2026-01-28
Blog Page 661

DIA supermerkatuetako langileek greba mugagabeari ekin diote, kaleratzeen aurka

0

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileek greba mugagabeari ekin diote gaur, hiru eguneko greba egin ondoren, EREaren kontra. Bilbon, Ibarrekolandako DIAtik abiatuta, manifestazioa egin dute, euren aldarrikapenak ozen entzun daitezen.
 
Gaur hasi da DIA supermerkatuetako greba mugagabea, ELA eta LAB sindikatuok deiturikoa. Aste oso garrantzitsua da langileen etorkizunarentzat, Bizkaia eta Gipuzkoako 71 langile kaleratuak izateko arriskuan baitaude.

Luze eta gogorra egiten ari da gatazka baina kolektiboaren erantzukizuna, elkartasuna, tinkotasuna eta maitasunak jarraitu egin dute,

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileek manifestazioa egin dute gaur Bilbon, DIA Sarrikon duen zentrotik abiatuta. Mobilizazioaren ondoren, langileen asanbladak biharko piketeak antolatu ditu.

 

 

Martxoaren 8ak erakutsi du emakumeen antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla diskriminazio egoerak gainditzeko

0

Martxoaren 8ko greba feministaren balorazioa egin dugu Donostian, Emakumearen Etxean, greba deialdian parte hartu dugun ardatzetako ordezkariok. Hala, grebaren eragina eta irakurketa egin dugu ardatzez ardatz: pentsionistak, kontsumoa, ikasle eta gazteak, zaintza lanak eta soltatapeko lanei dagokienez. Azken eremu honi dagokionez, greba berriro ere "historikoa" izan dela nabarmendu dugu: "Ohiko greba batetik harago joan gara, enpleguaren esparrua gainditu eta lan guztiak aitortze aldera. Zaintzaren lana ere erdigunean jarri da aurten ere".

Grebak sektore feminizatuetan izan duen jarraipena nabarmendu nahi dugu bereziki. Irakaskuntza publikoan zein itunpekoan, ikastoletan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, kontserberetan eta garbikuntza alorrean esaterako emakume gehienek egin dituzte lanuzteak.

Etxez etxeko laguntzan ere jarraipena itzela izan da beraien aldez aurretik piztutako borrokari segida emanez.

Bestelako zerbitzu batzuetan ere jarraipena oso garrantzitsua izan da: telemarketing, merkataritzan, komunikabideetan, udalak, polikiroldegiak…

Aipatzekoa iruditzen zaigu, era berean, emakumeak gutxiengoan dauden sektore batzuetan ere, industrian adibidez, emakumeek lanuzteak egin dituztela: CAF, Eaton…

Aipamen eta aitortza berezia eman sektore feminizatu prekarioenetan lan greba egin duten emakumeei. Badakigu zein zaila den sektore batzuetan greba egitea eta batzuk ere ezin izan dutela beraien greba eskubidea gauzatu. Zerbitzu minimoetan egon diren emakume askok ere ezin izan dute lan grebarik egin.

Hauxe da grebaren balorazioa, ardatzez ardatz:

Iragan den martxoaren 8an, trans, bollera eta emakumeok lan guztiak egiteari utzi genion eta Euskal Herriko kaleak gogor astindu genituen, gure herriak aldarrikapen, ekintza eta elkartasun feministaz betez. Grebak jarraipen masiboa izan du, zenbaezina da herriak kalea hartzean duen indarra, horregatik ez dago zifrarik martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik. Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako.

Zorionak modu batean edo bestean hori posible egin dugun guztioi. Gainera, M8ko greba feminista nazioartekoa izan da, 140tik gora batu baikara borroka egun honetara. Heteropatriarkatu kapitalista sistema globala da eta herrien burujabetza ezinbestekoa den bezala, behar-beharrezkoak ditugu elkartasun nahiz aliantza internazionalistak.

Aurten, grebaren antolaketa deszentralizatua lehenetsi dugu. Jendarte feminista bat auzo, herri eta talde bakoitzak bere errealitate zehatzak eraldatzean eraikiko dugulako. Baina, Euskal Herri mailan koordinatu gara, argi baitaukagu indarrak batzea eta aliatzea dela gure bidea, eta herri gisa eraiki nahi ditugula alternatibak. Horrela, eraldaketarako eragile nahiz subjektu anitzak batu gara: talde feministak, etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, emakume* migranteen taldeak, baserritarrak, ikasle eta gazte taldeak… Elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara, eta hori da gure garaipen nagusia.

Zapalkuntza guztiekin amaitzeko, gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortzen dituen bazterretatik eraikitzen da. Horrela, gaueko hamabietan hasita, 5 ardatzetan egituratutako grebari ekin genion . Egunean zehar hamaika ekintza burutu genituen: gauak eta kaleak gureak direla aldarrikatzeko, enpresa handien aurkako piketeak, etxeko langileen lan eskubideak aldarrikatzeko eraikin publikoen okupazioa, politika migratzaileen aurka, (in)justizia patriarkala salatzeko, faxismoaren aurkako ekintzak, eliza seinalatzeko etab.

