2026-01-25
Blog Page 720

Bizkaiko Txartel Bakarra sustatzeko arrazoiak berretsi ditugu

0

Bizkaiko Txartel Bakarraren aldeko Foroak urtebete egin du, eta, hori dela eta, agerraldia egin du etorkizuneko erronkak aurkezteko. LAB Foroaren parte da, hainbat eragilerekin batera.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako adierazpena:

Orain urtebete, 2017ko urriaren 17an, TXARTEL BAKARRAREN ETA GARRAIO PUBLIKO INTEGRATUAREN SISTEMAREN ALDEKO FOROA aurkeztu genuen hementxe.

Aldi berean, Txartel Bakarrak bete beharreko 6 premisen adierazpena ere aurkeztu genuen, BARIK txartelak orain eskaintzen duenetik urrun.

Urtebete joan denean, berresten dugu Txartel Bakarra sustatzen jarraitu behar dugula. Hamabi hilabeteotan eskualdez eskualde ibili gara Foro hau aurkezten eta hasieran 15 erakunde baginen, jada 27 sinatzaile bildu ditugu.

STEILAS, CGT-LKN eta CNT gurekin daudela, euskal sindikatuen espektroa ia osorik hartzen dugu: pentsiodunen kolektiboak, kontsumitzaileen elkarteak, eta Ezkerraldea, Txorierri eta beste eskualde batzuetako auzo- elkarteek eta bestelako taldeek, eta gazte, ikasle, auzo, ekologista eta abarren talde askoren sinadurak batu ditugu. Gehituz goaz, eta jarraituko dugu txartel bakarraren aldeko borondatea handitzen.

2018an, gainera, urrats bat egin dugu maila instituzionalean, Bizkaiak TXARTEL BAKARRA eta SISTEMA INTEGRATUA izan dezan benetako jauzi kualitatiboa izan litekeena, gure ustez. Txartel Bakarraren aldeko Foroa Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiekin egon da, eta Bizkairako Txartel Bakarraren proposamenaren eskumena, legezkotasuna, bideragarritasuna eta kostua hizpide izango dituen txosten teknikoa egiteko ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA babesteko eskatu die, osoko bilkuran eztabaidatzeko.

Txosten horretan gutxienez parametro hauek aztertu beharko lirateke:

• Garraio-aldaketak doan garraio-modu guztietan.
• Tarifa-integrazioa. Tarifa berberak garraio-operatzaile guztientzat.
• Progresibo izatea. Zenbat eta gehiago erabili hainbat eta merkeago ibili.
• Txartelaren prezioa pertsona/familia-errentara egokitzea.
• Bizkaiko garraiobide publiko guztietan erabiltzea.
• Oraingo garraio publikoko sareari eusten edo hobetzen oinarritzea.

Horregatik, gure asmoa da talde politiko guztiek, aho batez, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzea Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2018 eperako Plan Estrategikoaren baitan Bizkairako Txartel Bakarraren proposamenaren eskumenari, legezkotasunari, bideragarritasunari eta kostuari buruzko atala sartuz, lehen esandako parametroak kontuan hartuta.

Horrela txartel bakarra ezartzeak zer kostu ekarriko lukeen jakiteko informazio guztia izan genezake. Herritarrekin eta mugimendu sozial eta sindikalekin garden jokatzea litzateke. Eta, gainera, txartel bakarra martxan jartzeko erabakiak hartzean lehentasunak non dauden jakiteko funtsezko tresna ere izango lukete erakundeek.

Bestela ere, oraintsu aurkeztu den Garraio Publikoaren 2017ko Txosteneko datuek argi uzten dute Txartel Bakarra ezinbestekoa dela Bizkaiko garraio publikoa hobetzeko:

• Datu egonkorrak, igoera nabarmenik gabe azken bost urteotan: 165 eta 170 milioi bidaia arteko datuak daude, igoera barik 2012tik. 5 urtean milioi bat erabiltzaile soilik gehitu dira (168.988.000tik 169.809.000ra). Eta 3. lineak soilik 3.000.000 gehitu ditu. Beraz, bidaiariak garraio publiko batetik bestera aldatzen dira baina ez da errepideetatik autorik ateratzea lortzen.

