2026-01-26
Blog Page 696

Pentsio sistema publiko eta propioa eskatu dugu Irunen, Gizarte Segurantzaren aurrean

Irungo ezker abertzalea osatzen dugunok elkarretaratze bat egin dugu, Espainiako Estatuko Gizarte Segurantzaren gabeziak salatzeko eta larunbaterako deitutako mobilizazioetara joateko deia zabaltzeko.

Hauxe da Irungo ezker abertzalea osatzen dugun LAB, Ernai eta Sortu erakundeek egindako irakurketa, gaurko mobilizazioaren harira:

Gaurkoan hemen gaude irungo ezker abertzalea, pentsio duinak herri honetan, pentsio sistema propio eta subirau batekin bakarrik direla egingarri aldarrikatzeko. Horretarako etorri nahi izan dugu hona, gure hirian Estatu esapaiñol neo-liberalak duen gizarte segurantza zentrora. Segurantza baino, segurtasun eza sortzen duena. Izan ere, kapitalaren interesen baitan jokatzen duen estatu baten adar den heinean, klase herritarrak gero eta babes aukera, eskubide aukera murritzagoak ditu, leihatila honetara datorrenean. Eta bai estatu neoliberala diogu berriz bai:

-2011 eta 2013-urteetan martxan jarritako lan erreformengatik
-Enplegu suntsiketa eta soldata jaitsiera politika argiak jarri dituelako martxan kapitalaren errentak loditzeko asmoz
-Pentsio sistemen erreforma, jubilazio adinaren atzerapena eta hauetara sarbide izateko eskubidea murriztu duelako
-Enplegu politikak aurrekontu bidez pagatu ordez, segurtasun sozialeko funtsak erabili dituelako -Krisiaren eragile eta irabazle handienetako bati, kapital finantzieroari ondasun publiko amaigabeak entregatu dizkiolako
-Guzti honen aurrean, eta penstioei begira %0,25-ren igoera lotsagarriarekin konformatzeko eskatzen duelako

Neoliberalismoa, jendartea antolatzeko estatuaren murrizketa eta merkatu sistemaren orokortzea planteatzen duen distopia da. Kasu honetan, pentsio duinetarako sarbidea eskaintza/eskari erlazioaren bidez definitzea, eta beraz eskubide zena merkantzia bilakatzea. Langile klaseak bere lan esplotatuaz bilduriko errentak eta eskubideetatik etekinak lortzea, hori ere merkatu bilakatzea. Hortaz, eskubide zena, hori pagatzeko errenta duenarentzako bakarrik eskuragarri jartzea. Neoliberalismoaren maxima, eskubideak zirenak negozio lerro berri bilakatzea hauek merkantzia bilakatuz.

Estatu espaiñiarrak aspaldi darama norabide kontserbadore, zentralista eta neoliberal horretan. Kontrako indarrak dauden arren agerikoa da ez duela indar korrelaziorik artikulatzeko gaitasunik, klase langileen zerbitzura egongo den sistema demokratiko bat eraikitzeko. Espaiñia demokrazia herritar bat izateko era bakarra batasun bezala desagertzea da.

Ostera, uste dugu urteetako askapen nazionalaren baitan emaniko klase borrokak Euskal Herrian, sortu dituela baldintzak, ezkerretik, eta sektore popularren gidaritzapean euskal herri ezkertiar bat eraikitzeko. Badela masa kritikoa demokrazia herritarrean oinarrituriko sistema berdinzaleago bat eraikitzeko. Euskal estatu sozialista baten alde egiteko apustua egiteko. Justizia soziala ardatz izan, eta klaseen existentziaren kontra eta demokrazia ekonomikoaren alde pausuak emateko prest egongo den Euskal Herri bat eraikitzeko. Oztopoak egongo dira noski, EH ere, badelako estatuko oligarkien eta burgesien jokaleku, baina uste dugu eskala honetan talka horretan garaile ateratzeko aukera handiagoak ditugula. Estatuko beste herri eta langileekiko elkartasun printzipioa laboratu gabe, hor izan gaitezke langileok subirau, estatu espaiñiarrean inoiz ere ez.

