2026-09-16
HomeEkintza SindikalaKolaborazio publiko-pribatuaren gaia guztiz baldintzatzen ari da EAEko Osasun Mahaia

Kolaborazio publiko-pribatuaren gaia guztiz baldintzatzen ari da EAEko Osasun Mahaia

Alberto Martinez Osasun sailburuak Osasun Mahaian kontsentsua dagoela saldu nahi badu ere, osasun sistema zeharkatzen duen gairik gatazkatsuena denean, publikoaren eta pribatuaren arteko harremanean, bi eredu daude talkan.

Osasun Mahaiaren 9. bilera egin da gaur, eta, beste behin, Jaurlaritzak eta Osasun sailburuak berak izkin egin nahi izan diote bi eredu parez pare jartzen dituen eta osasun sistema publikoa zeharkatzen duen gaiari: publikoaren eta pribatuaren arteko harremanari.

Alberto Martinez sailburuak adierazi du eragile batzuek beldurra diotela Osasun Mahaitik atera daitekeen emaitzari. Alta, ez duena esaten da bera gobernura eraman duen alderdi politikoa, EAJ, eta Confebask direla publikotasunari atea itxi nahi diotenak edota, azken 30 urteetan inposatu duten bezalaxe, Osakidetzaren gainbehera ekarri duten pribatizazio politikak bultzatzen jarraitu nahi dutenak. Hori dela eta, beraiek dira beste eragile batzuok pribatizazioaren aurka egiten ditugun proposamen, erabaki eta planteamenduei beldurra dietenak.

Egoera hau, publiko-pribatu lan taldean ez ezik, zerbitzu zorroko lantaldean edota arreta soziosanitarioaren ingurukoan gertatu da. Kalean etengabe mobilizatzen ari diren erabiltzaileen herri plataformek, Osasun Publikoaren Aldeko plataformek, langileok eta gizarte osoak, oro har, aldarrikatzen duguna argia da: Osakidetza eraldatzeko erabakiak hartzea, osasun sistema publikoak duen gainbeherari aurre egiteko eta EAEko herritarrok merezi eta behar dugun osasun zerbitzu publikoa izan dezagun. Lehendakariak ere eraldaketaren beharraz hitz egin du, baina eraldaketarik ez da izango pribatizazio politikak ez badira lehengoratzen. Adibidez, hauek dira lantalde horietan erabaki diren helburuetako batzuk:

• Osasun zerbitzua baliabide publiko eta propioen bidez emateari lehentasuna ematea, sektore pribatuarekiko mendekotasuna murriztuz eta herritarra zentroan jarriz.

◦ Lehenik eta behin, Osakidetzak zuzenean eman beharko dituen prestazioak zehaztu behar dira, bai eta noizbehinka eta salbuespen gisa lankidetza publiko-pribatuaren bidez ematen jarraitu behar direnak ere, azken horiek justifikatutako eta aldi baterako egoeretara mugatuz.

◦ Bigarrenik, zerbitzu berriak kanpora ateratzea salbuespenezko egoeretara mugatzea. Egoera horiek administrazioak, profesionalek, profesionalen elkargoek, langileen ordezkariek eta erabiltzaileen ordezkariek aztertu eta onartu beharko dituzte. Horren guztiaren helburua da, epe ertainean, egiturazko zerbitzuen prestazio pribatuaren ordez, Osakidetzaren bidez zuzenean hornitzea, bai eta Osakidetzako ESIetako batean eskaintza publiko baliokidea duten zerbitzuak ematea ere.

• Osakidetzako zerbitzu-zorroa indartzea. Kanpora ateratako, hitzartutako, azpikontratatutako edo sartu gabeko egoeren egungo egoera aztertzea, diagnostiko batekin, progresiboki sartzeko kronograma bat duen publifikatzeko plana eginez.

LABetik behin baino gehiagotan adierazi dugu bi eredu antagoniko direla lehian eta eztabaidan daudenak. Batetik, osasun sistema publikoa eraldatzeko zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eman eta sektore pribatuaren esku hartzea murriztu eta salbuespen egoera adostuetara eraman nahi dugunona; eta, bestetik, lankidetza publiko-pribatuarekin jarraitu eta berau bultzatu nahi dutenena; hau da, Confebask, EAJ, unibertsitate pribatu eta beraien negozioa kolokan ikusiko luketen beste eragile batzuena.

Ez dezagun ahaztu osasun sistema publikoan azken urteetan aplikatu diren politikek eragin duten gainbeherak eta herritarren kezkek eta gaitzespenek eraman zutela gaur urte bat egungo Jaurlaritza, Pradales izendatu berritan, Osasun Mahaia aktibatu behar izatera. Kontsetsua saldu nahi diguten arren, ereduen talka da mahaian daukaguna.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Santurtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen diegu udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta gertakari larri hauek...

Gaur publiko egin den bideoak agerian utzi du Santurtziko Ander gaztearekin era oso bortitz eta desegokian jardun zuten udaltzainek gertatutakoa ezkutatu dutela eta haien arduradunek babestu egi

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu dugu LAB sindikatuak eta Testako maizterrek

Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapeko bizilagunek, LABen babesarekin, manifestazioa iragarri dute Iruñean urriaren 17rako. Mobilizazioaren helburua da salatzea Testak ez dituela berritu BOE...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.