• Bidaiak vs. diru-bilketa. Beste datu garrantzitsu bat da 2012-2017 artean bidaiak % 0,5 baino gehitu ez badira (821.000 bidaia), diru-bilketa % 7 hazi da (7.821.000 euro). Garraio publikoa erabiltzen dugunok gara garraio publikoaren sistema sostengatzen ari garenak tarifa-politika bidegabearen ondorioz.

• Eskualde batzuetan, berbarako, Txorierrin, egiaztatzen da 3. linea heldu eta maiztasunak hobetu direnean bidaien kopuruak ere gora egin duela, 2016an baino %16 gehiago izan direla, hain zuzen. Alabaina, diru-bilketa % 46 hazi da 2017ko tarifakadaren (tarifazoa), eskualdea zigortzen duen gune- banaketa berriaren ondorioz, ez baitzaio egin Kukullaga-Matiko zatiari doan eman zaion Metro Bilbaorekiko garraio-aldaketa. Hala ere, Txorierri eskualdea oso urrun geratzen da 2013an erregistratu ziren 1.663.000 mugimenduetatik, orain 1.210.000 badira. Hobekuntzak, gorabehera, ez dira L3 obren aurreko emaitzak berreskuratzen.

• FEVEren bidaia-kopuruen gainbehera etengabea, egun ez baita urtean milioi bat bidaia zenbatzera iristen. Datu adierazgarria da tarifak bateratu eta koordinazio-erakunde bakarra izatearen alde. Ezin dugu onartu gure trenbide-azpiegiturak “trenbide-zabor” bihurtzea desegin aurreko urrats modura.

Eta, horrela, datuak eman eta eman jarrai genezake, Bizkaian benetako TXARTEL BAKARRA jartzea premiazkoa dela berresten duten datuak, alegia.

BARIK txartela, bere garaian, urratsa izan zen Bizkaiko garraiobide publiko gehienetan erabil zitekeen euskarria izan baitzen. Urrats horren ostean, eta BARIK euskarri bera baliatuz, TXARTEL BAKARRAREN alde egiteko unea heldu da, gure iritziz.

TXARTEL BAKARRAK aukera emango luke herritarren mugikortasuna eraginkorragoa eta jasangarriagoa izatea bermatuko lukeen garraio-sistema publikoa ezartzeko. TXARTEL BAKARRAK ibilgailu pribatuaren baldintzetan sustatu eta garatuko litzatekeen garraio publikoa izaten lagunduko luke, Bizkaiko herritarren mugikortasun- beharrak asetzea eta ingurumena errespetatzea ziurtatuz.

Azken finean, TXARTEL BAKARRAREKIN homogeneotasun eta berdintasun handiagoak lortuko genituzke, eskualdeak hobeto orekatuz, batez ere garraio-maiztasun txikienekoak dituztenen mesedetan.
 

 

 

Ondo baloratzen dugu Haurreskoletako doakotasunerako lehen urratsa eman izana

0
Berandu heldu bada ere, LABek ondo baloratzen du Legebiltzarrak eskatutako Haurreskolak Partzuergoko doakotasunerako lehen urratsa eman izana. Haurreskoletako langile, hezitzaile eta familien urteetako borroka izan dena, Legebiltzarreko familia politikari buruzko eztabaida monografikoan onartu zen, alderdi guztien aldeko bozkarekin eta PPren abstenzioarekin onartu zen.

LABentzat, errenta baxuentzat haurreskolak doakoak izatea aurrerapausu handia ematea da, jaiotzatik aukera berdintasunean hezkuntza eskubidea bermatu ahal izateko.

Hala ere, ezin dugu ahaztu helburua Haurreskolak Partzuergo haur guztientzako doakotasuna lortzea dela.

LABentzat borroka ez da amaitu eta beti esan dugun moduan doakotasunaren giltza Legebiltzarrean eta gainontzeko eragileen arteko elkarlana medio etorriko da. Beraz, LABen borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailekoa den Haurreskolak Partzuergoa denontzat doakoa eta 3 urte artekoa izan arte!
 

 

 

Osakidetzaren “Eskola Osasuna” programari behar dituen baliabideak emateko eskatzen diogu Bilbao-Basurto ESIko zuzendaritzari

0
Osakidetzako Eskola Osasuna programa da DBHko 2. mailako ikasleei azterketak egiteko arduraduna eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako, DBHko 4. mailako eta oinarrizko LH 1. mailako ikasleen immunizazio kanpainak egin behar dituena. Gaur egun, lan kargak handitu diren bitartean, langileen kopurua murriztuz joan da. Honek guztiak programa honen etorkizuna kolokan jartzen du, eta langileen lan-baldintza eta lan-eskubideak kaskartu egiten ditu.

