2026-04-25
Blog Page 703

Arartekoak kaleratutako Osakidetzako EPEko irregulartasunei buruzko txostena bat dator sindikatuak salatutako irregulartasunekin

0
Manu Lezertua Arartekoak egindako txostenaren datuek, Osakidetzak Oviedoko Unibertsitateari enkargatu zion ikerketarekin gertatu bezala, bat egiten dute LABek egindako salaketekin eta defenditu dugun tesiarekin. Adibidez, aipaturiko txostenean hainbat kategoriatako azterketak errepikatu baino lehen epaimahaiak berritu beharko liratekeela jasotzen da; argi gelditzen da zein kategoriatan ireki behar ziren informazio-espedienteak erabakitzeko irizpide ezberdinak kontuan hartu direla kategoria bakoitzean; Osakidetzako ikerketa aurrera eraman duten pertsonen arteko koordinazio falta seinalatzen du, eta baita EPE eredu berriaren oinarriak finkatzeko eztabaida irekia martxan ipini behar dela ere.

Hau dela eta, Osakidetza eta Osasun Sailaren gardentasun eza salatu nahi dugu eta baita exijitu ere ikerketa bururaino eraman dezatela, argitu ahal izateko non egin ziren filtrazioak eta nork egin zituen. Bestaldetik, martxan ipini behar den EPE sistema berria adosteko negoziazioa irekitzea funtsezkoa jotzen dugu. Baina argi utzi nahi dugu ez dela ezer lortuko EPE eredu berri batekin, Osakidetzak babesten jarraitzen badu filtrazioak egiten dituzten pertsonak. Zentzu honetan, argigarria da Arartekoak berak eskatzen duel epaimahaik aldatu behar direla.

Hau da, erantzukizun politikoak eskatzen ditugu, Darponen dimisioa ekarriko beharko luketenak, baina baita filtrazio hauen arduradun izan diren pertsona guztiak epaile aurrean eramatea ere. Honekin batera, Osakidetzako pertsonal politikan goitik beherako aldaketa martxan jarri behar da, zerbitzu buru eta gainontzeko ertaineko arduradunen gehiegizko botera mugatuko lukeen sistema demokratikoa ezartzeko. Azkenik, EPE ereduaren gaineko eztabaida ireki eta demokratikoa abiatu behar da, ez soilik Osakidetzan, baita beste euskal administrazioetan ere, gaur egun geratzen diren filtrazioak desagerrarazteko.

Amaitzeko, gertatzen dena publikoki salatzera ausartu diren pertsonen kontra abiaturiko “sorgin ehiza” salatu nahi dugu. Zentzu honetan, otsailaren 5ean kontzentrazioa egingo dugu, ESK sindikatuarekin batera, Debagoienako Ospitalean, Arrasaten, zentro honetan filtrazioak salatu zituzten hiru anestesistek lan egiten baitute.

 

 

 

EAEko eskola jangeletako bi kolektiboak mobilizatu dira, Eusko Jaurlaritzaren aurrean

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, gaur, eskola jantokietako bi kolektiboetako langileak bildu dira protesta egiteko; Hezkuntza Saileko sukaldariak eta catering enpresetako langileak, hain zuzen ere. Kolektibo hauetan guztira 10.000 pertsona baino gehiago ari dira lanean. Egungo eskola-jantoki ereduaren ondorioz bizi duten egoera salatu dute.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko sukaldariak eta catering enpresek kontratatzen dituzten langileak gara, eta egungo eskola-jantoki ereduaren ondorioz bizi dugun egoera salatu nahi dugu, baita Hezkuntza Sailak Guraso Elkarteei eskaintzen dien alde bakarreko erabaki arduragabea ere.

LABen ustez, egungo iruzurraren jantokien eredua desagertu egin behar da. Esparru horren benetako eta egungo beharrei erantzungo dien eredu berri batean lan egin behar da, eta Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatu behar ditu eskola-jangelak, behar bezala funtzionatzeko, bai giza baliabideak eta baita baliabide materialak zuzenduz.

