2025-12-22
Blog Page 61

Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko lan baldintzak negoziatzeari uko egiten jarraitzen du

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek salatu dute Madrilek soldata eta enplegua negoziatzeko ezarritako mugak aitzakia direla EAEn murrizketak aplikatzeko.

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Lakuaren aurrean, Sektore Publikoaren Mahai Orokorraren bilera hasi aurretik. Mahai hori ez zen joan den azarotik egiten, sindikatuek deialdi berriei buruzko eskaerak egin arren. ELAk eta LABek (Mahaiko kideak dira) Eusko Jaurlaritzari eskatu diote jarrera autoritarioa alda dezala eta langileek greba eta mobilizazioen bidez eginiko eskaerei erantzun diezaiela.

Sektore publikoaren aldarrikapen nagusia da lan baldintzak eta enplegua EAEren esparruan erabaki ahal izatea. ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari exijitu diote gai hauek jorratzeko eta gai ordenean sartzeko: Sektore bakoitzean erosahalmena berreskuratzeko soldata igoerak adostea; behin behineko milaka langile egonkortzea (behin-behinekotasuna % 8tik behera kokatu arte); plantillak gaztetzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea; lan osasuna bultzatzea; euskalduntzeko plan eraginkorrak adostea, bai eta berdintasun politikak ezartzea ere.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, uko egin dio eskaerak aintzat hartzeari, argudiatuz Madrilek ezartzen dituen mugek ez dutela horretarako aukerarik ematen. Sindikatuen arabera, berriro ere agerian geratu da Eusko Jaurlaritza espainiar Estatuak ezartzen dituen politiken menpe dagoela. Hala ere, gogorarazi dute muga horiek ez dutela eragotzi Ertzaintzan soldata igoerak sinatzea. Horrek erakusten du Madrilek ezarritako mugak aitzakia direla EAEn murrizketak aplikatzeko, eta borondate politiko kontua dela Sektore Publikoaren baldintzak hobetzea, salatu dutenez. Jaurlaritzak aurrez gai zerrendan sartutako bi gai jorratu ditu: txanda kontratua eta ordainsari osagarriei buruzko dekretua. Lehenengo puntuari dagokionez, bertan behera uzteko borondatea azaldu dute.

ELAk, LABek, Steilasek eta ESK-k jarrera aldatzeko eta Sektore Publikoaren eskaerei erantzuteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuek salatu dute Administrazio Publikoa dela patronalik autoritarioena. Sektore pribatuak hitzarmen kolektiboak berritu ditu, eta 2013tik izan den tasarik altuenera iritsi da; sektore publikoan, berriz, lan baldintzak berritu gabe daude duela hamarkada bat baino gehiago. Gauzak horrela, kalitatezko zerbitzu publikoak lortzeko, lan baldintzak hobetu behar direla aldarrikatzeko mobilizazioekin jarraituko dute sindikatuek.

LABek Hezkuntza Departamentuari exijitu dio berma ditzala erretiro partzialak eta errelebo kontratuak Nafarroako ikastola eta itunpeko ikastetxeetan

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean Hezkuntza Departamentuari exijitzeko Nafarroa Garaiko ikastoletan eta itunpeko ikastetxeetan errelebo kontratuak eta erretiro partzialak berma ditzan, murrizketarik egin gabe. Baliteke-eta hemendik aurrera Hezkuntza Departamentuak 2024ko irailean sinatutako Itunpeko eta Ikastoletako Irakaskuntzaren Akordioa baliatzea erretiro partzialak eta errelebo kontratuak ez finantzatzeko bidea hartzeko.

Pentsioen inguruko Espainiako dekretu berria indarrean sartzeko 15 egun baino gutxiago falta direnean, Nafarroako ikastoletako eta itunpeko langileek oraindik ez dakite Hezkuntza Departamentuak bermatuko dituen ala ez erretiro partzialerako aukerak eta errelebo kontratuen bidez irakaskuntzan lanpostu berriak sortzeko aukerak. Hezkuntza Departamentuak ez du horren gaineko informaziorik eman nahi. LABek behin eta berriz galdetu eta bilera eskatu arren, oraindik ez du erantzunik jaso.

