2026-01-28
Blog Page 669

Fiskalaren txostenak LABek egindako salaketak baieztatzen ditu, Osakidetzan oso egoera larri baten aurrean gaudela argi utziz

0

Osakidetzako EPEko filtrazioak direla eta Fiskalak egin duen txostenak modu ezin argiagoan desmuntatzen du Osakidetzako eta Osasun Saileko arduradunen bertsioa eta bat egiten du LABek hasieratik egin dituen salaketekin.

Fiskalak argi ikusten du filtrazioak gertatu zirela, pertsona batzuk seinalatzen ditu eta Osakidetzako arduradunen jokaera ere salatzen du. Hasieratik LABek salatu duenez, oso egoera larria da hau, euskal jendarteari begira eskandalu itzela. Eta hala baieztatu berri du fiskaltzak hilabete luzetan abiaturiko ikerketak.

2018ko ekainaren 1ean Osakidetzako zuzendaritzari lehen aldiz azalpenak eskatzen zizkion idazkia LABek erregistratu zuenetik gauza asko gertatu dira.

Oviedoko txostenak, nahiz eta Osakidetzak berak enkargatu zuen, ezin izan zituen ezkutatu datu estatistikoen inguruan begi bistakoak ziren irregulartasunak, LABek zegoeneko salatuta zituenak publiko egin zuen txosten batean, Osakidetzako zuzendaritzari eta fiskaltzari ere helarazi zizkiona.

Geroago, Jimenez Asensioren txostena etorri zen. Bertan neurri ezberdinak planteatzen ziren, baina ez zuen kontuan hartzen filtrazioak onartzen zituen EPE sistema ustela abiapuntua zela.

Eusko Legebiltzarrean Darpon jauna ikusi dugu, behin eta berriro: gezurretan, salaketa egin zuten anestesistak mehatxatzen, LAB sindikatuaren ordezkaritza mespretxatzen, eta bar luze bat, hori bai, gertatutakoari buruzko inolako azalpen fidagarririk eman gabe. Gogoratu behar dugu EAJ, PSOE eta PP alderdiek ikerketa batzorde sortzea eragotzi zutela, argi utzita euren izaera antidemokratikoa.

Arartekoak egindako txostena ere bat zetorren LABen salaketekin, eta begi onez ikusten ditugun proposatzen zituen hainbat neurri, inplikaturiko tribunalak aldatu behar zirela, adibidez.

LABek, hasieratik, zuhurtasunez jokatu du hain larria den kasuan. Osakidetzari eta osasun sailari behin eta berriro azalpenak eskatu dizkiogu idatziz eta geneuzkan datuak eta indizioak eurei helarazi, ikerketa serio abia zezaten. Era berean, hasieratik jo dugu fiskaltzara eta bere esku ipini dugu geneukan informazio guztia, denbora osoan gure lankidetza eskainiz. Zorionez, ikusten dugu LABek egindako lan izugarria baliagarria izan dela fiskalaren ikerketa eta lana laguntzeko.
Azken finean, guk sistema publiko gardena defendatzen dugu eta ustelkeria borrokatzen dugu. Ezin dugu onartu, ez Osakidetzan ez inon, berdintasun oinarria baztertzen dela eta entxufismoa sustatzen dela. Osakidetzan, batez ere fakultatibo espezialisten artean hain errotatua dauden praktika eta sistema ustel horrekin amaitu beharra dago. Osakidetza ez da inoren “kortijoa”, ezin da izan batzoki bat. Ez EAJren garaian, ezta PSEren garaian ere. Horregatik, ardura eta erantzukizun guztiak argitu arte, LABek aurrera jarraituko du ikerketa sustatzen eta salaketa egiten. Ikerketa honek eredugarria izan behar du eta bururaino eraman behar da, bide judizialetik zein politikotik. Hasteko, Darponen eta inplikaturiko kargu guztien dimisioa eskatzen dugu; fakultatibo kategori guztien EPE prozesua gelditu, eta EPE eredu berri eta gardena lortzeko eztabaida demokratikoa eta negoziazio erreala abiatu.