Azken astean harriduraz jaso ditugu emakumeon* bizi eta lan baldintza prekarioen arduradun zuzenak diren Nafar Gobernu eta Eusko Jaurlaritzaren, Iberdrola bezalako enpresa handien edota patronalen adierazpenak grebara batuz. Hauei guztiei ez diegu keinu sinboliko gehiagorik egitea onartzen, gure aldarrikapenak arduraz entzun eta horiek gauzatzeko konpromisoak har ditzatela nahi dugu. Ekintza, politika eta aldaketa feminista errealak nahi ditugu, eta ez dugu onartuko kapitalaren edota gizon batzuen interesek jarri dezaketen inongo toperik.

Urrats handia eman dugu baina urrun gaude gure helburuetatik. Urrun gaude emakumeok* dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Beraz, grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu. Zaintza sistema publiko eta doakoa nahi dugu, baita emakumeon enplegu prekarioarekin amaitzea ere. Hala ere, gaur egungo Euskal Herriko erakunde nagusietan aurrera eramaten diren politikek merkatuaren etekinen menean jarraitzen dute eta emakume* langileon esplotazioa indartzen dute. Egun, Euskal Herrian dugun familia eredua logika patriarkaletan eraikitzen da, zaintza lanak feminizatuz eta pribatizatuz, eta bereziki emakume arrazializatu nahiz migranteon esplotazioan oinarrituz. M8 honetan, oraindik ere, emakume* langile askok ezin izan genuen gure greba eskubidea gauzatu, egoera zaurgarrienetan egoteagatik. Jakina denez, indarkeria patriarkala gogorki pairatzen jarraitzen dugu, sexu erasoetan, eraso lesbofoboetan, bazterkeria kapazitistan, erailketa patriarkaletan, jazarpen transfoboetan, edertasun hegemonikoan eta sistemak behin eta berriz menpeko lekuan kokatzen gaituen bakoitzean.

Horregatik, bizitzak erdigunean jarriko dituen paktu sozial berri bat eskatu dugu ozen. Gure lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izateko. Lana eta aberastasuna modu justuan birbanatzeko. Bazterreko subjektuok, gure aurkako biolentziarik gabe, aske izan ahal izateko. Euskal Herriko Mugimendu Feminista konfrontaziorako eta sistemari sakoneko alternatiba bat eraikitzeko indarra da: ultraeskuina eta arrazismoaren gorakadaren aurrean, kapitalismo autoritarioaren berrarmatzearen aurrean, bizi baldintzen sakoneko prekarizazioaren aurrean, planetaren kolapso ekologikoaren aurrean, feminizidioen aurrean… tinko gaude, eta ez gaituzue geldituko!!!

Lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz, bizitzako eremu guztietan kokatu dugu greba, bost ardatz bereiziz:

PENTSIONISTAK:
Merkatuaren logikari jarraituz, enpleguan aktiboki ez dabilena gastu gisa hartzen da, eta, pentsionisten kasuak erakusten digun moduan, pentsio-sistema pribatu eta prekarioa zabaldu nahi digute. Erretiro pentsio baxuenak ditugunak emakumeak* gara. Lan feminizatuak eta bereziki zaintza lanak aintzat ez hartzearen ondorio zuzena da hori. Horregatik, Emakume* pentsionistok greba egin genuen, gurea ere borroka feminista delako, eta gure aldarrikapenekin kaleak hartu genituen.

KONTSUMOA:
Martxoaren 8an, diru-truk inolako kontsumorik ez egiteaz gain, kontsumo-ereduaren inguruko kritika plazaratu genuen, eta horren kontraesanak azaleratu: kontsumitzen dugunaren atzean dauden lan-baldintzak, generoaren araberako bereizkeriak, beste herrien esplotazioa, bertako oihal produktiboaren ahultzea… Horregatik, multinazionalen aurkako ekintzak eta politika kolonialistak salatzeko ekintzak burutu genituen. Horretaz gain, egunean zehar herri eta auzoetako dendekin egin diren lanketak, bazkari autogestionatuak eta kontsumo taldeen garrantzia azpimarratu nahiko genituzke.

IKASLE-GAZTE:
Ikasle eta gazteak langile estatusetik alboratuak gara, eta, aldi berean, lan-baldintza prekarioetara bideratuak gara, bereziki neska* gazteak. Hezkuntzaren pribatizazioaren lehenengo kaltetuak gara. Horregatik, prozesuan zehar ikasle eta gazteontzako aldarrikapen propioak kaleratu ditugu: hezkuntza sistema hezkidetzailea, kalitatezko sexu-heziketa integratzaile eta inklusiboa hezkuntzaren etapa guztietan, anitzak baikara, ikastetxeetan ematen diren jarrera matxista, sexista zein LGTBIQ+ fobikoen aurrean neurriak hartzea, edota hezkuntza eremuan murrizketa gehiagorik ez egitea!

