2025-12-23
Blog Page 70

LABek Durangoko Udalak Euskara Teknikari lanpostua amortizatuko duela salatzen du

Euskara Kultura, Gazteria, Kirol eta Hezkuntzako teknikariaren lanpostu barruan sartzeak, azkeneko hau Durangoko Udaleko Lanpostuen Zerrendan existitzen den lanpostua izanik, praktikan, Euskara-Itzultzaile/Dinamizatzaile lanpostua amortizatzea esan nahi duela eta euskararen normalizazioa bigarren maila batean uzteko modu bat dela salatzen du LAB sindikatuak.

Udal-gobernuaren aurreikuspen faltak (udaleko langileen erretiroak aurreikustekoak baitira) euskara bezalako gai garrantzitsuei garrantzia kentzeko asmoa ezkutatzen du. Eta joera hori Durangoko Udalean ezartzen ari da egungo udal-gobernua iritsi zenetik.

Udalaren plantillan euskararen normalizaziorako udal-baliabide gehiago jarri beharrean, figura hori kentzea erabaki da, eta, beraz, bere garaian Euskararen Normalkuntzarako eta Erabilerarako Udal Araudian ezarritako helburuak de facto kendu dira.

Honela zioen udalak onartutako araudiak:

“Durangoko Udalak, udal mailako erakunde publiko garrantzitsuena den aldetik, katalizatzaile gisa jardun behar du hizkuntza-normalizazioaren eremuan. Hori dela eta, Euskararen Udal Araudiak bi helburu nagusi ditu sustapenari dagokionez: euskararen ezagutza sustatzea eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartzea handitu”.

Euskara Teknikari lanpostua kentzearen neurri horrekin udal-gobernua bultzatzen ari denaren kontrakoa, hain zuzen ere.

Euskararen normalizazioaren defentsan, itxurakeria baino gehiago behar da Korrika Durangotik igarotzen den egunean, Durangoko Azokaren inaugurazioan edo Euskaraldian. Gure hizkuntzaren egoerak ekintza proaktiboa eskatzen du, eta jarrera hori, hain zuzen ere, EAJ buru duen Durangoko udal gobernu honek aukeratu duenaren kontrakoa da, eta PPren babesarekin alkatetza hau aurrera ateratzeagatik bidesari berria.

Greba zikloaren bigarren txandan sartuko dira EAEko Hezkuntza Saileko irakasle, sukaldari eta garbitzaileak

Urtarrileko greben jarraipena eta babes zabalaren ondoren, Hezkuntza Sailak balizko proposamenik helarazi gabe jarraitzen du eta, beraz, greba dinamikarekin aurrera jotzeko bidea besterik ez digu uzten.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok urtarrileko hezkuntza publikoan deitutako grebek jarraipen eta babes oso zabala izan dute langileen aldetik. Jaurlaritza, gehiegizko zerbitzu minimoekin (eta familia zein lankideei zuzendutako gutunekin) grebak baldintzatzen saiatu den arren. Oso positiboki baloratzen dugu, beraz, greben jarraipena.

Langileek mezu argia bidali diote Hezkuntza Sailari, baina honek grebetan aldarrikatu ditugun eskaerei erantzunik eman gabe jarraitzen du. Beraz, otsailerako deitutako grebekin aurrera egingo dugu. Otsailaren 19 eta 20an sukalde eta garbiketan, eta otsailaren 26 eta 27an irakasleetan.

Hauek dira grebetako aldarrikapen nagusiak: plantillak gazte-berritzeko neurrietan aurrerapausoak ezarri, eros-ahalmena berreskuratu, enplegua bermatu, lizentzia eta baimenak hobetu eta osasun, euskara eta hezkidetza arloan hobekuntzak ezarri. Irakaslegoan, besteak beste, irakastorduak jaitsi eta burokrazia gutxitu eta sukalde eta garbiketan, funtzioak zehaztu, kategoriak egokitu eta pribatizazioari mugak jarri.

Bikain ari gara langileak, indartsu gaude! Greba dinamikarekin jarraitu eta kaleak bete behar ditugu Hezkuntza Sailak gure aldarrikapenei erantzun egokia eman arte, lan hitzarmen berriak lortu arte. Argi dugu langileon mobilizazioarekin batera gure lan baldintzak hobetzeko negoziazio erreala lortuko dugula.

Horregatik LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok aurkeztutako mobilizazio eta greba dinamikarekin batera, otsailaren 18an ondorengo hiri zein herrietan, arratsaldez antolatuko ditugun elkarretaratzeetan parte hartzera deitzen zaituztegu:

Gipuzkoan: Donostia, Hernani, Arrasate, Beasain eta Orereta.

Bizkaian: Bilbo, Durango, Gernikan, Igorre eta Balmaseda.

Araban: Gasteiz eta Laudio.

