2026-01-25
Blog Page 719

Eusko Jaurlaritza berriro ere hipokresiarekin jokatzen ari da migrante eta errefuxiatuen aferan

Gaur Beatriz Artolazabalek, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, “Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Inmigrazioaren esparruan jarduteko V. Plana 2018-2020” aurkeztu du Gasteizko parlamentuko enplegu, politika sozial eta gazteriaren batzordean.

LABek hau esan nahi du:

– Beste gai askotan egiten duen bezala, migranteen eta errefuxiatuen aferan ere Eusko Jaurlaritza plan estrategiko baten atzean ezkutatzen da gaur egun duen konpromiso eza ezkutatzeko. Plan honen eta aurreko asteetan egindako “Share proposamenaren” aurkezpenarekin, Eusko Jaurlaritza hutsik dagoen diplomaziara jokatzen ari da, bere burua zuritu nahian. Plan estrategikoak behar beharrezkoak ditugu bai, baina baita konpromiso zehatz eta argiak; guztion eskubideak defendatuko dituen politika integrala behar beharrezkoa da.

– Lotsagarria da Beatriz Artolazabalek egin dituen adierazpenak. Kohesio sozialean eta migrazioaren gaian “Euskadi Europako abangoardia” dela baieztatu du.

• Alde batetik, eskubide sozialen etengabeko murrizketa garatzen ari da Eusko Jaurlaritza, DSBEa dugularik adibide esanguratsuena. Kohesio sozialik ez dago aberastasunaren birbanaketarik eta babes sozialeko sistema justurik gabe. Zentzu horretan, aipatzekoa da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jasotako 51.000 sinadura DSBEa justu baten eta etxebizitza eskubide efektiboaren alde.

• Bestalde, uda honetan zehar argi ikusi da Eusko Jaurlaritzak pertsona errefuxiatu eta migranteekiko duen konpromiso eza. Arazoa ukatu eta partxe soil batzuk jarri ditu, inolaz ere nahikoak izan ez direnak migrante eta errefuxiatuen beharrei erantzuteko.

– Agerian geratzen da daukagun burujabetza falta migrazioaren eta errefuxiatuen inguruan gure politika publiko propioak garatzeko. Ez dugu konpetentziarik gai honetan klabeak diren politikak garatzeko edo bertan behera uzteko, hala nola, Atzerritartasun Legea.

– Gure konpromisoa berretsi nahi dugu langile klaseko pertsona migranteekin. Lanean jarraitzen dugu, bai sindikatuaren barruan eta baita jendarteko beste eragile sozialekin, langile hauen eskubide politiko, sozial eta ekonomikoen alde.

Beraz, hitzetan geratzea hipokresia hutsa da. Hitz horien atzean ekintzarik ez badago, plan antzu baten aurrean gaude; tamalez, Eusko Jaurlaritzak orain arte erakutsi duen jokabideak ez du esperantzarako tarterik uzten.
 

 

 

Ospitale berria ez zen beharrezkoa Eibarren

0
Gaur Eibarko ospitalea ofizialki inauguratuko da, baina Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritzak egindako propagandaz aparte, errealitatea erabat bestelakoa da.

Zenbaki ofizialek esaten dutenaren arabera Otaola eta Torrekuen artean kokatzen den ospitaleak 82 ohe edukiko ditu, urtean 3.150 kanpo kontsulta gutxi gorabehera, Eguneko Ospitaleko 20 plaza eta anbulatorio errehabilitazioko 14.000 saio.

Baina lehen esan dugun bezala, errealitatea beste bat da. Ospitale berria betetzeko Torrekuako osasun zentro osoa eramango dute, Toribio Etxeberriako kontsulta asko, erradiologia zerbitzua barne eta Ipuruan aurkitzen den Osasun Publikoko Laborategia. Aldi berean, Ermuako eta Toribio Etxeberriako gaueko larrialdietako Etengabeko Arreta Gunea (EAG) kenduko dute eta Eibarko ospitalean irekiko duten EAG zerbitzu berrira pasatuko dira. Zerbitzu hauek guztiak lehendik ere eskaintzen ziren eskualdean, beraz ez dugu ikusten eraikuntza berri bat egitearen beharra.

Ospitale berri bat irekitzea eta hori betetzeko beste ospitale eta zentro batzuk hustea paradoxikoa da. Lehenengo eraikuntza egiten da eta gero beharra sortzen da, hori bai, guztion diruarekin.