Hezkuntza aparatuak, sistema kapitalista heteropatriarkalaren birprodukziorako mekanismo gisa funtzionatzen du. Kurrikulumean, edukietan, metodologietan… Ez soilik ageria ditugun liburu edo ikasgeletan, baita ezkutuko kurrikulumean ere. Horregatik, greba feministak, martxoaren 8an hezkuntza sistema gelditu du.

Aipamen berezia egin nahi diegu martxoaren 8aren bueltan, feminismoaz hausnartu eta hezi guneetan eragiteko neska* gazteok sortu ditugun hamarnaka espazio eta talde feministei, gure buruak ahalduntzetik haratago, amesten dugu herri zein hezkuntza sistema gaurdanik eraikitzen ari baikara. Gora neska* gazteon borroka!

SOLDATAPEKO LANA
Lan esparruan ere grebak jarraipen zabala izan du. Ostiraleko greba feministaren inguruko balorazio oso baikorra egiten dugu lana eta enpleguaren mundutik.

 Greba historikoa izan da berriz ere. Ohiko greba batetik harago joan gara, enpleguaren esparrua gainditu eta lan guztiak aitortze aldera. Zaintzaren lana ere erdigunean jarri da aurten ere.

 Enpleguaren ardatzean, gehiengo sindikalak + CNT eta CGTk deituriko 24 orduko greba orokorraren jarraipena oso zabala izan da. Zaila da datu zehatzak ematea, ez ohiko greba delako eta emakumeak bakarrik deitu ditugulako grebara. Aipatzekoa da ere, Euskal Herrian lehen aldiz lan munduan egin den emakumeon greba orokorra izan dela aurtengo matxoak 8koa.

 Sektore feminizatuetan izan duen jarraipena nabarmendu nahi dugu bereziki. Irakaskuntza publikoan zein itunpekoan, ikastoletan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, kontserberetan eta garbikuntza alorrean esaterako emakume gehienek egin dituzte lanuzteak.

 Etxez etxeko laguntzan ere jarraipena itzela izan da beraien aldez aurretik piztutako borrokari segida emanez.

 Bestelako zerbitzu batzuetan ere jarraipena oso garrantzitsua izan da: telemarketing, merkataritzan, komunikabideetan, udalak, polikiroldegiak…

 Aipatzekoa iruditzen zaigu, era berean, emakumeak gutxiengoan dauden sektore batzuetan ere, industrian adibidez, emakumeek lanuzteak egin dituztela: CAF, Eaton…

 Aipamen eta aitortza berezia eman sektore feminizatu prekarioenetan lan greba egin duten emakumeei. Badakigu zein zaila den sektore batzuetan greba egitea eta batzuk ere ezin izan dutela beraien greba eskubidea gauzatu. Zerbitzu minimoetan egon diren emakume askok ere ezin izan dute lan grebarik egin.

 Eguerdiko mobilizazioak ere oso handiak izan dira. Dozenaka mila emakumek parte hartu du Euskal Herriko hiriburu eta herri gehienetan.

 Honek guztiak garbi erakusten du emakumeen antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla emakumeen diskriminazio egoerak gainditzeko eta feminismoaren garaia dela ozen esateko. Lan munduan ere.

Sindikatuok eta lan munduko ordezkariok enpleguaren ardatzean egiten genituen aldarrikapenak berresten ditugu. Greba honek aldarrikapen batzuk serio hartzeko balio izaten ari da, erantzukizun zehatzak dagozkien erakunde batzuk beraien gain ardurak har ditzaten eta ez dezaten beste albo batera begiratu. Eta batez ere, bizitza erdigunean jarriko duen Euskal Herri libre eta feminista baten aldeko borrokan emakume* guztiok batera jarraitzeko.

ZAINTZA:
Zaintza-lanak izan dira aurtengo M8aren ildo nagusia, doakoak nahiz soldatapekoak izanda ere horiek eremu produktiboan kokatu ditugularik. Trans, bollera eta emakumeon grebaren bitartez, zaintza-lanak alboratzeak suposatzen dituen berezitasunez jakitun, horiek gizonengan kokatzea izan da xedea. Are gehiago, ardura pribatua gaindituz, zaintza gune kolektiboak eraikitzeko deia egin zaie gizonei. Milaka emakumek* ez dugu inolako etxeko nahiz zaintza lanik egin eta aurrekari interesgarriak dira lan horien inguruan eta bidean sortu ditugun gatazkak, antolaketak nahiz akordioak. Hala ere, jakitun gara emakume, bollera eta trans batzuk ezin izan dituztela zaintza lan guztiak utzi, dependentzia egoeran dauden pertsonen zaintza haien ardurapean egon delako.
Bizitzaren beharrak pribatizatuz kapitala metatzen duten enpresari eta politikariak salatu ditugu, bereziki emakume* langileon esplotazioa baliatuz etxeko nahiz zaintza lanetan negozioa egiten dutenak. Sektore horietan, M8an greba egiteaz gain, borroka-sektore zehatzagoetan gabiltzan emakume* grebalariok indarrak hartu ditugu. Heteroarauan sartu nahi ez dugunak baztertuaz eraikitzen diren familia eredu nuklearrak arbuiatu ditugu. Arrazakeria eta politika xenofoboak salatu ditugu, eta horien funtzio ekonomikoak azpimarratu. Zaintza-lanetan oso agerikoa egiten da egoera hori, etxeko barneko langileen % 97 migranteak baikara, eta indar batez aldarrikatu dugu figura horren desagerpena.

