2026-04-25
Blog Page 704

Hezkuntza Sailaren proposamenak ez duela arazoa konpontzen adierazi dute EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoek

0
EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoak atzo bildu ziren Hezkuntza saileko ordezkariekin. Hezkuntzak luzatutako proposamena, irtenbiderik eskaintzen ez duenez, abiapuntu soil bat bezala hartuko dutela esan dute.

Hauxe da bileraren balorazioa:

Urtarrilaren 11n adostu genuen bezala, EAE-ko Lanbide Heziketako irakasle teknikoak bigarren bilera bat egin genuen atzo Hezkuntza Sailarekin. Bilera hori Pertsonal Saileko zuzendaria den Jon Agirrerekin izan da.

Bileraren helburua EAE-ko Lanbide Heziketako irakasle teknikook pairatzen dugun egoerari irtenbide bat ematea izan da. Izan ere, 2018ko oposaketetan gaur egun betetzen ditugun lanpostuen oposaketetara ezin izan genuen aurkeztu eta horrek gure lanpostuak arriskuan jartzen ditu.

Urtarrilaren 11n egindako bileran Hezkuntza Sailak gure egoerari irtenbide bat emateko konpromisoa hartu zuen eta argi esan behar dugu Hezkuntza Sailak eskainitako irtenbideak ez dituela gure arazoak konpontzen; beraz, abiapuntu soil bat bezala ikusten dugu proposamena.

Proposamen hau asanbladan aztertu ostean , ikastetxeetara eramango da, hausnarketa prosezu bat eman dezagun Irakasle guztiok eta egoera berri honen aurrean gure jarrera zein izan behar den erabakitzeko.

Beraz, ikusita Hezkuntza sailetik eman diguten erantzunak ez dituela inolaz ere gure arazoak konpontzen, baina abiapuntu posible bezala ikusten dugula aurrera jarraitzeko negoziaketekin, (martxo-apirilean beste bilera batera deitu gaituzte), aukera guztiak zabalik uzten ditugu hurrengo egunetan erabakitzeko.

 

 

 

Emakumeok lan munduan pairatzen ditugun eraso guztiak erantzungo ditugu

Agerraldi bat egin dugu Gasteizen, azken hilabeteetan Araban izan diren hiru egoera zehatz salatzeko. Hain zuzen ere, Palacio Elorriaga Hotelean, langile bat kaleratu dute haurdun egoteagatik; Arabako Foru Aldundiak azpikontratatutako enpresa batean, sexu eraso saiakera bat gertatu da; eta Transportes Hombres Barreira enpresan, sexu jazarpen kasu bat izan da.

LABek agerraldi bat egin du Gasteizen, lan munduan indarkeria matxista eta emakumeenganako diskriminazioarekin lotutako hiru egoera salatzeko.

Tamalez ez dira kasu isolatuak, ez dira ematen diren lehenak, ezta azkenak ere.

Lan munduan, emakumeok diskriminazio eta indarkeria egoerei aurre egiten diegu egunero. Baina ez dira kontatzen, ez dira salatzen, ez dira ezagutzera ematen. 

Emakumeon aurkako indarkeria sistema heteropatriarkalaren tresna da gu isilarazteko, obedienteak izateko eta ezarritako genero roletan mantentzeko. Indarkeria matxista lan munduan, jendartean ematen denaren isla da. Botere harreman eta harreman hierarkikoekin gurutzatzen da eta horrek indarkeria detektatzea eta salatzea eragozten du.

Horrela, indarkeria ezkutuan gelditzen da, ez baita erraza salatzea. Horren atzean gu babesten ez gaituen sistema oso bat baitago. Lana galtzeko beldurra eta mehatxua errealitatea da. Gure hitza etengabe zalantzan jartzen da. Horren ondorioz, lantokian gure alde testigantza eman dezakeen norbait aurkitzea ezinezko bilakatuz.

Erasotzaileen inpunitatea lan munduan nahi genukeen baino maizago gertatzen da. Alde batetik, enpresek babesten dituztelako, eta, bestetik, enpresariak beraiek direlako erasotzaileak.

Sexu jazarpenaren aurkako protokoloak ez dira egiten edo eta martxan jartzen enpresetan, honela jazarpen kasuak egotea erraztuz eta inpunitateari mesede eginez.

Salatzen direnean berriz, protokoloak egonda ere, ez dira modu egokian aplikatzen. Salaketa jarri duen emakumearen hitza zalantzan jartzeaz gain, babesik gabe eta erasotzailearengandik urrundu gabe jarraitzea, eguneroko ogia dira, nahiz eta ikusi nahi ez izan.