Ikerketa laguntzeko bide horretan emango ditugun urrats juridiko berriak azaltzeko bihar prentsaurrekoa emango dugu Bilboko egoitzan, 11.30etan.

Gaurko mahai sektorialetik altxatu gara, gutxieneko baldintzarik ez dagoelako
Gaur bertan, ezer gertu ez balitz bezala, Osakidetzako zuzendaritza berriak mahai sektoriala deituta zeukan, berriro ere, benetako negoziazioa sustatu gabe eta normaltasun itxura emateko. Zuzendaritza berriaren negoziazioaren aldeko hitz potoloak, berriro ere, bertan behera gelditu dira. Pasa den astean zuzendaritza berriarekin lehenengoz bildu ginen eta gure negoziazio eskaeraren aurrean, esan zuten negoziatzeko borondate osoa zeukatela. Hitz hutsak baino ez ziren izan, gaur deituta zegoen mahai sektorialerako bileraren gai-ordenean negoziazioari buruzko punturik ez zegoelako, eta jorratu beharreko dokumentazio oso berandu helarazi digutelako, edo ez digute bidali.

Bestaldetik, Fiskalaren salaketa ezagutzen den egunean beran ez dugu egoki ikusten mahai sektorialaren batzarra mantentzea, Osakidetzan existitzen ez den normaltasun itxura emateko.

LABen ustez, ez dago mahai sektorialean biltzeko baldintza minimorik eta Osakidetzari honela jakinarazi eta gero altxatu egin gara.
 

 

 

Euskal errepublika sozialista eta feministari bultzada ematera deitu dugu Kursaalen

0


Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldarrikapen eta mobilizazio historikoaren 25. urtemugaren harira, jardunaldi berezi bat egin dugu Donostiako Kursaalen, Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean antolatuta. Jarduera honen baitan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazpen bat irakurri du, "Bi herri, borroka bat. Berton bizi, berton lan egin, berton erabaki" izenburuarekin. Hain zuzen ere, Kataluniako herriari elkartasuna adierazi diogu adierazpenean,baita Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua berriro aldarrikatu ere, aldaketa sozialerako burujabetza ezinbestekoa dela nabarmentzearekin batera.
 

 

 

 

GTHko grebalariek elkarretaratzeak egin dituzte enpresak bere ekoizpena eraman duen lantokietan

0

GTHko langileek aurrera jarraitzen dute protestekin eta otsailaren 11n abiatutako grebarekin. Enpresak euren ekoizpena eraman duen lantokien aurrean egin dituzte gaur elkarretaratzeak. Horrela, Zamudioko Gestmat-en, Galdakako Tooling and Services-en eta Zamudioko Zumeltxun egin dituzte mobilizazioak.

 

 

 

Soldata arrakala ez da kantitate kontu hutsa, arazo politikoa da

0

Soldata arrakala sistemak erabiltzen duen tresna da, emakumeon* lanei balioa kentzeko, lan horiek doan eskuratzeko, gutxiago ordaintzeko, jardunaldi partzialak eta aldi baterako kontratuak inposatzeko eta zaintza lanak egitera behartzeko, sistema kapitalista heteropatriarkalak lan horiek guztiak premiazkoak baititu, bere horretan irauteko eta irabaziak lortzeko.

Generoaren araberako soldata arrakala ez da kopuru hutsa, ez da akats bat, ez doikuntza falta, ez da kasualitate, zorigaitz edo sistemaren eragin kolaterala ere. Sistemaren tresna da, sistema bera da.