Eta pentsioekin dagoen konfrontazio guzti hau, ez dago inondik inora hemen aldarrikatu nahi dugun ortzimuga estrategiko horrekin des-loturik. Ezta gutxiago ere. Estatuko pentsio sistema eta “kaxa bakarrak”, ez ditu kontuan hartzen Euskal Herriko berezitasunak, ehun produktiboa edo bizi kostua kasu. Estatuak eskumen legegile guztiak ditu afera honetan ere. Euskal Autonomi Erkidegoak-k kasu kudeaketarako eskumenak, borrokatu behar marjina da ezbairik gabe (eta horretan gaude EAE-ko aurrekontuen baitan), baina ez da inondik inora nahikoa. Oreka oso prekario baterako aukera baino ez du ematen. Eta oreka horretan ezinezko duintasunaren oinarri behar luketen minimoak erdiestea:

-Europako gutun sozialak markatzen duen minimo bezala, 1080€-ko pentsio minimoa bermatzea
-Gutxieneko soldata 1200€-tan ezarri eta modu ez zuzenean pentsio minimoan eragitea -Lan erreforma neoliberala deuzestatzea
-Co-pago deitu den iruzur lotsagabe hori atzera botatzea
-Menpekotasun egoerari bideraturiko baliabideak hobetzea
-Pobrezia energetikoarekin amaitzea, oligopolioetan esku sartuz eta “bono” sozial duin bidez -Fiskalitate progresibo berria ezartzea: Gutxienez %15-ko tasa sozietate zerga
-Iruzur fiskalaren kontrako neurri politikoak: Zordunen lista hobetu eta “aministia fiskala” bezalako neurri lotsagabeak ezabatu
-Lana eta enpleguaren banaketa orekatu bat eta erremunerazioaren banaketa justua

Horregatik, hemen aldarrikatu nahi dugu guk ezinbesteko lotura ikusten dugula Euskal Herriak bere subirautza osoaren bidean daraman prozesuaren eta pentsio duinen aldeko borrokaren artean. Pentsio duinak aldarrikatzean, euskal herriko pentsio sistema propioa eta lan harremanetarako marko propioaren beharraz gero eta gehiago konbentzitzen gara. Estatu tresnak behar ditugula herri honetan, modu demokratikoan herritar sektoreen ongizatea bermatzeko. Eta ikusten dugu era berean, euskal herri subirau baten aldeko mugimendua edukiz betetzen duela pentsio duinen aldeko borrokak, erakusten duela ze potentzia politikoa dagoen herri honetan estatu berri bat ezkerretik eraikitzeko EB neoliberal eta atzerakoiaren testunguruan.

Beraz gure uste zintzoan, gaur estatu espaiñiarrean ezin da ezkertiarra izan independentista izan gabe. Edo prozesu hauek babestu gabe behintzat. Estatua gaur inoiz baino gehiago EB-proiektu neoliberalari lotua bai dago, eta burgesiaren kontrolerako aparatu bilakatu delako. Hau apurtzean irekiko dira ateak, estatuko beste herrientzat ere, prozesu demokratiko herritarrak helmugara eramateko. Estatuko langile sektoreen lehen etsaia estatua bera da, eta beren interesak defendatzeko pauso ezinbestekoa hau apurtu edo ahultzea.

Beraz, hemendik, segurgabetasun sozialaren tribuna honetatik bi dei egiteko aprobetxatu nahi dugu.

-Lehena, gorputz eta arimaz injustizia neoliberal berri honi aurre egin eta pentsio duinen alde borrokan dabilen orori hausnarketa deia egin nahi diogu. Egungo estatu espaiñiarrean minimo horiek lortzea posible den pentsatzera, eta ezezkoaren kasuan, estatuko beste herriekiko elkartasun printzipioa galdu gabe, euskal pentsio sistema eta lan harreman marko propio baten aldeko prozesu subiranistara batzeko deia egiten diogu. Guztion artean prozesu
hori edukiz eta gihar sozialez betetzera. Justizia soziala bermatuko duen euskal demokrazia herritarrarengatik.

