2026-09-28
HomeEkintza SindikalaLABek Abadiñoko KW Damping Technology enpresan gertatutako lan-istripu larria salatu du

LABek Abadiñoko KW Damping Technology enpresan gertatutako lan-istripu larria salatu du

Ekainaren 2an KW Damping Technology enpresan izandako istripu larria, berau eragin zuen makinaren segurtasun-neurrien falta eta Fremap mutualitatearen eta Osakidetzaren arreta mediko desegokia salatu ditu sindikatuak.

Langile batek istripua izan zuen makina batek eskua harrapatu zionean. Eskua harrapatuta eduki zuen 45 minutuz, eta, askatu ziotenean, langilea Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Han, ebakuntza kirurgikoa egin behar ziotela erabaki zuten. Ebakuntza Fremapek egin behar zion Bilboko Mutualitateen Ospitalean.

Langileak 50 minutu baino gehiago itxaron zuen Gurutzetako ospitalean anbulantzia batek Bilboko Intermutual Ospitalera eraman zezan, eta, azkenean, zain egon ondoren, taxi bat hartzea erabaki zuen, zainetako bidea jarrita eta hatz txikia larri kaltetuta zituela, ahalik eta azkarren ebakuntza egiteko.

Zoritxarrez, langile honi gertatutakoa ez da kasu isolatu bat. LABek lotsagarritzat eta onartezintzat jo du mutualitatearen eta Osakidetzaren jarrera, langilea zegoen egoeran osasun-laguntzarik gabe utzi zutelako.

LABek adierazi du beharrezkoa dela egoera horren eta mutualitateen anbizioagatik eta eskrupulurik ezagatik langileek pairatzen dituzten beste egoera batzuen aurrean erantzutea, gure osasunaren kontura aberastea besterik ez baitute buruan.

Bestalde, joan den astean Euskal Herrian 6 langile hil zirela gogorarazi du sindikatuak. “Absentismoaz hitz egiten digute, baina hil egiten gaituzte”, adierazi du, eta gaineratu du “patronala dela absentismoaren eragile nagusia”.

Gertatutakoaren aurrean, KW Damping Technologyko enpresa-batzordeak manifestazioa egin du gaur enpresatik Fremap enpresak Abadiñon duen bulegora, gertatutakoa salatzeko eta istripua izan zuen lankideari babesa adierazteko. Era berean, lehenbailehen sendatzea opa dio.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

LAB Sindikatuak ez du Gipuzkoako Enpresa Transitarioen sektoreko hitzarmena sinatu ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez dielako sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.