2025-12-23
Blog Page 66

Bizkaiko Foru Aldundia euskararen normalizazioaren aurka

Otsailaren 20an egindako azken negoziazio-mahaian, Bizkaiko Foru Aldundiko (BFAko) Araubide Juridikoaren eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Lan Eskaintza Publiko berrietarako eta egiteko dauden enplegu publikoaren deialdietarako hartu nahi duen erabakiaren berri eman zuen.

BFAk hizkuntza-eskakizunen eskakizuna deitutako plazen erdietan murriztea proposatzen du, orain arte garatu duen hizkuntza-normalkuntzako politikan atzera eginez eta lanpostu berrietarako bi hizkuntza ofizialen beharrezko ezagutza nabarmen jaitsiz.

Erabaki hori BFAren biraketa serio eta tristea da, orain arte Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 2 epaitegik hautaketa-prozesu batzuetan euskarari buruz emandako epaien ondorioz emandako jarrera ofizialetik aldentzen baita, “bai funtzio publikoan bai hizkuntza-arloan aplikatu beharreko araudiaren interpretazio zuzena” defendatzearen ildotik.

LAB sindikatuak erabat arbuiatu du euskararen normalizazioaren, Administrazioarekiko harremanetan herritarren hizkuntza-eskubideen eta lana euskaraz egin nahi duten BFAko langileen aurka doan erabaki larri hau.

BFAk “hautaketa-prozesu horiei segurtasun juridikoa emateko” hartutako erabakia administrazio honen hizkuntza-normalkuntzarako prozesuarentzako kolpe latza da, baita herritarren eta langileen hizkuntza-eskubideen berme eta eskubideentzat ere. Bere erabakiarekin, BFAk arnasa ematen dio epailetzak sortutako olatu euskarofoboari, zeinak euskal toki-administrazio askori eragiten dien.

Gaztelania ezin da izan enplegu publikorako derrigorrezko hizkuntza bakarra. Lanpostu publiko berriak betetzeko, ezinbestekoa izan behar da bi hizkuntza ofizialak jakitea eta, horrekin batera, administrazioa euskalduntzeko neurriak areagotzea, berme juridiko guztiekin. Bide horretan aurrera egitea edo hizkuntza- politikan atzera egitea erabaki politikoa da.

Euskararen normalizazioaren aurkako erasoen aurrean hizkuntza eskubideak defendatzeko deia egiten dugu.

Martxoak 3; atzo, gaur eta beti borrokan

Duela 49 urte Espainiako Poliziak Armatuak eraildako 5 langileak oroitu, eta haien borroka gurea egiten dugula aldarrikatu dugu Gasteizen.

Martxoaren 3ko sarraskia, Gasteizko eta Euskal Herri osoko langile mugimenduaren ikur ez ezik, borrokarako konpromisoan berresteko eguna ere bada, eta hala gogoratu du aurten ere LAB sindikatuak. Goizean ordezkarien batzarra, mobilizazioa eta lore eskaintza egin ditu, eta, modu horretan, langile guztientzat lan eta bizitza duinak lortzeko orduko langile mugimenduaren konpromisoan berretsi da. Soldata duinaren aldeko borroka bizi-bizi zegoen lantegietan 1976an, eta, egun, Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokituko den gutxieneko soldata baten beharra erdigunera ekarri dugu euskal langileok, eta hori lortzeko ekimena martxan jarri du euskal gehiengo sindikala. Horregatik, aldarrikapen hori erdigunean jarri du LABek, martxoaren 3ko bere ekimenetan.

Arratsaldean, berriz, LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok eta Martxoak 3 elkarteak deituta, mobilizazioa egin dugu milaka lagunek, Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu! lelopean. Izan ere, 1976ko martxoaren 3an Gasteizko langileek esplotazio eta errepresio sistema frankistaren aurka borrokatu zuten, eta soldata eta lan baldintza duinen alde. 49 urte geroago, faxismoari eta olatu erreakzionarioari aurre egiteko eta justizia sozialaren alde bizitza eman zutenak ohoratzeko modurik onena, klase kontzientziaz eta elkartasunez, pertsona guztiei lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko borrokaren lekukoa geureganatzea da. Horixe aldarrikatu dugu milaka lagunek.

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai

Ipar Hegoa eta Manu Robles-Arangiz fundazioek Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai duen mintegia antolatuko dugu, datorren maiatzaren 16an, EHUk Bilbon duen Bizkaia Aretoan.

