2026-09-29
HomeEkintza SindikalaLABek Nordex Energy enpresaren hitzarmena sinatu du, Barasoaingo lantegiaren etorkizuna bermatzen, erosteko...

LABek Nordex Energy enpresaren hitzarmena sinatu du, Barasoaingo lantegiaren etorkizuna bermatzen, erosteko ahalmenari eusten eta lanaldia murrizten duelako

LAB sindikatuak, bertze hainbat sindikaturekin batera, ekainaren 3an sinatu zuen Nordex Energy Spain enpresaren bigarren hitzarmen kolektiboa, La Vall d’Uixó (Castelló), Alcobendas (Madril) eta Barasoaingo (Nafarroa) lantegietan aplikatzekoa, azken horren lanpostu zuzen guztiak ziurtatzen dituelako, soldataren igoera KPIaren igoerarekin lotzen duelako eta lanaldia hainbat egunetan murriztuko duelako.

Nordex Energy Spain-en II. hitzarmen kolektiboaren negoziazioa luzea eta neketsua izan da –2023ko ekainean hasi zen–, baina LABek balorazio positiboa egiten du lortutako akordioari buruz, zeren eta, hamalautik ordezkari bakarra izan arren, LABeko jendeak hasieratik ezarri zituen helburu guztiak lortu baitira.

Hauek dira lortutako hobekuntzak:

  1. Etorkizuna Barasoaingo lantegiarendako. Negoziazioak hasi zirenetik, NES-Barasoaingo produkzio-egutegiak ia 2025 osorako 0 makinako ekoizpena markatzen zuen, eta hori kezkagarria zen zuzeneko eskulaneko langileendako, etorkizuna arriskuan ikusten baitzuten. Hori dela eta, hasieratik, hori izan zen LABen puntu nagusia, enpresari plantillarentzako etorkizuneko plan bat eskatuz, azkenean lortu dena, lana eta zuzeneko eskulaneko lanpostu guztiak bermatu baitira.
  1. Erosteko ahalmenari eustea. LABek aurreko hitzarmena ez sinatzeko izan zuen arrazoietako bat izan zen ez zuela ziurtatzen plantillaren erosteko ahalmenari eustea, KPIari inola ere lotzen ez zitzaizkion portzentajezko soldata berrikuspen batzuekin sinatu baitzen. Bigarren hitzarmen honetan eros-ahalmena ziurtatzeko funtsezkoa den lotura hori lortu da.
  1. Lanaldiaren murriztea. Lortu da 2025eko atsedenaldia (15 minutu eguneko) benetako lan-denboratzat hartzea, hau da, urteko lanaldia 7 egunez murriztea. 2026 eta 2027 urteetarako lanaldi murrizketa 9 egunekoa izanen da, atsedena 20 minutukoa izanen baita. Aurreko hitzarmenean 10 minutu aurreikusten ziren.
  1. Aldagaien ordainsariaren igotzea. Enpresan aldagaiei lotutako urteko ordainsari bat dago, edo irabazi-ordainsari bat, %5, %10, %15 edo %20koa izan daitekeena. %5 hori, batez ere, eskulangileek kobratzen dute, hau da, soldatarik baxuenak dituztenek. Bada, lortu da hitzarmena indarrean dagoen bitartean %5 hori %8 izatea 2026an, eta %10 2027an. Beraz, ordainsari aldakor baxuena %10ekoa izanen da.

Aipaturiko puntuez landara, oinarrizko hitzarmena Nafarroako Industria Siderometalurgikorako hitzarmena izatea lortu da, orain arte oinarri zen estatukoa hobetzen duena.

LABek eskerrak eta zorionak eman nahi dizkie hasieratik sindikatu honengan eta bere ordezkaritzan konfiantza izan duten Barasoaingo langileei, deitu diren mobilizazioak babestu baitituzte eta une orotan babesa eman baitute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan akordioa #LortuDugu!

Joan den astean, gure borroka publiko egin eta urrirako sei greba egun deitu zituzten Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan lan egiten duten SEULA enpresako langileek, herriko jaiekin bat etorriz. Gaur, enpresak premiazko bilera batera deitu gaitu eta, azkenean, orain arte defendatu izan ditugun baldintzetan lortu dugu akordioa sinatzea.

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako profesionalak grebara doaz berriz hitzarmen bat exijitzeko

LABek, Nafarroako ikuskizun eta ekitaldi sektorean %100aren ordezkaritza duenak, urriaren 10ean grebara deitu ditu sektoreko langileak, patronalari exijitzeko Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietarako laguntza teknikorako...

Patronalaren blokeoa salatzen dugu eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmenean, eta Hezkuntza Sailari exijitzen diogu EAEko eskola publikoetan enplegua suntsitzeari utz diezaiola

Interim enpresak soldaten parekatzea mantentzeari uko egin diola salatzen dugu, eta langileei eta hezkuntza komunitate osoari mobilizatzera de egiten diogu.