2024-07-27
HomeEkintza Sindikala "Demokrazia jokoan"

[IRITZIA] “Demokrazia jokoan”

Lan Harremanetarako Euskal Esparrua aldarrikatu genuenetik 25 urte bete diren honetan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk egungo egoeraren irakurketa egin du.

Otsailaren 19an, 25 urte beteko dira ELAk eta LABek Lan Harremanetarako (eta gerora babes sozialeko) Euskal Esparrua aldarrikatu genuenetik. Ondoren batu ziren gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuak ere. Mugarri izan zen, garai politiko berri bati ateak ireki zizkion eta ilusioa piztu zuen euskal langileon artean.

Langileon lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko, Espainiako Estatuarekiko menpekoa izango ez den marko propio baten alde egin genuen, inolako injerentziarik gabe eraikitako euskal esparruaren alde. “Hemen lan egin, hemen erabaki!” oihukatzen genuen orduan eta, egun, gaurkotasun beteko aldarrikapena da LABentzat.

Urteotan gauza asko aldatu badira ere, inboluzio sozial eta politikoa, demokrazia galera itzela izaten ari da. Egiturazko arrazoi biak, kapitalaren neurrirako eredu ekonomiko eta soziala eta espainiar Estatuarekiko menpekotasuna, areagotu egin dira.

Arrazoietan lehenari dagokionean, elite ekonomikoaren mesedetan indarrean dagoen eredua guztiz antidemokratikoa da, eta ondorioz, bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da prekarizazioa.

Testuinguru horretan, sindikalgintza abertzalearen eragin gaitasuna mugatzeko helburu politikoarekin saiakera ugari egon dira eta daude, besteren artean, negoziazio kolektiboa langileen eskubideen defentsarako bitarteko moduan indargabetu izana eta estatalizazioa. Eta herri honetako gehiengo sindikala eta soziala indargabetzeko helburu horrekin bat egiten du EAJk ere. Jaurlaritzaren izaera autoritario eta antisoziala agerikoa da: hauteskunde sindikaletan langileek eman duten hitzari muzin egin eta EAEn %30a baino gutxiago ordezkatzen duten sindikatuekin elkarrizketa guneak sortu ditu; Legebiltzarrean, PSE-EE eta PPrekin, pobrezia eta bazterketa sozialari aurre egiteko Herri Ekimen Legegilearen eztabaida ukatu du.

Bigarren arrazoiari helduta, bistan da Espainiako Estatuarekiko menpekotasunak ez dakarrela ezer onik euskal langileontzat. Ezer onik ez Euskal Herriarentzat, ez kataluniar herriarentzat ere. Inboluzio politikoak berarekin dakar inboluzio soziala. Espainiako lurralde batasuna indarrez mantentzeak eta, azken batean, 78ko Erregimenarekin ez apurtzeak sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren biziraupena bermatzen du.

Demokrazia dago jokoan. Oldarraldi neoliberalari aurre egiteko burujabetza gehiago behar dugu. Kapitalari boterea kenduko badiogu, izango da bizitza erdigunean jarri eta Euskal Herrian eredu ekonomiko eta sozial berri bat eratzea lortzen dugulako, euskal sozialismoaren norabidean, eta langile klasearen bultzadaz. Aldaketa politikoa eta soziala gauzatzea da hori egiteko bidea eta euskal sindikatuok, duela 25 urte bezala, gaur ere badugu erantzukizuna borroka hura egungo testuingurura ekarri eta eragile aktibo izateko, eraldaketa sozialerako ezinbestekoa dugun burujabetza prozesuaren alde.

2017ko irailean ELA eta LAB sindikatuok elkarrekin plazaratu genuen adierazpen sindikalarekin mugarri berri bat jartzekotan egon ginen. Testuinguru politiko eta sozialean eragiteko borondatea adierazi genuen, aldaketa sozialerako burujabetza prozesua bultzatzeko konpromisoa gureganatzean. Berriro ere euskal langileen artean ilusioa pizteko gai izan ginen, baina ez eusteko.

Ordutik, adierazpenean jasotako ildoa martxan jartzeko beharra areagotu egin da. Momentu berezian gaude, asko dugu jokoan. Espainiako Gobernuan egondako alderdi desberdinek argi utzi dute ez krisi sozialari ez lurralde ereduaren krisiariari irtenbide demokratikorik emateko aukerarik ez dagoela Estatu espainiarraren baitan.

Eta, gainera, ultraeskuinaren gorakada inboluzio antidemokratiko horren sakontasunean eta abiaduran eragiten ari da. Espainiar Estatuan hiru buruko neofaxismoa abian da, eta azken egunetan dagoen PSOEren Gobernuak ez ditu atzera bota azken urteetako lan erreforma eta murrizketak. Era berean, Kataluniako afera politikoari irtenbide politikoa emateko keinurik txikiena ere egiteko ezintasuna erakutsi du.

2017an hartutako konpromisoei eusteko arrazoiak ez zaizkigu falta. LAB sindikatua prest dago horretarako, areago, horretan ari gara. Demokrazia eta burujabetzaren aldeko borroka indartzea dagokigu.

Euskal Herrian gehiengoa gara eredu ekonomiko eta sozial hau eraldatu nahi dugunak eta gero eta gehiago eraldaketa sozial horretarako Euskal Errepublika Feminista eta Sozialista defendatzen dugunak. Euskal Herria herri bizia da. Herri borrokalaria. Mobilizazio soziala ugaria da herri honetan. Langile klase osatzen dugun errealitate desberdinen borrokak batu behar ditugu. Eraldaketa sozialaren aldeko borroka demokrazia eta burujabetzaren aldeko borrokarekin uztartuz.

LABeko kideok gogoetatzen eta lanean jarraitzen dugu norabide horretan, eta otsailaren 19an parada ezinhobea izango dugu horretarako, Donostiako Kursaalen. Asko dugulako esateko eta egiteko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.