Arazoa epe ertain eta luzeko egonaldi zerbitzuaren beharra baldin bazen, gure ustez hori lortzea posible litzateke Arrasateko eta Mendaroko ospitaleetan zerbitzu hori ezarriz. Ospitale hauek beharrezko lekua eta baliabideak badituzte, eta inbertsio txiki batekin, ospitale berri bat egitea (24 miloi euro) eta mantentzea kostatzen den dirua aurreztuko litzateke. Gainera, badakigu momentuz 20 ohe irekiko dituztela, eta aurreikusitako 82 oheetatik 40 irekiko dituztela askoz jota. Benetan, ez al zen posible ohe horiek eskualdeetako ospitaleetan egokitzea funtsa publikoetatik gastu handi hori saihestuz? Horrezaz gain, solairu oso bat itxita egongo dela eta aparkalekua langileentzako bakarrik izango dela ere badakigu.

LABek Darpon jaunari ere erantzun nahi dio, ziria sartu nahi digunean 97 lanpostu berri sortuko dela esanez. Hau ez da egia. Gaur egun Osakidetzako funtzionamendurako beharrezkoak diren eta gaur egungo plantila estrukturalean agertzen ez diren 10.000-12.000 behin-behineko lanpostuetatik 97 egonkortuko dituzte, besterik ez.

LABen iritziz, ospitale publiko berri baterako lehentasuna ez zegoen Eibarren eta bere eskualdean, Tolosaldean baizik. Egia esan, bi ospitale daude 30 kilometroko ingurune batean (Arrasate eta Mendaro) eta Tolosaldea berriz, Osakidetzaren eremu osoan ospitale pribatua daukan eskualde bakarra da, La Asunción hain zuzen ere. Hau guztiagatik Eibarren ospitale berria eraikitzea gestio akats larria iruditzen zaigu eta ematen duen lehentasunak beste batzuk direla eta ez osasun arreta. Berriz ere, herritarren osasun beharrei erantzuten ez dien burugabeko makro-proiektu garesti baten aurrean aurkitzen gara.

Hala ere, eta Eibarko ospitaleko inaugurazioa egingo denez, Osakidetzari exijitzen diogu kategoria guztietako beharrezko plantilla jar dezala, kontratazio egonkorrak eta kalitatezkoak egiteko, euskarazko arreta bere osotasunean bermatzeko eta zerbitzu guztiak ahalik eta lasterren martxan jartzeko, ospitale beraren zenbait inaugurazio saldu gabe. Gestio demokratiko eta eraginkorra ere exijitzen dugu, langileriaren iritziak kontutan hartzen dituena eta beraien lan-eskubideak errespetatzen dituena. Hau da, Osakidetzari exijitzen diogu ospitale berri baten aukera aprobetxatzeko funtzionamendu berri baterantz joateko, ez Urdulizko Ospitaleko desastrea bezala. Azken finean, motibatutako langileria edukitzea herritarrei kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko.
 

 

 

Hezkuntza burujabearen alde mobilizatu gara Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

0

LABek elkarretaratze bat egin du gaur Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, “Iruzurrik ez, hezkuntza burujabea iruten” lemarekin, Hezkuntza akordioaren monografikoa egin bitartean.
 

 

 

Lautada eta Arabar Errioxan Correoseko langileen %30eko murrizketa salatu dugu

0
Arabako Correoseko LABen Sail Sindikalak salatu nahi du Lautadan eta Arabar Errioxako banaketa- lanpostuen %30a ezabatu dela. Itzela den lau lanpostuen ezabatze honek zuzenki eragingo dio Correosek betetzen duen zerbitzuari, eta hortaz, hiritarrei, udalei eta Arabako eskualde horietako enpresei.

Banatze-eskualdeak handitu izanak, horietako batzuk 100 kilometrotakoak eta hamarnaka herri zeharkatzen dituztenak, ezinezkoa egingo du eguneko banaketa, eta enpresa publikoak bete ohi duen posta zerbitzu unibertsala paper errea izango da. Egoera horrek zuzenean eragiten die, adibidez, administrazioei, epaitegiei eman behar zaizkien jakinarazpenei, medikuaren hitzorduen, diru-laguntzen, baimenen eta abarren jakinarazpenei. Noiz, eta posta eta batik bat paketeria handitzen ari den unean.

Murrizketa honek lan-zentru hauetako langileei ere eragingo die, lan-zama handiagoa izango delako. Gainera, salatu beharra dugu enpresak ez zuela Arrisku Psikosozialen Ebaluaziorik egin, aldez aurretiko neurri gisa, lan gainkarga berri honek langileen osasunari ekar ziezazkiekeen kalteak ezagutzeko, aldatzeko eta ebaluatzeko. Egoera horrek arriskuan jartzen du langileen osasuna.