Gogorarazi nahi dugu gaur egungo ereduak iruzur ekonomikoa egin duela, 85 milioi euro baino gehiago, eta horietatik erdia langileen lanaren kontura egin dela.

12 urtetan zehar, Eusko Jaurlaritzak kontratutako enpresek urteko 692 euro gehiago kobratu ditu pertsona eta ikasturteko.
2000. urteko Aginduan jasotzen den jangela ereduak, eskoletan sukaldeak eraikitzea alboratzen du, azpikontratazioa bultzatzen du, sukaldarien kolektiboan interinoen %63ko poltsa sortzea eragin du, enpresetako pertsonalari dagokionez, enplegu oso prekarioa da, lan hitzarmena estatalizatzearen mehatxua etengabea, lan orduak egunean oso gutxi dira, beraz, ezinezkoa dute jubilazio duinik izan,…

Hezkuntza Sailak eta gaur egun diren arduradunek, lizitazio berrien atarian, aldebakarreko erabakia hartu dute eskola jantokietan kudeaketa ez zuzena bultzatzeko, kudeaketa osoa IGEn eskutan utziz; bitartean, kolektibo bi hauetako langileentzat segurtasun falta eta kontrol eza egoera ekarriko du. Langile kolektiboak umezurtz uzten dituzte.

Uriarte Sailburuak eta bere Departamentuko kideek langileak bahitu gaituzte familiei xantaia egiteko. Jarrera hau arduragabea eta onartezina da.

LABen, orain bi urte jangelen inguruko proposamen integrala jorratu dugu, hurrengoa jasotzen duena:

– Elikagaiak bertokoak, sasoikoak eta ekologikoak
– Sukaldeak in situ
– Jangelak gune hezitzaileak
– Lan baldintzak: azpikontratatutako pertsonala benetako errebertsio izatea, formazioa, euskalduntzea, lanpostuak, ratioak, jardunak,….

Proposamen hau Jangeletako Batzordean aurkeztu zen, Sailaren aldetik gutxietsia izanik, eta, era berean, gutxietsiak izan gara langileak, gure lanpostuak eta lan baldintzak mantentzearen kontra egindako mehatxuekin.

Orain, lizitazio berriaren atarian gaudenean, hau da Hezkuntza Sailak eta bere arduradunek (Olatz Garamendi, Polentzi Urkijo, Amaia Jauregiberri) jartzen diguten eredua, honek dituen ondorioekin.

Lizitazio baldintza berrien aurrean, LAB adi egongo da, eta Legeak markatzen dituen atal guztiak betetzeko bermea exijituko dugu.

LABek, jangeletako langileen kolektibo bietan gehiengo sindikala izanik, Uriarte sailburuari dei egiten dio, hartutako erabakia atzera botatzeko eta hezkuntza komunitateak eskatutakoari kasu egiteko. Hori egiteko behar diren tresnak jarri behar dituzte. Erantzunik izan ezean, beste neurriak hartzera behartuko gaitu.

 

 

 

Hezkuntzako zaintzaileek Nafarroako Jauregiaren aurrean egin dute protesta

Nafarroako Nukleoko Langile Batzordeak deituta, Hezkuntzako zaintzaileak Nafarroako Jauregiaren ateetan elkarretaratu dira 2109/2012 Ebazpena bertan behera utz dezaten eskatzeko eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko.

Hauxe da, gaurko elkarretaratzea dela eta, egin duten oharra:

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren baitako zaintzaileen lan baldintzak hobe ditzaten eskatzeko batzartu da, gaur hemen, Administrazio Nukleoko Langileon Batzordea. Bereziki eskatu nahi dugu zaintzaileon ordutegia arautzen duen 2109/2012 Ebazpena indargabetzea; izan ere, ebazpen horrek ahalbidetzen baitu zaintzaileok gaur egun lanaldi maratonianoak egitea: batzuetan 9 orduko lanegunak egiten ditugu eta astean 43,5 ordu ere pilatu izan ditugu. Araudi horren ondorioz, langileen % 80 behin-behinekoa da eta, gainera, horietatik gehienek lanaldi partzialak dituzte, nahiz eta lanaldi osoa izateko behar adina ordu bete eta gaindituak izan.