Bukatzeko, salatu nahiko genuke greba feministan zehar Euskal Herrian 60 emakume* identifikatutik gora egon zirela eta leku askotan poliziak grebalarien aurka izandako jarrera oldarkorra.

Aurrera goaz, geldiezinak garelako. Zorionak EHko Mugimendu Feministari, aliantzak ehunduz elkarlanean aritu garenoi, eta Mugimendu Feministari aitortza eginaz, greba feministaren oinarriak aurrera eraman ditugunoi.

GORA BORROKA FEMINISTA!

 

 

 

Sinetsita gaude beste eskola jantoki eredu bat martxan jar daitekeela

0

Eusko Jaurlaritzak eskola jangeletarako zeukan egitasmoa bertan behera uztea eragileen elkarlanak sortutako presioaren ondorioz izan dela argi dauka LABek. Halaxe adierazi dugu komunikabideen aurrean egindako agerraldian, non nabarmendu dugu hitz egiteko garaia dela orain.

Eskola-jangela eredu berriaren zutabe nagusien berri prentsatik jaso genuen modu berdinean jaso dugu Eusko Jaurlaritzak bere egitasmoan atzera egitearen berria. LABen ustez gaiari seriotasun gutxi ematen dio Jaurlaritzak, baita hilabete luzez lan batzordeetan parte hartu izan dugun eragileok errespetu eskasarekin tratatu gaitu. Gizartean eta bereziki hezkuntza-komunitatean mahaiaren gainean dagoen arazo sozial garrantzitsu bati alde bakarrez inposatutako erabakien berri prentsatik erantzutea oso kezkagarria da. Esan bezala, hainbat eragile mahai baten inguruan gure proposamenak landu eta adostasunak bilatzen saiatu gara. Ez dugu zerbitzu publikoak hobetzeko lan egiten dugun eragileok horrelako traturik merezi dugunik.

Prentsa-ohar bidez jakin dugu beraz Jaurlaritzak bertan behera uzten dituela eskoletako jantokien kudeaketarako inorekin adostu ez zituen asmoak eta oso positiboki baloratzen dugu. Nabarmena da adostasun falta handia dagoela eta Jaurlaritzak egindako proposamenak hutsune handiak zituela. Batez ere zerbitzu hori aurrera ateratzen duten langileen kontratazioaren eremuan, non lan baldintzak okertzeko ateak parez pare zabaltzen ziren, horregatik, beste sindikatu zein eragileekin mobilizazioak eta komuneko dinamika bat iragarri genuen. Gure ustez ezinbestekoa da langileen kontratazioaren arduradun nagusia Hezkuntza Saila izatea, eredua dena izanda ere. Jaurlaritzak ezin dio ardura horri muzin egin eta Saila bera da funtzioen, ratioen, jardunaldien, formakuntzaren… hobekuntzak asumitu behar dituena.

Horregatik, LABek kudeaketa elkarbanatuko duen eredu baten alde pausuak ematen jarraitzeko konpromisoa adierazi nahi du eta orain arte egindako proposamena mantentzen dugu:

• Sukalde publikoak ikastetxe guztietan.
• Sukaldari guztiak administraziokoak, kolektibo horretan lan postu berriak sortuko direlarik.
• Monitoreak eta oficce-ko langileak. prozesu bat zabaldu beharko dugu zerbitzu hau publifikatzeko, subrogazio eskubidea kontenplatuko duena. Bitartean Gobernuak kontratatuko ditu enpresak eta pleguen bitartez beraien lan baldintzak hobetuko ditu.

Oso argi daukagu LABen eredu berri martxan jartzeko adostasunak beharrezkoak direla. Horretarako beharrezkoa den prozesua martxan jarri dadila eskatzen dugu. Gu sinistuta gaude beste eskola jantoki eredu bat martxan jarri daitekeela, eskolako hezkuntza proiektuan txertatua, osasungarria eta bertako ekoizpen ereduan oinarritzen dena.

