2026-04-30
Blog Page 636

Errotiko aldaketa exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari lan osasuneko politiketan

0

Atzo, uztailaren 17an istripu larria izan zen Donostiako Anoetako estadioko berrikuntza lanetan. Larri zauritu zen 51 urtetako langile azpikontratatu bat egituretako batetik erorita, 20 metro ingurutako altuera batetik. Bihar, uztailaren 19an, mobilizazioa egingo dugu gehiengo sindikalarekin batera 11:30ean Anoetako estadioan (Anoeta pasialekua, 1).

LABetik gure babes eta elkartasuna helarazi nahi diogu zauritutako langileari. Gainera, istripua ikertzea eta ardurak argitzea eskatzen dugu.

Sindikalki beti salatu dugjun moduan, osasun-galera guztiek dute jatorria lan-baldintzetan, eta kasu honetan, Anoetako estadioaren berritzea diru publikoz finantzatu da eta era berean, prekarietate kolpez egiten ari da, katean egindako azpikontratazioa, 17 azpikontrata, 10 ordutik gorako lanaldiak, miseriazko soldatak, eskandaluzko lan-erritmoak… Guztia helburu bakarrarekin, lanak lehenbailehen amaitzea eta ahalik eta koste apalenarekin. Behin baino gehiagotan salatu dugu egoera sindikatutik eta administrazioak, egoeraren jakitun, beste alde batera begiratu dute, honek, langileen segurtasuna arriskuan jartzea suposatu arren.

Enkantera atera zituen berrikuntza lan hauek administrazio publikoak, koste baxu lizitazioarekin, nahiz eta bazekien obra ezin dela egin segurtasun baldintzetan, ezin direlako lan edo prebentzioaren inguruko legeak bete, ezta Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmen kolektiboa.

Instituzio publikoek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak diru publikotik etorritako 14 milioi eurorekin finantzatu dute obra hau eta langileen segurtasuna zaindu beharrean, beste alde batera begiratu dute. Soilik interesatzen zaie gehiago egitea eta ahalik eta koste txikienarekin, prekarietatea igo ahala istripuek gora egiten dutela jakin arren, baina gure osasunak eta gure bizitzek ez dute axola.

Errotiko aldaketa exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari lan osasuneko politiketan, enpresetan lan-segurtasun arloko kontrola eta ikuskaritza handitu ditzatela eta ez dezatela lan-baldintzak okertzea ekarriko duten politika publikorik inposatu.

LABen lanean jarraituko dugu langileen eskubideen defentsan, mobilizatuz eta langile-klasearen osasun eta bizitza irabazi enpresarialen gainetik egongo den sistema baten alde borrokan.

 

 

 

Gutxieneko zerbitzuen inguruko epaiaren balorazio positiboa egiten du Loiuko aireportuko greba-batzordeak

0

Pasa den igandea, uztailaren 14ko grebaren ondoren, greba batzordeak proposamen berria jaso zuen enpresaren aldetik, langile guztiei helarazi zitzaiena. Greba batzordeak, enpresak negoziazio prozesua berrirekitzeko erakutsitako jarrera ondo hartu zuen, eta honek, uztailaren 15erako aurreikusita zegoen greba bertan behera uztea ekarri zuen. Egun horretan bertan egin zen bi ordezkaritzen arteko bilera. Greba-batzordeak aurrera pausoak ikusten ditu aldarrikapenenetan baina oraindik ez dira nahikoak langileen beharrizanak kontuan hartuta.

Astelehen horretan bertan egin zen enpresaren kontrako epaiketa, greba eskubidea urratu eta uztailaren 1eko gutxieneko zerbitzuak ez betetzearen inguruan.

Epaia modu positiboan baloratzen du greba batzordeak, gutxieneko zerbitzuen inguruan egindako gure demanda bere osotasunean jasotzen duelako. Honi lotuta, epaiak argi uzten du aireportuaren zuzendaritzak uztailaren 1eko gutxieneko zerbitzuetarako zehaztutako funtzioak ez direla legearen araberakoak eta zehazten du, baita, etorkizunean, zehaztuak diren funtzioen ingurukoak soilik izan behar dutela, hau da, Sustapen Ministerioren ebazpena babestutzat jo dituen hegaldiei arreta ematea,

Epaiak, AENaren aurka batzordeak egindako eskubideen urraketagatiko demanda baztertu du, langileen portzentaietan oinarrituz, zeintzutan administrazioko langileak, aireportuko zuzendaritza eta lanpostu operatiboen plantila guztiak gehitu diren, eta ez lanpostu operatiboen txanda batean dauden benetako langileak.