Egoera honen aurrean, negoziazio Mahai Sektoriala lehenbailehen elkartu eta arazoari aurre egiteko lanean has dadila eskatzen dugu, zerbitzu hau eskaintzen dugun langileon ordutegia egoki arautzeko. Ebazpen hori indargabetzeko eskaria behin eta berriz egin diogu Gobernuari. Biltzeko eskaria luzatu diegu bai Giza Baliabide Zerbitzuburuari, Francisco Javier Iglesiasi, bai eta Hezkuntza Kontseilaria den Maria Solanari ere, baina ez batak ez besteak ez gaituzte hartu. Alabaina, denborak aurrera darrai eta legegintzaldia amaierara iristear da. Eta oraindik orain, ez dute Ebazpena ndargabetu!

 

 

 

Hezkuntza komunitatearekin elkarlana sustatu nahi dugu, Gasteizen dagoen eskola-segregazioari aurre egiteko

0


Agerraldi bat egin dugu Gasteizen, hirian dagoen eskola-segregazioari aurre egiteko LABen proposamena aurkezteko, hezkuntza komunitateari zuzendutakoa.  


Azken urtean, gaur egungo hezkuntza sistemari buruzko hausnarketa sakona egiten ibili gara LABen baitan. Hausnarketa horren ondorioz, hainbat arazo eta gabeziari konponbidea emateko beharra ikusten dugu.

Gure ortzimuga estrategikoa, eskola publiko komunitarioa sortzea da. Komunitarioa hezkuntza komunitatearen, auzoaren eta inguruaren parte hartzearekin funtzionatu behar duelako, komunitate horren isla izan behar duelako. Herri, genero nahiz klase ikuspegitik hezkuntza eredu burujabea eta askatzailea nahi dugu, murgiltze eredua, Euskal Curriculuma, hezkidetza, parte hartzea, gardentasuna, laikotasuna, doakotasuna eta aniztasuna izan behar dira hezkuntza ereduaren ezaugarriak. Horretarako, hezkuntza komunitatearekin elkarlana sustatu nahi dugu.

Ortzimuga estrategiko bat dugu LABen, baina horrera heltzeko, ezinbestekoa da baldintzak gaurdanik sortzen hastea. Eta beharrezkoa den tokietatik hasi behar gara. Horixe da Gasteizko kasua, non eskola segregazioaren egoera gero eta larriagoa den.

Hezkuntza komunitatearen zatiketa ekiditearen aldeko jarrera azaltzen dugu, benetako irtenbide praktikoak bilatzea zailtzen duelako gure ustez. Horregatik, datozen asteetan, hezkuntza komunitate osoarekin partekatuko dugu gure proposamena, ekarpenak jaso ahal izateko eta egoera konpontzeko behar diren aliantzak bilatu ahal izateko.

 

 

 

Legasako plantako Arcelorreko langileek bigarren greba eguna egin dute, lankide baten berronartzea exijitzeko

0

Ostiralean, otsailaren 1ean, hirugarren greba eguna egingo dute, beti ere lankidearen kaleratze bidegabea salatzeko. Hain zuzen ere, aipatutako langilea kaleratua izan zen proba tartea gainditu ez zuela argudiatuta, aurretik lantegian bost urtez lan egin bazuen ere.

 

 

 

Jaurlaritzak, berriro ere, enplegu publikoaren prekaritatea bere mesederako erabiltzen du

Langile publikoen behin-behinekotasuna parametro jasangaitzeraino eraman ondoren, Jaurlaritzak bere interesak behingoz asetzeko probestuko du egoera eta zerbitzu publikoen eredurik neoliberalena ezartzera animatu da bere Euskal Enplegu Publikoaren Lege (EEPL) proposamen zaharraren bidez. LABentzat, kontsolidazio prozesuak eta kontziliaziorako onura batzuk onartzeko EEPL osoa irentsi beharra txantaje hutsa da.