Aldi berean, enpresen aldetik ez dira kontziliaziorako benetako neurriak ipintzen, ezta erantzukidetasuna sustatzen ere, haurdun egoteagatik edo ama izateagatik emakumeak kaleratuak izaten jarraitzen dute eta.

LABetik, ez dugu kasu bat bera ere pasatzen utziko. Kasu guztiak eta enpresa guztiak salatuko ditugu. Salaketak ipintzen dituzten emakumeak babestu, lagundu eta beraien ondoan izango gaituzte, jakin badakigulako sistema gure beldurrez baliatzen dela salaketa jartzeko momentuan. Izan ere, gure hitza zalantzan jartzen da, gure gain uzten da gertatutakoaren erantzukizuna eta oztopoak jartzen zaizkigu gure aldeko testigantzak jasotzeko, hau guztia lana galtzearen mehatxua erabiliz, botere harremanen ondorioz.

Gu ordea saretuta gaude, emakumeen sareak sortu ditugu gure artean elkar defendatzeko, babesteko eta laguntzeko.

Hala, eraso horiek erantzungo ditugula esan behar dugu. Erasoak salatzera animatzen ditugu emakume guztiak. Lan ikuskaritzari zein erakunde ezberdinei egoera hauen aurrean neurri prebentiboak martxan ipintzea exijitzen diegu. Enpresei, sexu jazarpena zein diskriminazioa ekiditeko protokoloak martxan jar ditzatela exijitzen diegu, lantokiak gune libreak izan daitezen, indarkeria matxista zein diskriminaziorik gabekoak.

Hiru adibide
Hauek dira, hain zuzen ere, LABek gaurko agerraldian salatu dituen kasuak:

1- Joan den urteko irailaren 25ean, Palacio Elorriaga Hotelak, zazpi urteko harremana eta gero, haurdun egoteagaitik langile bat kaleratu zuen. Hotelak emakumeak bere haurdunaldia enpresari jakinarazi eta bi aste barru notifikatu zion kaleratzea. Langileak kaleratzea salatu zuen, eta urtarrilaren 22an epaiketa ospatu egin zen. Momentuz, epaiaren zain gaude.

2-Joan den urteko azaroaren 2an, sexu eraso saiakera bat egon zen Arabako Foru Aldundiko azpikontrata baten langile baten aldetik, enpresa horretako emakume langile baten aurka. Emakume langileak salaketa jarri zuen, eta erasotzailea koakzio delitu arin batengatik zigortu dute, urruntze agindu bat ezartzeaz gain. Hala ere, enpresak ez du inolako neurririk ipini halako egoera bat berriro gerta ez dadin. Honi gehitu behar zaio, ez Aldundiak eta ezta segurtasun enpresak ere, ez dutela protokolo zehatzik sexu jazarpena edo sexuaren araberako jazarpena saihesteko.

3-Transportes Hombres Barreira enpresan hilabetez eman da sexu jazarpen kasu bat emakume langile baten aurka, zenbait lankide eta arduradunen aldetik. Denboran luzatu da egoera, emakume langilearentzat jasangaitza izan den arte, eta dagokion salaketa jarri arte. Transportes Barreirako zuzendaritza konplize bilakatu da egoera honetan, ez baitu ezer egin egoerari amaiera ipintzeko; langilea babesteko, erantzukizunak egokitzeko eta halako zerbait berriro gerta ez dadin neurriak jartzeko, alegia. Gainera, enpresak emakume langilearen datu pertsonalak jazartzaileen esku uzteko bidea erraztu du, eta, modu horretan, jazarpenak iraun dezan lagundu du.

 

 

 

Enpleguaren babesaren alde egingo dugu, H&Mko Max Centerreko dendaren itxieraren aurrean, negoziaketa eremua hemen mantentzea exijituz

0

H&Mko enpresa komitetik grebara deitu dugu larunbata guztietarako modu mugagabean, H&Mko Bizkaiko denda guztietan (Max Center, Artea, Ballonti, Zubiarte). Lehenengo greba eguna joan den larunbatean izan da, eta langileek erabateko erantzuna eman diote.

Lau dendak itxi dira, eta, ondorioz, 150 langile inguruk egin dute bat grebarekin, Bizkaiko H&Mko langileen %100ek. Grebak, oihalgintzako multinazional honek hartutako erabakiari aurre eginez, Barakaldoko Max Center merkatalgunean duen dendaren itxiera asmoei erantzuten dio. Gogoratu dezagun pasa den ekainean, oihalgintzako mundu mailako bigarren enpresa den multinazional honek Bilboko Plaza Eliptikoan zuen denda itxi zuela. Une hartan ere langileen batasuna eta elkartasuna erakutsi zuten, eta, mobilizazio eta borrokaren ondorioz, derrigortutako kaleratzerik ez egotea lortu zen.

