai-egunetan irekitzen duen saltokietako bat. Horren aurrean, elkarretaratze bat eta sinadura bilketa egin dugu Igande eta jai-egunetako irekieren kontrako sindikatuen plataformatik, auzoan zehar kontsumitzaileen artean gaiaren inguruko informazioa zabaltzeko helburuarekin.
 

 

 

Productos Tubulareseko zuzendaritzaren kargugabetzea eskatu dugu

0

Tubos Reunidoseko Akziodunen batzarra egin dute gaur, Bilbon, Guggenheimen. Talde honen barruan daude Productos Tubulares eta Tubos Reunidos enpresak, eta bertako langileek elkarretaratze bat egin dute batzarraren atarian. Hain zuzen ere, gutun bat helarazi diete akziodunei, langileak pairatzen ari diren errealitatearen berri emateko.

Hauxe da Tubos Reunidoseko akziodunei helarazitako gutuna:

TUBOS REUNIDOS SA taldearen akziodunen batzarrari,

Honen bidez, TUBOS REUNIDOS SAko LABen eta PRODUCTOS TUBULARES S.A.U.ko LAB eta ESKren sail sindikalek adierazten dute:

Lehenengo eta behin, gogorarazi nahi dizuegu gaurko egunez erabakiko duzuenak berehalako ondorioak ekarriko dizkiela gure lantokiei, eta hortaz, ia 1.500 familiari zuzenki eragingo diela.

Denok dakigu taldea zailtasun ekonomikoetan murgildua dagoela, eta egoera, zuok izendatu zenuten zuzendaritzak sortu zuela; goi zuzendaritzakoek sustatu dituzten akatsetan, langileok ez dugu inoiz izan inolako ardurarik.

Nahi genuke ere, gogora dezazuela, eta gogoan izan dezazuela, PRODUCTOS TUBULARES S.A.U.ko langileok egungo zuzendaritzak, zeuok berriro izendatu duzuena, agertu duen neurri zuzengabearen aurka, duela lau hilabete eskas, egitear egon ziren greba mugagabea.

Adierazi dugunean oinarrituz, eskatzen dizuegu:

-Taldeari bideragarritasuna ematen lagunduko dioten neurri errealei eta eraginkorrei ekin behar zaiela; argi eta garbi dakigula irteera horretan ez direla langileen eskubideak murriztuko, soldatari ez zaiola kalte egingo, lanaldia ez dela handituko, prekarizazioa, altzairutegiaren itxiera, edota gizartearen aurka egin daitekeen edozein neurri.

Irtenbidea izan dadin, kapitala handitu behar da, edo bestela, likidezia injektatu behar da, eta egiazko industria plana aurkeztu behar da; honez gain, gogorarazi nahi dizuegu zuok guztiok azken hamarkadetan, gure industria-jardueratik mozkin mamitsu eta itzelak lortu dituzuela.
Horrengatik, eskatzen dizuegu arduraz eta justiziaz erabaki dezazuela.

-Benetako hitzarmenaren negoziazioari ekin behar zaio, Tubos Reunidos Industrialen, nahiz Productos Tubulares S.A.U.n, bi enpresa hauetan hitzarmenak iraungiak daudelako.

-Uler dezazuela zuen egungo zuzendaritza taldeak burutu nahi izango lukeen edozein neurri antisozialari langileok erantzungo diogula, aurreko saiakerei erantzun genien antzera, langile-klasearen interesak defendatzeko tresnarik eraginkorrenekin, alegia. Horrengatik, gogorarazi nahi dizuegu “egungo zuzendaritza talde osoa kargutik kentzeko” egin eskaria, zeina honako pertsonez osatua dagoen:
Guillermo Ulacia Arnaiz jauna, Juana Maria Fernandez andrea, Santiago Alonso jauna eta Roberto Urrutia jauna.

Eskaera, 2018ko maiatzaren 9an, aho batez aurkeztu zuen PRODUCTOS TUBULARES S.A.U.ko enpresa batzordeak, ondorengo terminoetan:
“… haiek heldu zirenetik ez dago gardentasunik, haien kudeaketa iluna da…, haiengan ez dugu ezertxo ere sinesten, GRUPO TUBOS REUNIDOS S.A.-ren etorkizunerako trabatzat eta egiazko arazotzat hartzen dugu”.

Berresten gara egungo zuzendaritza taldeak berehala, ahalik eta bizkorren, kargutik kentzearen harira egin eskaria bete behar dela.

Besterik gabe, agurtzen gara, taldearekiko betekizuna bete dezazuela eskatuz.