Zerbitzu publikoek pertsonen beharrei erantzuten diet; aitzitik, ez liokete errentagarritasun ekonomikoari erantzun behar; honela, Arabako herrietan bizi diren pertsonak baztertzen dira. LABek lanean jarraituko du publikoa eta kalitatekoa den Correos baten alde.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Garaia da egungo salbuespenezko espetxe politikari amaiera emateko” #OrainPresoak

LABeko ordezkaritza zabal batek hartu du parte gaur, Donostian, "Orain Presoak" dinamikak antolatutako ekitaldian eta manifestazioan. Azken honetan, milaka herritarrek hartu dute parte, euskal preso politikoen eskubideen defentsan.

Elkarbizitza eta bakea hizpide izan dituen ekitaldi bat egin dute lehenik, Donostiako Miramar jauregian. Hain zuzen ere, sindikalgintzan, politikagintzan, herri ordezkari gisa instituzioetan eta giza eskubideen, bakearen eta elkarbizitzaren alorrean lanean dabiltzan pertsonak elkartu dira bertan, baita sufrimendua jasan behar izan duten eta jasaten duten hainbat herritar ere. Antiguako tuneletik abiatutako manifestazioari ekin diote ondoren, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko. "Orain Presoak" dinamikak antolatu ditu bi ekimen hauek, eta jendetza hurbildu da Donostiara babesa emateko.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk nabarmendu du ezinbestekoa dela mobilizazio soziala gobernuen jarreran eragiteko, eta berretsi du bizikidetza demokratikoan aurrera egiteko lehentasuna duela presoen afera konpontzeak: "PSOEren gobernuak, mugimendu txikiren bat baino harago, ez du urrats eraginkorrik egin eta hemendik exijitzen diogu garaia dela egungo salbuespenezko espetxe politikari amaiera emateko".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Estatuan ematen ari diren pausoak, ez nahikoak izateaz gain, kontrako norabidean doaz bake eta bizikidetza eszenatoki bat eraikitzeko. Hauxe da egiten dugun irakurketa Karlos Apeztegiaren atxiloketa eta kartzelaratzearen aurrean. Bere berehalako askatasuna exijitzen dugu".

LABeko idazkari nagusiak balioa eman nahi izan die eragile desberdinen artean eta, bereziki, sindikatuen artean lortutako kontsentsuei, Foro Sozial Iraunkorraren eskutik astelehenean egindako agerraldia adibide.

Garbiñe Aranburuk ondorengo pausoak eman behar direla azpimarratu du, presoen aferari konponbide integral bat emateko bidean: "Larriki gaixo dauden presoen kaleratzea; sakabanaketa politikarekin amaitzea; eta graduen progresioa ahalbidetzea, lehen gradutik bigarrenera. Euskal preso politikoen %96 lehen graduan daude".

 

 

 

Asier Nieblaren heriotza salatzeko bihar Urnietan egingo den elkarrateratzearekin bat egiten dugu

Bihar urriak 20, elkarretaratzea egingo da 12:00etan, Urnietako San Juan plazan Asier Niebla Martinezen hilketa salatzeko, bertako Udalak deituta. LABeko kidea urriaren 11an hil zen, abuztuaren 12an Donostian izandako eraso matxista baten ondorioz.

LABek bere elkartasuna eta babesa erakutsi nahi dio hildakoaren senide eta ingurukoei eta dei egin nahi du kontzentrazioan parte hartzera.

Indarkeria sexistaren aurrean mobilizatzeko beharra azpimarratu du sindikatuak.


 

 

 

UGT, CCOO eta CENek sinatutako Akordio Intersektoriala ez-legitimoa, baztertzailea, hipokrita eta ez eraginkorra da

Formari dagokionez, Madrilen sinatutako akordioen traslazio hutsa da eta UGT, CCOO eta CENek Nafarroa sukurtsal hutsa bailitzan tratatzen dutenaren erakusgarri. Gainera, akordioek ez dute gehiengo sindikalik, UGT-k eta CCOO-k Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %49a dutelako.

Erregimenaren garaietan bezala egin da prozesua. Ez dira sindikatu guztiak deitu, CEN, UGT eta CCOOk besteok baztertuz jarduten dutenaren erakusgarri. LABek bere prestasuna erakutsi du negoziazio kolektiborako nafar esparrua blindatzeko eta prebentzio delegatuen prestakuntza ziurtatzeko akordio intersektorialak lortzeko. Baina bietan egin dio uko Eztabaida Sozialaren hirukoak. Holding bat bezala jarduten jarraitu nahi dute. Horrelako jarduerak babesteari utzi eta behingoz Eztabaida Sozialaren Kontseilua indargabetzea eskatzen diogu.