Hiru bloketan antolatuko dugu mintegia. Lehen atalean, testuinguruari erreparatuz, nazioarteko analisi konparagarria, Euskal Herrian egin daitekeen bide juridiko- politikoaren azterketa, eta burujabetzan aurrera egiteko tresna gisa duen gaitasuna jorratuko dira. Bigarren bloke batean, hainbat begiradetatik aztertuko dugu LGSren onurak: sexu-genero arrakala, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak, ikuspegi ekologikoa, lehen sektoreko langileak. Hirugarren eta azken tartean, ELA eta LAB sindikatuek LGSren inguruan dituzten proposamenak azalduko dituzte.

Besteak beste, bere partehartzea baieztatu digute Jule Goikoetxea, Endika Alabort, Jone Etxebarria, Isidro Esnaola, Adrian Todoli, Jaime Nieto, Jon Ormaetxea eta Bilgune Feministako eta Etxaldeko kideek.

Aditu hauek aurkeztuko dituzten irakurketez gain, Jardunaldia zabalik dago euren ekarpena egin nahi duenarentzat. Ekarpena biltzen duten komunikazioak aurkezteko epea zabalik dugu. Honen bidez, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioarekin lotutako proposamenak, hausnarketak edota ikerketak bildu eta bultzatu nahi ditugu. Diziplina anitzeko hurbilketa batetik (Ekonomia, Lan Harremanak, Soziologia, Zientzia Politikoak….) Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioarekin lotutako komunikazioak bidaltzera animatzen ditugu ikertzaileak edota erakunde ezberdinetako kide diren ekintzaileak.

Deialdiaren baldintzak

– 2025eko martxoaren 3tik 28ra.

– 4000 karaktere inguru

– Komunikazioak, mintegiaren antolatzaile garen fundazioetara bidali fundazioa@ela.eus edota fundazioa@iparhegoa.eus

Gaira hurbilketa

Zenbateko inpaktua du LGSak lurralde batean? Modu desberdinetan proposa daiteke LGSaren kalkulua? LGSa ezartzeko eskumena izateak ze onura ekar ditzake Euskal Herrira? Nola indar ditzake bertako lan harremanen esparrua eta negoziazio kolektiboa LGS propio bat adosteak?

Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) gizartearentzat babes-dimentsio zabala du. Lehenik eta behin, soldatapeko langileentzat zuzeneko eragina du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen den heinen. LGSren zenbatekoak, honenbestez erabateko inpaktua du soldatarik txikienengan, baina horretaz gain, LGSren igoera batek, modu orokortuago batean soldata mailaren igoera ekarriko luke berekin: legezko lan-baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena.

Politika sozial eta ekonomikorako tresna ere bada LGS. Zentzu horretan, aberastasun banaketa eta gizarte kohesiorako mekanismoa izanik, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizteko gaitasuna du. LGS baten igoerak, berebiziko inpaktua izango du beti, sektorerik pobretu eta prekarioenetan: sektore prekarizatuenak, sektore feminizatuak ere izan daitezke zenbaitetan, eta baita ere herrialde pobretuetatik migratutako pertsonak jarduten diren sektoreak.

Horrekin batera, LGS lurralde jakin batean kokatu beharra dago. Hego Euskal Herrirako LGSaren zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina argi dagoena zera da: Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da. Baina zenbatekoaz harago, LGSa erabakitzeko gaitasuna, burujabetzarekin estu lotuta dago zalantzarik gabe. LGSa lurraldean bertan erabakitzeak zein onura izan ditzake?

Jarraian dugun zerrendan, LGSra hurbiltzeko zenbait gai bildu ditugu:

– LGSaren lurraldean erabakitzeko gaitasunaren garrantzia

– LGS propioa eta burujabetza

– LGS propioa kalkulatzeko proposamen ezberdinak

– LGS propioaren igoera

– LGS propioa eta pobrezia

– LGS propioa eta arrazakeria

– LGS propioa eta prekaritatea

– LGS propioa eta sektore feminizatuak

– LGS propioa eta aberastasun banaketa

– LGS propioa eta krisi ekologikoa

– LGS propioa eta bestelako gizarte politikak: DSBE

LABek FITXATU aplikazioa aurkeztu du, Bizkaiko ostalaritzan egiten diren lanaldiaren inguruko gehiegikeriak saihesteko

Otsailean jakin izan dugu komunikabideen bitartez Lan Ikuskaritzak Euskadiko lanaldiaren kontrolen %64an gehiegikeriak antzeman dituela. LABentzat hori ez da ezer berria.

Lanaldi partzialean dauden langileen lanaldiaren erregistroa aspalditik nahitaezkoa zen, Langileen Estatutuak jasotzen duen moduan eta 2019tik, enpresak beraien langileen lanaldiaren erregistroa egitera behartuta daude, langile guztiena, edozein izanda ere beraien lanpostua, sektorea edota enpresaren tamaina. Gainera, erregistro hori langileen zein ordezkari sindikalen esku egon behar da.