-Bigarrenik, dei egiten diogu prozesu subiranistan murgildua dagoen EA-ko oinarri sozial guztiari pentsio duinen borroka bere egin dezan, eduki herritar konkretuz betetzen bai du euskal herri sozialistaren proiektua eta subjetkua. Horrela, gure proiektu politiko estrategikotik, independentzia, sozialismo eta feminismotik, dei egiten diegu:
-Pentsio duinen aldeko eskualdeko plataforman parte hartzera
-Larunbatean Donostian egingo den manifestaldian parte hartzera, eta etorriko diren mobilizazio bateratuetan parte hartzera

Subirautzarik gabe ez delako pentsio duinik egongo, ezkerrik gabe subirautza egongo ez den bezala: Euskal Herriko pentsio sistema burujabearen alde lotu borrokara!
 

 

 

Ordutegiak zabaltzearen eta jai egunetan irekitzearen aurka protesta egin dugu Areetan, Supercorren aurrean

Jaietan Jai plataformak deituta, azken asteotan egindako protesten harira, Getxoko Areetako Supercorren aurrean mobilizatu gara, igande eta jai-egunetako irekieren eta merkataritzako ordutegia zabaltzearen kontra. Denda aurrean mobilizatzeko baimena izan arren, Ertzaintzak azken momentura arte ez gaitu abisatu, eta, agertu garenean, aurreko kalera bidali gaituzte, espaloia estua zela argudiatuta. Kexa jarri dugu komisaldegian, Supercorrekin duten tratu bereziaren kontra, langileon manifestaziorako eskubidea zapaltzen baitute.
 

 

 

Beharrezkoa da langileon osasuna, bizi eta lan baldintzak lehentasunezkoak izango dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzea

Tamalez, beste langile baten heriotza salatu beharrean gaude. 43 urteko langilea lanean hil da Elorrion, eta honekin dagoeneko 67 dira gutxienez Euskal Herrian aurten hildako langileak (Araban 5, Bizkaian 30, Gipuzkoan 10, Iparralden 1 eta Nafarroan 21). LAB sindikatutik elkartasuna eta samina adierazi nahi diogu langilearen familia, ahaide eta enpresako langileagoarekin.

Aurtengo bigarren hildakoa da gaurkoa Correos enpresan. Lehenengoa abuztuaren 28an izan zen Gasteizen eta ordukoa eta gaurkoa ikusita, nabaria da lan baldintzak gero eta kaxkarragoak direla. Hau ez da kasualitatea, hau prekarietatea da. Bada garaia Correosek bere erantzukizunak har ditzan eta prebentzio zein lan osasunean benetako inbertsioa burutu dezan. Hobe luke langileen artean erruak banatzen ibili baino, arazoaren muinera jo eta langileen bizitzak arriskuan jarriko ez dituen enpresa politika egiten hasiko balitz.

Erakundeei, Eusko Jaurlaritzari, Lan ikuskaritzari eta Osalani dei egiten diegu behar bezalako ikerketa eta neurriak har ditzaten enpresa hauen aurrean, eta behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrolatu dezaten. Beharrezkoa ikusten dugu eredu aldaketa, beharrezkoa da langileon osasuna, bizi eta lan baldintzak lehentasunezkoak izango dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzea.

LAB sindikatutik langileon osasuna eta eskubideen alde lanean eta borrokan jarraituko dugu. Horregatik guztiagatik, gertaera hau salatzeko enpresako langileek egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu jendarteari.

 

 

 

Modu positiboan baloratzen dugu CESPAko hitzarmena, Zornotza, Galdakao, Gernika, Durango, Mungiako eta Urdaibaiko Mankomunitateko kale-garbiketari eragiten diona

0

LABek balorazio positiboa egiten du CESPAko hitzarmenaren negoziazio neketsu honek ekarri dituen emaitzen inguruan. Hitzarmen honek Zornotza, Galdako, Gernika, Durango eta Mungia udalerrietako eta Urdaibaiko Mankomunitateko kale-garbitzaileei eragiten die.