Borrokak aurrera dirau, Estatu mailako EEEa inposatu digute eta egin nahi dituzten lekualdatze eta kaleratzeak bidezkoak ez direla deritzogu. Beraz, langile guztiei Bizkaiko dendetan enplegua bermatu arte larunbata guztietan greban jarraitzeko asmoa dugu. Langile guztiek argi ikusi dute, oraingoan beraien denda kaltetua egon ez arren, denak borroka berdinean eta "poltsa" berdinean daudela argi ikusi dute, eta, horren aurrean, ez dute etsiko H&Mek Euskal Herrian dituen dendetan lanpostuen amortizazioa eta kaleratzeak suposatzen dituen edozein neurriren aurrean.

H&Mek milioietako mozkinak ditu, eta, Euskal Herrian zentroak izan nahi badituzte, LABek argi utzi nahi die negoziaketa eremuak hemen mantentzea exijitzen dugula, hemengo lan baldintzak errespetatu behar dituztela eta enpleguaren blindaje borroka egingo dugula.

 

 

 

Lantegi Batuak-eko enpresa-batzordeak greba eta manifestazioak egingo ditu hitzarmen duinaren alde

Joan den larunbatean, Lantegi Batuak-eko langileek asanblada egin zuten Barakaldoko BECen hitzarmen duina eskatzeko egin beharreko mobilizazioen egutegia eztabaidatzeko.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra (LAB, ELA, CCOO, UGT): 

Azken hitzarmena 2017ko abenduaren 31an amaitu zen eta 13 hilabete daramatza enpresa-batzordeak berria negoziatu nahian.

Aurrekariak honakoak dira: 2012 eta 2014 artean, soldata izoztuta eta 2015 eta 2017 artean, urtean %1eko soldata igoerak.

Enpresaren azken eskaintza, urriaren 2018koa, honakoa da: %1,17ko igoera gutxien kobratzen duten kategorientzat (15.645,74 euro edo gutxiago) eta %0,75eko igoera besteentzat, hitzarmena indarrean egongo den urte bakoitzerako (2018-2020) eta oso aurrerapen txikiak eskubide sozialetan. Igoerak handiagoak izan daitezke emaitzen arabera. Guk es dugu filosofia honekin bat egiten, Lantegi Batuak-eko langileok ez dugulako enpresaren erabaki estrategikoetan esku-hartzeko gaitasunik.

Guri guztiz askieza eta zekena iruditzen zaigu enpresaren eskaintza.

Abenduaren 20an greba eguna egin genuen, eta aurretik bi manifestazio Bilbon eta bestelako ekimen batzuk. Enpresa-batzordetik beste proposamen bat egitera gonbidatu genuen zuzendaritza, baina honek uko egin dio mahai negoziatzailean gatazka hau konpontzeko aukerari.

Ondorioz, Lantegi Batuak-eko zuzendaritzaren immobilismoa eta itxikeriaren aurrean, langileen asanbladak mobilizazioak egitea erabaki du.

Otsailean, manifestazioak egingo ditugu Bilbo datorren otsailaren 2an eta 16an eta hiru greba egun ere deituko ditugu, 25, 26 eta 27an.

Martxoan ere manifestazioak egingo ditugu, larunbatetan, 2an, 16an eta 30ean eta hiru greba egun ere bai, martxoaren 20, 21 eta 22an.
 

 

 

Nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan ez dutela parte hartu behar iritzi du Beasaingo CAFeko enpresa batzordeak

0
Jerusalemgo tranbia-linea berria eraikitzeko lizitazio-prozesuan sartuta dago CAF. Hori egiteko, Jerusalemek Palestinako lurrak desjabetuko ditu lurraldeak legez kontrako kolonia horietarako jarraipena izatea bermatuz.

Hauxe da Beasaingo CAFeko enpresa batzordearen oharra:

Israelgo gobernuak Jerusalemerako planteatu duen tranbia proiektuak nazioartean polemika handia piztu du. Proiektua legez kontrakoa da; bai trazatuagatik, bai diskriminatzailea delako, Palestinako “kolonoek” modu esklusiboan erabiltzeko izango baita.

Gure ustez, munduko edozein hiritako eta, noski, Jerusalmengo edozein tranbia proiektuk nazioarteko legezkotasuna eta giza eskubideak errespetatu beharko lituzke. NBEko segurtasun-batzordeak, osoko bilkurak zein Nazioarteko Justizia Gorteak, ebazpen ugariren bidez, aipatutako tranbia horrek zeharkatuko dituen lurraldeak okupatzearen aurka daudela adierazi izan dute.