Hala ere orain eskola jangelen kudeaketarako kontratazio baldintzak berritu egin behar dira eta norabide berri batean eta aldaketa progresibo bat eman ahal izateko neurriak hartu daitezkeela pentsatzen dugu. Azken hilabete hauetan egindako lanaren ondorioz, eskoletan autonomia gehiago izango duen eredu baten aldeko kontsentsua argia dela uste dugu. Baliatu dezagun beraz momentua, eredu berri baterako pausoak emateko.

 

 

 

Milaka eta milaka emakume* irten gara kalera sistema kapitalista heteropatriarkalaren gehiegikeriak salatzeko eta gure eskubideak aldarrikatzeko

0

Euskal Herriko kaleak hartu ditugu, goizean goizetik, greba feminista dela eta. Eguna argitu aurretik, emakumeok kalera irten gara gure eskubideen defentsan. Piketeak nonahi ibili dira, grebaren arrazoiak lau haizetara zabaltzen… arrazoiak soberan baititugu planto egiteko. Hain zuzen ere, sistema kapitalista heteropatriarkalaren gehiegikeriak eta kontraesanak agerian uzteko eguna izan da, emakumeon eskubideak aldarrikatzearekin batera. Gauzak horrela, plazak eta kaleak bete ditugu antolatutako manifestazio eta ekimenekin.

Gasteiz

Milaka eta milaka emakumek planto egin dugu gaur, eta greba feminista arrakastaz gauzatu dugu. Egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkala zalantzan jarri dugu gaurko greba feministarekin, emakume izate hutsagatik diskriminatzen gaituelako. Sistema honek zapaldu, esplotatu eta hiltzen gaitu. Beste sistema baten alde borrokatzen ari gara, zaintza lanak onartuko dituen sistema batengatik, emakumea diskriminatuko ez duen sistema batengatik, bizi baldintza duinak bermatuko gaituen sistema batengatik.

Donostia

Gaurko egunak bultzada berri bat eman dio borroka feministari, Euskal Herriko mugimendu feministari. Era berean, bultzada izan da prekarietatearen aurkako borrokarentzat, greba honek laguntzen baitu baldintza berriak sortzen ildo feminista lantegietan indartu ahal izateko.

Iruñea

Sistemak oso garbi du feminismoaren indartzearekin egungo eredua zalantzan jartzen dela. Horrexegatik ari dira olatu hau gelditzeko saiakerak egiten. Hain zuzen ere, hauspoa ematen ari zaie ultraeskuinari eta faxismoari, feminismoa zuzenean erasotzeko. Emakumeak hiltzen dituen indarkeria matxistaren existentzia bera ere ez dute onartzen.

Honekin batera, sistemaren parte diren instituzioek bere egin dituzte mugimendu feministaren diskurtsoa, salaketak eta aldarrikapenak, baina ez dute politika publikoen norabidea aldatzen, ez dituzte benetako irtenbideak eskaintzen. Adibide garbi bat da egunotan Eusko Jaurlaritzak egindakoa, kontratu publikoetan soldata arrakalaren aurkako klausulak txertatzeko maniobra propagandistikoarekin, horrek ez baitu emakume eta gizonen arteko soldata diskriminazioaren arazoa konponduko.

Baiona

Emakumeok potentzial handia dugu. Planto egiten badugu, sistema honek ez du gaitasunik zutik irauteko. Eta gero eta emakume gehiago gara mobilizatzeko prest gaudenak, eta ez dugu etsiko beste eredu politiko, ekonomiko eta sozial bat lortu arte, bizitza erdigunean jarriko duena.

 

 

 

Estatu antidemokratiko batean bakarrik gertatu daiteke Altsasuko gazteak bizitzen ari diren injustizia

0

Mobilizaziorako deia egiten dugu, eraso berri honen aurka kalera ateratzera, gaur, Iruñeko Udal plazan egingo den elkarretaratze zaratatsuan parte hartuz, 19:30etik aurrera.

Audientzia Nazionalak 13 urterainoko zigorrak berretsi ditu gaur Altsasuko gazteentzat. Terrorismo deliturik egozten ez badie ere, salatu beharrekoa iruditzen zaigu urtetako zigorren desproportzioa. LAB sindikatutik gure babesa eta elkartasun osoa Altsasuko gazteei, haien hurbilekoei eta Altsasuko herriari. 2016az geroztik tabernako liskar bati lotuta atxilotuak izan zirenetik, muntaia polizial eta judizial baten biktima diren gazteak. Gure babesa ere, haien senitartekoei eta Altsasuko herriari. Muntaia mediatiko, judizial eta polizial itzelaren aurrean emaniko erantzuna txalogarria izan delako.

Zentzugabekeria juridikoa da. Baina ez da justizia itsua. Justizia malgua eta ona da aberatsekiko, boterea dutenekiko, eta zigortzailea bezain ankerra gazteriarekiko, langileokiko.

Ez da epaiketa justua izan, ez proportzionatua. Errugabetasun-presuntzioa, defentsarako eskubidea eta epaile naturalaren eskubidea, guztiak urratu dizkiete. Aurrez idatzitako gidoiaren araberako sententziak izan dira.

