Iruñerriko 100 ordezkarirekin batera eta joan den martxoaren 17ko Greba Orokorraren egun arrakastatsuaren ondoren, Imanol Karerra Nafarroako LABeko bozeramaileak nabarmendu du “Langileok eragin” lelopean sindikatuak hiru neurri zehatz eta ezinbesteko aldarrikatuko dituela Nafarroan bizitza duina bermatzeko: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata eta pentsio duinak. LAB sindikatua izango da Nafarroa Garaiko lurralde osoan mobilizatuko den sindikatu bakarra, eta sei manifestazio egingo ditu guztira: Iruñea, Tutera, Altsasu, Lizarra, Tafalla eta Doneztebe.
Karrerak bere hitzaldia hasi du aipatuz gerren eta gatazken nazioarteko testuingurua eta honek duen eragina Nafarroako eta bertako langileen egoera ekonomiko eta sozialean. Bozeramaileak adierazi du Nafarroako Gobernuak sindikatuei helarazi ziela Irango gerraren eragina arintzeko neurriak hartuko zituela. Zentzu horretan, Maria Chivite presidenteari eskatu dio benetako “entzute aktiboa” egin dezala eta kontuan har dezala Nafarroako langileak ez daudela prest Ekialde Hurbileko gerraren faktura ordaintzeko, prezioak garestitu edo enplegu eta lan-baldintzak okertzen direlarik, aurreko krisietan gertatu zen bezala, hala nola, finantza-krisian, pandemian edo Ukrainako gerran.
Horregatik, Maiatzaren Lehen honetan, Europako agintari gehienen politikak ez diren beste batzuk eskatuko dizkio sindikatuak Chiviteri: “burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa, hemen lan-baldintza eta bizi-baldintza duinak bermatzeko.” Izan ere, hori aldarrikatu zuten joan den martxoaren 17an 10.000 pertsonak baino gehiagok Nafarroako kaleetan.
Bozeramaileak kritikatu du hirugarren aldia dela CENeko enpresaburuen erakundeak eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroan gutxieneko soldata propio baten negoziazioari ekiteko mahaian esertzeari uko egiten diotela, eta horrekin “beren burua desprestigiatzen” ari direla dio. Karreraren arabera, “elkarrizketa boikotatzen dute Espainiaren izenean eta Nafarroaren kaltetan, lur honetan borrokatzen duten langileei pribilegiatuak deituz”. Azaldu duenez, ezerk ez die eragozten negoziatzera esertzea Nafarroako langileei bertako errealitate sozioekonomikoaren arabera bizitzaren garestitasunari aurre egiteko aukera emateko. Duela urtebete, gogoratu du, LAB sindikatuak ohartarazi zien borroka sindikalaren bidez erantzungo zuela, eta horixe gertatu da; izan ere, “hemen sindikalismo bat dago, egoerak eskatzen duen mailan dagoena, prestutasunez eta borrokaz”.
Nafarroako Gobernuaren funtzio instituzionalari dagokionez, elkarrizketa eta negoziazioa berme guztiekin gauzatzen direla zaindu behar duela adierazi du Karrerak, oroz gain, inplikatutako eragile guztien parte-hartzearekin, bazterketarik eta aurretiazko baldintzarik gabe. “Chivite presidenteak nafar guztien presidente izateko aukera du, eta negoziazioa gauzatu dadin bultzatzeko aukera. Edo, aitzitik, gutxi batzuen (CEN, UGT eta CCOOko eragileak) interesei erantzuteko itxaropen horri iruzur egitea”.
Nafarroako langile klaseak sindikalismo borrokalariaren alde egiten duela nabarmendu du Karrerak, LABen etengabeko hazkundeak eta gaur egun hainbat sektoretan ematen ari diren borroka aktiboak erakusten duten bezala. Zahar egoitzetan eta grafikagintzan borrokan daude eta lanuzteak egiten ari dira estatalizazioaren aurrean beren lan baldintzak eta soldatak duinduko dituen nafar hitzarmenak aldarrikatzeko. Intiako langileak greban daude enpresa publiko honek subrogatutako langileek jasaten duten soldata-diskriminazioarekin amaitzeko. Hezkuntzako langileak ere mobilizatzen ari dira “Gimeno kontseilariaren prepotentzia eta ezintasuna” salatzeko eta alde egiteko eskatzen diote.
Ildo horretan, LABek Maiatzaren Lehenean aldarrikatuko du “guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bat, gutxi batzuen etekinen ordez”. Nafarroako biztanleriaren erdia prekarietate ekonomikoko egoeran bizi dela salatu du sindikatuak, “horrek dakarren larritasun guztiarekin”. Horregatik defendatzen du Nafarroan birbanaketa-politikak ezarri behar direla; hau da, enplegua, zaintzak eta aberastasuna banatzeko politikak.
Mobilizazioak
► Iruñea, 12:00, Gazteluko plaza
► Altsasu, 12:00, Foruen Plaza
► Doneztebe, 12:00, Merkatu Plaza
► Lizarra, 12:00, Udaletxea
► Tafalla, 12:00, TafallaPlaza
► Tutera, 12:00, Foruen Plaza