Hala ere, greba-batzordearen lehentasuna gatazka honekin amaitu duen akordio bat lortzea da, hortaz, negoziazioak bideratzeko deia egiten dio zuzendaritzari, enplegua eta lan-kargen inguruan Bilboko aireportuak dituen arazoei modu efektiboan eta edukiekin aurre egiteko.
Egun gatazkak bizi duen egoeraren inguruan langile guztiak informatu ahal izateko, asanblada egingo dute bihar, uztailaren 19an, 12:00etan, kantinako pasabidean.
 

 

 

%100eko jarraipena izan du, hitzarmen duinaren alde, Domiberiako langileek egindako grebak

0

Domiberia SLU, Ugaon dagoen eta latorri ontzien merkaturatzean aritzen den enpresa multinazionala da. Urtarrilean eratu zen enpresa-hitzarmena berritzeko mahaia. Bilerak egiten ziren baina enpresak ez zuen ezer eskaintzen. Horregatik maiatzean jada, langileek mobilizazioetara jo zuten enpresak euren aldarrikapenak kontutan har zitzan. Aintzinatasuna berreskuratzea, lanaldiaren murrizketa, soldaten igoerak KPItik gora eta errelebu kontratuak egitea dira puntu garrantzitsuenak.

Maiatzean eta ekainean egin ziren mobilizazioen eta egon zen bilera baten ostean, enpresak proposamen bat luzatu zuen. Honek, langileon eskari batzuk jasotzen zuen, batez ere desadostasun handiena zegoen puntuan, antzinatasunean.

Mugimendu honekin enpresak hurbiltze bat zegoela irudikatu zuen, baina azken egunetan atzera egin du, luzatutako eskaintza negoziaziotik kenduz.

Egoera honetan, enpresa-batzordeak greba deialdia egin zuen. Enpresak, horren aurrean, greba deialdia mantenduz gero astelehenenerako aurreikusitako bilera bertan behera uzteko mehatxua egin zuen. Gaur, xantaia honen aurrean amore eman gabe, langile guztiak grebarekin bat egiten erantzun dute langileek.  

 

 

Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sinatu dugu

0

Gaur, uztailaren 17an, Gipuzkoako papergintzako langileen esana betez, hitzarmena sinatu dugu. Azkenik, CCOO-k ere hitzarmena sinatu du baina ELAk, berriz, ez du sinatu, akordioak sektoreko langileen %70-ko babesa eduki arren.

Hitzarmen honek sektorean betidanik egon diren eskaera nagusiak jasotzen ditu. Esaterako, errelebo kontratua derrigorrezkoa izango da eta laneko bajetan soldataren %100a kobratuko dute langileek. Baimenetan ere hobekuntza nabarmena egongo da, guraso bakarren kasuan sendagilearengana laguntzeko ordu gehiago izango dituzte, hitzarmena familia eredu berrietara egokitzeko helburuz. Honi soldata igoera garrantzitsua gehitu behar zaio, izan ere 2019an KPI+%1 eta 2020 eta 2021an KPI+%1,25 igoko dira soldatak. Orain arte ez bezala, langileek ez dituzte oporrak galduko, baja egoeran egoteagatik 18 hilabeteetan ez hartu izanagatik, berdintasun planak egitea adostu da, euskararen normalkuntzarako mahaia sortuko da, lan-osasunean hobekuntzak egon dira, haurdun dauden emakumeentzat soldata galdu gabe lanaldia gutxitzeko aukera egongo da, etab. Halaber, lan kategorien azterketarako batzordea eratzea adostu da eta irailaren 19an bilduko gara.

Hitzarmen hau da azken urte luzeetan lorpen sozial gehien dituena. Ez dago eskubide galerarik, hobekuntzak besterik ez. Enplegua bermatzen du, irabazi ahalmena hobetzen du eta lana eta bizitzaren uztarketa errazten du. Sindikatu guztiok jarritako helburuei erantzuten die.