Tiraderan gorde behar izan zuten lege egitasmoa eztabaidan egon den urteetan LABek bere aurkakotasuna zuzenketen bidez adierazi izan du: anbizio falta; negoziazio kolektiboaren ukazioa; enpleguaren pribatizazioa; lanbide karrera ezegokia; zuzendaritzen erabilera alderdikoia; eta enplegu publikoa behin-behinekotasunean oinarritzeko asmoa zuela aipatuz. Baita, administrazioak euskalduntzeko, aukera berdintasuna bermatzeko eta lan osasunaren kudeaketa publikoa bermatzeko neurri eraginkorrik proiektuan ez dela jasotzen ere.

Egoera politiko nahasian arazo partzialak pakete osoetan saltzen ikasi du orain EAJk, eta aurrekontuen luzapenaren negoziazio partzialarekin bezala (langile publikoekin adostu ez duten soldata igoera, DSBE eta gizarte ekimena pakete berean sartzea), enplegu publikoaren arazo larria arintzeko aitzakiarekin lege proposamenaren neurri neoliberal guztiak pakete bakarrean onartzea nahi du Jaurlaritzak.

LABek pasa den ostiralean prentsaurrekoa eskaini zuen eta bertan enplegu publikoa egonkortzeko lege propioa eskatzen zuen. Jaurlaritzaren enplegu politikek salbuespen egoera larri batera eraman gaituztela salatzen genuen: behin-behinekotasun batez besteko tasa %40ren inguruan eta eremu batzuetan 20 urte deialdi publikorik egin gabe daramatela, beste batzuk oso feminizatuak daudela, plazak egonkortzeko aukerarik ez dela eman…

Lakuak Madrilgo debekuei botatzen die errua, baina aitzakia hutsa da, debekurik egon ez denean egoera okertzen aritu delako. Gaurkoan bere enplegu publikoaren lege proiektuari hautsa kenduz, oso argi ikusi da bere goi-asmoa erabat neoliberala izan dela beti, eta murrizketa politika guztiekin bat datorrela. PNVk zerbitzu publikoak erabat ahuldu eta pribatizatzea lortu ez izana hain zuzen ere langileon eta jendartearen mobilizazioei esker izan da.

Bestalde 2018ko Estatuko Aurrekontuen Legeak egonkortze prozesuak ahalbidetzea ez da konponbidea, hemengo administrazioetako egoerari ez diolako erantzuten eta kaleratze masiboak ekar ditzakeelako. Jaurlaritza, horretaz jabetuta ere, berriro Madrilen aitzakiapean ezkutatu da milaka langile interinoen egoerari bizkar ematen dienean.

Enplegu plan integralak aldarrikatu izan ditugu behin eta berriz, baina Jaurlaritzari gaia propagandarako baino ez zaio interesatzen. EPE potoloak iragartzea gustatzen zaio, inoiz ez dituztela benetako beharrak aseko jakitun, eta egungo egoera eta etorkizunari erantzun gabe. Gure iritziz lanpostua egonkortzeko aukera aitortu behar zaie urteetan lanpostu horietan egon diren langileei, betiere administrazioan sartzeko garaian berdintasun eta gardentasun printzipioak eman baziren.

LABek aurreko ostiraleko agerraldian EAEn administrazioetan egonkortze prozesuak egiteko berariazko lege bat behar dugula aldarrikatu genuenean, ez genuen Jaurlaritzaren erantzuna hain azkar espero. Horren aurrean langileekin adostasunik ez duen Enplegu Publikoaren Lege egitasmo neoliberala berriro tiraderan gorde dezala, eta enplegu publikoa kontsolidatzeko eta egonkortzeko lege bat presta dezala erantzuten diogu Jaurlaritzari, berak sortutako egoera konpontzea alegia. Tresnak badaude, borondatea da oraingoan ere falta dena.
 