Laburbilduz, hitzarmen berriak hurrengo puntuak barneratzen ditu:

KPIra LOTUTAKO SOLDATA IGOERAK: soldatak prezioak igotzen diren beste igoko dira, inoiz ez horren azpitik. Hurrengo urteetan langileek ez dute eros-ahalmenik galduko.

BERMEAK DITUEN INAPLIKAZIO KLAUSULA: lan-erreformak ekarritako ondorioak mugatuz.

ULTRAAKTIBITATEA: Hitzarmenak iraungipen datarik ez du izango.

OPORRAK: Lanaldi partziala dutenek eta oporretako hilabeteetan lan egin dutenek, euren oporrak bost asteburu desberdinetan banatu ditzakete.

BAJAK: 2020. urtetik aurrera %100ean ordainduko dira urteko bigarren baja eta hurrengoak ere.

PORRES: Lanaldi osoa duten langileek San Martin de Porres jaieguna gozatuko dute berau asteko edozein egunetan erortzen delarik ere; eta lanaldi partziala dutenek egun horretaz gozatuko dute berau larunbat, igande edota asteazken batean erortzen bada. 2018. urteko Porres eguna Hitzarmena indarrean dagoen bitartean disfrutatuko dute langileak.

JUBILAZIOA: Akordioari esker, aurretiazko erretiroak langileen eskubide bat izaten jarraituko du eta ez enpresaren eskuetan uzten den aukera.

BAKANTEEN KOBERTURA: Lanpostuak amortizatuak izango ez direlako bermea eta gainera bakante guzti-guztiak lanaldi partziala duten langileei eskainiko zaizkiela: %50a enpresak hautatuta eta %50a komitearen erabakiz.

 

 

 

EAEko Hezkuntza Legea egiteko prozesu demokratiko bat egitea eskatu dugu

0

Agerraldia egin dugu Bilbon, beste hainbat sindikatu eta eragilerekin batera, Euskal Hezkuntza Legearen inguruan adostutako manifestua aurkezteko. Maider Izagirre LABeko Irakaskuntzako arduradunak parte hartu du bertan, EAEko Hezkuntza Legea egiteko prozesu berri eta demokratikoa eskatuz.

Agerraldian irakurritako adierazpenaren sinatzaileak honako hauek dira: LAB, EHIGE, CCOO, UGT, ELA, STEILAS, HEIZE, Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataforma, Zubiak Eraikiz, Ikasle Frontea eta Bilboko Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataforma. 

Hauxe da irakurritako testua:

2017ko irailean, Eusko Jaurlaritzak balizko hezkuntza lege baten oinarri izan nahi zuen Hezkuntza Akordio zabal bat lortzeko prozesu bat iragarri zuen. Gaur hemen gauden eragile guztiak kritiko agertu gara prozesu honekin. Lehenik eta behin, Hezkuntza Sailak, daukan arduratik, ez duelako argitu zein den bere hezkuntza eredua eta zein diren bere asmoak, hau da, ez du argitu hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izateko pausuak emateko prest dagoen edo egungo sare banaketa kontsolidatu nahi duen. Bizi dugun egoerak berehalako esku-hartzea eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren aldetik, justizia soziala bermatuz eta eskola publikoa indartuz. Bigarrenik, prozedurari dagokionean, oinarrizko parte-hartze demokratikoaren aurkakoa izan da erabat, berak erabaki baititu bai edukiak, bai lantaldeen osaketa (zein eragilek, eta eragile bakoitzeko zein pertsonak zein lantaldetan parte hartu behar zuen, ordezkaritza kontutan hartu gabe). Eta azkenik, edukiei dagokionez, hezkuntza sistemari eragiten dioten oinarrizko hainbat gai kanpoan utzi ditu. Bereziki esanguratsua da segregazioa eta finantziazio ereduaren inguruan aipamenik ez egotea.

