2024-04-19
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakNafarroako anbulantzien zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresen iruzurra salatu dugu

Nafarroako anbulantzien zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresen iruzurra salatu dugu

Nafarroako Gobernuari eskatu diogu hurrengo lehiaketan aurkezten ez uzteko.

Bi urteko iruzur hirukoitza. Halaxe definitu du LABek Nafarroako anbulantzien zerbitzuak kudeatzen dituzten SSG eta Baztan-Bidasoa enpresak egiten ari direna. “Lehenik, langileei egiten zaie iruzurra, ez baitute lan hitzarmena hainbat puntutan betetzen”, azaldu du Ramon Lacalzada LABeko Zerbitu Pribatuetako arduradunak, gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan. “Bigarrenik, Administrazioari egiten zaio iruzurra, bezero gisa ez baita jasotzen ari ordaindu duen zerbitzua. Eta hirugarrenik, Ogasunari eta Gizarte Segurantzari egiten zaie iruzurra, infrakotizazioen bidez”.

Iruzur hirukoitz hori dela-eta, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio enpresa horien segimendua egiten hasteko eta ez diezaiela hurrengo lehiaketan aurkezten utzi. “Gure ustez, Nafarroako Gobernuak azalpenak eman beharko lituzke”, gaineratu du Izaskun Juarezek, LABeko Zerbitzu Pribatuen federazioko bertze kide batek. “Enpresa horiek ez dituzte betetzen Europatik datozen gomendio eta arauak. Ez dituzte errespetatzen Garraio sektorearen mahaian harturiko akordioak. Ez dute indarrean dagoen baldintza-agiria betetzen. Gobernuak ez du segimendurik egiten, eta esan genezakeen beste aldera begiratzeko jarrera ere hartua duela. Eta hori ezin da onartu. Eta hori ikusita, hurrengo baldintza-agirian jaso dituzten gauza asko ez dira errealak. Oraingoa betetzen ez badute, nola beteko dute hurrengoa? Bihar [azaroak 20] bukatuko da lehiaketa berrian parte hartzeko izena aurkezteko epea, eta bi enpresa horiei ezin diete parte hartzen utzi”.

LAB sindikatuaren bidez, zenbait langilek SSG enpresa Lan Ikuskaritzan salatu izan dute, kotizazio irregularrak egiteagatik. Errekerimendu hori mahai gainean dago, baina Juarezek salatu duenez, Nafarroako Gobernuak ez du deus egin egoera zuzentzeko. “Hau ez da guztion osasuna kudeatzeko modua. Eta, beraz, zerbitzua publifikatzen ez den bitartean, enpresa horiei ezin zaie zerbitzua berriz esleitu”.

Banakako garraioak garraio kolektiboan
SSG Servicios Sociosanitarios Generales enpresan, LAB sindikatuko ordezkaria da Alfredo Zueco. 14 urte daramatza sektorean eta, salatu duenez, Gobernuak ez du inoiz azpikontrataturiko zerbitzu hau behar bezala kontrolatu. “Konparazio batera, ospitale arteko garraioak banakakoak izan beharko lirateke, eta halaxe daude baldintza-agirian zehaztuak, baina garraio kolektibo gisa egiten ari dira, hainbat gaixorekin. Eta gainera, teknikaririk gabe joaten dira, nire enpresan bakarrik gidariak joaten baikara garraio horietan. Beraz, baditugu aire-bideak isolatuta eraman beharko lituzketen eriak -hemodialisiarekin, errehabilitaziokoak…- edo, areago, gaixo terminalak, bertze gaixo batzuekin bidaiatzen”.

Zuecok salatu nahi izan du ere gaur egungo bere enpresak ez dituela “sekula” bete hobekuntza-agirian eskainitako hobekuntzak. “Ez anbulantzia motan, ez marketan, ez instalazioetan. Anbulantziek araudia bete dezaten, azterketa dagoelarik, azterketa pasatu behar duen anbulantzia horretara bertze anbulantzia batzuetako materialak pasatzen dira. Irregulartasunak anitz dira. Garraio kolektiboko anbulantziek ez daramate koilara-ohatilarik, eta Mercedez anbulantziek ez dute linterna baterian konektatuta”.

SGG-ko langileek enpresa salatu izan dute ez duelako hilabete batean eginiko aparteko orduen zerrenda ematen. “Gurekin hiru urte daramatzate eta ez digute inoiz eman. Lan Ikuskaritzan egina dugu eskaera hori, eta hala ere bete gabe jarraitzen dute. Urtean aparteko 80 ordu baino gehiago egiten dituzte langileek, baina nominan bertze izen batekin apuntatzen dituzte. ‘Dedikazio handiagoko’ bezala jasotzen dituzte, nahiz eta halakorik ez den hitzarmenean ageri. Eta, hala, Gizarte Segurantzan egiten duten kotizazioa irregularra da”.

Zuecok esplikatu duenez, badira irregulartasun gehiago, hala nola, behin-behineko kontratuen kopuru gehiegizkoaren inguruan, praktiketako langileek egiten dituzten lan orduen inguruan, edota norberaren aferetarako baimenak sistematikoki ukatzearen inguruan. “Baldintza-agiria betetzen ari ez diren enpresa horiek lehiaketa berrian aurkeztearen kontra gaude. Ezin dira aurkeztu ez haien izenekin, ezta beren filialen izenekin ere. Eta horixe eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Ongi zain dezala zein enpresa aurkeztuko diren, eta betetzen ez dutenei atea itx diezaiela”.

Dabid Mendaza Osasunbideko LABeko delegatua ere egon da gaurko prentsaurrekoan. Osasun garraioko langileei Osasunbideko langileen atxikimendua eta babesa helarazi nahi izan die. “Guk ere salatu nahi dugu nola, zoritxarrez, Osasunbideak ez dituen zaintzen azpikontrataturiko langileen lan baldintzak eta, okerragoa dena, ez dituen zaintzen beren lan osasunaren baldintzak. Horrekin oso kezkatuak gaude, nafar guztien osasuna zaindu beharko lukeen erakundeak azpikontrataturiko bere langileen osasuna zaintzen ez duelako. Eta, gainera, ez da gaixoen osasuna behar bezala zaintzen ari. Etxeko ospitalizazioak egin ziren, hain zuzen ere, infekzio arriskua jaisteko eta segurtasun neurri hori apurtzen da baldin eta banakako garraioak izan behar zirenak benetan garraio kolektiboak badira”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.