Gure ustez, Jerusalemen egindako edozein tranbia-proiektuk palestinar herriko legezko ordezkarien babesa jaso beharko luke, nazioarteko legezkotasunaren arabera. Kasu honetan, bistakoa da Palestinako herriak erabat baztertu duela proiektua. Ez dugu ulertzen nazioarteko legezkotasunaren, etikaren eta elkartasunaren aurkako lanak zer alderdi positibo eskain diezaiokeen CAFi. Izan ere, lan horiek egiteak Euskal Herrian zein mundu osoan gaitzespen sozial handia eragingo luke.

Gorabehera horiek guztiak kontuan hartuta, zuzendaritzari eskatu diogu aipatutako lizitazioari uko egiteko.
 

 

 

Bat egiten dugu Nafarroako Sindikatu Medikuak agertzen duen Nafarroako medikuntzaren egoeraren gaineko kezkarekin, baina ez errudunak zehazteko garaian

0
Greba deialdia dela eta, egoera hau sortu duena Gobernu espainola izan dela gogorarazi nahi du LABek, eta medikuntzako langileei modu positiboan aldarrikatzera dei egiten diegu. Gure ustean PP eta PSOEren Gobernu espainolak izan dira egungo egoerara eraman gaituztenak, haien agintaldietan ez baitzuten plantilen gaztetze eta zabaltzea ahalbidetu. SMN ez zen orduan mobilizatu. Zergatik orain bai?

SMN sindikatuak lanuzteak deitu ditu datozen asteotarako, argudiatuta lan-baldintza kaxkarrak dituztela eta Nafarroako Gobernuak ez duela borondaterik Osasunbideko premiak asetzeko: behin-behinekotasun handia, soldatetan galera, langile falta…

LABek bere egin ditu kezka horiek, baina gogorarazi nahi dugu soldaten murrizketa guztiak aurreko legealdian erabaki zirela, UPN alderdia Nafarroako Gobernuan eta PSOE/PP alderdiak Estatuaren Gobernuan zirela. Madrilgo gobernu horiek galarazi dute plantillak berritzeko eta zabaltzeko aukera; gobernu horiek mugatu dute langileon baldintzak kudeatzeko autogobernua Nafarroan.

Are gehiago, 2012. urtean, Marta Vera Osasunbideko kontseilaria zela UPNko gobernuan, 38 ordu igo ziguten urteko lanaldia eta plantillan 600 langile galdu genituen.
Garai hartan SMNk ez zuen mobilizaziorik antolatu; ez zuen deus esan kontseilariak ordezte-tasa erabili zuenean osasun arloko burutzak betetzeko eta, horrela, Osasunbideko Lan Eskaintza Publikoa hutsaren hurrengoa bihurtzeko (izan ere, burutza horiek langile finkoek betetzen zituzten jada, eta horren ondorioz, medikuntza arloko 89 postu galtzeko zorian egon ginen). Zorionez, egungo Gobernuak zuzendu zuen egoera, eta lanpostu horiek BFEko postu bihurtu zituen.

2018. urtean berreskuratu dute erosahalmena langile guztiek, 2009. urteaz geroztik lehen aldiz.

2018. urtean, soldata % 1,75 igo zen, eta inflazioa, berriz, % 1,2; beraz, soldatak % 0,55 hobera egin du. Horrez gain, kontseilari berriaren lehenbiziko neurrietako bat izan zen medikuntza eremuko langileei lanbide karrera ordaintzea, UPNk hainbat urtetan blokeatua izan zuen hura.

Plantillari dagokionez, berreskuratu eta gainditu dugu murrizketen aurreko langile kopurua; Lan Eskaintza Publikora atera dira mila bat lanpostu, eta horietatik ehunka dira medikuntza arlokoak, estamentu guztietan kopururik handiena.
Alabaina, agerian dago arazo handiak daudela oraindik, asko eta asko Madrilgo Gobernuak sortu eta ezarriak; zintzo jokatu behar dugu, ordea, bai arazoak azaltzen ditugunean, bai arduradunak nabarmen uzten ditugunean.

SMN orain kexu da profesional faltagatik; baina, orain 8 urte PPk, Medikuntzako Elkargo Nagusiak eta zientza-elkarte batzuek numerus clausus batzuk ezartzea adostu zuten eta ezarpen horrek berak sortu du egungo gabezia.