Errealitatean lanaldiaren erregistro hori ez da egiten edo egiten denean, erregistroak ez du jasotzen benetan langileak egiten dituen orduak eta oso gutxitan dago erregistro hori eskuragarri.

2024 urte amaieran Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak publikatutako lanaldiaren murrizketarako lege proiektuan, beste neurri batzuen artean lanaldiaren erregistroa modu digital batean egin behar izatea jasotzen da, batez ere Lan Ikuskaritzak erregistro horretarako zuzeneko sarbidea izateko. Baina egia da lege proiektu hori onartzeko prozesuan dagoela oraindik eta beraz, jasotako neurriak ez dakigula noiz izango diren aplikagarri. Gainera, erregistro telematikoa egiten den enpresa askotan ere manipulatu egiten da.

Beste gauza askotarako bezala, ostalaritza da lanaldiaren erregistroan iruzur handiena dauden sektoreetako bat, ez delako lanaldiaren erregistrorik egiten edo, egiten bada, faltsutu egiten delako. Gainera lanaldiaren inguruko milaka urraketa ikusten ditugu egunero sindikatuan: eguneko, asteko edota urteko gehienezko lanaldia ez errespetatzea, aparteko orduak ez ordaintzea, lanaldien arteko 12 orduko gutxieneko atsedena ez errespetatzea… eta erregistrorik ez dagoenez edo faltsua denez, oso zaila egiten zaigu urraketa guzti horiek frogatzea.

Beraz, lanaldia erregistratzeko tresna baten beharra ikusi genuen, langileen esku egon behar zena, norberak kontrola eramateko. Horrela sortu zen FITXATU aplikazioa, Bizkaiko ostalaritzako langileei zuzendua. Tresna honek hainbat aukera ematen ditu: egunero lanaldia erregistratzea, jai eguna dela adierazi daiteke (ezberdin kobratzen delako), GPSa konektatzeko aukera ematen du geolokalizazioaren bitartez langilea lanpostuan egon dela frogatzeko, eguneko/asteko/urteko gehienezko ordu kopurura heltzean abisu bat heltzen da, eta egindako erregistro guztien laburpen taula bat ere sortu daiteke.

Tresna honi esker, langileek beraien lanaldia erregistratu ahalko dute, egiten dituzten orduak eta aparteko orduak kontrolatuz. Horrela, enpresari erreklamatzerakoan froga bat izan ahalko dute.

Bizkaiko ostalaritzako langile guztiak animatu nahi ditugu aplikazio hau instalatu eta erabiltzera, uste dugu tresna oso erabilgarria dela, bakoitzak lan egiten dituen orduen kontrola eramateko eta gehiegikeriak ekiditeko.

CENeko enpresaburuek eta UGT eta CCOO sindikatuek bat egin dute Nafarroan gutxieneko soldata baten negoziazioari boikota egiteko

Gaur bilera egin behar zen Iruñean Nafarroako lurralde eremuan lan egiten duten langileentzako gutxieneko soldata edo ordainsariari buruzko lanbide arteko akordio bat lortzeko negoziazio mahaia eratzeko. Bigarren saiakera zen, CENeko enpresariek eta UGT eta CCOO sindikatuek lehen deialdian atzera egin ondoren. Azkenik, eragile horiek ukatu egin dute Nafarroako langileek beren bizi eta lan baldintzen araberako soldata izateko aukera. LABek Nafarroako Gobernuari eskatu dio eragile horiei eska diezaiela negoziatzeko eta langileei kalte egiteari uzteko, lan-harremanen gaineko monopolioa baitute, eta hori oztopo baita Nafarroako demokratizaziorako. LAB mobilizazioaren bidetik presioa handitzeko prest dago, helburu horrekin.

CEN patronala eta UGT eta CCOO sindikatuak ez daude egoerak eskatzen duen mailan, eta ez diote jaramonik egiten jendarteak eta Nafarroako langileek eskatzen dutenari. Hala, azkenean uko egin diote hemen lanbide arteko gutxieneko soldata bat erabakitzeko mahaia eratzeari. Beraz, uko egin diote negoziatzeko duten eta dagokien erantzukizunari.

Bigarren deialdi honetan agerian geratu dira beste behin ere Nafarroako langile klaseari kalte egiteko benetako arrazoiak, lehen deialdian esatera ausartu ez ziren arrazoi haiek. Enpresaburuei dagokienez, oraingoan beste aitzakia bat erabili dute ez bertaratzea justifikatzeko: sektore arteko akordio bat sinatu izana CEN, UGT eta CCOO sindikatuek 1995ean, eta bi aldiz eguneratu dutena.