Estatu antidemokratiko batean bakarrik gertatu daiteke Altsasuko gazteak bizitzen ari diren injustizia. Ez dugu estatu antidemokratiko batean bizi nahi. Ez dugu horrelako injustiziarik jasan nahi, beharrezkoa dugu hemen, Euskal Herrian, benetako justizia eta demokrazia eraikitzeko apustu garbi bat egitea.

Nafarroako gizarteak aspaldi absolbitu zituen gazteak. Eta guk ere Altsasuko kaleetan, aske nahi ditugu. Justua eta justiziazkoa delako, eta ezin bestekoa, Euskal herrian benetako demokrazia ezartzeko.
 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek euren lanaren balioa eta gizarte-garrantzia nabarmendu dituzte

Martxorako iragarritako hiru greba egunetatik azkena egin dute gaur, eta agerraldi bat egin dute Bilboko udaletxearen aurrean. Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak borrokan daude, hitzarmen duin baten alde.

Etxez Etxeko Zerbitzuko langileok hurrengo mezu hau bidali nahi diogu Bizkaiko gizarteari:

Zainketa-arloko lanetan jarduteagatik eta emakume izateagatik baldintza prekarioetan lan egin behar dugu. Hori dela-eta, M8ko greba feministaren alde agertzen gara, eta genero-desberdintasunik gabeko gizarte batengatiko borrokan parte hartzeko konpromiso sendoa hartzen dugu.

Etxez Etxeko Laguntzaren sektorea ugalketa-arloarekin loturik agertzen da, eta horregatik bai herri-erakundeek, bai sistema kapitalista heteropatriarkalak esparru pribatura zokoratu dute, lan-sistema formaletik kanpo utziz, eta rol hori emakumeoi esleitu zaigu.

Langileok zerbitzuaren balioa eta gizarte-garrantzia azpimarratu nahi ditugu, eta azken urteotan egin izan diren murrizketak salatu. Udalei dagokie Etxez Etxeko Laguntzaren eskumena, baina haren prestazioa lizitazioen bidez azpikontratatzen dute.

Azken 6 urteotan udalek emandako ordu-kopuruak gutxituz joan dira etengabe. Zenbait udaletan gainbehera hori zerbitzu-orduen %30ekoa izatera heldu da.

Murrizketa horiek ondorio txarrak eragin dituzte arreta-arloan zein lan-arloan.

Arreta sozialaren arloari dagokionez:

• Gure zerbitzuko erabiltzaileak gero eta gehiago dira, eta zerbitzu-orduak gero eta gutxiago; beraz laneko ordu bakoitzean eginkizun gehiago dago, eta ondorioz zerbitzuaren kalitatea hondatuz doa apurka-apurka. Etxez Etxeko Laguntza behar dutenei ematen zaien zerbitzua nahikoa ez delako iritzi orokorra dago.
• Gure zerbitzua, zainketa-lana denez, ikusezina eta aitortzarik gabekoa da.

Lan-arloaren aldetik, lanpostuak eta lan-eskubideak galdu izan ditugu urterik urte:

• Enpresek nahiago duten kontratazio-mota behin-behinekoa eta lanaldi partzialekoa da.
• Lanaldien malgutasunak eragozten du lanaren eta norberaren bizitzen kontziliazioa. Ordutegi-aldaketak etengabeak dira eta ia beti egon behar gara lanerako prest.
• Azken 7 urteotan gure eros-ahalmenaren %7 galdu dugu, soldata-izozketaren ondorioz.
• Segurtasun- eta osasun-neurriak hutsaren hurrengo dira, arrisku psiko-sozial handiak egon arren: bakarrean lan egin, etxe askotan gabezia handiekin, mugikortasunerako euskarri mekanikorik eza, artatu beharreko etxeak sakabanaturik daude, laneko erritmo azkarrak, artatu beharreko pertsonek batzuetan patologiak dituzte (eta eraso fisiko edo ahozkoen bidez agertzen dira), gure zerbitzuaren jasotzaileak osasun fisiko eta mentalaren narriadura pairatzen duten pertsonak dira eta horrek badu bere pisu emozionala guretzat, eta abar.
• Eta zer esanik ez, sexu-jazarpenak: izaera sexualeko iruzkinak, hurbilketak, zirriak, besarkadak, musuak…

Horren atzean emakumeak zapaltzeko sistema bat dago. Genero-izaerako diskriminazioak, emakumeok pairatzen ditugunak, ez dira hutsegite bakanak, egiturazko arazoa baizik.