Prozesu horren ondorio izan da “Hezkuntzaren aldeko akordioa” deritzona, eta dokumentu honetan eta LOMCEri lotuta dagoen Heziberrin oinarrituta Euskal Hezkuntza Legea egitea adostu du Eusko Legebiltzarrak. Gaur hemen bildu garen eragileok ozen salatu nahi dugu hori ezin dela izan hezkuntza lege berri baten oinarri. Legeak adostasun zabalak behar ditu, etorkizuneko hezkuntza-sistema eta ondorioz jendartea bera ere nolakoa izango den baldintzatuko bait du. Horregatik, oinarrizko parte hartze demokratikoa bermatuko duen prozesu berri bat abiatzea eskatzen dugu guztiok adostutako gaiekin.

Gaur hemen bildu garen eragileen ustetan Lege berriak, gutxienez, hurrengo puntuetan oinarritutakoa izan beharko luke:

1. Egungo sistemaren diagnostikoa jasotzen duena.

2. Egungo sare banaketa zalantzan jarri, ituntze unibertsal politika eten eta eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema eraikitzeko konpromezua izango duena.

3. Eskola publikoa lehenetsi eta aukera berdintasuna bermatuko duen administrazioaren planifikatzeko ardura ezarriko duena.

4. Europako bataz besteko hezkuntza inbertsioa bermatuko duena, ezinbestekoak diren lanpostuak eta baliabideak handituz.

5. Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea, integratzailea, hezkidetzailea, laikoa eta doakoa. Aukera berdintasuna, ekitatea, kohesio soziala eta kalitatea oinarri izango dituena. Egun bizi dugun segregazio egoerei aurre egingo diena.

6. Euskal Herriarentzat curriculum propioa garatuko duena.

7. Ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen murgiltze eredua ardatz duen hezkuntza eredu bakarra ezarriko duena.

8. Hezkuntza jendartearen zerbitzura jarriko duena eta ez merkatuen zerbitzura.

9. Hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa izango duena.

 

 

 

Plantilla egoki bat aldarrikatu dugu Gurutzetako Ospitaleko atarian

0

Urdulizeko Ospitalea izateagatik 200 lanpostu galduko omen dira Gurutzetako Ospitalean. Berregituraketa hutsa da, non asistentzia kalitatea galduko ez dela ziurtatzen digute. Prozesu horretan, sindikatuok parte hartu behar dugu, gure ardura delako. Beraz, ez dugu beste irtenbiderik onartuko. Ebaluaketak egin eta negoziazio prozesu bat zabal dezaten borrokan jarraituko gara.

Urteak daramatzagu Gurutzetako plantillak daukan lan karga izugarrizkoa dela salatuz, Urdulizeko Ospitalea ireki baino lehen. Beraz egoera honek bi beharrak dakarzkigu, lan zamen ikerketa eta lan arrisku psikosozialen ebaluaketa.

Bai lan arrisku psikosozialen ebaluaketa eguneratua eta bai lan karga ikertzea guztiz beharrezkoak dira, langile kopurua murriztu nahi izatekotan. Ezin da lan sama orekatu ez badakite zein diren gaur dauzkagun baldintzak.

Bizi dugun egoera hauxe da: Urdulizeko Ospitale berria ireki dela eta, Gurutzetako Ospitalean ematen den arreta gutxitu egin behar dela onartu behar dugu. Hau guztia, ikerketa sakon bat egin gabe, fedezko ekintza bezala hartu behar dugu. Eta beste fedezko ekintza baten bidez zuzendaritzek berregituraketa ahalik eta hoberen egingo dutela sinetsi behar dugu.

Gurutzetako sindikatuok (LAB, SATSE, ESK, ELA, SME, UGT, CCOO eta SAE) ez dugu fedezko ekintzarik egingo, beraz berregituraketa egin baino lehen lan zamak ikertzea eta lan arrisku psikosozialen ebaluaketa eguneratua exijitzen ditugu. Ez dugu aldaketarik onartu bi baldintza hauek bete gabe. Bi txosten horiek mahai gainean izanda, gurekin negoziazio prozesu bat planteatzen dugu, gu langileen errepresentazioa garelako.