 

 

Enpleguak gora egin du sektore publikoaren bultzadaz, baina prekarietatea sendotu egin da

2018. urtean, Hego Euskal Herrian, okupazioaren igoera gertatu da lan merkatuan, INE erakundeak zabaldutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Hain zuzen ere, urteko azken hiruhilekoan, lau herrialdeetan 1.215.400 pertsona zeuden okupatuta, hau da, duela urtebete baino 19.300 gehiago.

Bilakaera hau posible izan da sektore publikoan gertatutako enpleguaren igoerarengatik, 2018an sortutako lanpostuen %86 sektore honetan sortu baitira. Txanponaren beste aldean, sektore pribatuaren ahuldadea nabarmendu beharra dago enplegua sortzeko garaian.

Krisi garaiko urte gogorren ondoren enpleguaren berreskuratzea eta langabeziaren murrizketa gertatu den arren, azpimarratzekoa da oraindik 105.000 lanpostu sortu beharko liratekeela krisi aurreko okupazio kopurura iristeko.

Gainera, duela hamar urte, okupatutako pertsonen %13,6ek lanaldi partziala zuten; gaur egun, kopuru hori, %16,3koa da. Gainera, behin behinekotasunaren hedapena egonkortzen ari da, soldatapeko biztanleriaren %26ra irits baita.

Inposatutako behin behinekotasunak eta lanaldi partzialak desegonkortasun handia eragiten dute, soldata baxuak, lan eskubideen urraketak eta azpiko lanez gain.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera (BAI), 2008tik hona %7an egin du behera soldaten eroste ahalmenak; baina soldata apalenek %22an egin dute bera termino errealetan.

Gainera, eta lanaren sexu araberako banaketa tradizionalaren ondorio moduan, gaur egun oraindik ere emakumeengan erortzen da etxeko lanekin eta pertsonen zaintzarekin lotutako ordaindu gabeko lana. Laneko gainkarga honek eragin negatiboa du emakumeek enplegua eskuratzeko aukeretan.

Lanaldi partzialeko 10 enplegutatik ia 8 dira emakumeen esku daudenak (%78). Ondorioz, eta lan munduan etxean hasten den neurrian, beharrezkoa da aurrekontu politikek apustu sendoa egitea zaintzaren esparruan zerbitzu publikoak garatzearen alde.

PP eta PSOEko aurreko gobernuen onartutako lan-erreformak atzera botatzea ere beharrezkoa da. Era berean, premiazkoa da langabeziagatiko babes sistemaren hutsune larriekin amaitzea, egun ez diolako inolako estaldurarik ematen ofizialki langabezian dagoen pertsonen %70ari. Hego Euskal Herrian 105.500 langabetu eta euren familiak daude egoera honetan.
 

 

 

Enpleguaren eta euren etorkizunaren defentsan mobilizatu dira Gasteizko BSHko langileak

0

Andra Mari Zuriaren Plazan elkartu dira, eta ekimenak eta mobilizazioak proposatzen jarraituko dutela aurreratu dute, ustezko eragiketa espekulatiboaren kontra eta enplegua, aktibitate industriala eta lan eskubideak mantentzearen alde.

hauxe da langileek igorritako oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Aste honetan bertan BSH-BOSCH Taldeak Gasteizko lantegiaren behin betiko deskonexioari helduko dio eta kontrola B&B TRENDS enpresa kataluniarraren esku geldituko da otsailaren 1etik aurrera. Aste honetan, eta plantilaren gehiengoa geldirik egonik malgutasunak aplikatuta, “migrazio informatikoa” hasiko da Alemaniako multinazionalaren kontrolari, 20 urteko ibilbidea, bukaera emateko. Era berean, 2 taldeek (erosleak eta saltzaileak) kudeaketa eta eskualdatzerako adostu zuten “zuzendaritza partekatua”ren tartea ere bukatuko da.