Bestalde, UGTk eta CCOOk bat egin dute enpresaburuekin. Hala, deigarria da Euskal Autonomia Erkidegoan antzeko bilera bat deitu dutela eta patronalari eskatu diotela gutxieneko soldata propio bati buruz negoziatzeko – euskal enpresariak zaharkitutzat joz, eta euren posizioa zaplaztekotzat –. Baina Nafarroan ez dira deitzaileak izan, eta, gainera, bi bileretara ez joatea adostu dute CENeko enpresaburuekin. Horren ondorioz, CENek, UGTk eta CCOOk bat egin dute Nafarroan, gutxieneko soldata propio bati buruzko eztabaidari betoa jartzeko. Kontuan hartuta bi lurraldeetan egitura sozioekonomikoa eta soldata eta bizitzaren kostua antzekoak direla, ez da ulertzen UGTren eta CCOOren jarduteko modu desberdina. Nafarroako langileek gutxiago merezi al dute gutxieneko soldata EAEkoekin alderatuta? UGTk eta CCOOk irudi tamalgarria eman dute interes korporatiboak orokorraren aurretik jarriz eta enpresaburuek emandako aginduei men eginez.

Bigarrenik, CEN, UGT eta CCOO sindikatuek adierazi dute eragile horiek osatzen duten elkarrizketa baztertzailearen esparruan, besteak beste, soldatari buruz hitz egiten ari direla. Eta hori da, hain zuzen ere, 1995ean ezarritako kontzertazio sozialeko ereduaren defizitetako bat. Neurri lotesleak hartu beharrean, hala nola gutxieneko soldata propioa, dinamika patronala konprometitzen ez duten orokortasunetan datza. Hau da, enpresaburuei interesatzen zaie gutxieneko soldata propio bati buruzko eztabaida zehatzetik ihes egitea, eta nahiago dute orokortasunei buruz hitz egin, euren agenda bermatzeko neurrira egindako eredu batean (absentismoa eta azpiegiturak). UGTk eta CCOOk horretarako prest azaldu dira, inolako lotsarik gabe.

Baina CENek, UGTk eta CCOOk adierazitako jarrera bateratuaren gauzarik larriena bere esentzia antidemokratikoa da: 1995ean osatutako elkarrizketa-esparru bat dagoela argudiatzen dute. Jakina denez, 1995eko sektore arteko akordioa aitzakia gisa erabili zen LAB eta beste sindikatu batzuk esparru guztietatik kanpo uzteko. Baztertze hori LABek sektore arteko negoziazio kolektiboan parte hartzeko ustezko borondate ezagatik justifikatzen zen. Bada, orain, LABek, beste sindikatu batzuekin batera, sektore arteko negoziazio-mahai bat sustatzen dute, eta CEN, UGT eta CCOO dira hitz egin nahi ez dutenak. Hau da, CEN, UGT eta CCOO sindikatuek lan-harremanen gaineko monopolioa mantendu nahi dute, LAB eta sektore arteko negoziazio kolektiboan parte hartzeko edo ekimenak sustatzeko gainerako aukerak baztertuta.

Horrek honako hau esatera garamatza: 2015az geroztik Nafarroaren demokratizazioan aurrerapausoak eman badira ere, CEN, UGT eta CCOO sindikatuek lan-harremanei buruz duten monopolioa mantentzeak demokratizazio-prozesu hori oztopatzen du. Horregatik, dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari, presidentea buru duela, berehala jardun dezan gertakari larri honen aurrean.

LAB sindikatuak azpimarratu du Estatuko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata ez dela nahikoa Nafarroako langileentzat. Lurralde honetako langileok gutxieneko soldata propioa izateko beharra eta eskubidea dugu, lan- eta bizi-baldintza duinak izateko. Berezko gutxieneko soldata ezinbesteko tresna da aberastasuna modu orekatuagoan banatzeko, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren ondorioz areagotu den pobreziari mugak ezartzeko eta langileen arteko arrakalei aurre egiteko. Langile guztiek izango lituzkete onurak horrelako neurri batekin, eta, zuzenago, egoera ahulenean dauden pertsonek. Nagusiki emakumeak*, langile migratuak eta arrazializatuak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten langileak dira horrelako akordio bat gehien behar dutenak. Era berean, gutxieneko soldata igotzeak mugatu egiten ditu enpresaburuek langile guztien soldatak murrizteko eta baxuenekin parekatzeko dituzten asmoak.