Akordioan gomendioak jasotzen dira, ez da betebeharrik zehazten. Ez du patronala ezertara behartzen, horrela prekarizazioa bultzatzen jarraituko du UGT eta CCOOk aurpegia garbitzen dioten bitartean.

Edukiei dagokionez, hilean 1.000 euro gordineko gutxieneko soldata aholkatzen du; alegia, 900 euro garbi ozta-ozta. Nafarroan hilean 1.200 euro garbiko soldata behar da, eta horren aldeko apustua egiten dugu.

Berdintasun planei buruz ere hitz egiten dute, baina hipokrita hutsak dira. Nafarroako enpresa nagusian, Volkswagenen, %50eko emakumezkoen kopurua ezartzeari uko egin diote. Hala, UGTk, CCOOk eta CEN-ek diskriminazioa babesten dute enpresa horretan zein beste askotan. Aipatutako Volkswagen enpresaren kasuan, esaterako, %12 soilik dira emakumeak lan taldean.

Lan osasunari dagokionez, UGT, CCOO eta CEN arazoaren parte dira. Lobby gisa aritzen dira prebentziorako eta lan osasunaren kudeaketarako sistema publiko baten garapenaren aurka. Interes korporatiboak besterik ez dituzte; prebentziorako diru publikoaren banaketa, kasu.

Akordio hau borrokari uko eginda lortu dute, hain zuzen ere aktibazioa eta borroka langileek bizi duten prekarietateari aurre egiteko inoiz baino beharrezkoak direnean.

Lan Harremanetarako Marko Propioa beharrezkoa da Nafarroatik gure beharrak asebetetzeko eta errealitateari aurre egiteko.
 

 

 

Loramendiko grebalariek mobilizazioak indartu dituzte, euren lan baldintzen eta zerbitzuaren kalitatearen alde

Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileak geba mugagabean daude irailaren 17az geroztik, garbiketako lan taldearekin elkartasunean 4 ordutako lanuzteak ari dira egiten egunero. Hamahiru langile daude garbiketa taldean, sukaldea, garbitegia eta solairuetako garbiketa egiteko. 15 urte daramate lanaldi partzialarekin, eta egoera horrek are eta gehiago areagotzen du prekarietatea. Langile hauei lanaldi osoa eman diezaieten ari dira greban, eta lanuzteak indartuko dituzte: bihartik aurrera, 24 orduko greba mugagabeari ekingo diote. Ildo honetan, Erandioko Udalaren aurrean bildu dira gaur, datozen egunetarako aurreikusitako protesten harira. Hain zuzen ere, idatzi bat erregistratu dute Erandioko Udaleko gobernu-taldearekin eta talde politiko bakoitzarekin batzartzea eskatuz, euren egoeraren berri emateko.

Hauxe da Loramendiko langileek osatutako adierazpena eta datozen egunetarako aurreikusitako mobilizazioak:

Hainbat hilabetetan zehar lanuzte partzialak burutu ondoren eta patronalaren inmobilismoaren aurrean, gure lan baldintzen defentsan eta zerbitzuaren kalitatearen alde, geure burua behartuta ikusi dugu honako erabakia hartzera.

Gure eskaerak argiak dira, garbiketa taldeak duela 10 urte baino gehiago pairatzen duen bazterketarekin bukatzea eta gerokultoren taldeak lana eta bizitza pertsonala kontziliatu ahal izatea, hauxe aldarrikatu beharrean “de facto” onartu beharko ligukete gure eskubidea baita.

Hauexek dira gure eskaerak, hots, prekarietate eta bazterketarekin bukatzea eta langileek eskubide bat eskura dezatela bermatzea.

Gure eskaerak guztiz logikoak izan arren ere, zuzendaritzak ez du pausurik eman nahi.

LORAMENDIko langile guztiok injustua den egoera konpontzen murgilduta ibili gara, Sanitaseko zuzendaritzak era arduragabean jokatzen duen bitartean.

Jarrera honen atzean enpresak langileoi digun beldurra dago, elkartuta gaudelako; koherenteak, solidarioak garelako; eta, batez ere, prekarietatearekin, sexismoarekin, klasismoarekin bukatzea helburu dugulako… gu-danok batera goaz, danok gara bat eta bera.

Gure lan baldintzen kalitatearen alde, egoiliarrei eskainitako zerbitzuaren kalitatearen alde.