2012-2013 ikasturtean baliabide hauek zituen programak Bilbo-Basurto ESIan: 31 ikastetxetarako, erizain eta erizaintzako laguntzaile batek eratutako hiru osasun-talde. Berriz, 2017-2018 ikasturtean honelakoa da panorama: 124 ikastetxetarako, erizain bi eta erizaintzako laguntzaile bateko osasun- talde bat eta erdi, gehi aldi baterako denborazko kontratazioren bat txertaketa kanpainetarako.

Honek guztiak suposatzen du modu zuzenean 6.000 ikasle inguru artatzen direla eta aurretiaz lan asko egin behar direla.

Osakidetzak urteak daramatza zerbitzu hau ahulduz anbulatorioetara desbideratzeko asmoz. Honek programa honen helburuen betetze maila jaitsi egin lezake eta gure ume eta gazteen osasun prebentziorako eragin kaltegarriak izan, familia asko osasun zentroetara ez joatea gerta litekeelako. Murrizketa hauek guztiek langileak lan-karga neurrigabeak onartzera eramaten dituzte, euren lan- eskubide eta lan-osasunari kalte eginez eta ematen den zerbitzuaren kalitateari ere bai.

LAB sindikatutik zerbitzu hau beharrezko baliabidez horni dezala eskatzen diogu Osakidetzari eta Bilbo-Basurto ESIko zuzendaritzari, hain garrantzitsua den programa honek ondo funtziona dezan langileen osasuna kaltetu gabe.
 

 

 

Lankidetza hitzarmena sinatu dugu Kataluniako Col-lectiu Ronda abokatu kooperatibarekin

0

Arlo juridikoan zein formakuntzan elkarlanerako zubiak estutzea ekarriko digun akordioa da. 

100 profesionaletik gora batzen dituen kooperatiba da Col-lectiu Ronda, eta 70.hamarkadaz geroztik ibilbide emankorra egin du. Hastapenetan lan arloko aholkularitzara bideratua, jarduera eremua zabaltzen joan da: aholkularitza laboral eta juridiko-soziala, ekonomia soziala… eremu ugari jorratzen dituzte.

Pertsonen eskubide indibidual eta kolektiboak, justizia soziala, eredu ekonomiko justu eta solidarioa, genero ekitatea, demokrazia zuzena eta autogestioa, interkooperazioa eta independentzia dira Col-lectiu Rondaren lan filosofia definitzen duten balioak, eta, ezaugarri horiekiko koherentzian, azpimarratzekoa da, esaterako, lan osasunean, amiantoaren gaiarekin egiten ari diren lana.
 

 

 

Mobilizazio egutegi bat proposatu dugu Bizkaiko Bulego eta Langeletarako

Sindikatuen arteko gaurko bileran, LABek mobilizazio egutegi bat jarri du mahai gainean eta sindikatu guztiak gonbidatu ditu atxikitzeko, beti ere sindikatuen arteko batasuna mantentzeko eta urrats mailakatuak emateko, piskanaka piskanaka, baina etenik gabe, Bizkaiko Bulegoen eta Langeletako hitzarmena sinatzeko helburuarekin.

Gainontzeko sindikatuei iritzia eskatu diegu mobilizazio egitarau bateratu bati buruz. Hala, gainontzeko sindikatuek erabaki dute euren asanbladei galdetuko dietela eta datorren asteazkena baino lehen erantzun bat emango dutela.

LABek, bere aldetik, jakinarazi du datorren ostegunean ekingo diola lanari, proposatutako mobilizazio egutegia ardatz. Hala, LABek espero du sindikatu guztiek bat egitea lan horrekin.

Gure proposamena, laburrean
Lehen fasea. Informazioa, propaganda eta sektorearen egoeraren hedapena, enpresetan bereziki, eta asanbladak gauzatzea.

Bigarren fasea. Sektoreko langileei deia, mobilizatu daitezen.

Hirugarren fasea. Mobilizazioen handitze mailakatua. Hainbat ekintza eta lanuzte egingo dira, astebeteko greba batekin bukatzeko.