Soladata arrakalak islatzen du lanak ezberdin balioztatzen direla sexuaren araberako lan banaketarekin. Honela, gezurrezko bereizteka erabilita, lanak “maskulino” edo “femeninotzat”, “produktibo” edo “erreproduktibotzat” klasifikatzen dira eta balio sozial, ekonomiko eta politiko handiagoa ematen zaie gizonezkoek egiten dituzten horiei (produktibotzat definitzen direnak) emakumezkook* egiten ditugunei baino (erreproduktibotzat definitzen direnak). Klasifikazio hau ez da zerbait naturala, sistema kapitalistak, bere intereserako, eraiki egin du.

Ez da kasuala. Lanaren, denboraren eta enpleguaren antolakuntza sozialarekin guztiz lotuta dago: nork egiten duen zer, nola eta zenbat denboraz eta zeren truke. Doan edo gaizki ordaindurik egiten diren (gehienbat emakumeok* egiten ditugun) zaintza lanen bitartez, sistema kapitalistaren iraupena bermatzen da. Zaintza lanek egiten dute bizitza posible eta sistema kapitalistak hau guztiz beharrezkoa du sistema bera betikotzeko.

Halaber, sistemak ahaleginak eta bi egiten ditu zaintza lanak doan egin ditzagun edo, merkantilizatzen direnean, gutxi ordainduak izan daitezen. Hainbat eremutan eta hainbat modutan ikus dezakegu zelan egiten den hau; adibidez:

> Industria sektore guztiz maskulinizatua da eta ez da apenas emakumerik* kontratatzen.

> Emakumeak* zaintza lanetan, merkantilizatuetan zein merkantilizatuta ez daudenetan, gainordezkaturik gaude.

> Sektore publikoan feminizaturik dauden lanak azpikontratatzen dira eta honek soldata arrakala handiagoa sortzen du.

> Jardunaldi osoak galarazten dizkigute eta emakumeontzat jardunaldi partzialak eta aldi baterako kontratazioak bultzatzen ditutze, baita saritu ere. Honela, zaintzen ardura hartzera behartzen gaituzte, sistema ez baitago prest bere gain hartzeko, hala egitekotan ez lituzkeelako irabazi berberak izango.

> Etniaren araberako lan banaketa, soldata arrakala gehiago sortzen dira: lanik gogorrenak, gutxien ordaindu eta arautuak eta esplotazio egoera latzenekoak beste jatorri batzuetako pertsonei egozten zaizkie. Hala nola, etxeko lanak, eraikinen garbiketa, etxez etxeko laguntza…

Eta hau guztia lan merkatuaren prekarizazio orokortuaren testuinguruan.

Pasa den urtean, LABek enpresei soldata arrakalaren inguruko datuak eta honekin amaitzeko neurriak eskatu zizkien. Oso gutxik erantzun ziguten. Bakar batek ere ez zuen neurririk martxan ipini.

Aurten instituzioak interpelatzen ditugu zuzenean: Eusko Jaurla- ritza, Nafarroako Gobernua, Emakunde, Nafarroako Berdintasu- nerako Institutua, aldundiak, udalak… ez dutelako honi dagokio- nez ezer egin, plan instituzionalekin engainatu nahi gaituztelako, emakumeon* lan baldintzetan ardura zuzena daukatelako, ez dituztelako enpresak behartzen benetako neurriak hartzera, soldata arrakalak bere horretan iraun dezan uzten dutelako, azpi- kontratak bultzatzen dituztelako euren enpresen mesedetan eta, honela, soldata arrakala legeztatzen dutelako, gure bizitzak erasotzen dituen sistema kapitalista iraunarazten dutelako, arduragabekeria politikoaz jokatzen dutelako.

Horregatik, planto egiten dugu! Sistema honetan sinesten ez dugulako,

Kapitala hautsi Bizitzari eutsi

M8an kapitalismo heteropatriarkalari planto!
 

