2026-08-05
HomeEkintza PolitikoaLABek dei egin die euskal langileei Gure Eskuren mobilizazio nazionalean parte hartzera

LABek dei egin die euskal langileei Gure Eskuren mobilizazio nazionalean parte hartzera

Burujabetza maila handiagoa izango duen marko baterako aukerak sortu, eta hori langileen intereseko gaietan aurrerapenak egiteko baliatzeko konpromisoa du LABek. Horregatik, ekainaren 7ko deialdiarekin bat egin, eta bertaratzeko deia egiten du.

Gure Eskuk mobilizazio nazionalera deitu du larunbaterako Bilbon, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean. LAB bertan izango da Euskal Herriaren aitortza nazionala eta burujabetza aldarrikatzen, eta ordezkaritza zabala izango du mobilizazioan. Han izango da, besteak beste, Igor Arroyo koordinatzaile orokorra. Era berean, euskal langileei ere mobilizazioarekin bat egin dezaten dei egiten die LABek.

Izan ere, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea behar ditugu, Euskal Herria bizi dadin, euskal herritarrok aske izan gaitezen. Eta nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea behar ditugu, euskal langileon lan eta bizi baldintzak duintzeko bitartekoak izan ditzagun; eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizio feminista eta ekosozialista abian jar dezagun.

Hain justu, Euskal Herriaren nazio aitortzan eta erabaki ahalmenean urrats berriak emateko aukera dugu parez pare. Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoak baino eskumen handiagoak izango lituzkeen egitura administratibo baten aldeko jarrerak indartzen ari dira, eta, ikuspegi sindikaletik, hiru herrialde hauetan negoziazio kolektiborako esparru propioa eratzeko proposamen zehatza jarri dugu mahai gainean.

Hego Euskal Herrian, berriz, egungo marko juridiko-politikoak gainditzeko baldintza berriak sortzen ari dira, sortzen lagundu dugu. Hamar urte bete dira Nafarroan aldaketa instituzionala egin zenetik; abertzaletasunaren aurkako apartheida gaindituta, burujabetzan eta eraldaketa sozialean urrats berriak emateko tenorea da. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, zabalik da estatus-juridiko politikoaren gaineko eztabaida, eta eztabaida hori behingoz bururaino eramateko unea dela uste du LABek.

Testuinguru horretan, sindikalismo independentistak burujabetza maila handiagoko marko baterako baldintzak sortzen lagundu behar du, eta aukerak baliatu behar ditu langileen interesekoak diren gaietan aurrerapenak lortzeko: izan pentsioak, izan gutxieneko soldata, lanaldia, gizarte segurantza propioa, kalitateko zerbitzu publikoak, etxebizitza, zaintza, euskaraz lan egin eta bizi ahal izatea… Langileen artean gure bizi baldintzen gainean erabaki ahalmena handitzeak dituen onuren gaineko pedagogia, pedagogia subiranista, egiteko ere.

Herri bat gara. Herri libre bat izan nahi dugu. Baliatu dezagun abagunea burujabetzaren bidean pausoak emateko. Bete ditzagun, larunbatean, Bilboko kaleak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...