Lan zama eta arrisku psikosozialen ebaluaketa esaten dugunean, hainbat gauza kontuan izan behar dituzte, besteak beste, Osanaia, Osabide Global, paziente bereiztea, teknologia berrien erabilera, sistemaren abiadura edo erabiltezinik ibiltzea. Gaur egungo teknologiaren menpekotasuna kontuan hartuta eta oso garrantzitsua den pazientearen segurtasuna ere bai.

 

 

 

Sei hilabetez eten dugu gure parte hartzea Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan, patronala, UGT eta CCOOen onurarako proiektuak nahierara berresten ari direlako

0

Nafarroako erakundeetan egondako aldaketaren ostean, hainbat eragilek oinarrizko lehentasun batean egin genuen bat; hots, erregimenaren politika klientelarrarekin amaitzeko beharrean arlo guztietan, lan esparruan ere. LABek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako esku-hartzeari esker, bukatutzat eman dira hitzarmen nominatiboak CEN, UGT eta CCOOekin, eta formakuntza fondoen kudeaketa aldatu da aurreko sistemara itzultzeko edozein aukera saihesteko.

Hala ere, Nafarroako Gobernuak antzeko prozedura bat sustatzen jarraitzen du, non patronalak, UGTk eta CCOOk mutuen soberakinak eskuratzen dituzten. Diru publiko kopuru handi bati buruz ari gara, 16 milioi euro baino gehiago Estatu mailan, eragile hauen eskuetara zuzenean igarotzen direnak. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua baliatzen du zenbait proiektu berresteko; Errioxako Empresarien Federazioa, CEN, Nafarroako CCOO, Errioxako CCOO, Nafarroako UGT eta UGT Euskadi erakundeek aurkeztutakoak, hain justu.

Mutuen soberanikak kudeatzeko sistema zalantzan jarri du, Estatu mailan, Kontu Auzitegiak berak; banaketa irizpideen anbiguetateagatik eta fondoak nora jo behar duten erabakitzen duten horiek direlako fondoak eurak jasotzen dituztenak. Gauza bera gertatzen zen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hitzarmen nominatiboekin. Gauzak honela, galdera bat egin behar da, ezinbestean: zergatik Laparra presidenteordeak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan bertan behera utzitako praktika bera bere horretan mantentzen du Ayerdi presidenteordeak, Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan?

Nafarroako Lan Osasuneko Zerbitzuak prebentzioko delegatuen formakuntza hobetzeko ahaleginak ahalegin, enpresetan prebentziorako neurriak ikertzeko talde bat sortzeko asmoak asmo, Ayerdiren erabaki politiko onartezin bat dago honen atzean, CEN, UGT eta CCOO erakundeek, Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluaren bitartez, diru publikoa eskuratzen jarrai dezaten. Honekin pozik ez, eta eragile hauek Nafarroako Gobernuari presioa sartzen jarraitzen dute diru gehiago eskuratzeko, “Lan Osasuneko lurraldeko delegatuaren” figuraren bitartez; euren egiturak loditzeko historikoki erabilitako figuraren bitartez, alegia. Eta, gainera, UGT eta CCOOek diote, argudio gisa, lan istripuen gorakada figura horren desagertzearen ondorioz gertatzen ari dela. Ondo baino hobeto dakigu lan istripuek gora egin dutela patronalak Lan Erreforma baliatzen duelako langileak gero eta gehiago prekarizatzeko; UGT eta CCOO sindikatuek “elkarrizketa soziala” izeneko gunean mahaikide duten patronalaren ondorioz, alegia.

LABek askotan eskatu dio Nafarroako Gobernuari utz diezaiola patronala, UGT eta CCOOen proiektuak berresteari, eta defenda dezala Nafarroaren ahalmena mutuen soberakinak bideratzeko gure lurraldean, Lan Osasunean eskumenak baititu. LABen iritziz, soberakin hauek prebentziorako sistema eraginkor bat egituratzeko zuzendu beharko lirateke, lan istripuak eta lan heriotzak modu kezkagarrian gora egiten ari direla kontutan hartuta: aurten, Nafarroan, dagoeneko 20 pertsona hil dira lanean edo lanerako bidean. Hala ere, Nafarroako Gobernuak muzin egin dio eskaera honi.