Otsailean tinko jarraitzeko garaia da, denok grebara! Denok kalera!

Etxeko langileen dekretua nahikoa ez dela eta hitzarmena premiazkoa dela aldarrikatu dugu Bilbo, Donostia eta Iruñean

LABeko etxeko langileen atal sindikalak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko enpleguarekin lotutako kolektibo eta erakundeekin batera, kaleak hartu ditu berriro ere sektore horretako lan-baldintza jasanezinak eta langile horientzako eskubideak aitortzeaz arduratu beharko luketen erakundeen interes falta salatzeko. Hala, mobilizazioa egin zituzten astelehenean Bilbon, Justizia Jauregiaren aurrean, asteartean Donostian, Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta atzo Iruñean, Udaletxe plazan.

Urtebete baino gehiago daramate etxeko eta zaintzako langileentzako hitzarmen bat negoziatzeko eskubidea aitortuko duen epai baten zain, eta publikoki salatu dute instantzia judizialek ez dutela inolako interesik negoziazio kolektiborako eskubidearen aldeko apelazio-helegiteari erantzuteko.

LABek berretsi egiten du etxeko langileen borrokan laguntzeko konpromisoa, eta ez du atsedenik hartuko hitzarmenak sektore horretan ari diren pertsonen bizitzei eta enpleguari duintasuna eta segurtasuna eman arte.

2025eko lehen garraiolaria hil da Pasaian

Gaur jakin dugu, joan zen astean Pasaiako Portuan kargatzen ari zen bitartean istripu ez traumatikoa jasan zuen A.D.O., Andoaingo 48 urteko garraiolaria, hil egin dela.

Garraiolari baten heriotza ez traumatikoa ez da gauza harritzekoa, beste sektoreetan baina ohikoagoa da heriotza mota hau, sektorean ematen diren bizi baldintzak tarteko. Modu batera edo bestera, sektoreko baldintza gero eta gogorragoak lan arrisku bilakatu dira eta horren eragina datuetan islatzen da. 2024an 14 garraiolari hil ziren lan istripuz, 2023an 10.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, bizitza eta elikadura osasuntsua izateko zailtasunak, eta abar. Baina argi diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak hartzeko.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango dira. Gipuzkoan zein Nafarroan sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe egotea prekaritate horren erakusle da eta baldintza prekario horiek laneko osasunean eragin zuzena dute.

Honekin, lan osasuneko intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde eta HIRU sindikatuok dei egin nahi genuke datorren otsailaren 14ean, 11:30ean Pasaiako portuaren sarreran egingo dugun elkarretaratzean parte hartzera.

Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

DBIZIko langileek bigarren egunez 2 ordutako lanuzteak egin dituzte bizi duten egoera prekarioa salatzeko

Enpresarekin bi aldiz bildu eta gero, ez dute gatazka konpontzeko borondate handirik ikusten eta Aldi Baterako Enpresa Elkartea osatzen duten enpresek ardura nagusia Udalarena dela diote, eta honek ezer egin ezean ezinezkoa izango da konponbide bat ematea.

Lan baldintzak hobetzen ez diren bitartean, kalera atera eta bizi duten egoera salatzen jarraituko dute. Ezinbestekotzat jotzen dute Donostiako Udalak, DBUSek eta DBIZIk arduraz joka dezaten eta lan baldintzak hobetzeko hartu beharreko neurriak har ditzaten.

Hurrengo asteazkenean, hilak 19, Bretxako Merkatuan mobilizatuko dira 9:30etik 10:30era egoera salatzen jarraitzeko. DBIZIren erabiltzaileei eta herritarrei elkarrateratzean parte hartzeko eta langileei babesa adierazteko deia egiten diete.

7 lanuzte 7 egunetan Nafarroako irakaskuntza publikoan

Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxiaren aurrean, gehiengo sindikalak mobilizazioak iragartzen ditu hurrengo asteetarako.

Urtarrilaren 30ean egindako greba egunean, hirugarren aldiz ikasturte honetan, milaka irakasle atera ziren berriz ere kalera Hezkuntza Departamentuari jakinarazteko bere jarrerarekin nekatuta eta haserre zeudela. Izan ere, ez dute inolako asmorik benetan negoziatzeko Hezkuntza Publikoak dituen benetako beharren inguruan ezta horretarako behar den inbertsioa lortzeko ere.

Hori dela eta, LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek osatzen duten gehiengo sindikalak aurrera eramanen du Hezkuntza Publikoaren aldeko kanpaina bat. Kanpainaren leloa “Hezkuntza Publikoaren alde – Muévete por la Pública” izanen da eta hurrengo asteetan Nafarroako eskualde guztietara bertaratuko gara helburu bikoitzarekin. Alde batetik irakasleak entzutera joanen gara, Hezkuntza Publikoak dituen beharrak eta behar dituen soluzioak denon artean zehaztera. Eta bestetik, horiexek lortzeko behar diren inbertsio eta neurriak kalean aldarrikatzera. Bi helburu horiek betetze aldera, publikoaren alde mugitzera goaz eta hurrengo asteetan 7 lanuzte eta batzar ugari eginen ditugu Nafarroako eskualde desberdinetan.