Hala ere, Nafarroako Gobernuak urduri dirudi ekimen horren aurrean, eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Kontseilariak ekimen eta aukera garrantzitsu honen aurrean ez ikusiarena egingo duela dirudi, CEN, UGT eta CCOO pozik uzteko, jarrera alderdikoi argi batean. Eusko Jaurlaritzako bere homologoak ordea kontrako jarrera azaldu du, gehiengo sozialaren beharrezko aldarrikapen horri ekitearen alde agertu baita. Horiek guztiek, beraz, beren jarduteko modua azaldu beharko liekete Nafarroako herritarrei. Nafarroako Gobernuari jarrera argia dagokio elkarrizketaren eta negoziazioaren bideari ateak ixten dizkion patronalaren aurrean. Eskatzen diegu onar dezatela gutxieneko soldata propio baten beharra, eratu dezatela negoziazio-mahaia eta negozia dezatela fede onez.

Euskal Herriak, Nafarroak, estaturik gabeko nazioa denez, ez du eskumen nahikorik gutxieneko soldata ezartzeko orduan, eta hori oso garrantzitsua da langile-klasearen egoera hobetzeko. Ezinbestekoa da eskumen osoak eskuratzea lan-harremanak arautzeko, eta bide horretan bi bide hartu ditugu. Batetik, Herri Ekimen Legegile bat, eskumen berriak lortu ahal izateko. Eta bestetik, egungo eskumen-esparruaren barruan, langileentzako gutxieneko soldata propioa negoziatzea patronalarekin.

CENeko enpresaburuen eta UGT eta CCOO sindikatuen gaur egungo ezezkoak erakusten du ezinbestekoa dela mobilizazioaren bidea indartzea patronala mugi dadin, UGTk eta CCOOk enpresaburuen aginduetara makurtzeari utz diezaioten eta, era berean, Herri Ekimen Legegile baten aldeko indarrak batu ditzagun.

Horretarako, LABek argi dauka Nafarroan gutxieneko soldata propioa ezartzea albiste ona izango litzatekeela Nafarroako jendarte osoarentzat, eta akordio hori garrantzitsua eta erabakigarria izango litzateke langileen lan-baldintzak eta bizi-baldintzak hobetzeko. Horretan jarraituko du, mobilizatzen, presioa egiten, negoziazio-bilerak bultzatzen eta eskumen berriak lortzeko lan egiten.

EAEko Hezkuntza Sailak bere sukaldarien ordezkapenak betetzeko enpresa pribatuetako sukaldariak kontratatu dituela salatzen du LABek

Hezkuntza Saileko sukaldarien ordezkapenak betetzeko arazoa aspalditik dator. Behin eta berriro zerrendak irekitzea eskatu eta ordezkoak falta direnerako protokolo baten beharra mahaigaineratu badugu ere, gure harridurarako, aste honetan enpresa pribatuetako langileak kontratatu dituzte publikokoak ordezkatzeko.

Hezkuntza Saileko sukaldeetako ordezkapenak betetzeko arazoa ez da konpontzen ordezkapenak ere pribatizatzen, kontrako bidea hartu behar du Hezkuntza Sailak. Horretarako hezkuntza publikoan inbertsioa handitu eta kolektiboaren lan baldintzak hobetu behar ditu, lanaldi partzialekin bukatu, ordezkoen araudia negoziatu, soldata igo eta funtzioak zehaztu, besteak beste.

Pribatizazioarekin bukatzeko urratsak ematea eta pribatizatuta dituzten zerbitzuen publifikazioa eskatzen du LABek.

Gero eta arrazoi gehiago ematen dizkigute mobilizazioetan jarraitzeko, horregatik egin ditugu grebak urtarrila eta otsailean, eta gauzak aldatu ezean borrokan jarraitu beharko dugu.

EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen urtarrileko eta otsaileko greba zikloaren amaieran, sindikatu deitzaileek greben jarraipen zabala azpimarratu dute

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du, azken 3 greba egunen antzera. EAEko Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 27.000 irakasle zeuden gaurko grebara deituak.

Sindikatuek batutako datuen arabera, gaurko greba ere deitutako irakasleen %75ak babestu du. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoekin, greba baldintzatu nahi izan du Hala ere, urtarrilean 2 egunez milaka irakasle kalera atera ginen. Otsailean ere beste bi egunez beste hainbeste izan gara berriro kalera atera garenak. Horrela gure desadostasuna berretsi dugu eta gure greba eskubidea erabili dugu indar erakusketa eredugarria eginez hezkuntza publikoaren defentsan.

Urtarrileko eta otsaileko lau greba egunetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioetan milaka langile elkartu dira Ziklo honetan deitutako mobilizazio eta greben bitartez salatu dute EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako.