Egia da, bestalde, profesional faltaz gain, mediku askorentzat bere horretan daudela kontratu ezegonkorrak eta eskasak, batik bat Oinarrizko Osasun Laguntzako medikuentzat. Gauzak horrela, egoera korapilatsua da; izan ere, urte askoan, mediku batzuek (finkoek) soldata ederrak pilatu izan dituzte –produktibitate-osagarrien bidez-, baina, bien bitartean, maila bereko lankide askok lanaldi partzialak edo zaintzak besterik ezin izan dute egin, kontratu kaxkarren bidez.

Gure iritziz, medikuntza arloko langileen egoera berrikusi beharra da, eta Geroa Bai-ren gobernuak ez du behar adina aurreratu horretan; alabaina, arazorik handiena Madrilen hartutako erabakien ondorioz dator: profesional falta.

Horregatik guztiagatik, LABek ez du bat eginen SMNren ekimenekin, interes partikular asko eta interes laboral eskasa dutelako. Horren aurrean, guk medikuntzako langileei dei egiten diegu beren aldarrikapenak modu positiboan bideratu ditzaten; esaterako, gure sindikatuak deitutako ekimenetan: lanbide karrera eta antzinatasun gradua zabaltzea aldi baterako langile kontratatuei, plantillak egonkortzeko LEP zabala, Laguntza Taldeen Ratioak Antolatzeko Legea ezartzea, murrizketengatik galdutako erosahalmena berreskuratzea…

Horiek guztiak lortzeko, elkarrekin lan egitera dei egiten dizuegu.

 

 

 

Antolakuntza eta borrokaren aldeko apustua berretsi dugu Iruñean, prekarietatearekin amaitzeko bidean

Huerta de Peraltan lortutako akordioak hauspotuta, kalera irten gara prekarietatearen eta esplotazioaren aurka, Iruñean. Garaipenak garaipen, borrokak jarraitzen duela nabarmendu dugu, hainbat fronte baititugu irekita. Hain zuzen ere, klase elkartasuna aldarrikatu dugu larunbat honetan egindako mobilizazioan, eta prekarietatearen aurkako borroka guztiak batu ditugu. "Helburuak argi ditugu, iparra non dagoen argi dugu, eraginkorrak izan nahi dugu eta izaten ari gara", adierazi du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk.

Prekarietatearen kontrako antidotoa badugu: antolakuntza eta borroka. Zentzu honetan, eredugarria izan da Huerta de Peraltako langileek egindakoa. Nafarroako landa eremuan garai berri bat irekitzeko aukera zabaldu dute, eta enplegu eta bizitza duinen alde piztuak ditugun borroka sindikalak arrazoiez bete dituzte. Borroka horien artean, aipamen berezia merezi dute sektore feminizatuetan gauzatzen ari direnak, prekarioetan prekarioenak diren la esparrutan gertatzen ari diren neurrian.

Hala, jende andana irten da Iruñeko kaleetara, mezu garbi batekin: borrokak aurrera darrai! Hori bai, manifestazioa abiatu aurretik, Gaztelu plazan bertan, Huerta de Peraltako langileak zoriontzeko tartea hartu dugu, borrokak merezi duela nabarmentzeko. Marokoar te eta opilekin, txokolate bero eta bizkotxoarekin, Azkoiengo enpresan lortutako akordioa ospatu dugu.

Manifestazioa behin abiatuta, LABek prekarietatearen aurkako borrokaren ikur dituen dinamikari ikusgarritasuna eman diegu: Piztu Alarma eta Pikete Feminista, kasu. Borrokan dauden pentsiodunak, Gipuzkoako helduen egoitzetakoak edo Iruñeko eskuhartze sozialekoak ere izan dira protestan, euren aldarrikapenekin.

Kaleetatik barrena ibili ondoren, Iruñeko udal plazan egindako ekitaldiarekin amaitu da mobilizazioa. Ernaiko eta Iruñeko Ciudad de Acogidako lagunek hartu dute hitza, eragile sozialen ordezkari gisa.

Ondoren, Huerta de Peraltako enpresako batzordeko presidente Houssine Yagoubik Azkoienen lortutakoa borrokaren emaitza dela nabarmendu du, bere hitzaldian; antolakuntza eta borroka direla bidea, alegia.