 

 

 

“Langileriak aktibatuta eta antolatuta gaitasuna du subjektu eraldatzaile bat izateko”

0

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta sindikatuko Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak sindikalgintzari buruz jardun dute Plaza Hutsa atarian egindako elkarrizketan, Jagoba Zuluetaren galderen bitartez. LAB sindikatuko zuzendaritzako bi kideak urteetan politikagintzan, ikasle mugimenduan eta herri mugimenduan buru-belarri aritutakoak dira.
 

 

 

Garbialdiko langileek protestekin jarraitzen dute, Bizkaiko Aldundiak bere hitza bete ez duela ikusita

0

Bizkaiko Aldundiak ez du agindutakoa egin; hain justu, ez dio enpresari negoziazioa berreskura dezan eskatu. Hortaz, langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Mazarredo Zumardia kalean, Teresa Laespada foru diputatuaren bulegoaren aurrean.
 

 

 

Hezkuntza lege berria behar dugu, EAErako Hezkuntza Sistema Publiko, burujabe eta komunitarioa bermatuko duena

0
EAEk Hezkuntza lege berria behar du LABen ustez, horretan ados gaude Cristina Uriarterekin. Baina, Hezkuntza Lege Berria hezkuntza komunitatearen babesarekin egin behar da eta momentu honetan gurasoak, ikasleak eta irakasleak kontra ditu.

Cristina Uriarteren adierazpenen aurrean, LABek argi eta garbi adierazi nahi du, mahai gainean dagoen lege proposamenak sindikatu guztiak, guraso elkarte nagusiak eta ikasleen ordezkariak kontra dituela ikusita, ezin dela martxan jarri.

Gure kontrakotasunaren arrazoi nagusia hau da: EAErako egindako proposamena da eta Espainiako Legedian txertatzeko egina dago, ondorioz, ez du EAEn Hezkuntzak dituen erronka nagusiak konpontzeko balio. Hezkuntza Lege berria, Jaurlaritza eta Hezkuntza komunitatearen adostasunez, Espainiaren esku hartzerik gabe egin behar da, lege burujabe bat behar dugu. Autogobernu Lan Taldean onartutakoa praktikara eramatea eskatzen dugu, hau da, hezkuntza eskumen guztiak gureganatuz lege propioa egitea.

Zer konpondu behar du legeak? Hauek dira lehentasunez konpontzeko ditugun korapilo nagusiak:

1) Murgiltze eredua. Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortzeko egungo hizkuntza ereduak gainditu eta murgiltze eredu bakarra ezarri, D eredua abiapuntu gisa hartuta.
2) Aukera berdintasuna bermatu. Segregazioak hezkuntzatik desagertu behar du eta ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatu behar zaie. Ezin dira ikasleak jatorria, egoera ekonomikoa, arraza, sexua, hizkuntza edo erlijio arrazoiengatik bereizi.
3) Autonomia. Ikastetxeek autonomia aski izan behar duten beraien hezkuntza proiektua antolatu eta kudeatzeko. Autonomiak esan nahi du hezkuntza behetik gora antolatu behar dela,hezkuntzakomunitatearenpartehartzeabermatuz, Jaurlaritzarenarduradabaliabide aski eskaintzea eta hauek ongi erabiltzen direla zaintzea.
4) Berrikuntza pedagogikoa. LOMCEn oinarritutako hezkuntza kontserbadorea eta atzerakoia da, baita ikuspegi pedagogikotik ere. Pedagogia aktiboetan oinarritutako hezkuntza askatzailea bermatu behar da legez.
5) Hezkuntza parekidea. Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna bermatzeko pedagogia feminista ezarri behar da.
6) Euskal Curriculuma. Euskal Herritik, gure kultura eta jakintza kolektibotik abiatutako hezkuntza unibertsalerako bidea egin behar da, Espainiako Estatuak inposatzen digun curriculum neoliberal eta espainola atzean utziz.
7) Inbertsioa. Hau guztia posible izan dadin, legez hezkuntzak behar duen gutxieneko inbertsioa bermatu behar da, BPGren %6 Unescoren arabera.
8) Publikotasuna. Hezkuntza eskubide guztiak bermatuko dituen publikotasun berria behar dugu, behetik gora eraikia, hezkuntza komunitatea ahaldunduko duena, burujabea eta komunitarioa.

Beraz, hezkuntza lege berria behar dugu, EAErako Hezkuntza Sistema Publiko, burujabe eta komunitarioa bermatuko duena.