2026-05-03
HomeEkintza SindikalaLABek lanuzteetara deitu ditu Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak, patronalaren blokeoaren aurrean

LABek lanuzteetara deitu ditu Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak, patronalaren blokeoaren aurrean

Sektoreko patronalek entzungor egiten diete langileen aldarrikapenei. LABek ekiparazioa eta ratio duinak borrokatzeko, lanuzteak egingo ditu Gipuzkoako helduen egoitzetan, ekainaren 11n eta uztailaren 9an, 10ean eta 11n.

Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazioari ekin zaio berriz aurten. LAB sindikatuak lan baldintzen ekiparazioa eraman du hitzarmenaren mahai negoziatzailera, langileentzat administrazio publikoko langileen lan baldintza berdinak aldarrikatzen baititu. Patronalek, ordea, ez diete erantzunik eman LABen aldarrikapenei, eta mahaia blokeatuta dagoela salatu nahi du LABek. Izan ere, patronalek ez dute proposamenik egin langileen egoera hobetzeko, eta, LABen iritziz, hori ez da onargarria.

LABentzat ez da aukera bat egoera dagoen bezala mantentzea, eta ordua da langile hauen egoera iraultzeko. Horretarako, sektoreko patronalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari langileon aldarrikapenak kontutan hartzeko exijitzen dio LABek, eta lan baldintzen ekiparaziorako pausoak emateko konpromisoa har dezan. LABek argi dauka, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzera bidean, zaintza zerbitzuetako langileek zerbitzu publikoa ematen dutela. Horregatik, LABentzat pribatizatutako zaintza zerbitzuetako langileak langile publikoak dira, administrazio publikoko zuzeneko langileak, eta, beraz, pribatizazioa errotik erauzi behar da. Egoera irauli bitartean, LABek langile horien lan baldintzak administrazio publikoko langileenekin parekatzearen alde borrokatzen du eta borrokatuko du, lan berdinagatik lan ban baldintza berdinak izan beharko bailituzkete. Hori defendatuko du sindikatuak, hain justu, ekainaren 11n Donostian egingo duen mobilizazio nazionalean, eta Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak ere bertan parte hartzera deitu ditu.

Mahai negoziatzailean LABek soldata langile publikoenarekin ekiparatzea proposatu du, eta hori ari da izaten sindikatuaren aldarrikapen eta helburu nagusia azken urte hauetan. Gainera, ratioak jaitsi behar direla aldarrikatzen du LABek, eta, beraz, hainbatetan interpelatu izan du Gipuzkoako Aldundia, ratioak aldatu ditzan. Aldundiak eta patronalak, ordea, entzungor egin diote horri ere.

Patronalaren eta aldundiaren jarrera itxiaren aurrean, LABek argi du orain arte garatutako mobilizazio dinamikan pauso bat gehiago emateko unea dela. Langileen arteko konfluentzia bilatuko du LABek eta langileak beren lan zentroetan mobilizatzera animatu nahi ditu.

Lanuzte hauek funtsezkoak izango dira, uda aurretik patronalak eta aldundia mugiarazteko. Honako hau izango da mobilizazio egutegia:

  • Ekainak 11: lanuztea 9:30etik 13:30era. 11:00etan mobilizazio nazionala Donostiako udaletxetik.
  • Uztailak 9 eta 10: lanuzteak 7:30etik 8:30era eta 13:30etik 14:30era. Ordu tarte horietan elkarretaratzeak lan zentroetan.
  • Uztailak 11: lanuztea 9:00etatik 13:00era. Mobilizazioa Donostian, patronalaren aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...