"Harro sentitzeko eguna"
Azkenik, LABeko idazkari nagusi Garbiñe mintzatu da. Lehenik eta behin, gaixotasun larri baten ondorioz gaur hil den Oier Gomez preso ohia izan du gogoan. Ondoren, antolakuntza eta borroka sindikalaren garrantziaz aritu da. Hona hemen bere hitzartzea osorik:

"Prekarietatearen kontra kalera atera gara gaur. Gaurkoa egun polita da. Borroka eta jaia uztartzeko arrazoi on bat daukagu. Borrokaren balioa ospatzeko eguna, klase elkartasuna adierazteko eguna, klase batasuna aldarrikatzeko eguna. Harro sentitzeko eguna. Aste honetan lortu dugunaz harro, eta urteetan egiten ari garen borrokaren harro!

Urteak daramatzagu prekarietatearen kontrako borrokan, langileen eskubideen defentsan. Hainbat akordio duin lortu ditugu, beste hainbat lan gatazka daude zabalik eta horietako asko gaur hemen gurekin daude.

Hoy aquí nos hemos reunido gente de diferentes sitios, de diferentes conflictos, todos tienen un significado especial, pero hoy no podemos pasar sin mencionar la lucha que han protagonizado los trabajadores de Huerta de Peralta. Ha sido una lucha ejemplar, toda una muestra de diginidad.

Hasta ayer, en la Euskal Herria del siglo XXI, habéis tenido que trabajar en unas condiciones de explotación laboral, en un régimen de relaciones laborales totalitario, en un régimen de semi esclavitud. Pero en un ejercicio de empoderamiento colectivo, os habéis plantado, os habéis organizado, habéis luchado y habéis ganado, lo habeís conseguido, lo hemos consegudio. Para sostener ese conflicto, también ha sido importante la labor de apoyo y de ayuda realizada principalmente por las mujeres.

Ha sido una lucha que ha generado muchísima simpatía, y mucha empatía. Ha generado una ola social de solidaridad, todos y todas nosotras nos hemos sentido parte de ese conflicto, nos ha generado un sentimiento de orgullo, orgullo de clase. Txalo bero bat!!!

Duintasuna da eskatzen duguna, lan baldintza duinak eta bizimodu duina. Prekarietatea etekina ateratzeko modua da, sortzen den aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzeko modua. Baina prekarietatea hori baino gehiago da, badu hori bezain garrantzitsua den bigarren helburu bat: dominazioa. Langileak menpean hartzea, beldurra zabaldu eta langileak zatitzea.

Sistemak isilik eta otzan nahi gaitu, baina guk ez dugu beldurrik, eta ez dugu amore emango. Langile antolakuntza borroka sindikala, elkartasuna, langile batasuna, hor daude sistema honen kontrako gure antidotorik onenak!

El capital precariza nuestras vidas. El capital nos oprime, nos explota nos enferma y hasta nos mata. Pero no vamos a permitir que nuestro destino sea la precariedad, es una cuestión de derechos y de dignidad. Luchamos y lucharemos y ganamos y ganaremos esas luchas porque es nuestro derecho tener unas condiciones laborales y de vida dignas.

Este sistema es injusto para la clase trabajadora. Pero todo el colectivo trabajador no padece de la misma manera esas injusticias. El conflicto de Huerta de Peralta, no ha sido un conflicto laboral más. Ha tenido la virtud de visibilizar las condiciones en las que tiene que trabajar el colectivo de migrantes en la huerta de Nafarroa.

Es inhumano lo que está pasando allí. Es inhumano lo que se está haciendo con la inmigración. El derecho a la libre circulación de toda persona, se reprime. Eso sí, cuando el sistema lo necesita, cuando las empresas necesitan mano de obra barata se recurre a ellos. En muchos casos para realizar trabajos que no queremos cubrir los nativos, como en el caso de las y los trabajores del campo, en sectores como la pesca o en el servicio doméstico.

Quiero recordar que en Irun hoy hay una movilización para reivindicar que Euskal Herria es un pueblo de acogida. En LAB lo tenemos claro, damos la bienvenida a quien quiera venir. Guk guztiei ematen diegu ongi etorria, euskal langileak dira. Hemengo edo hango denok Euskal Herriko langileak gara.
Las mujeres nos sentimos muy identificadas con esta realidad. Sufrimos en primera persona lo de ser infravaloradas. Los trabajos de cuidados recaen en nosotras y no se reconocen. Una vez en el mercado laboral impera la división sexual del trabajo y padecemos mayores cotas de precariedad.
La realidad a la que se tiene que enfrentar la juventud no es mucho mejor. Ya lo hemos escuchado.

LAB quiere ser instrumento eficaz de lucha para todos estos colectivos. Estamos en ello. Hoy más que nunca hay que hablar de la necesidad de reagrupar el sujeto de clase, de organización y de lucha.