Hitzarmen hau sektoreko langileen borrokari esker lortu dugu eta, bereziki, 6 greba egunak egin zituzten langileak zoriondu nahi ditugu. Hitzarmen hau zuen garaipena da. Borrokak merezi du.

 

 

 

Ekuadorren egon gara, CTE-ren 75. urteurrenean

0

Sindikatuko ordezkaritza bat Ekuadorren egon da, bertako Confederación de Trabajadores del Ecuadorren 75. urteurrenari begira antolaturiko ekimenetan. Testuinguru horretan Ekuadorreko CTE sindikatuak nazioarteko konferentzia bat antolatu zuen, eta bertan parte hartu genuen.

Confederación de Trabajadores del Ecuador (CTE), 1944an Ekuadorreko Alderdi Komunista eta Alderdi Sozialistaren ekimenez sorturiko konfederazio sindikala da, eta LABen moduan, Munduko Federazio Sindikaleko parte da. Konfederazio sindikal honek 700 sindikatu inguru ditu afiliatuta eta Ekuadorreko langile klasearen %13 ordezkatzen du.

Aipatu bezala, uztailaren 9, 10 eta 11ean bere sorreraren 75. urteurrenean “Sindicalismo de clase, resistencia y lucha en el capitalismo del siglo XXI” izeneko nazioarteko konferentzian parte hartu genuen, Kolonbia, Txile, Mexiko, Brasil, Panama eta Venezuelatik etorriko gainontzeko sindikatuekin batera.  

 

 

USOAko langileek kontzentrazioa egin dute Barakaldoko Udalaren aurrean, lantokiaren etorkizunaren alde

Gaur eguerdian USOAko langileek kontzentrazioa egin dute Barakaldoko Udalaren aurrean auzokideak euren lan-zentroan gertatzen denaren inguruan informatzeko eta argi uzteko borrokan jarraituko dutela beronentzat etorkizun egoki bat bermatu arte. Bihar eta etzi ere, osteguna eta ostiralean, mobilizazioak errepikatuko dituzte leku berean.

USOAko enpresa-batzordeak, kontratazio publikorako legea indarrean jarri ondoren, urte bat baino gehiago darama lan-zentruaren etorkizunari buruzko informazioa eske.

USOAk 300 langile baino gehiago dauka plantilan baita gune okupazional bat ere. Euren etorkizunaren gainean dagoen den ziurgabetasunak prekarietate egoera jasangaitza sortzen du langileengan, hitzarmena sinatu zenetik langileek eurek behin eta berriz salatu behar izan dutena, hitzarmenaren negoziazioetan, beronen ez betetzeetan eta orain, berriro ere, tailerraren etorkizunaren alde atera behar izan dira.

Urte honetan zehar, udal gobernuarekin bilera ezberdinak izan dituzte, tailerraren kudeaketa taldearekin ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin bilera eskatu dute, eta datozen urteotan USOAren etorkizunaren gaineko erantzunik ez dugu oraindik jaso.

Nola da posible hain premiazkoa den 350 langile baino gehiagoren lanpostuak, hainbeste denbora eta gero, oraindik ere, beren etorkizunari buruzko erantzunik jaso ez izana?

USOA da langile gehien daukan Ezkerraldeko enpresetariko bat, eta bere etorkizuna bermatzea ez omen da EAJren lehentasunetariko bat, aurrean zer etorkizuna izango duten bermatzeko, gaur arte behintzat, ezgai izan da eta.

Enpresa-batzodeak, duela zenbait hilabete, USOArentzako etorkizun duina jasotzen zuen agiria luzatu zien alderdi politikoei. Alderdi guzti-guztiei luzatu zieten agiria, USOAren kontseilukide gisa tailerraren aldeko konpromisoa har zezaten.

EAJ izan ezik, alderdi guztiek sinatu zuten agiria. EAJk, baldintza duinak bermatzen dituen konpromisoa ez hartzeaz gain, ez zien langileei euren egoerari buruz inolako argipenik ematen.  