 

 

Grebak Bizkaiko DIA supermerkatuetan, itxiera EEEaren kontra

0

Atzo igandez Bilbon egindako asanbladan, Bizkaiko Dia supermerkatuetako langileak enpresak iragarritako itxiera EEEaren aurkako jarrera adierazi zuten eta kaleratzerik onartuko ez dutela iragarri dute. Horrela, greba deitu dute datozen otsailaren 27 eta 28rako eta martxoaren 5erako. Martxoaren 11tik aurrera, mugagabea izatera pasatuko litzateke greba.

Era berean, zuzendaritzaren jarrera gaitzetsi dute langileek ez duelako batzartu nahi eta izkutatu egiten delako hain momentu gogorretan.

Asanbladak exijitzen du EEE horren negoziazioa hona ekartzea langileen Bizkaiko egoera lantzeko eta behingoz, beharrezkoa den informazioa emanez.

LABek langileek deitutako greba eta plantorako deialdiak babesten ditu hamarnaka lanpostu jokoan dauden egoera honetan.
 

 

 

Greba egun gehiago egingo ditugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan, hitzarmen duin baten defentsan

Urtebete baino gehiago luzatzen ari diren mobilizazio eta 21 greba egun ondoren, zerbitzua ematen duten patronalek, zein zerbitzuaren titularrak diren udalek, beste alde batera begiratzen jarraitzen dute. Egoera honen aurrean, berriro ere mobilizazio eta grebak deitzera behartuta aurkitzen gara LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuak.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kalitatean ematen ari den galera zalantzen daramagu urte bete baino gehiago, bai asistentzia arloan baita lan baldintzen arloan ere. Ahaztu barik, hau, beharrizan egoeran aurkitzen diren pertsonen kopurua etengabeko hazkundean dagoen jendarte batean, ezinbesteko zerbitzua dela.

Sorospen arloari dagokionez, handitzen doan kolektibo baten babes maila gutxitzen ari da. Prestazio orduan jaisten dira, egin beharreko lanak handitzen diren heinean, honekin, zerbitzuaren kalitatean galera emanez.

Lan arloari dagokionez, 5 urte baino gehiago daramatzagu soldata izozketa eta lan eskubideen galerarekin. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, eta lanaldi partzialak ugariak. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzen arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Labur esateko, gure lan-baldintzak prekarioak dira.

Azken mobilizazio urtean zehar, gatazkaren konponbiderako pausuak ematea dagozkien subjektu guztiak interpelatu ditugu. Bizkaiko Udal garrantzitsuenetan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko kalitatea hobetuko zuten eta onartu diren mozioak aurkeztu ditugu, alderdi politikoekin bildu gara, Bilboko udaleko aurrekontuei egin dizkiegu, sektore feminizatu moduan gure problematika EMAKUNDEri helarazi diogu, eta Patronalak, zuzenean, interpelatu ditugu.

Arduradunak seinalatzeko unean, ez dugu beste alde batera begiratuko. Bizkaiko udaletako gobernu taldeak, mozioen erabilera partidista eta gerora hauen ez betetzearekin, eta patronalak, negoziaziorako gogo ezarekin, dira gatazka honen arduradun zuzenak. Lehenengoek, zerbitzuaren titular moduan, zein bigarrenek, zerbitzuaren prestatzaile moduan, ezin dute euren ardura albo batean uzten jarraitu.

Guzti honetaz gain, martxoaren 8a gertu dago, instituzioen emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen duten urteroko edukirik gabeko intentzio deklarazioekin batera. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalako sektoreekin, berdintasun erreal batera jotzeko benetako neurriak hartzeko aukerak zabaltzen dira. Emakumeen lan baldintzetan eta ondorioz, bizi baldintzetan, hobekuntzak sustatuz.

Gatazka guzti honen atzean, emakumeok zapaltzen gaituen sistema oso bat dago. Sistema kapitalistak, emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu sistema berak bizirauteko, eta horregatik, lan merkatuan eta kasu honetan etxez etxeko laguntzan, uzten diguten lekua bigarren mailakoa da. Zaintza lanak inolako aitortzarik gabe eta oso modu prekarioan ematen dira.