Egoera honen aurrean, LABek erabaki du bere parte hartzea etetea Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan, 6 hilabetez. Epe horretan, LABek mobilizazioak egingo ditu Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua biltzen den bakoitzean, proiektuak nahierara berresten ari direla salatzeko eta praktika horrekin amai dezaten eskatzeko. Era berean, LABek elkarrizketa erronda bat abiatuko du Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indar politikoekin. Erregimeneko garaian gauzatu ohi ziren praktika hauekin bukatzeko exijituko die sindikatuak.

 

 

 

Gipuzkoako suhiltzaileek aldundiaren aurrean egin dute protesta

"Biztanleen eta baita gure segurtasuna bermatzeko, beti uste izan dugu plantila eskaxa daukagula, eta azkenaldian aldundia ez da ezta gutxienekoak betetzera iristen", salatu dute.

Hauxe da Gipuzkoako suhiltzaileek egindako oharra:

Joan den Abenduaren 8an, Aldundiak Legazpiko suhiltzaile parkea itxi zuen.

Irungo parkean txandako sei suhiltzaile gaude, baina Gipuzkoako gainontzeko beste zazpi parkeetan txandako launa suhiltzaile besterik ez gaude. Eta Aldundiak gutxieneko zerbitzua ere ez du betetzen!

Biztanleen eta baita gure segurtasuna bermatzeko, beti uste izan dugu plantila eskaxa daukagula, eta azkenaldian Aldundia ez da ezta gutxienekoak betetzera iristen.

Guzti honek suhiltzaileoi gabezia hauek bete behar izatera behartzen gaitu. Honen eraginez dagoeneko ordutegiz kanpoko 2.000 ordu baino gehiago pilatuta ditugu. Bitxia da Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartuta izatea "Gipuzkoa Babestu 20/30"planaren barruan, beste 70 suhiltzaile gehiagorekin plantila osatzea.

Aldiz, legealdia bukatzen ari da eta 2010ean baino okerrago gaude. Zein zilegitasun eman diezaiokegu "plan" honi? Borondate politikoa edo propaganda?

Honen guztiagatik, gaur Abenduak 11, goizeko 8.45ean, Gipuzkoa plazan elkartuko gara egoera salatzeko.

Iragartzen genuena bete da
LABek aspalditik salatu izan du suhiltzaileen zerbitzuko egoera prekarioa. Proposamenak ere egin ditugu egoera hobetzeko pausoak eman ahal izateko, baina Aldundiaren aldetik ez da mugimendurik egon. Zerbitzuaren egoera kaskarra dela eta Urola Garaiko Korosti suhiltzaile-etxea itxi behar izan denean, berriz, neurri murriztatzaileak ezarri nahi izan dizkigute. Ez dugu onartzen aldebakarrez datozen neurri horien aplikaziorik, eta suhiltzaileen zerbitzu integral baterako bidean, gutxienez, Aldundiak onartutako 20-30 plana betetzeko pausoak eman ditzala exijitzen dugu.

Plan horretan, suhiltzaile etxe bakoitzeko txanda bakoitzean gutxienez sei suhiltzaile egotea adostuta dagoenez, bide hori jorratu behar da, baina gaurtik hasita, biharko utzi gabe.

Gaur, ehundik gora suhiltzaile elkartu eta Funtzio Publikoko zuzendariari idatzi bat helarazi diogu. Bertan, inposiziorik ez onartzeaz gain, norabide egokia hartzeko 48 suhiltzaile lanpostu berri sor ditzala eskatu diogu.