 

 

Gipuzkoako garbiketan dagoen soldata-arrakalarekin amaitzea eskatu dugu

0

Prentsaurrekoa eman dugu gaur Gipuzkoan Gipuzkoako garbiketa sektoreak ordezkaritza dugun sindikatuok. Sektorearen egoeraren berri eman, eraikin eta lokaletako hitzarmenaren eraginpean dauden langileen egoeraren eta gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakalean sakondu eta egoerari buelta emateko neurriak eskatu ditugu.

Gipuzkoako garbiketaren egoera

Gipuzkoan, eraikin eta lokalak garbitzen dituzten 6.702 langile daude, horietatik 5.155 emakumezkoak dira, (%77) eta aldiz, 1.547 gizonezkoak (%23). Sektorea beraz, sektore feminizatua dela esan dezakegu.

6.702 langile hauek, garbiketako 16 hitzarmen ezberdinen baitan antolatuta daude, eta bakoitzean egoera ezberdina da.

6.702 langileetatik 1.442 langileri, enpresa hitzarmenak aplikatzen zaizkie. Hemen antolakuntza sindikal eta langile borrokari esker, ekiparazioan aurrera egin duten 15 hitzarmen ditugu. Besteren artean ditugu Aldundiaren menpeko diren eraikinetako garbiketa, udaletxe batzuetakoa (Zarautz, Orereta, Irun…), Osakidetzakoa, justizia eraikinetakoa, komisaldegietakoa… eta beste enpresa hitzarmen bat edo beste.

Eta gero, eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmena dugu. Honek ez du inolako urratsik izan ekiparazioaren bidean eta egun baldintzarik prekarioenak bertan aurkitzen ditugu. Hitzarmen honek 5.276 langileren lan baldintzak arautzen ditu eta hau da orain landuko duguna.

5.276 langile hauetatik 240k Gipuzkoako udalaletxeetan egiten dute lan, beste batzuek administrazio publikoarentzat egiten dute lan, eta kolektiborik handienak berriz, eremu pribatuarentzat.

Garbiketako sektoreak “krisiaren” eraginez murrizketa asko pairatu ditu. Egun, sektore prekarizatua da, 17.537,37 eurotara justu heltzen diren soldatekin eta lanaldi partzialekin. Asteko lanaldia etengabe aldatzen diete, urteetan sufritutako murrizketak dira hauek, batzuek urteak daramatzate astean 5-6 orduko lanaldiekin, lanaldia handitzeko ia aukerarik gabe. Beraz, langile portzentaia handi batek ez du %100 soldatarik eskuratuko, iada berez nahiko gutxi den eta bizitza duin bat garatzea bermatzen ez duen soldata.

Gainera oso bakartuta dagoen sektorea da, langileen gehiengoak ez du lan zentro handietan lan egiten, bakarrik eta bulego txiki edo portaletan aritzen dira.

Aldarrikapen bateratua negoziaketan

Negoziaketan justizia sozial bezala ulertzen dugun aldarrikapena dugu; langile eta bereziki, emakume hauek Gipuzkoako garbiketako kolektibo maskulinizatuarekin, zehazki kale garbiketarekin alderatuta bizi duten soldata arrakalarekin amaitu nahi dugu.

Kale garbiketan 1.025 langile daude, horietatik 845 gizonak dira (%82,44) eta aldiz, 180 emakumezkoak (%17,56). Kasu honetan beraz, kale garbiketa sektore maskulinizatua dela esan genezake.

Biak garbiketako lan antzekoak egiten dituzte, baina kale garbiketakoak %28 gehiago kobratzen dute. Hau, sektore maskulinizatuen aldean feminizatuak zein prekarizatuak dauden erakusten digun adibide argia da.

Egongo da gizonek kalean lan egiten duela esango duenik eta hau lan baldintza okerragoetan lan egitea dela. Baina horregatik hain zuzen ere plus bat jasotzen dute (3.000 euro ingurukoa), hitzarmenean jasota agertzen dena eta guk ez duguna kontuan izan soldata arrakala kalkulatzeko garaian. Beraz, salatzen dugun soldata-arrakala funtzio antzekoak betetzen diren postuetan ematen dira.

Soldata arrakalak arrazoi asko ditu, eta bereizketa horizontala horietariko bat da. Sistema heteropatriarkal eta matxistak eraikin eta lokaletako garbiketa gutxiestea erabaki du. Ezinbesteko lana guztion osasun baldintzak mantentzeko.