Honengatik guztiagatik, ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuok, borrokatzen jarraitzeko konpromisoa hartu eta hurrengo greba egunak konbokatzen ditugu:

• Otsailak 26 eta 27.
• Martxoak 5, 6 eta 7.

Honetaz gain, langile guztiak animatzen ditugu mugimendu feministak, martxoaren 8rako antolatutako greba egunarekin bat egin dezaten.

 

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko enpresa batzordeak konpondu gabeko gatazkak eraman ditu “gobernantza ona”-ri buruzko kongresura

Gipuzkoako Foru Aldundiko enpresa batzordeak protesta bat egin du goizean, “gobernantza ona"ri buruz aldundiak berak Tabakaleran deitu duen kongresuaren hasieran. Hain zuzen ere, legegintzaldia hiru gatazka konpondu gabe amaituko dutela salatu du: Egogain, suhiltzaileak eta lan hitzarmena.

Hauxek dira Aldundiko enpresa batzordeak aipatutako hiru gatazkak:

Gipuzkoako Foru Aldundiako politikariek mahai gainean ditugun hiru gatazka larri konpondu gabe amaitu nahi dute legealdia:

EGOGAIN
Egogainen lan egiten dugunok pertsona nagusi, mendekotasun handia, adimen urritasuna eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonak artatzen ditugu. Azken urteetan GFAk atzerapauso ugari eman ditu hainbat arlotan, gure lan baldintzak kaskartzen aritu da (langileon lan baldintzak okertu, amortizazioak, gure lanpostuak azpikontratatu, etab.) eta egoera hau okerrera joango da: egoiliar gehiagorentzako plaza berriak sortuko dituzte, baina zerbitzua langile kopuru berdinarekin eman nahi dute. Hau ezin dugu onartu, langile gehiago behar ditugu kalitatezko zerbitzu publiko on bat eman nahi badugu.

SUHILTZAILEAK
Azken hilabetean suhiltzaile etxe bat itxi du zerbitzuak taldeak osatzeko suhiltzaile nahikorik ez zegoelako, IZUGARRIA!! Gainera, lehendik eskasak diren txanda minimo asko ere, ez dira betetzen ari; alerta laranjan egonda ere ez!! Kalitatezko zerbitzu publiko on bat eman ahal izateko, lehenengo pauso bezala, gutxienez 48 suhiltzaile gehiago behar ditugu berehala.

LAN HITZARMENA
Langile Batzordea eta Funtzio Publikoa urtarrilean elkartu ginen negoziazio orokorreko bilera egiteko. Bertan, lan hitzarmenaren negoziazioa itxitzat eman dutela jakinarazi ziguten. Otsailean, aldebakarrez eta Langile Batzordearekin adostasunik lortu gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen lan baldintzak arautuko dituen testu bateratu berria onartzeko asmoa daukate. Gainera, gure lan baldintzak kaskartuko dituen testu honek indarrik gabe utzi nahi ditu orain dauzkagun adostutako akordio guztiak.
 

 

 

[IRITZIA] “Demokrazia jokoan”

Lan Harremanetarako Euskal Esparrua aldarrikatu genuenetik 25 urte bete diren honetan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk egungo egoeraren irakurketa egin du.

Otsailaren 19an, 25 urte beteko dira ELAk eta LABek Lan Harremanetarako (eta gerora babes sozialeko) Euskal Esparrua aldarrikatu genuenetik. Ondoren batu ziren gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuak ere. Mugarri izan zen, garai politiko berri bati ateak ireki zizkion eta ilusioa piztu zuen euskal langileon artean.

Langileon lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko, Espainiako Estatuarekiko menpekoa izango ez den marko propio baten alde egin genuen, inolako injerentziarik gabe eraikitako euskal esparruaren alde. “Hemen lan egin, hemen erabaki!” oihukatzen genuen orduan eta, egun, gaurkotasun beteko aldarrikapena da LABentzat.