Hauxe da gure mobilizazio egutegia: Bi orduko lanuzteak, elkarretaratzeak eta asanbladak eskualdeka.

  • Otsailak 19: Baztan-Bidasoa
  • Otsailak 26: Lizarraldea
  • Martxoak 12: Sakana-Larraun-Leitzaldea
  • Martxoak 19: Zangozaldea-Pirinioak
  • Martxoak 26: Erribera
  • Apirilak 2: Tafallaldea
  • Apirilak 9: Iruñerria

CENeko enpresaburuek eta UGT eta CCOO sindikatuek bertan behera utzi dute Nafarroan gutxieneko soldata negoziatzeko bilera

Gaur bilera bat egin behar zen Iruñean Nafarroako lurraldean lan egiten duten langileentzako gutxieneko soldata edo ordainsariari buruzko lanbide arteko akordio bat lortzeko negoziazio mahaia eratzeko. CENeko enpresaburuak eta UGT eta CCOO sindikatuak, Zuzenbidearekin bat etorriz deituak izan ondoren bertaratuko zirela baieztatu zutenak, azkenean ez dira bilerara joan, komunikabideei egindako deia nola egin zen aitzakiatzat hartuta. Hala, bilera hasi baino bost minutu lehenago jakinarazi dute ez direla bertaratu.

Bertaratuko zirela baieztatu ondoren, ez da ulertzen ondoren izan dute jokaera prentsari egindako deialdiari buruzko ustezko zalantza baten aurrean. Beraz, ondoriozta daiteke gaurko bilera oztopatzeko asmoa izan dutela.

Bereziki deigarria da UGTk eta CCOOk Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoarekin alderatuta duten jarduteko modu desberdina. EAEn, UGTk eta CCOOk bilerara deitu dute, eta patronalari eskatu diote gutxieneko soldata propio baten inguruan negoziatzeko. Nafarroan, aldiz, deialdia ez egiteaz gain, bilerara ez joatea adostu dute CENekin, aipatutako aitzakia erabiliz. Kontuan hartuta bi lurraldeetan egitura sozioekonomikoa eta soldata eta bizitzaren kostua antzekoak direla, ez da ulertzen UGTren eta CCOOren jarduteko modu desberdina. Nafarroako langileek EAEkoek baino gutxiago merezi al dute gutxieneko soldata hobetzea?

Hala ere, gertatutakoaz haratago, Nafarroan Estatukoa gaindituko duen gutxieneko soldata baten eztabaida eta negoziazioa geratzeko etorri da eta, ondorioz, deialdi berri bat egingo da. Espero dugu oraingoan CEN, UGT eta CCOO bilerara joango direla inolako aitzakiarik gabe, eta beren jarrera azalduko dutela Nafarroako milaka langileri mesede egingo liekeen gai garrantzitsu horren inguruan.

Euskal komunitatearen aurkako beste eraso bat

Euskaraz bizitzea eta lan egitea ezinezkoa bihurtu nahi dute Donostian.

Donostiako Udaleko LABen Sail Sindikalak EAEko Auzitegi Gorenak Udaltzaingoaren inguruan eman duen azken ebazpena irmoki salatzen du, bere egikaritzapenak lortuko duen helburua Donostian eta, beraz, Euskal Herriko hiriburu euskaldunenean euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarren hautua zapuztea baita. Donostiako Udalean udaltzaina izateko ez dagoela euskara jakin beharrik adieraztea, euskal komunitatearen aurkako erasoa da. Nola biziko naiz Donostian euskaraz Udal administrazioko langileek euskaraz ez badakite? Horixe da, hain zuzen ere, beraien helburu nagusia.

Donostian 400 dira Udaltzaingoa osatzen duten gizon eta emakumeak, plantillaren herena. Guztiek herritarrekin harreman zuzenean lan egiten dute. Beren lanaren ezaugarri horrek bihurtzen ditu bereziki garrantzitsuak udaltzainak eta eta horregatik da, hain zuzen, bereziki larria azken ebazpen hau.

Handia izan da urteotan Donostiako Udalak bideratu duen euskararen normalizaziorako prozesua. 1982ko Euskararen Legea indarrean sartu zenetik, handia izan da Donostiako udalerrian zein Udalean eman den aurrerapena. Donostiako Udalak garatu dituen sei Plagintzaldietan asko izan dira beren burua euskaldundu duten udal langileak, udaltzainak barne, eta gero eta gehiago dira euskara lan hizkuntza gisa duten Donostiako Udaleko atal euskaldun eta elebidunak. Euskara zerbitzu hizkuntza izateaz gain, lan hizkuntza izaten hasi denean dator ebazpen berri hau. Euskaraz lan eta bizitzea ezinezkoa bihurtu nahi dute.