Azken tarte honek balio izan digu ziurgabetasuna eta eragiketa honetan daukagun mesfidantza areagotzeko. Izan ere, hitzemate guztiek, “borondate ona botilatuaren” dosi guztiek proiektu industrial berri bati ekiteko aukeren inguruko zalantzak handitu besterik ez dizkigute egin, batez ere BOSCH markak hartutako lan kargaren konpromisoak hemendik 2 urte eta erdira behin bukatuta.

Gaur egun, ez dakigu zein produktu egingo ditugun, zein aurreikuspen dituzten, ea instalazioak eta makinaria aldatuko diren, ezta nola ordezkatu dituzten gerentzia eta hilabete hauetan zehar BSHtik alde egin duten ardura handiko pertsonak.
Horrekin batera, enpresa berriak gure hitzarmenaren deskuelge batekin mehatxatu gaitu, behin bere indarraldia bukatuta sektoreko hitzarmena aplikatzeko. Gainera, Komiteari dei egin dio “gatazka kolektiboaren neurriei” uko egiteko, erosleak eta saltzaileak adostutako baldintza berberak onartzearen truke.

Asmo-aitorpen onartezina da eta gure kezka areagotu du ea eragiketa espekulatibo baten aurrean gauden: B&B TRENDSek bereganatzea UFESA marka (eragiketan sartuta baitago eta ez du enpresaren aktibitatearekin inongo loturarik) eta BSH BOSCHek lantegia uztea, kosturik gabe, are gehiago, eragiketatik dirua ateraz.

Hori guztia dela eta, BSH-BOCHeko (otsailaren 1etik aurrera SDA FACTORY VITORIA SLUko) LABeko sail sindikalak honakoa dio:

-Epe luzeko etorkizunari begirako plan industriala exijitzen du.

-Instituzioei eskuhartze erreala eskatzen die eta bitarteko guztiak jartzea proiektu berriaren estabilitatea lortzeko.

-Ekimenak eta mobilizazioak proposatzen jarraituko du ustezko eragiketa espekulatiboaren kontra eta enplegua, aktibitate industriala eta gure lan eskubideak mantentzearen alde.

 

 

 

Haurreskoletako kudeaketako lan poltsak irekitzeko aurreakordioa sinatu dugu

0
Aurreko martxoan LAB sindikatuak sinatutako akordioaren garapena oinarri, Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako lanpostuetan Hezkuntza saileko lanpostuen soldata eta kategorien ekiparazioa egitea adostu da. Gauzak horrela, ekiparazioa ekarriko duen lanpostuen balorazio honek, ezinbestean lanpostuen zerrenda egokia ekarriko du. Halaber, aurreko astean LABek kudeaketako lankideekin gauzatutako bilkuran, kudeaketako ordezkoen zerrenda propioa eratzeko urgentzia azpimarratu ziguten.

2018ko martxoaren 6an, LAB sindikatuak sinatu zuen akordioan, beste puntu batzuen artean, langileen oposaketa aldiko zerrendekin ordezkapenak egiteko lan poltsa sortzea sinatu zen. Hala, kudeaketako langileek bizi duten urgentziazko egoerari aurre egiteko, kudeaketako langileen lan baldintzak hobetze bidean aurrerapausu handia suposatuko duen aurreakordioa lortu du LAB sindikatuak. Administrari eta teknikarien ordezkoen lan poltsa osatzeko otsailean zerrenda ireki eta baremazioa burutuko da. Era berean, zerrenda hau indarrean sartu bitartean, ordezkapen guztiak beteko direla konpromisoa hartu du Haurreskolak Partzuergoak. 

Otsailaren 6ko mahai negoziatzailean landuko dira lan poltsen deialdia, ordezkoen eta barne sustapenak burutzeko araudiak. Mugarri garrantzitsua jarri dugulakoan gaude, larritasun egoerari buelta eman eta hurrengo mahaian negoziatzeko bidea irekia mantenduz.