2026-11-15
HomeEkintza SozialaEusko Jaurlaritza berriro ere hipokresiarekin jokatzen ari da migrante eta errefuxiatuen aferan

Eusko Jaurlaritza berriro ere hipokresiarekin jokatzen ari da migrante eta errefuxiatuen aferan

Gaur Beatriz Artolazabalek, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, “Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Inmigrazioaren esparruan jarduteko V. Plana 2018-2020” aurkeztu du Gasteizko parlamentuko enplegu, politika sozial eta gazteriaren batzordean.

LABek hau esan nahi du:

– Beste gai askotan egiten duen bezala, migranteen eta errefuxiatuen aferan ere Eusko Jaurlaritza plan estrategiko baten atzean ezkutatzen da gaur egun duen konpromiso eza ezkutatzeko. Plan honen eta aurreko asteetan egindako “Share proposamenaren” aurkezpenarekin, Eusko Jaurlaritza hutsik dagoen diplomaziara jokatzen ari da, bere burua zuritu nahian. Plan estrategikoak behar beharrezkoak ditugu bai, baina baita konpromiso zehatz eta argiak; guztion eskubideak defendatuko dituen politika integrala behar beharrezkoa da.

– Lotsagarria da Beatriz Artolazabalek egin dituen adierazpenak. Kohesio sozialean eta migrazioaren gaian “Euskadi Europako abangoardia” dela baieztatu du.

• Alde batetik, eskubide sozialen etengabeko murrizketa garatzen ari da Eusko Jaurlaritza, DSBEa dugularik adibide esanguratsuena. Kohesio sozialik ez dago aberastasunaren birbanaketarik eta babes sozialeko sistema justurik gabe. Zentzu horretan, aipatzekoa da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jasotako 51.000 sinadura DSBEa justu baten eta etxebizitza eskubide efektiboaren alde.

• Bestalde, uda honetan zehar argi ikusi da Eusko Jaurlaritzak pertsona errefuxiatu eta migranteekiko duen konpromiso eza. Arazoa ukatu eta partxe soil batzuk jarri ditu, inolaz ere nahikoak izan ez direnak migrante eta errefuxiatuen beharrei erantzuteko.

– Agerian geratzen da daukagun burujabetza falta migrazioaren eta errefuxiatuen inguruan gure politika publiko propioak garatzeko. Ez dugu konpetentziarik gai honetan klabeak diren politikak garatzeko edo bertan behera uzteko, hala nola, Atzerritartasun Legea.

– Gure konpromisoa berretsi nahi dugu langile klaseko pertsona migranteekin. Lanean jarraitzen dugu, bai sindikatuaren barruan eta baita jendarteko beste eragile sozialekin, langile hauen eskubide politiko, sozial eta ekonomikoen alde.

Beraz, hitzetan geratzea hipokresia hutsa da. Hitz horien atzean ekintzarik ez badago, plan antzu baten aurrean gaude; tamalez, Eusko Jaurlaritzak orain arte erakutsi duen jokabideak ez du esperantzarako tarterik uzten.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...