Gainontzeko sindikatuei jakinarazi diegun bezala, proposamen hau eztabaidari eta ekarpenei irekita dago. LABen oso garbi dugu borrokak eta guztion batasunak soilik ahalbidetu dezaketela hitzarmenaren sinatzea. Datozen egunetan gertatzen dena gertatuta ere, guk oso garbi dugu eginbeharrekoa, eta patronalaren xantaiaren aurka borrokatuko dugu.
 

 

 

Basauriko udal eraikinetako garbitzaileak oso pozik daude Uni2ek zor zien soldata igoera aplikatuko dielako

0

Basauriko udaletxearen eraikinak garbitzen dituzten langileek, hirugarren mobilizazioa gauzatu dute, gaurkoan Uni2 enpresak Larraskitu auzoan dituen bulegoen aurrean.

Helburua, zegokien soldata igoera aldarrikatzea da. Pasa den apirilean argitaratu zen Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketa hitzarmena, 2018. urterako %3ko soldata igoera aurreikusten zuena. Langile hauei, ordea, igoera hau izateko eskubidea ukatu zaie Enpresa Akordio bat existitzen dela argudiatuz, sindikatuen eta Udaletxe beraren iritziaren kontra eginez. Udaletxeak, gainera, espediente berresle bat ireki behar izan du enpresaren aurka. Langileek, bitartean, mobilizazioei ekitea erabaki zuten.

Gaur, kontzentrazioa egiten ari ziren bitartean enpresaren ordezkari bat atera da eta enpresa-batzordeko kideak deitu ditu. Jakinarazi die hurrengo nominan soldata igoera aplikatuko dietela langile eta hemendik azaro bitartean atzerapenak ordaindu.

Langileak oso pozik daude, mobilizazioa bide judiziala baino eraginkorragoa izan delako.
 

 

 

Haur Hezkuntzako lehen zikloa 0tik 3 urte artekoa izateko, Haurreskoletako familien sinadura bilketa erregistratu dugu Gasteizen

0

Sinadurak urriaren 22an Eusko Legebiltzarrean burutuko duten Hezkuntza Akordioaren monografikoaren atarietan aurkeztu nahi izan ditugu, talde parlamentarioek honen isla izan dezaten.

Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza akordioaren baitan Haur Hezkuntzako lehen ziklorako aurkeztutakoa kezkaz hartu genuen; Haur Hezkuntzako 0-3 zikloaren inguruan nazioartean adostutako kanonak baztertu eta modernizazioaren izenean, 2 urteko haurrak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan sartzeko proposamena egiten zuten. Hau dela eta, Hezkuntza Saila modernitatearen errealitate birtualean murgilduta dagoela frogatzeko, iazko ikasturte bukaeran, familiak euren 2 urteko haurrak Haurreskolak Partzuergoan geratzeko nahia aldarrikatzen zuten ehundaka izen emate jaso genituen.

0-3 adin tarteko haurren garapena, beharrak… aintzat hartuta, 2 urteko haurrak Haur Hezkuntzako 2. zikloan txertatzea egokiena da? Edo bestelako beharrei erantzuten die. Geroz eta ratio eta ikastetxe handiagoak izatera garamatza. Egoera honek ikasle zein tokian tokiko errealitateen aurrean erantzun egokiagoak ematea oztopatzen du, testu honek jasotzen duen filosofiarekin, kontraesan handia dagoela agerian gelditzen da.

Erabaki hau norekin hartu da? Haurtzaroan adituak diren Euskal Herriko zein eragileekin kontrastatutako erabakia da? Zer ondorio izango ditu langileengan? Familiengan? Eta garrantzitsuena, haurrengan?

Modernizazioa termino positibo gisa jasotzen da testuan, baina helburu eta arrazoitze bati erantzuten ez badio ezer ez esatea bezala da.

Egun Haurreskolak Partzuergoan kokatuta dagoen Hezkuntza saileko Haur hezkuntzako lehenengo zikloak euskalduna, unibertsala, doakoa eta kalitatekoa izan behar du, eta kalitatekoa izan behar dela esaten dugunean, haurren ratioaz, haurren garapen kognitiboaz, psikomotoreaz, haurren ongizatea,…kontuan hartuko duen eta berebiziko garrantzia duen zikloaren aitortzaren inguruan hitz egiten ari gara. Hezkuntza jendartearen tresna eraldatzaile bezala hitz egiten ari gara. Pertsona eta kasu honetan haurra erdigunean kokatuz.