Zeren, Langile klaseaz hitz egitea ez da antzinako kontua. Gu ez gara iraganari begira dauden nostalgikoak. Guk, etorkizunari aurrez aurre begiratzen diogu eta gaurko egoera eraldatu nahi dugu, biharko bizimodu duina bermatzeko. Gaur, inoiz baino gehiago, langile borroka!

Guk langile guztiengana iritsi nahi dugu. Sektore prekarizatuenetara iritsi behar dugu, okerren zaudetenenon bidelagun izan. LABek oso argi ikusi du subjektibitate desberdinei eskaintza egin behar zaiela, sektore prekarizatuenetara iritsi behar dela. Eta horretan ari gara!!

Eta horrek aldaketak ekarri ditu borroka sindikalera. Epika berriak sortzen ari gara. Borroka sindikala ez da industriako gizon zurietara mugatzen. Emakumeak, migranteak, guztientzat eta guztiekin aritu behar dugu. Ekintza sindikala berritzen eta batez ere sektore berrietara zabaltzen eta indartzen ari gara. Imaginazioa astindu eta gauza berriak egiten ari gara, konplexurik gabe!

Helburuak argi ditugu, iparra non dagoen argi dugu, eraginkorrak izan nahi dugu eta izaten ari gara! Egunotan asko abestu dugu, Hokoke, hokoke, kantatzen duen herria, ez da inoiz hilko. Eta borrokatzen duen herria, ez da zapalduko. Borrokak jarraitzen du! Eta borrokatzen jarraituko dugu. Borrokak merezi du!!!"

 

 

 

Egoerak identifikatu eta langile kolektibo anitzak kontutan hartuko dituen Enplegu Egonkortze Eredu propioa arautuko lukeen legea eskatzen diogu Jaurlaritzari

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioetan behin-behinekotasuna eta ziurgabetasuna da nagusi langile publikoen artean. Salbuespen egoera batean aukitzen garela argi dago eta LABek argi dauka egoera horren erantzuleak botere publikoak izan direla. Hala, agerraldi bat egin dugu, Gasteizko Legebiltzarrean beharrezkoak diren neurriak har ditzaten eskatzeko. Prentsaurrekoa eman dute Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari Gorka Berasategik, Irakaskuntzako Aitor Nuñezek, Osakidetzako Bego Aranzastik eta Eusko Jaurlaritzako Ainhoa Guemesek.

Salbuespen egoera larrian gaude euskal administrazioetan. Enplegu publikoaren eremuan egin diren politika publikoen ondorioz, langileen ikuspegitik anabasa eta ezegonkortasuna nagusi da erakunde ezberdinetan. Orokorrean, behin-behinekotasun tasa %40 inguruan kokatzen dela esan dezakegu. Badira 20 urte baino gehiago deialdi publikorik egin gabe dauden eremuak, eta ez nolanahikoak. Eusko Jaurlaritzaren administrazio orokorreko teknikarien kasuan adibidez, 2000. urtean izan zen azken deialdia.

Hau guztiak behin-behinekotasunari beste ezaugarri batzuk gehitzera ekarri du. Hamarkadez behin-behinean dauden langileak biderkatzen dira, beraien plaza egonkortzeko inolako aukerarik izan ez dutelako. Adineko eta aintzinatasun luzeko behin-behineko langileen kolektiboa gero eta handiagoa da. Hezkuntza Saileko sukalde eta garbitzaileen eremuan, kolektibo horrek emakume aurpegia dauka, baita hezkuntzako heziketa berezian ere.

Gobernuak Madriletik etorritako debekuak aitzakia gisa jartzen ditu. Debekuak ordea, ez dira arrazoi bakarra izan. Debekurik ez zegoenean ere euskal administrazioetan ez ziren beharrezkoak ziren lanpostu deialdi publikoak gauzatzen. Gure ustez, zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizazioaren joera indartzeko estrategia garbi baten gatibu egon gara Euskal Herrian ere.

LABek, behin eta berriz, enplegu planen beharra aldarrikatu du. Tamalgarria da Eusko Jaurlaritzak enpleguaren gaian daukan jarrera. Propaganda egin eta iritzi publikoa bereganatu zenbaki potoloetako deialdi publikoak iragarriz. Gure ustez jarrera hori arduragabea da eta ez dio inolaz ere euskal administrazioetan dagoen egoerari erantzuten. Argi eta garbi esan behar dugu urteetan bakante egon diren eta dauden lanpostu guztiak deialdi publikora atera behar direla. Baina oso garbi daukagu ere, deialdi horiek, aurretik azaldu dugun egoera kontutan hartuta egin behar direla. Lanpostua egonkortzeko aukera aitortu behar zaie urteetan lanpostu horietan egon diren pertsonei, beti ere administrazioan sartzeko garaian berdintasun eta gardentasun printzipioak eman baziren.