Egoera horren erantzuleak, patronalekin batera, udalak dira. Horiek zainketa-lanak esparru pribatura edo ezkutuko ekonomiara itzultzeko hautua egin dute. Hori da azalpen bakarra etxez etxeko laguntzan gertatzen ari dena ulertzeko. Hala eta guztiz ere, egun hauetan entzuten diren diskurtsoak ohiko zurikeriaz idatzita daude, honela dio EUDELen Martxoaren 8ko Adierazpenak:

"Bizia iraunarazteko lan guztiak beharrezkoak direnez, bai ordainduak direnak, bai ordainduak ez direnak, zainketa-lanak, gehienbat emakumeen kontura doazenak, esparru pribatutik atera behar dira. Horrek esan nahi du etxeko lana eta zainketa-lana gizarteratu behar direla, eta gizonek zein erakunde publikoek lan horien ardura hartu behar dutela zuzenean".
"…………..Udalak behar diren politika publikoak taxutzeko ardura hartzen du, benetako berdintasuna bermatzearren.
“………….Udalak zainketa-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko ardura hartzen du".

Hala ere, udal bizkaitarrek, Zierbenan eman berri den kasuan bezala, beheraka lizitatzen jarraitzen dute, egungo lan hitzarmenaren baldintzak ordaintzeko nahikoa ez diren prezio/orduetan zerbitzuaren prestazioa enpresei esleituz.

Gainera, orduko prezioa igo den udal eskasetan, Portugaleteko kasuan adibidez, igoera honek ez du ondoriorik izan langileengan, enpresen mozkinetan eragina izanda bakarrik.

Urteak daramatzagu murrizketak jasaten, eta bi urtetan gatazkan haien oraingo aldarriak eskatzen. Etxez etxeko laguntzako langileok suminduta gaude! Haienak hitz ederrak dira; baina guk, esanak baino, eginak nahi ditugu. Sektoreko langileok hitza betetzeko eskatzen diegu udalei.

Horregatik guztiagatik, bihar, 2019ko martxoaren 8an, Etxez Etxeko Laguntzako langileok –emakume, feminista eta langile garen aldetik– kalera aterako gara benetako aldaketen alde.

 

 

 

Egogaingo langileen protestek aurrera jarraitzen dute

Helduen egoitzako langileek elkarretaratze bat egin dute, Eibarren bertan, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Protesta berezia izan da, kantuz egin baitute.
 

 

 

Propaganda neurriekin ez da nahikoa soldata-arrakalarekin amaitzeko

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak adostutako instrukzioan ez dago neurri berritzaile eta ausartarik. Emakumeek kalean aldarrikatutakoari ez diote erantzuten. Bistan da ez dutela soldata arrakala arazo politiko gisa ikusten, ez baita aipatu ere egiten marko posible guztietan aldarrikatu izan duguna.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak adostutako instrukzioari buruz, gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasun klausulak eta soldata arrakalaren kontrako neurriak jasotzen dituen instrukzioari buruz, hain justu, honako hau adierazi nahi dugu:

Soldata arrakalaren kontrako planaren albistea (“Estrategia eta ekintza-plan eragilea Euskadin soldata- arrakala murrizteko”) 2018ko azaroaren 27koa da. Horrela hedatzea, greba feministaren bezperan berriro, propaganda eta oportunismo hutsa da. Josu Erkorekak dio Eusko Jaurlaritza ados dagoela eta bere egiten dituela martxoaren 8ko aldarrikapen eguna eta mugimendu feministaren planteamenduak. Guk diogu hori ez dela horrela, eta berresten dugu iragarritako neurriekin ez dituztela martxoaren 8an Euskal Herriko kaleak bigarrenez hartuko dituzten aldarrikapen ia gehienak erantzungo.

Eusko Jaurlaritzaren (EAJren, kasu honetan) helburua EAE soldata arrakala gutxien duten Europako bost herrialdeen artean kokatzea da. Gure helburua, ordea, emakumeenganako soldata diskriminaziorik ez egotea da, eta lan baldintzak zein soldata duinak egotea.

2018-2021 urte bitarteko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Saileko Planaren arabera, Ogasun eta Ekonomia Sailaren lehen helburu estrategikoa berdintasuna sustatzea da, kontratazio publikoaren bitartez. Aplikazio eremua sektore publikoa litzateke, Administrazio Orokorra bera eta sektore publikoetako erakundeak, eta kontratu guztiei eragiten die; obra, horniketa, zerbitzuak… Kontratuetan betebehar bezala jasotzen da emakume eta gizonen arteko soldata diskriminazioak saihestea.

Guk diogu diskriminazio handienak sektore pribatuetan gertatzen direla, eta, oraindik orain, Administrazioa ez da ausartu arlo horietan ezer behartzera. Are eta gehiago, enpresa pribatuari enpresa horiengatik prekarietate egoera larrian dauden emakumeei baino errespetu gehiago eskaintzen diote.

Kontratazio organoetan, kontratazio baldintzetan, esleipen irizpideak jasoko dituzte emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatze aldera, baremo osoaren %5eko ponderazioarekin gutxienez.