Azken grebek eta mobilizazioek bi mahai deitzera eta pausu bakan batzuk ematera behartu dute Jaurlaritza. Argi dago grebak direla Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Tamalez, oraindik grebetako eskaerei erantzungo dioten balizko proposamenetatik urrun dago. Astelehenean, bilera batera deitu zituen sindikatuak aldez aurretik idatzizko inongo proposamenik bidali gabe eta ahoz. Aldiz, herenegun azken uneko bilera batera deitu gintuzten. Bi egunetan helarazi zizkiguten edukiak ez ditugu nahikotzat jotzen. Beraz, beste behin ere Hezkuntza Sailaren asmoa negoziaketak irudikatzea izan zen. Bereziki larria da Jaurlaritza, langileen gehiengoa ordezkatzen ez duten sindikatuekin, grebetan milaka langile aldarrikatzen ari diren edukiak jarri gabe eta langileen %90a ordezkatzen duten greba deitzaileen kontra, gutxiengoan akordioa sinatzeko prest agertu izana.

Egun hauetan irakasleok oso mezu argiak helarazi dizkiogu Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin gaudela.

Beraz, Hezkuntza sailari grebak zapuzteko tresna eta jarrera onartezinak albo batera utzi eta langileen gehiengoa ordezkatzen ez duten sindikatuekin gutxiengoan ez sinatzeko konpromisoa eskatzen diogu. Azken momentuko eduki nahikorik gabeko mahaiak deitzeari uzteko eskatzen diogu, grebak desaktibatzeko gutun eta estrategiak alboratzeko eta eskaera hauei erantzungo dioten proposamenak egiteko. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu eta baliabideez hornitzea.

Gaurko emaitza kontutan izanda, deialdi honetan gauden sindikatu deitzaileok baloratuko dugu datozen mobilizazioak nolakoak izango diren.

LABek Nafarroan gutxieneko soldata baten aldeko akordioa eskatu du, Nafarroako langile klasearen eskaera eta itxaropenei erantzuten ez dien Enplegu Planaren aurrean

LAB sindikatuak Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak berriki argitaratutako 2024-2028 Nafarroako Enplegu Plana errefusatzen du, berriz ere propaganda ariketa hutsa delako, baztertzailea eta ganorazko edukirik gabea, berriz ere gehiengo sindikalik ez duelako, eta, gainera, inplikatutako eragile bakoitzaren interesak nagusitzen direlako, interes publikoaren eta orokorraren gainetik. Era berean, LABek ez du babesten CENeko eta CEPESeko enpresaburuek eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako Gobernuarekin batera adostutako Nafar Lansareren Plana, horren negoziazioan ezinezkoa izan delako Lansareren indartzea kontratazioan eta lan-bitartekaritzan, kalitatezko enplegu klausulei buruz hitz egitea bere politiketan eta aukera berdintasuna bermatzea.

CENeko enpresariek gainontzeko parte-hartzaileen ekarpenak mespretxatzeko erabiltzen duten jarrerak, UGT eta CCOO sindikatuen mendetasunak eta Nafarroako Gobernuaren anbizio faltak Nafar Lansaren norabide egokian aurrera egitea eragotzi dute. Inork ezin du ulertu egun ere patronalak eta sindikatu horiek duela hamar urteko planteamenduak egitea, enplegu-politika aktiboen eragile exekutore gisa dituzten interesei soilik erantzuten dietenak.

Paradoxikoa da zergak ordaindu nahi ez dituztenek alde batetik Nafar Lansareren bidez milioi euro asko jasotzea [adibidez, “enpresa espiritua sustatzeko laguntzak” eta “enpresetarako prestakuntza egokitua” kontzeptuan, 41 milioi euro baino gehiago jasotzea, indartze publikorako bideratutako 267.125 euro ziztrinen aurrean] eta beste aldetik uko egitea zerbitzu publikoaren bidez lan kontratazioa bitartekaritzara bideratzeari, aukera berdintasuna eta kalitatezko enplegu klausulak betetzea bermatu lukeena.

LABek bitartekaritza eta kontratazio plataforma publiko baten beharra defendatzen jarraituko du, baita Nafar Lansare publiko indartsu baten beharra ere, lanik gabe dauden pertsonen eskaeren eta espektatiben zerbitzura, bereziki kolektibo kalteberenen eskura (emakumeak*, gazteak, migratzaileak, 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak, etab.).

2024-2028 Enplegu Plana, politika zaharraren adibide

LABek Nafar Lansaren eta Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan parte hartzen du; beraz, ezagutzen du enpresaburuek zer jarrera eta iritzi duten lan istripuei, enpleguko eta soldatako arrakala matxistari, enplegu eskaintzari eta eskariari edo kolektibo ahulenei buruz. LABek badaki enpresaburuak ez daudela prest erronka horietako bakar bati ere konponbide eraginkorrik emateko. Hori horrela izanik, zergatik sinetsarazi nahi digute enegarren enplegu planak arazo horiek konponduko dituela?