 

 

 

Abenduaren 15ean kalera irtetzeko deia egin dute pentsionistek, bizitza duinaren defentsan

ANAPEN, ANAPP, LAB Pentsiodunak, Lacarra, Pentsionistak Martxan eta Sasoia elkarteek pentsio duinen aldeko Iruñeko manifestaziora deitu dute,a benduaren 15erako. Agerraldia egin dute mobilizazioa iragartzeko. Hain zuzen ere, abenduaren 15ean, Hego Euskal Herriko hainbat herritan egingo dituzte protestak pentsionistek, hiriburuetan, kasu: Iruñean (17:00, Gaztelu plaza); Bilbon (17:00, Jesusen Bihotza); Gasteizen (18:00, Artium); eta Donostian (16:30, Alderdi Eder).

Hauxe da Iruñean egindako agerraldian egin duten irakurketa:

Aurrekontuen garaietan gaude. Bai Madrilgo Parlamentuan zein Nafarroakoan eztabaida gai dira, eta diru publikoa zertan inbertitu zehaztuko dute.

Idazki hau sinatzen dugun erretirodun pertsonen elkarteok aurrekontuen aurrean dugun jarrera plazaratu nahi dugu.

Herren jaiotzen diren aurrekontuak direla egiaztatzen dugu, ez baitago iruzurra ekiditen duen eta dirua dagoen tokietatik ateratzen duen zerga sistema justurik.

Dirua zertarako den erabakitzeko unean, beharrak mailakatu behar dira, lehentasunak zehaztu behar dira, pobrezian nekez bizi diren milaka pertsona eta etxe kontuan hartu behar dira, eta horiek izan behar dute lehentasuna osasungintzan, menpekotasunean, hezkuntzan…

Argi dugu lehendabiziko eztabaidak, edozein Gobernutan; pertsona oro duintasunez bizitzea bermatzea izan behar zuela helburu; zorra kentzea, ondasuna pilatzen duetenekiko begirunea eta alderdi politikoen interesak alde batera utzita; beste edozein gastuaren gainetik, hain zuzen ere. Helburu honi begira osatu beharko lirateke aurrekontuak.

Gure ikuspuntutik, erretirodun pertsonak garenez gero, honako puntu hauek nabarmendu nahi ditugu:

– Jakin, badakigu milaka direla huskeriaren hurrengoan diren pentsioaz bizi diren erretirodun pertsonak, are gehiago emakumeen kasuan, zeinei ez zaie aitortu etxean eta zaintzan
egindako lanak eta kotizatu dutenen kasu askotan, baldintza txarragoetan egin dute. Horientzat guztientzat, pentsiodun pertsona guztientzat Europako Gutun Sozialak egiten dituen aholkuak aplikatzea ezinbestekoa da. Arestian aipaturiko Gutunak oinarrizko pentsioa 1.080 euro izatea hitzartu zuen. Hori lortzearen bidean, egun, aurrerapentzat jotzen dugu denok 900 euroko oinarrizko pentsioa bermatuta izatea, GSI bezala jarri nahi den kopuru bera.

– Hori dela eta, Pentsio Publiko Duinak bermatzen duen Pentsio Sistema Publikoaren aldeko defentsan egiten dugu.

– Pentsio Plan Pribatuen aldeko edozein laguntzaren aurka agertzen gara, uste baitugu horrek marjinazio handiagoa ekarriko diela plan horiek ordaindu ezin izanen duten guztiei.

0 KPIren birbalorazioa automatikoki aplikatzea exijitzen dugu, baita neurri hau era batean edo bestean blindatuta egon dadin legez batez ere.

– Jasangarritasun faktorearekin erabat aurka gaude, gure pentsioen etorkizuna are gehiago mehatxatzen du, gure adinenpean jartzen ditu eta.

– Azken Lan eta Pentsio Erreformak bertan behera uztea eskatzen dugu.

– Aldarrikapen hauek azaltzerakoan, datozen belaunaldietan ere pentsatzen dugu, zeren eta, agintarien asmoak indarrean jartzen badira, gehienek erretiro zaila izanen dute.

Honegatik guztiarengatik, hemen gaude eta jarraituko dugu dagokigunak lortu arte.