Beraz, LAB sindikatutik hau guztia kontutan hartzea eskatzen dugu, 2 urteko gelak Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan barnebiltzea, alegia.

 

 

 

Geka enpresako langileek laugarren egunez egin dituzte lanuzteak

0

Oiartzun eta Astigarragako lan zentroetan mobilizatzen ari dira, nomina ordaintzeko exijitzeko. Deialdia GEKAko enpresa-batzordeak egin du, LAB, CCOO eta Independienteek osatua.

Joan den astean abiatutako mobilizazioak indartu dituzte langileek. Hain zuzen ere, astelehenaz geroztik, lanuzteak zein elkarretaratzeak ari dira egiten, 9:30etik 10:45era eta 18:30etik 19:30era.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Joan den urriaren 8an, Maquinaria GEKA enpresako langileak mobilizazioekin hasi ziren. Protestaldiak nomina ordaintzea exijitzea du helburu. 65 langile ditu enpresak 3 lan zentrotan, Astigarragan bat eta Oiartzunen bi, bata Zerradi poligonoan eta eta beste bat Zuaznabar poligonoan.

Urriak 8tik 11era, egunero elkarretaratzeak egin zituzten, Gekak Zerradi industrialdean duen lantegiaren kanpoaldean. Ordubete egon ziren beren eskubideen aldeko aldarriarekin, 13:30etik 14:30era. Deialdia Gekako enpresa-batzordeak egin zuen, LAB, CCOO eta Independenteek osatua.

Urriaren 15ean asteleheanean, lanuzteak egiten hasi ziren hiru lantokietan, 09:30etik 10:45era eta 18:30etik 19:30era izango dira mobilizazio horiek. Elkarretaratzeak eta Zerradi poligonotik Zuaznabar poligonora manifestazioak egingo dituzte goizeko tartean.

Jakin izan dugun arren enpresak lehiaketa tramitatu duela Donostiako Merkataritza Epaitegian, oraindik ez dago Konkurtsoko Autorik eta enpresak ez du likidezia arazorik langileei soldatak ordaintzeko.

Pasa den apirilean, enpresa bereko langileek protesta egin zuten bost lankide kaleratu zituztelako.
 

 

 

Karlos Apeztegiaren berehalako askatasuna eskatzen dugu

Irmoki salatzen dugu Audientzia Nazionaleko epailearen erabakia, Azpeztegia behin behinean eta fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua, baita atxiloketa ekarri duen polizia operazioa bera ere. Gure besarkada helarazi nahi diogu Apeztegiari, haren senitarteko eta hurbilekoei eta lankide dituen Etxerat-eko lagunei.

Sistematikoki salbuespenezko neurriak, beti muturrekoak direnak, ezarri dizkiote Apeztegiari, behin behineko espetxeratzeak dakarren erabateko askatasun galera kasu. Oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratu dizkiote lehen unetik, zer eta desagertua dagoen erakunde bateko kide izatea egotzita. Apeztegiak 22 urte espetxean emanak dituela kontuan hartuta, zigor erantsia oraindik eta handiagoa da.

Euskal presoekiko mendeku grina ez da amaitu. ETAren behin betiko armagabetzearen ondotik ireki den garai berriari bizkar emanda iraganera kateatuta nahi gaituztenen aurrean Euskal Herrian bakearen eta demokraziaren bidean aurrera egitea dugu eman dezakegun erantzunik onena, presoen afera erdigunean jarri eta mobilizazioak biderkatuz.

Kartzelak hustutzeko garaia da. Aste honetan bertan beste hainbat sindikaturekin batera adierazitakoa gogoratu nahi dugu: bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko euskal presoen egoera konpondu beharra dago, eta badago nondik hasi: gaitz larriak dituzten presoen kaleratzea, gradu aldaketak, eta preso guztien hurbilketa.

Azken polizia operazioaren aurka, Apeztegiaren askatasuna eskatzeko ondorengo orduetarako deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu. Aldi berean, behin betiko konponbidearen alde, oraindik eta indar handiagoz, bultzatu dezagun larunbat honetan Donostian, “Orain presoak” giza ekimenak deitutako manifestazioa. Euskal preso eta iheslariak etxera. Euskal preso eta iheslariak kalera. Bertan izango gara.