Patronalaren jarrera

2018 urtearen amaieran ekin genion 2019tik aurrerako hitzarmenaren negoziaketa berriari. Patronalak jarrera itxia du, ez du onartzen soldata arrakalaren existentzia eta aurkeztutako proposamen ekonomikoa berdintasun ekonomikoa eskuratu eta urteetan galdutako eros ahalmena eskuratzetik urrun dago. 2019. urterako %1,5eko soldata igoera proposatzen du.

Guk, gure aldetik berriz negoziaketa bilera bakoitzean adierazi dugu soldata arrakalarekin amaitzeko denborak negoziatzeko prest ginela. Baina, arrakala aintzat hartzeko garaia dela uste dugu eta emakume eta gizonen arteko berdintasun ekonomikoa eskuratzeko urratsak ematea.

Zer egin dugu orain arte

Donostiako mugimendu feministarekin batu gara, eta aldarrikapen honetan beraien babesa adierazi digute.

Emakunderekin bilera eskatu dugu.

EUDELekin batu gara, izan ere Gipuzkoako udaletxe ezberdinetan garbiketan ibiltzen diren langileen baldintzen erantzule ere baita, zehazki hitzarmen sektoriala aplikazten zaioen langile horiena.

Udal hauteskundeen ostean, hitzarmen hau aplikatzen duten udaletxe ezberdinetako alkateekin berriz ere bilerak eskatuko dugu.

Noski, hitzarmen honen arabera beraien lan baldintzak arautuak dauden langileekin asanbladak egin ditugu Gipuzkoa osoan.

Gaiaren inguruko eskuorri banaketak egin ditugu.

Lan asko geratzen zaigu oraindik erabat bakartu eta atomizatua dagoen sektore bat kontzientziatu eta mugitzeko. Ez da lan erreza bulego txiki eta portaletara heltzea… baina uste dugu egoerak eskatzen duela. Esan bezala, aldarrikapena juztizia sozial bezala ulertzen dugu, bizitza duinaren aldekoa. Eta bide honetan instituzioek ere soldata-arrakala izan badela onartu, hau gainditzeko konpromisoak hartu eta beharrezko bitartekoak mahai gainean jarri beharko dituzte.

 

 

 

Langileen mobilizazioari esker, akordio txukuna lortu da Berriak Supermerkatuetan

0

Akordioa lortu da Berriak Supermerkatuetako Laudio, Amurrio eta Ugao dendetan eta Bilboko Alde Zaharreko BMn. Enpresaren lehen dendak duela 35 urte baino gehiago zabaldu zituen ateak Laudion, eta urte hauetan guztietan Araba eta Bizkaiko Elikagaien Merkataritzaren probintzia hitzarmenetan ezarri ohi den lanaldia baino askoz handiagoa ezarri die. Ezarpen hori, zabaldu bezain laster gauzatu da denda guztietan.

Sartu diren aparteko ordu horiek guztiak ez dira diruz ordaindu, are gutxiago denboraz; aitzitik, askotan eta langileetako askok izan dituzten premiak direla-eta, behin baino gehiagotan, mesedeka aritu balira legez, eskatu behar izan dituzte baimenak, gero ukatu egin zaizkienak.

Egoera honetaz nazkatuak, dendetako langileek erabaki zuten antolatu egin behar zutela eta hauteskunde sindikalak egin. Erabaki hari esker antolatu ziren, eta hitzarmenak agintzen duen lanaldiari egokitutako lan egutegia izateko eskubidearen alde aritu dira.

Eskatzen zutena, urtean zehar 5 larunbatetan libre izan behar duela larunbatetan lana egiten duen langile orok, eta egokitu zekizkiekeen norberaren aukerako egunak erabiltzeko aukera izan behar zutela.

Ekainaren 28an lanuzteak egin zituzten eta greba deialdia zuten deitua uztailaren 5erako. Azken hau, bertan behera geratu zen akordioa lortu zutelako bezperan langileen ordezkariek zuzendaritzarekin.

• Akordioak ez du epe-mugarik bere aplikazioan.

• Urtean bost larunbat.

