2026-10-01
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaGreba egun gehiago egingo ditugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan, hitzarmen duin...

Greba egun gehiago egingo ditugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan, hitzarmen duin baten defentsan

Urtebete baino gehiago luzatzen ari diren mobilizazio eta 21 greba egun ondoren, zerbitzua ematen duten patronalek, zein zerbitzuaren titularrak diren udalek, beste alde batera begiratzen jarraitzen dute. Egoera honen aurrean, berriro ere mobilizazio eta grebak deitzera behartuta aurkitzen gara LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuak.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kalitatean ematen ari den galera zalantzen daramagu urte bete baino gehiago, bai asistentzia arloan baita lan baldintzen arloan ere. Ahaztu barik, hau, beharrizan egoeran aurkitzen diren pertsonen kopurua etengabeko hazkundean dagoen jendarte batean, ezinbesteko zerbitzua dela.

Sorospen arloari dagokionez, handitzen doan kolektibo baten babes maila gutxitzen ari da. Prestazio orduan jaisten dira, egin beharreko lanak handitzen diren heinean, honekin, zerbitzuaren kalitatean galera emanez.

Lan arloari dagokionez, 5 urte baino gehiago daramatzagu soldata izozketa eta lan eskubideen galerarekin. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, eta lanaldi partzialak ugariak. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzen arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Labur esateko, gure lan-baldintzak prekarioak dira.

Azken mobilizazio urtean zehar, gatazkaren konponbiderako pausuak ematea dagozkien subjektu guztiak interpelatu ditugu. Bizkaiko Udal garrantzitsuenetan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko kalitatea hobetuko zuten eta onartu diren mozioak aurkeztu ditugu, alderdi politikoekin bildu gara, Bilboko udaleko aurrekontuei egin dizkiegu, sektore feminizatu moduan gure problematika EMAKUNDEri helarazi diogu, eta Patronalak, zuzenean, interpelatu ditugu.

Arduradunak seinalatzeko unean, ez dugu beste alde batera begiratuko. Bizkaiko udaletako gobernu taldeak, mozioen erabilera partidista eta gerora hauen ez betetzearekin, eta patronalak, negoziaziorako gogo ezarekin, dira gatazka honen arduradun zuzenak. Lehenengoek, zerbitzuaren titular moduan, zein bigarrenek, zerbitzuaren prestatzaile moduan, ezin dute euren ardura albo batean uzten jarraitu.

Guzti honetaz gain, martxoaren 8a gertu dago, instituzioen emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen duten urteroko edukirik gabeko intentzio deklarazioekin batera. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalako sektoreekin, berdintasun erreal batera jotzeko benetako neurriak hartzeko aukerak zabaltzen dira. Emakumeen lan baldintzetan eta ondorioz, bizi baldintzetan, hobekuntzak sustatuz.

Gatazka guzti honen atzean, emakumeok zapaltzen gaituen sistema oso bat dago. Sistema kapitalistak, emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu sistema berak bizirauteko, eta horregatik, lan merkatuan eta kasu honetan etxez etxeko laguntzan, uzten diguten lekua bigarren mailakoa da. Zaintza lanak inolako aitortzarik gabe eta oso modu prekarioan ematen dira.

Honengatik guztiagatik, ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuok, borrokatzen jarraitzeko konpromisoa hartu eta hurrengo greba egunak konbokatzen ditugu:

• Otsailak 26 eta 27.
• Martxoak 5, 6 eta 7.

Honetaz gain, langile guztiak animatzen ditugu mugimendu feministak, martxoaren 8rako antolatutako greba egunarekin bat egin dezaten.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.