Mobilizazioak:

Urriak 19, goizeko 11ean
Erandioko udaletxean

Urriak 20 eta 21, 17etatik 18 arte
Kontzentra SANITAS LORAMENDI EGOITZAN

Urriak 22, 11etatik 13 arte
Haima Erandioko metro geltokian

Urriak 23, 17etatik 18 arte
Kontzentra LORAMENDIN

Urriak 24, goizeko 11ean
Kontzentra UGASKON (BILBON) DEPARTAMENTO DE ACCIÓN SOCIAL

Urriak 25, 17etatik 18 arte
Kontzentra LORAMENDIN

Urriak 26, 11etatik 13 arte
Haima Astrabuko metro geltokiaren ondoan

Urriak 28, 17ean
Haima LORAMENDIREN egoitzan

Urriak 29, 11etatik 13 arte
Haima diputazioan (Bilbon)

Urriak 30, goizeko 10ean
Kotxe karabana LORAMENDIREN egoitzatik

Urriak 31, 11etatik 13 arte
Haima Leioako Sakoneta Polikiroldegian

 

 

 

Irekiera mugagabedunen merkataritza ereduaren aurka mobilizatu gara

DIA&Go denda berri bat zabaldu dute DIA Supermerkatuek Bilbon, Licenciado Poza kalean. Denda hau “komenientziako denda” formatuarekin zabaldu dute, hau da, goizeko 8:00etatik gaueko 23:00etara egongo da zabalik. Aldi berean, Bilboko Mª Díaz de Haro kalean dagoen Carrefour Express igandeetan zabaltzen hasiko da. Hau dela eta, igande eta jai-egunetako irekieren kontra LAB, ELA, CCOO eta UGTk osatutako Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako plataformatik, irekiera mugagabedunen komertzio eredu hauen erabat kontra gaude, merkataritza sektore bultzatu ordez, langileen baldintzak malgutu eta esplotatu egiten dituzte. Langile batzuen beharrizanaz eta prekarietateaz baliatzen dira 365 egun irekiak dauden dendak ezarri edo goitzeko 08:00etatik gaueko 23:00ak arte ordutegien zabaltzea ezartzeko. Honen aurrean, mobilizazio bikoitza egin dugu gaur, Poza kaleko DIA%GO dendaren artean eta Maria Diaz de Haroko Carrefour Expressen.

Igande eta jai-egunetako irekieren kontra LAB, ELA, CCOO eta UGT-k osa-tutako Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba-ko plataformatik, hurrengoa adierazten dugu:

Irekiera mugagabedunen komertzio modelo hauen erabat kontra gaude, merkataritza sektorea bultzatu ordez, langileon jornadak exibilizatu eta es- plotatzen gaituzte. Langile batzuen beharrizanaz eta prekarietateaz baliatzen dira 365 egun irekiak dauden dendak ezarri edo goizeko 08:00tatik gaueko 23:00ak arte ordutegien handitzeak ezartzeko.

Auzo eta herrietako merkataritza eta ondorioz sektoreko enplegua suntsitzen dute, soilik kate handietako jabeak aberastuz.

Bestalde merkataritza sektoreko langileak (saltoki handiak, textila, merkataritza orokorra, oinetako, altzari, metal zein elikagai merkataritza), langile guztion batasuna gure borrokaren muina izan behar dela kontuan izan behar dugu. Momentu hauetan erasoa elikagai sektoretik etortzeak ez du esan nahi gainontzekoak salbu zaudetenik, komertzioak liberalizatzeko patronalak ematen duen pausu bakoitza langile guztiontzat kaltegarria izango da eta ondorioz gizartearentzat.

Merkataritza sektoreko liberalizazio izugarria eta modelo berriak mehatxu iraunkorra dira baina orain defendatzen gara edo gutxi barru sektorea erabat desregulatua izango dugu eta hori argi izan langile eta merkatari askoren kal- tetan izango dela.

Azkenik, kontsumitzaile bezala dugun erantzukizunari erreparatu nahi diogu, gure eros beharrak sobera ase bete ditugu eta erantzule izan behar gara, zer eta noiz kontsumitu behar dugun pentsatuz. Gizarte justu bat izan eta sektore bakoitzaren erreklamazioak lortzetik urrun izango gara (gazteak, pentsionistak, langabeak, sektore publiko zein pribatuetako langileak…) langile klasearen arteko elkartasuna eta errespetuan oinarritzen ez bagara.

Honegatik, DIA, Carrefour, Opencor, Simply eta BM-ko zuzendaritzei batzarrak eskatu dizkiegu, hemengo errealitatea zein den gogorarazteko eta etorkizuneko beraien asmoen kontra izango gaituztela adierazteko.