Hala, berriro ere, derrigorrezkoa izan beharko litzatekeena, sarituko dituzten neurri bilakatuko dira. Baloratu beharreko irizpideak sinbolikoak dira, errealak baino gehiago. Izan ere, horietako batzuk gaindituta beharko lukete gaur egun, honako hauek adibide:

-Desabantaila sozialean dauden emakumeen kontratazioa: %33ko edo gehiagoko urritasuna, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Lanbide Arteko Gutxieneko Errentaren jasotzaileak, genero indarkeriaren biktimak edo lan merkatura sartzeko arazoak dituzten emakumeak.

-Berdintasun arloko formakuntza eskaini kontratua esleitzen zaion plantillari (erakunde ofizial edo aitortutako erakunde batek ziurtatua).

-Pertsona kopuru bat izan gutxieneko formakuntza bat duena berdintasun arloan, gutxienez, 150 ordukoa.

-Protokolo bat izan lanean sexu erasoak eta sexuaren araberako jazarpena saihesteko edo horiei aurre egiteko.

-Kontratua esleitzen zaion plantillarentzat edo onuradunentzat kontziliazio neurriak ezarri bizitza pertsonalean, lanean eta familia esparruan, beti ere neurri horiek dagoeneko ezarrita daudenak hobetzen badituzte: jardunaldia edo lanorduak malgutu, tele-laneko sistemak, kontziliaziorako laguntza zerbitzuak adin txikikoen eta menpekotasuna duten pertsonen zaintza errazteko, zerbitzu txekea, jangelak, haurtzaindegiak, eguneko zentroak, ludotekak…

Gainera, kontratu publikoetako pleguetako klausula administratibo berezituetan, soldata diskriminazioaren existentzia saihesteko betebeharra erantsi izana konpartitzen ez dugun ardura edo “moralitate” baten izenean egiten da. Saihesteko betebeharra eta behartzea ez da gauza bera. Terminologian erabilitako anbiguotasun hori, derrigorrez bete beharreko neurriak ez direnez, asmoak besterik ez dira.

Honen guztiagatik, hartutako neurriak eta neurri hauek iragartzeko modua ikusita, greba feministatik bi egun eskasera, bistan da hauteskunde interesei erantzuteko eta aurpegia zuritzeko egin dutela, eta ez konpromiso errealak eta eraginkorrak hartzeko soldata arrakalarekin eta soldata arrakala ekartzen duten arrazoiekin amaitzeko.

Berriro salatu nahi dugu, soldata arrakalari buruz hitz egiten dutenean, bizitza sostengarria egitea ahalbidetzen duten ordaindutako edo ordaindugabeko zaintza lanak ez direla kontutan hartzen. Orduan, zein soldata arrakalari buruz ari gara hizketan?

Ezarritako neurriak lortzeko ez dago neurri berritzaile eta ausartik. Emakumeek kalean aldarrikatutakoari ez diote erantzuten. Bistan da ez dutela soldata arrakala arazo politiko gisa ikusten, ez baita aipatu ere egiten marko posible guztietan aldarrikatu izan duguna, behin eta berriz, besteak beste:

• Berriro ere emakumeak zaintza lanen kargu egitera kondenatzen gaituen zerbitzu publikoen murrizketa eta pribatizazioari ez.

• Soldata-arrakala are gehiago handitzen duen zerbitzu publikoen azpikontratazioari ez.

• Kontziliazio eta korrespontsabilitate neurri benetako,efektibo eta eraginkorrak.

• Enpresa guztietan berdintasun plan efektiboak egin eta betetzeko derrigortasuna.

• Zaintza lan guztiek aitortza politiko, ekonomiko eta soziala. Hauen berrantolaketa soziala.

• Barruko etxeko langilearen figuraren desagerpena.

• 0 urtetik 3 urterainoko doako hezkuntza.

• Lanaldi egokiak eta aldi baterakoak ez diren kontratazioak, bizitza ez prekarioak eta emakumeentzako
“autonomia” ekonoimikoa bermatuko dituztenak.

• Zaintzaren euskal sistema etxeko langileen (barrukoak zein kanpokoak), etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileen eta nagusien pribatizatutako egoitzetako langileen esklabotza eta
prekarietatearekin amaitzeko.

• Estatalizazioaren kontrako neurriak.
 

 

 

Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbiketako langileek Jaurlaritzaren aurrean egin dute protesta, grebaren 170 egunean

0

Gipuzkoako Komisaldegietako eta epaitegietako garbiketa zerbitzuko langileek 170 egun bete dituzte gaur greban, eta, martxoaren 8aren bezperan, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean protesta egin dute, pairatzen duten soldata arrakala salatzeko, besteak beste. Hain zuzen ere, komisaldegietan %13koa da soldata arrakala, eta epaitegi eta adin txikiko zentruetan %7koa. Diru publikoarekin finantzatzen den genero diskriminazio batean aurrean gaudela gaitzetsi dute. Bestalde, nabarmendu dute komisaldegien hitzarmena 2009ko abenduaren 31an amaitu zela; epaitegien kasuan, 2017ko abenduaren 31n.