1, 2 eta 3 zenbakietako etxebizitzak Euskal Herriko etxejaberik handiena denaren esku daude, eta maizterrak LABen antolatzen hasi dira. Astelehenean asanblada irekia egin zuten eta aurrerantzean egingo duten ibilbidea zehaztu zuten.
Bizilagunak LAB sindikatuarekin harremanetan jarri ziren beren etxebizitzek Babes Ofizialeko Etxebizitza kalifikazioa galdu ostean, bertan bizi direnak Adania enpresaren presioa jasaten ari direla salatzeko. Etxebizitzak merkatu pribatura igaro direla aprobetxatuz, alokairu kontratuak igotzeko mehatxua daukate mahai gainean.
Gogorazi behar da Adania Euskal Herriko etxejabe handiena dela, eta maizterren bizitzekin jokatzea erabat bidegabea da.
Etxebizitza horiek BOE kalifikazioa galdu eta merkatu espekulatibora pasa direnez, Adaniak gehiegizko igoerak ezartzen dituzten kontratu berriak proposatu ditu, kasu gehienetan, 300 € inguruko igoerak dakartzatenak. Tolosakoa ez da kasu isolatua, gainera. Gasteizen, esaterako, babes ofizialeko kalifikazioa galdu duten ehunka etxe Adaniaren esku geratu direnean, hark prezioak izugarri igo dizkie, maizterren kontura irabazi gehiago izateko. Eta han ere maizterrak antolatuta daude. Borroka sindikala egiten ari dira.
Ezin da onartu diru publikoaren laguntzaz eraiki ziren eta urte hauetan zehar alokairura bideratu diren etxebizitza sozialekin espekulatzea. Alokairu soziala aldarrikatzen du LABek, eta etxebizitzek maizterren diru-sarreren araberako prezioak ezarrita izatea.
Horregatik, Alliri 1, 2 eta 3 atarietako maizterrek LABen etxebizitza asanbladaren barruan antolatzea eta Alliri kaleko sail sindikala eratzea erabaki dute. Lehen urrats gisa, alokairu kontratu berrien baldintzei buruzko negoziazioa irekitzeko eskatzen diote Adaniari.
Indarrean dagoen 29/2026 Etxebizitza Dekretua baliatuko dute alokairuen luzapena eskatzeko, gune tentsionatua baita Tolosa, eta, horrenbestez, alokairuen igoerak mugatuta egon behar baitu.
Azkenik, Azaroaren 11n, Euskal Herrian denontzako etxebizitza eta soldata duinak denontzat aldarrikatzeko, greba orokorrean parte hartu eta kaleak betetzeko deia luzatu dute maizterrek.