Bereziki salagarria da enplegu plan honen bultzatzaileek lan ezbeharrei buruzko ustezko neurriak erabiltzea; izan ere, neurri nagusia Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura errepikatzea da (1.640.000 euro CEN, UGT eta CCOO enpresari zein sindikatuentzat), nahiz eta figura horrekin egoera tamalgarri honetara iritsi garen. Bajei buruzko neurriak ere bai, langileen osasunaren aurkako enpresa diskurtsoa erosiz absentismoari buruz. Neurri horiek Enplegu Planean sartzeak pentsarazten digu Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluari lan osasuna usurpatu diotela, LAB eta haren proposamenak baztertzeko helburuarekin.

Era berean, salagarria da, propagandari dagokionez, arrakala matxistei aurre egiteko neurriak erabili izana. Arazo politiko hori emakumeek* eta gizonek egiten dituzten lanengatik jasotzen duten ordainsariaren desberdintasunetik edo enplegua lortzeko jasaten duten diskriminaziotik harago doa. Hala, enplegu planak ez du egiturazko neurririk jasotzen errealitate horri modu praktikoan eta eraginkorrean buelta emateko. Are gehiago, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du mahairik deitu zaintza sistema publiko eta komunitario bat ezartzeko. Gainera, LABek aldarrikatzen jarraitzen du lantokiek indarkeria matxistarik gabeko guneak izan behar dutela eta ez dela horretarako neurri eraginkorrik jaso, indarkeria matxista Nafarroako Gobernuarentzat lehen mailakoa izan beharko lukeen arazo politiko eta soziala izanik.

Horrelako planek ez dute ezertarako balio, eta enpresaburuek markatutako agenda baino ez dute jasotzen (azpiegiturak, absentismoa eta itzulerarik gabeko laguntzak). Baina badira alternatiba praktikoak eta egingarriak. Hala, adibidez, Nafarroan 1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzeko akordioa eskatu du LABek. Lanbide arteko akordio guztiz legal eta posible baten bidez gutxieneko soldata igotzea erabakitzeak zuzenean hobetuko lituzke milaka eta milaka langileren bizi baldintzak eta, bereziki, baldintza eskasagoetan daudenak; baina, era berean, langile guztiek jasoko lukete onura, patronalaren estrategiaren aurkako egiturazko neurria delako, beherantz parekatzea eta guztien soldata eta lan baldintzak prekarizatzea bilatzen duena.

CENeko enpresaburuek, eta UGT eta CCOO sindikatuek, aldiz, ez dute borondaterik agertu horri heltzeko eta akordio bat lortzeko, eta Nafarroako Gobernuak beste alde batera begiratzen du, gai hori berarekin ez balitz bezala.

LABek uste du, prekaritateak aurrera eramaten duen enplegu politika zaharraren aurrean, Nafarroako langileen bizitza hobetuko duten akordio errealen aldeko apustua egiteko garaia dela. Ildo horretan, gutxieneko soldata propio bati buruzko akordio bat erdiestea albiste ona litzateke, gehiengo sozialarentzat beharrezkoa den zerbait izateaz gain. Enpresariak interpelatzea eta akordioa ahalbidetzea izan beharko litzateke Nafarroako Gobernuaren eta bere lehendakariaren eginkizuna, eta ez hartu jarrera alderdikoirik gainontzeko eragile sindikalen ekimenak saboteatzeko.

Sidenorreko langileen egoera okertzen ari dela ohartarazi du LABek

Lan hitzarmenen negoziazioak oso gogorrak izaten ari dira, Jose Antonio Jainaga buru duen taldearen jarrera dela eta. Kanpora zein barrura begirako joko bikoitza salatzen dugu.

Sidenor taldea EAEko industriaren salbatzaile gisa aurkeztu nahi diguten honetan, langileok oso bestelako iritzia dugu.

Azken egunotan bolo-bolo ibili da Sidenor taldea Talgo tren enpresa erosteko jokatu duen papera dela eta. Komunikabideetan etengabeko berriak, EAEko zein Madrilgo esku-hartze zuzena edota inbertsore eta banku handien interesa. Dena euskal industria babestearen aitzakiapean. Asteburuan Mikel Jauregui kontseilariak esaten zuen ”dominak denek merezi zituztela, baina kopa Jose Antonio Jainagak eramango du”. Negozio borobila, eta berriro ere, Industria Sailak 45 milioi euro emango dizkio enpleguaren eta lan baldintzen inguruko inongo bermerik eskatu gabe. Jaurlaritzaren industria politikaren adibide argia da.