Estatuan enpleguaren egonkortze prozesuak egiteko aukera zabaldu da 2018ko aurrekontuen onarpenaren ondorioz. Bertan erabaki dena inposizio hutsa da guretzat, ez dio euskal administrazioetan bizi dugun egoerari erantzuten. Horren ondorioz, estatuaren araberako legeria aplikatuta, EAEko administrazio handietan kaleratze masiboak egon daitezkeela ohartarazi nahi dugu. Eusko Jaurlaritzak badaki hori eta muzin egiten dio daukan ardurari. Gobernuak nahiago du propaganda egiten jarraitzea, milaka langile interinoren egoera kontutan hartu gabe.

Horregatik guztiagatik Eusko Jaurlaritzari bere ardura hartu dezan exijitzen diogu, berak sortutako egoera konpondu dezan alegia. EAEn administrazioetan egonkortze prozesuak egiteko tresna legal propioak behar ditugu, egoerak sortzen dituen beharrei aurre egingo dietenak. Horretarako, Legebiltzarrera lege proposamen bat aurkeztu dezala eskatzen diogu Gobernuari, bertan administrazioetan dauden egoerak identifikatu eta langile kolektibo anitzak kontutan hartuko dituen Enplegu Kontsolidazio Eredu propio bat arautzea exijitzen diogu. Motzean hainbat gaiekin egingo duen bezala, enpleguaren egonkortasunerako lege propioa beharrezkoa daukagu.

LABek ez du inolaz ere onartuko politika neoliberalek sortutako egoera bat langileen bizkarrean jartzea. Milaka langile eta pertsonen egoera kolokan dago eta hori botere publikoen ardura da. Tresnak badaude, borondatea da askotan falta dena.

 

 

 

Baiezkoa emanen diogu Nafarroako tokiko maparen lege proiektuari, nahiz eta uste dugun arlo horretako langileen lan-eskubideak hobetzeko gehiago egin zitekeela

Datorren ostegunean, urtarrilak 31, Nafarroako Legebiltzarrean Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legearen proiektua bozkatuko da, Tokiko Mapa berria eratuko duena eta, egungo Mankomunitateak eta Zerbitzu Administratiboen Elkarteak desagertuz, Eskualde berriak sorraraziko dituena.

LABek legea berritzeko prozesu luze honetan hasieratik hartu du parte, proposamenak eginez legeak bere baitan har ditzan, besteak beste: zerbitzu publikoen zuzeneko kudeaketa, lanpostuak mantentzea eta enplegua egonkortzea, eta toki administrazio guztietako langile guztien lan baldintzak negoziatzeko marko bat sortzea.

Prozesuan zehar, maiz, gure proposamenak aintzat hartu ez baziren ere, azkenean (LABen kudeaketari eta mobilizazioei esker, eta baita gehiengo sindikalak horiek bere egiteari esker ere) lortu dugu proposamen haietako asko, zuzenketen bidez, testuan barneratuak izatea.

Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu pribatizaturiko zerbitzuak kudeaketa publikora lehengoratzeko apustu sendorik ez jasotzea testuan, baita eskualde guztietako kudeaketa homogeneizatzearen aldeko apusturik ez egitea ere; egungo behin-behinekotasun ikaragarriarekin amaitzeko gehiago egin zitekeen eta sortuko diren eskualdeetan ez ezik, udaletan ere eragin zitekeen. Hala eta guztiz ere, Gobernuko lau taldeei egin genizkien proposamenetako batzuk, zuzenean langileei eragiten dietenak, aintzat hartu direla uste dugu.

Horregatik, LABek baiezko kritiko bat emanen dio Berrantolaketa horri. Lurraldearen, zerbitzuen eta eskuduntzen homogeneizazioan aurrera egiteko beharrezko aldaketatzat jotzen dugulako, eta toki administrazioetarako finantzaketa eredu berria eta egonkorragoa finkatzen duelako. Baina kritikoak gara, langileen lan baldintzei dagokienez, urrunago joan zitekeelako.

Oraindik ere zuzenketen bat berraztertu daiteke; espero dezagun, ilbeltzaren 31n, legea bozkatzen denean, jasoa izanen duela negoziazio eskubidea edo negoziazio markoaren aukera bultzatuko duen ekarpenen bat. Nolanahi ere, LABek segituko du langile guztientzat, funtzionario zein lan kontratupekoentzat, foro guztietan lan baldintza duin eta berdintzaileak aldarrikatzen eta borrokatzen.