• Zubi bat txandaka: gehienez 10 langilek har dezakete zubia. Kalkulua atera da eta bi urtetan langile guztiek gozatu ahal izango dute eskubide honetaz.

• Aukera askeko egun bi, inolako justifikaziorik gabe. Ezetz egin ahalko zaie bakarrik atala estali gabe erakutsiko balitz. Aukera askeko egunak ez lirateke galduko eta ezingo lirateke eskatu larunbata eta zubian.

• Gehiegizko gainontzeko egunak, adostasunarekin.

• Iazko aparteko orduak ordainduko dira edo disfrutatu ahalko dira. Irailean egingo da ordainketa bakar batean.

Akordioa, langile-batzarrak berretsi zuen pasa den astean. Langileen ordezkariek langileen baldintzarik gabeko babesa eskertu nahi dute, euren batasunik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako lortutako akordioa.
 

 

 

Behar bezalako zerbitzua, kontratazio gehiago eta aurreikuspen hobea eskatzen ditugu Bizkaiko Correosen

0

Anabasa eta kudeaketa txarreko uda berri bat salatu ditugu Bizkaiko Correoseko enpresa-batzordea eta pertsonal-batzordeko. sindikatuok Behar bezalako zerbitzua, kontratazio gehiago eta aurreikuspen hobea eskatu ditugu herrialdeko posta zerbitzurako.

ENPRESA-BATZORDEA ETA PERTSONAL-BATZORDEAREN OHARRA

Aurten ere nahaspila nagusitu da Bizkaiko Correosko udako kontratazioan. Uztailean sartu bezain laster, oso arazo larriak izan dira banaketa-ataletan. Zentroetako beharrizanak behar bezala aurreikusi ez direnez, sail ugari geratzen dira banatu gabe egun bat baino gehiagotan, eta hortaz, herritarrek gutuneria egunero jasotzeko duten eskubidea urratu egin da. Zenbait herritan: Galdakaon, Areetan, Erandion, Basaurin, Barakaldon, Durangon, Zornotzan, Portugaleten… 4 edo 5 sail dituzte banatu barik. Eta 2. barrutiko Zuzendaritzak dio, bere burua zuritu nahian, ez dutela pertsonalik aurkitzen plangintzako beharrizan guztiak betetzeko, enplegu-poltsak gutxienezko mailetan daudela, eta zaila baino zailagoa dela Correosen lan egin nahi duen inor aurkitzea.

Gogoratu beharrekoa da orain dela hilabetea, Bilbon,16 banaketa-sail kendu zituztela, eta 2016an kendu zituztenekin batera, 54 banaketa-sail desagertu direla. Guztira 70 postari gutxiago dago. Plantilaren herena murriztu dute.

Correoseko zuzendaritzak ez du ezer ikasi aurreko urteetatik, ez die jaramonik egin sindikatuen gomendioei —azken hilabeteotan lanpostu guztiak betetzeko beharra azpimarratu diegu—. Eta orain, langile-eskasia kezkagarria da, haien aurreikuspena guri urria iruditu zitzaigun, eta bideraezina. Gero, aplikatu egin dute ezbaian ibili barik, eta ondorioak agerian egon dira lehenengo egunetik.

Hori dela-eta, langileek berebiziko ahaleginak egin behar dituzte, eta gehienetan 3 banaketa-saileraino ere pilatzen zaizkie, eta iritsi ezinik dabiltza. Lan-baldintza gogor horiek modu kaltegarrian eragiten dute langileen osasunean, egoerak gaindituak sentitzen baitira, eta eguneroko banaketa gauzatzeko ezintasunagatik estresak jota baitaude. Gainera, ezin dugu aipatu gabe utzi babes gutxien duen kidegoa: behin-behineko langileak. Langile finkoen oporrak eta bestelakoak betetzeko kontratatzen dituzte, eta presio bikoitza pairatu beharrez daude.

Horrez gain, arreta-bulegoak greban daude larunbatetan, eta horregatik haietako asko itxita egongo dira. Greba horren arrazoia da Correosek ez duela bete bere konpromisoa, asteburuetako atsedenaldia (legez ezarritakoa) langile guztiei bermatzekoa. Eta horren ondorioz, hainbat herritar zerbitzurik gabe geratuko dira.