Tamalez, atzeraka goaz, inboluzio prozesu argian. Duela oso gutxi arte legezkoa zena “baztertzailea” bihurtu dute, baita debekatu ere. Legea ez da aldatu, beraien interpretazioa da aldatu dena eta okerrerako bidean gainera. Bi dira gure ustez arrazoi nagusiak. Batetik, euskararen normalizazio prozesuaren arrakasta: urrutiegi joan gara beraien hitzetan… Eta, bestea, indar politiko espainolisten inpultso politiko argia: gaztelaniaren hegemonia arriskuan iksuten dute. Eta talde zapaltzaile horretan kolaboratzaile nagusia “Justizia” da, epaitegietako epaileak eta abokatu espainolistak.

Administrazioaren euskalduntzea oztopatzen denean, euskaraz bizitzea erabaki duen euskal komunitatearen oinarrizko hizkuntza eskubidea, euskaraz bizitzearena, bortxatzen da, euskararik ez dakien udal langileak ezingo baitu harremanik euskaraz izan euskaldun gisa bizi nahi duen euskal herritarrarekin. Ebazpen hoek ez du euskara erasotzen, euskaraz bizi nahi duen euska komunitatea baizik.

Denok kalera, Bilbon atera ginen bezala, berriro kaleratu gaitezen. Asteazken honetan eguerdiko 12:00etan Donostiako Udalaren atarian egingo den elkarretaratzera deitzen ditugu udal langile guztiak eta arratsaldeko 18:30ean, toki berean, herritarren kontzentrazioan parte har dezaten dei egiten diegu donostiar guztiei.

Euskal komunitateari erasorik ez!

Euskaraz lan eta bizi nahi dugu!

Bizkaiko eraikuntzako patronalak ez du sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko inolako asmorik

Gaur, 2025eko otsailaren 10ean, Bizkaiko Eraikuntzaren Sektoreko Hitzarmen Kolektiboa berritzeko 4. negoziazio mahaia izan da.

Patronalak 3 urteko indarraldia izango duen hitzarmen baten planteamendua berretsi du, Bizkaiko KPIari lotuta ez dauden eta langileen erosteko ahalmena bermatzen ez duten soldata-igoerekin. Lanaldiaren 4 orduko balizko murrizketa proposatu du indarraldiaren azken urterako, eta egungo Hitzarmen Kolektiboaren idazketan aldaketak egitea, egungo erregulazioari malgutasun handiagoa emanez, zehazki oporrei eta errekuperazio-orduei dagokienez. Era berean, kontratu-modalitateak eta lizentziak egungo araudira egokitzea proposatu du.

Hala ere, beste behin ere, CCOOk eta patronalek beste akordio partzial bat lortu dute, eta, horren bidez, enpresek Pentsio Plan Pribatuari egin beharreko ekarpenak adostu dira. Horiek 2024. urteko zenbateko berekoak izango dira.

LABetik adierazi dugu ezinezkoa dela Bizkaiko KPIari lotutako igoeren bidez erosteko ahalmena bermatuko ez duen akordio batera iristea, gutxieneko izaerarekin, lanaldia indarreko lehen urtetik murriztea eta sektoreko langileek dituzten arazo nagusiak konpontzea. Hitzarmena ez betetzea saihesteko neurriak, azpikontratei buruzko kontrola eta laneko osasunaren arloko neurri eraginkorrak, zehazki altuerako lanetan. Iaz, azpikontratetako 11 langile hil ziren altuerako lanak egiten.

Patronalak, ordea, sindikatuen aldarrikapenei erantzun beharrean eta sektorearen benetako arazoei heldu beharrean, orain arteko negoziazio mahaiak baliatzen ditu CCOOekin akordio partzialak lortzeko.

Lau negoziazio bilera egon dira mahaia 2024ko apirilean eratu zenetik. Negoziazio-mahaia eratu zenetik ia urtebete igaro denean, patronalek eta CCOOk honako hauek adostu dituzte: Pentsio Plan Pribatua sortzea, 2023ko eta 2024ko ekarpenak egitea, lanaldi-murrizketarik gabeko lan-egutegia egitea eta enpresek 2025eko Pentsio Plan Pribatuari egindako ekarpenak egitea.

Ez dago langileen lan-baldintzak nabarmen hobetzeko proposamenik. Patronalek, mahaian gehiengoa duen CCOO sindikatuaren laguntzarekin, mahai bakoitza erabiltzen dute beren interesen aldeko akordioak lortzeko.