Urteotan gauza asko aldatu badira ere, inboluzio sozial eta politikoa, demokrazia galera itzela izaten ari da. Egiturazko arrazoi biak, kapitalaren neurrirako eredu ekonomiko eta soziala eta espainiar Estatuarekiko menpekotasuna, areagotu egin dira.

Arrazoietan lehenari dagokionean, elite ekonomikoaren mesedetan indarrean dagoen eredua guztiz antidemokratikoa da, eta ondorioz, bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da prekarizazioa.

Testuinguru horretan, sindikalgintza abertzalearen eragin gaitasuna mugatzeko helburu politikoarekin saiakera ugari egon dira eta daude, besteren artean, negoziazio kolektiboa langileen eskubideen defentsarako bitarteko moduan indargabetu izana eta estatalizazioa. Eta herri honetako gehiengo sindikala eta soziala indargabetzeko helburu horrekin bat egiten du EAJk ere. Jaurlaritzaren izaera autoritario eta antisoziala agerikoa da: hauteskunde sindikaletan langileek eman duten hitzari muzin egin eta EAEn %30a baino gutxiago ordezkatzen duten sindikatuekin elkarrizketa guneak sortu ditu; Legebiltzarrean, PSE-EE eta PPrekin, pobrezia eta bazterketa sozialari aurre egiteko Herri Ekimen Legegilearen eztabaida ukatu du.

Bigarren arrazoiari helduta, bistan da Espainiako Estatuarekiko menpekotasunak ez dakarrela ezer onik euskal langileontzat. Ezer onik ez Euskal Herriarentzat, ez kataluniar herriarentzat ere. Inboluzio politikoak berarekin dakar inboluzio soziala. Espainiako lurralde batasuna indarrez mantentzeak eta, azken batean, 78ko Erregimenarekin ez apurtzeak sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren biziraupena bermatzen du.

Demokrazia dago jokoan. Oldarraldi neoliberalari aurre egiteko burujabetza gehiago behar dugu. Kapitalari boterea kenduko badiogu, izango da bizitza erdigunean jarri eta Euskal Herrian eredu ekonomiko eta sozial berri bat eratzea lortzen dugulako, euskal sozialismoaren norabidean, eta langile klasearen bultzadaz. Aldaketa politikoa eta soziala gauzatzea da hori egiteko bidea eta euskal sindikatuok, duela 25 urte bezala, gaur ere badugu erantzukizuna borroka hura egungo testuingurura ekarri eta eragile aktibo izateko, eraldaketa sozialerako ezinbestekoa dugun burujabetza prozesuaren alde.

2017ko irailean ELA eta LAB sindikatuok elkarrekin plazaratu genuen adierazpen sindikalarekin mugarri berri bat jartzekotan egon ginen. Testuinguru politiko eta sozialean eragiteko borondatea adierazi genuen, aldaketa sozialerako burujabetza prozesua bultzatzeko konpromisoa gureganatzean. Berriro ere euskal langileen artean ilusioa pizteko gai izan ginen, baina ez eusteko.

Ordutik, adierazpenean jasotako ildoa martxan jartzeko beharra areagotu egin da. Momentu berezian gaude, asko dugu jokoan. Espainiako Gobernuan egondako alderdi desberdinek argi utzi dute ez krisi sozialari ez lurralde ereduaren krisiariari irtenbide demokratikorik emateko aukerarik ez dagoela Estatu espainiarraren baitan.

Eta, gainera, ultraeskuinaren gorakada inboluzio antidemokratiko horren sakontasunean eta abiaduran eragiten ari da. Espainiar Estatuan hiru buruko neofaxismoa abian da, eta azken egunetan dagoen PSOEren Gobernuak ez ditu atzera bota azken urteetako lan erreforma eta murrizketak. Era berean, Kataluniako afera politikoari irtenbide politikoa emateko keinurik txikiena ere egiteko ezintasuna erakutsi du.

