2026-10-08
HomeEkintza SindikalaHaur eskola eredu bakarra, kalitatearen eta kohesioaren bermea

Haur eskola eredu bakarra, kalitatearen eta kohesioaren bermea

Iruñeko Udal Haur Eskoletako langileen ordezkaritza dugun LAB eta CCOO sindikatuetatik, PSNren azken adierazpenen aurrean gure jarrera argi adierazi nahi dugu: hizkuntza bakarreko eskola-ereduaren aldeko apustua egiten dugu, kalitatearen, kohesioaren eta haurren ongizatearen alde.

Urte luzez salatu dugun bezala, eredu mistoak arazo larriak eragiten ditu hainbat mailatan: pedagogikoki, antolaketan, lan arloan zein ekonomian. Izan ere, eredu mistoa ez da hezkuntza-beharren arabera sortutako proposamena, baizik eta erabaki politiko jakin batzuen ondorioa, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditu.

Horrela, eskola-zentroak zatitu egin dira, eta horrek lan-baldintzetan desberdintasunak ekarri ditu. Egoera horren ondorioz, langileen arteko zatiketa sustatzen ari dira orain, nahita edo nahi gabe.

Argi utzi nahi dugu laneko desberdintasunen jatorria ez dela euskara edo ingelesa, baizik eta funtzioen bikoizketak eta giza baliabideak zein antolakuntza baliabideak zatitzera behartzen duen eredu ez-eraginkor baten aldeko apustu politikoak sortzen dituela benetako arazoak.

Horregatik, Udal taldeei arduraz jokatzeko eskatzen diegu. Haur eskolak ezin dira joko politikoaren pieza bihurtu. Gure helburu nagusia beti izan da eta izaten jarraitzen du: haurren ongizatea eta kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzea.

Gure prestutasuna agertzen dugu elkarrizketarako, eta berriz ere proposatzen dugu lan-talde politiko-tekniko bat sortzea. Talde horren helburua izango litzateke egungo ereduaren ondorioak aztertzea, eta hortik abiatuta, kalitatezko, koherente eta bidezko hezkuntza-eredua eraikitzeko beharrezko urratsak ematea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.