Enpresa bat hemen errotuta egoteak ez du esan nahi soilik hemen dituela lantegiak. Bertan lan egiten duten langileak nola tratatzen dituen eta zein baldintzatan egiten duten lan ere kontuan hartzea beharrezkoa da. Izan ere, Sidenor taldean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan kokatuta dituen lantokietan 2.000 langiletik gora ari dira, zuzeneko langileak eta azpikontratetakoak batuta.

Tamalez, kanpora begira eredugarritzat aurkezten duten horrek asko du hobetzeko barrura begira. Dena du hobetzeko. Momentu honetan Legutioko eta Azkoitiko lantokietan hitzarmenak negoziatzen ari dira, eta negoziazio hauek oso gogorrak izaten ari dira enpresa izaten ari den jarrera dela eta:

– Ez dute inola ere eros ahalmena bermatu nahi.

– Lanaldiaren jaitsierarik ez dago, edo jasotzen dena ez da nahikoa.

– Enpresak malgutasun neurriak are gehiago okertu nahi ditu, langileon kontziliazio eskubidea etengabe urratuz eta bizitza duin bat izateko aukera guztiak zapuztuz.

Hori gutxi balitz, azken bi urteetan 25 millioi euro banatu ditu taldeak dibidendutan. Bien bitartean, langileen eskubideak okertzen ari dira etengabe: langileon eros-ahalmena eta kontziliazioa ez bermatzea enpresa erabakia da. Denon artean sortu dugun aberastasuna gutxi batzuen artean banatu nahi dute. Euskal industria babestu nahi bada langileen lan baldintzak ere babestu behar dira.

CCOO, UGT eta USO sindikatuak bere esanetara daude, berentzako onura propioak bilatuz. Sinatu zuten akordio markoa pisu izugarri astuna da, erabat baldintzatzen dituelako hortik kanpo dauden lan-zentroetako negoziazioak. Diru apur baten truke langileon eskubideak okertzen dituzte Sidenorren, egutegi aldaketak sistematikoak dira langile bakoitzak gero eta funtzio, lan karga eta ardura gehiago izateko. Azkenengo urteetan Sidenorreko langileek izan duten eros-ahalmenaren galera ere ikaragarria dela esan beharra dago. Haiek adostu zituzten KPIa erreferentziatzat hartu gabeko igoerak, eta honek eragina izan du langile guztiengan. Gaur egun langileek duten eros-ahalmena askoz ere txikiagoa da duela hamarkada bat zeukatena baino. Irekita dauden negoziazioetan ere ildo horretatik jarraitu nahi du zuzendaritzak. CCOO, UGT eta USO sindikatuak ere gure miseriaren erantzule zuzenak dira, eskubide galera horiek guztiak sinatzeko prest agertu direlako beti akordio markoaren barruan zein akordiotik kanpo dauden lan-zentroetako negoziazioetan.

Beste adibide argi bat dugu Azkoitiako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE). Izan ere, Reinosarekin batera negoziatzearen arrazoi bakarra zen Gipuzkoako lan zentroan hain mesedegarri ez zaion gehiengo sindikala blokeatzea, berriro ere CCOO, UGT eta USOren eskutik. Bi lantokietarako zen ABEEEa ez dute aplikatzen ari Reinosan. Bai, ordea, Azkoitin.

Sidenorrek langileak panpinak bezala erabiltzen gaitu eta gure osasunarekin jokatzen ari da. Hain dira jasanezinak ezartzen dituzten lan erritmoak, langile asko eta askok baja medikuak eskatzera behartuta ikusten dutela euren burua. Noski, hauetako gehienak ez dira inola ere laneko gaixotasun bezala onartzen. Horrek lan karga gehigarria ekartzen du besteongan, enpresak ez dituelako langile gehiago kontratatu nahi, gainontzekoen osasunari dakarkion kaltearekin. Orain, langileak etengabe lanpostuz aldatzen dituen politika hau koska bat gehiago estutu dute, eta eragiten duen presioak lan osasuna bera arriskuan jartzen du. Honek ezin du horrela jarraitu.

Horregatik, argi adierazi nahi dugu instituzioak eta zenbait komunikabide egiten ari diren Sidenor taldearen zuriketaren aurrean, ez dugula inola ere onartuko egingo diren operazio komertzialak edo bestelako mugimenduak langileen lan baldintzak okertzeko edo merketzeko aitzakitzat erabiltzea. Aukera ederra dugu irekita dauden negoziazioetan eta irekiko direnetan eragin, egoera irauli eta langileok merezi ditugun lan baldintzak eskuratzeko. Badakigu nor dugun aurrean, baina borrokarako prest gaude.