2017an hartutako konpromisoei eusteko arrazoiak ez zaizkigu falta. LAB sindikatua prest dago horretarako, areago, horretan ari gara. Demokrazia eta burujabetzaren aldeko borroka indartzea dagokigu.

Euskal Herrian gehiengoa gara eredu ekonomiko eta sozial hau eraldatu nahi dugunak eta gero eta gehiago eraldaketa sozial horretarako Euskal Errepublika Feminista eta Sozialista defendatzen dugunak. Euskal Herria herri bizia da. Herri borrokalaria. Mobilizazio soziala ugaria da herri honetan. Langile klase osatzen dugun errealitate desberdinen borrokak batu behar ditugu. Eraldaketa sozialaren aldeko borroka demokrazia eta burujabetzaren aldeko borrokarekin uztartuz.

LABeko kideok gogoetatzen eta lanean jarraitzen dugu norabide horretan, eta otsailaren 19an parada ezinhobea izango dugu horretarako, Donostiako Kursaalen. Asko dugulako esateko eta egiteko.

 

 

 

Berriz ere irabazi dugu KYBSE enpresan eta indarrez ari gara igotzen Nafarroako industrian

0
Atzo, otsailak 14 zituelarik, hauteskunde sindikalak egin zituzten Ororbiako KYBSE lantegian, Nafarroako industriako bigarren enpresa handienean. Bada, nahiz eta 2015ean baino bertze sindikatu bat gehiago sartu zen lehian, LAB gai izan da bere gehiengoari eusteko (10 delegatu eskuratu ditu 21etatik), eta boto gutxigatik ez du gehiengo osoa lortu. Gogoratzekoa denez, diskriminatzen ez duen kontratazio sistema ezarria du KYBSEk; sistema hori aukera berdintasunean oinarriturik dago eta ez du inor baztertzen bere afilizazio sindikalagatik edo sexuagatik -kontratatzen diren langileen %50 emakumeak dira-.

KYBSEko hauteskundeekin bukatzen da LAB sindikatuarendako Nafarroako Industrian hagitz emaitza onak ekarri dituen aste bat. 100 langile baino gehiago dituzten sei enpresatan – denetara 2.443 langile dituztenak-, LABek lehian zeuden 82 delegatuetatik 32 erdietsi ditu; alegia, lehen zeuzkanak baino 8 delegatu gehiago ditu orain.

Nafarroan gehien hazten den sindikatua izaten segitzen du LABek. Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuak ematen dituen datuen arabera, LABek 981 delegaturekin itxi zuen 2018 urtea; hau da, Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %16,24rekin. LAB sindikatuak Nafarroan inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da hori.

Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta -enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza-, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. LABek izan duen hazkunde jarraiaren erakusgarri, aipatzekoa da 2017 urtea 942 delegaturekin bukatu zuela, ordezkaritzaren %15,75rekin.

2018ko irailetik 2019ko ekainera, gutxi gorabehera, hauteskunde sindikalen epe trinkoa iraganen da, epealdi horretan pilatuko baitira enpresa anitzetako ordezkariak hautatzeko bozketak. LABek bere buruari helburu bat ezarri zion: epealdi hori ordezkaritzaren %16 gaindituta bukatzea. Ikusi dugunez, baina, asmo txikiko helburua zen hori, dagoeneko %16,2 gainditua baitu. Ordezkaritza horrek berretsi du Nafarroako agertoki sindikalak lau aktore nagusi dituela.

Gure iritziz, LAB da gehien hazten den sindikatua etengabe ari delako borrokatzen langileen eskubideen alde, lantokietan eramaten duen ekintza sindikalak langile guztien beharrak dituelako kontuan. Langileek LABengan konfiantza dute koherentea eta kontsekuentea delako.

Erraten duguna egiten dugu eta egiten duguna erraten dugu.
LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borroka bultzatzen.