2026-06-11
HomeEkintza SindikalaProtesta ArcelorMittalen, Legasako plantan kaleratu duten langileagatik

Protesta ArcelorMittalen, Legasako plantan kaleratu duten langileagatik

ArcelorMittal Lesakako enpresa batzordeak Legasako lantokiko langile baten diziplinazko kaleratzea salatu du. Langile hori martxoaren 26an kaleratu zuten, “berehala eta kalte-ordainik gabe”. Protesta gisa, batzordeak lanuztea deitu du apirilaren 24rako, 13:00etatik 15:00etara.

Batzordearen arabera, kaleratzearen oinarria langilearen ustezko desobedientzia da; izan ere, enpresak idatziz agindu zion larunbatean, otsailaren 21ean, lan egiteko, lanaldi irregularra aplikatuta. Ordezkari sindikalek azaldu dute, neurri hori ezin zela aplikatu batzordearekin aldez aurretik akordioa lortu gabe, hitzarmen kolektiboak ezartzen duen bezala, eta hau ez zen gauzatu.

Enpresa eta batzordearen arteko akordio ezak, Legasako lantegian materialaren pilaketaren jatorriari buruzko desadostasun batetik zetorren. Enpresak urte hasieran egindako inbertsioarengatik, geldialdia luzatu behar izan zuela eta atzeratutako lan zama arrazoi nagusitzat jotzen du. Batzordetik ordea, langile faltagatik sortu diren geldialdiei egokitzen die zama hau.

Testuinguru horretan, lan-taldeak indartzeko eta lehen seihilekoan geldialdi gehiago egitea saihesteko konpromisoa hartzeko akordio bat lortzen saiatu zirela adierazi du batzordeak, baina zuzendaritzak ez zuen proposamen hori onartu.

Akordiorik ez zenez lortzen, batzordeak kontsulta egin zien langileei batzar baten bidez, eta kontrako 16 boto eta 2 zuri izan ziren. Enpresak proposatutako neurriaren aldeko botorik ez zen izan. Hamar egun geroago, azkenean Legasako lantegian larunbatetan ez zela gehiago lan egingo jakinarazi zuen zuzendaritzak, eta, batzordearen arabera, erabaki horrek islatzen du enpresak ez duela borondaterik lan ordezkaritzarekin konpromisoak lortzeko.

Batzordearen ustez, kaleratze honekin enpresak helarazten duen mezua da lan eskubideak defendatzen dituzten langileak zigortuak izango direla. Kaleratutako langileak enpresan 27 urteko antzinatasuna zuen eta “bere lan eskubideak beti defendatu” dituen pertsona gisa deskribatu du batzordeak. “Orain errudun nagusi bihurtu nahi dute”, kritikatu du, “enpresak bota nahi duen mezua argia da, edonor izan daiteke hurrengoa. Bihar gutako edozein izan gintezke.”

Langileen ordezkariek azpimarratu dute egoera “ez dela kaleratze batera mugatzen”; haien ustez, duintasunari eta lan eskubideen defentsari eragiten die. “Hau erantzunik gabe pasatzen uzten badugu, gure eskubideetan atzera egingo dugu”, adierazi dute, langileriaren batasunari dei eginez: “beldurrik gabe eta zatiketarik gabe, lagundu dezagun kaleratutako langilea, berronarpena orain!”, aldarrikatu dute.

Horregatik guztiagatik, enpresa batzordeak Lesakako eta Legasako langile guztiak apirilaren 24an lanuztea egitera deitu ditu, 13:00etatik 15:00etara. Legasako lantegiaren sarreran elkarretaratzea antolatu dute, “inposiziorik gabe enpresarekin berriro benetako eta eraginkorra izango den elkarrizketa soziala berrartzeko, lan baldintza duinen alde eta kaleratzeen aurka”.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Osasun publikoaren desegitearen aurrean, zatiketa korporatiboa baztertzea eta negoziazio integrala exijitzen ditu LABek

LABek egoeraren larritasunari buruzko diagnostikoa partekatzen duen arren, arazoa egiturazkoa dela uste du, eta irtenbidea klase ikuspegiz landu behar dela. Sistema publikoa indartu behar...

PRIMAFRIOn jazarpen sindikalik ez! Negoziazioa orain!

Duela hilabete gutxi arte, PRIMAFRIO ordezkaritza sindikalik gabeko enpresa zen. Zuzendaritzak egoera hori baliatzen zuen nahi zuena egiteko. Izan ere, abenduan hauteskunde sindikalak deitu...

“Gutxiago toreatu eta gehiago negoziatu”: Nafarroako Gurutze Gorriaren batzordeak mobilizatzeko deia egin du ekainaren 20an

Nafarroako Gurutze Gorriko ordezkari sindikalek (LAB, CCOO eta UGT) salatu dute erakundeak negoziazio mahaia utzi duela urte eta erdi baino gehiagoko elkarrizketen ondoren, eta...