2026-05-03
HomeEkintza PolitikoaEspainiako Lan Ministerioari Euskal Esparru Propioaren aldeko urratsak eskatu dizkio LABek

Espainiako Lan Ministerioari Euskal Esparru Propioaren aldeko urratsak eskatu dizkio LABek

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata eta etxeko langileen lan hitzarmena izan dituzte hizpide nagusi gaur egin den bileran.

Gaur, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan ministroarekin bildu dira Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Ainhize Muniozguren Idazkaritza Juridikoko arduraduna.

Euskal Herrian aste honetan lanean hildako laugarren langilearen heriotzaren berri izan eta ordu gutxira izan da bilera, eta egoeraren larritasunaz ohartaraziz hasi dute bilera LABeko ordezkariek. Hildako horiek patronalaren eta instituzioen utzikeriaren ondorio direla gogorarazi diote Yolanda Diazi, eta prebentzio neurrien kontrolerako mekanismoak lehenbailehen ezarri beharra dagoela oroitarazi diote.

Bileran beste hainbat gai ere izan dituzte hizpide; lanaldi murrizketa, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata eta etxeko langileen egoera, besteak beste. LABetik, euskal langileen lan eta bizi baldintzak hemen erabakitzeko eskubideaz eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bermatzeko eman beharreko urratsez aritu dira Aranburu eta Muniozguren.

Diazek 37,5 orduko lanaldia ezartzeko egiten ari diren ibilbidea azaldu du. Lanaldi murrizketaren eztabaida ireki izana interesgarria dela adierazi die LABeko ordezkariek, eta lanaldi murrizketa sakonago baten beharra jarri dute mahai gainean. Batetik, trantsizio ekosozialak eta digitalak enpleguan izango duten eraginari aurre egiteko, eta bestetik, zaintza lanak banatu eta berrantolatzeko.

Gogora ekarri dute hemen dagoeneko hainbat lan zentrotan 35 orduak ezarriak daudela, lanaldia murrizteko eskaera negoziazio kolektiboaren aldarrikapenen erdigunean egon dela eta hainbat hitzarmenetan orduen murrizketak jasoak izan direla azken urteetan. Ondorioz, Espainiako Estatuan egin nahi den moldaketak eragin mugatua izango du Euskal Herrian.

LABeko ordezkariek kezka adierazi diote Lan ministroari, kapitalaren eta langileen arteko arrakalak handitzen ari direlako. Izan generoagatik, adinagatik edo jatorriagatik, langileen arteko arrakalak ere sistemikoak dira. Langile guztien onurarako eta bereziki egoerarik zaurgarriena duten emakume*, gazte eta langile migranteentzat gutxieneko soldata duin baten garrantziaz aritu dira. EAE eta Nafarroako Autonomia Erkidegoek beren lurraldean Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propio bat ezartzeko ahalmena izan dezaten, Langile Estatutuaren 27. artikuluaren moldaketa egiteko eskatu diote Diazi.

Azkenik, arreta berezia jarri nahi izan dute etxeko langileen egoeran. Emakumeek*, nagusiki migratu eta arrazializatuek egiten duten lana ezinbestekoa da. Azpimarra jarri dute haien egoera prekarioan eta pairatzen dituzten askotariko abusuetan. Langile horiek ez dituzte beste langileen baldintza berdinak, erregimen berezi bat aplikatzen zaie. Injustizia egoera hori arintzeko etxeko langileen hitzarmenak negoziatzeko saiakera egin du LABek Confebaskekin. Hitzarmena negoziatzeko eginiko ibilbide sindikal eta juridikoaz aritu dira bileran sindikatuko ordezkariak. Egun oraindik ere mantentzen diren oztopoak gainditu eta etxeko langileek negoziazio kolektiborako duten eskubidea gauzatzea posible egingo duen lege moldaketak bultzatzeko beharra aipatu dute.

Bileraren ondotik, aipatutako gaien inguruan Lan Ministerioaren eta LABen arteko komunikazio eta elkarrizketa bideak irekita mantentzeko borondatea adierazi dute bi aldeek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...