Apirilaren 1etik aurrera, arau aldaketarekin, langileentzat, oro har, erretiro partziala hartzeko baldintzak hobetzeko aukera izan arren, erretiro partziala, errelebo kontratuaren bitartez, ezartzen diren baldintza berrietan hartzeko aukera ez izateko arriskua dago. Hezkuntza Departamentuak lege aldaketak suposatzen duen kostu osoa bere gain hartzeko asmorik ez du eta sasi-proposamenak bota ditu orain arteko hainbat hobekuntzen murrizketak estaltzeko.

Hain zuzen ere, hiru urte lehenago erretiro partziala finantzatzeko ez dago prest, bi urte lehenago bai, baina orain arte bere gain hartzen zuen soldata osagarria ere ez luke ordainduko. Horretaz gain, adin orduetan ere murrizketak aplikatuko lituzke, hau da, orain arte erretiro partziala hartu aurreko lau urte lehenagoko bi adin orduak murriztuko lituzke.

Egun gauden egoerak LABek irailean akordioa ez onartzeko eta ez sinatzeko izan zuen jarrera berresten du. Orduan LABek ohartarazi zuen akordio horrek ez zuela bermatzen benetan beteko zenik. Eta orain, SEPNA, UGT eta CCOO sindikatuekin sinatu zutena aldatu eta erretiro partzialak eta adin-orduak murrizteko erabili nahi dute. PSOEk berak onartutako dekretu bat, PSNko kide den Carlos Gimeno jauna bere gain ez hartzeko prest egoteak adierazten du nolako jarrera duen.

Irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko eta enplegu sorrera bultzatzeko, Hezkuntza Departamentuaren mehatxu berri honen aurrean, LABek bere desadostasuna eta erretiro partziala, errelebo kontratu eta lanpostu berrien aldeko aldarrian eta murrizketen kontrako borrokan jarraituko duela adierazten du.

Nafarroako Enplegu Planak lan istripuak betikotzea dakar

34 urteko langilea hil da makina batek harrapatuta Buñuelen, Nafarroan. Iaz Nafarroak zifra errekorrak uzi zituen lan istriputan 26 hildakorekin, eta aurten dagoeneko 11 hildako eragin ditu patronalaren inpunitateak.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Bart 23:00tan izan zen harrapaketa hilgarria, araudia betetzen ez zuen makina baten eraginda. Etengabea da hildako langileen zerrenda, behin eta berriz errepikatzen dira enpresen aldetik arau hausteak lan osasunean. 1997tik langile bati eskuragarri ipintzen zaion edozein makinak segurtasun bermeak eskaini behar ditu honelako istripuak saihesteko. Euskal Herriko makinei segurtasunerako azterketa tekniko bat egingo balitzaie, askok ez lukete pasako. Hala ere, gobernuek erabaki dute inongo azterketarik pasa behar ez izatea, enpresen inpunitatea bermatzeko.

Honela Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Enplegu Plan berriak horixe egiten du, ehunka mila euro estatuko sindikatu eta patronalaren artean banatu. Nola ez, planak ez du neurri bakar bat ere aurreikusten enpresei araudia betearazteko. Dena aholkularitza eta kanpaina propagandistikoetara mugatzen da. Salatu behar dugu ekimen horiek patronalaren inpunitatea bermatzen dutela eta istripuak betikotzen dituztela, gaur berriro ere pairatu dugun heriotza bezalakoak ahalbidetuz.

Hori dela eta, intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuok dei egin nahi dugu datorren ostegunean, martxoaren 20an, Tuterako Foruen plazan arratsaldeko 18:00etan egingo dugun mobilizaziora.

Beste garraiolari bat hilik

Laudioko enpresa batetako garraiolaria hilik suertatu zen Madrilen joan zen ostegunean gertatutako istripu batean. 62 urteko M.A.A.C., Barquin y Otxoa enpresaren langilea zen.

LAB sindikatuak bat egiten du enpresa-batzordeak ostiralean, martxoaren 21ean, 13:45etan enpresaren aurrean deitu duen elkarretaratzera.

.

LABek bat egin du arrazakeriaren aurka kalera ateratzeko deiekin

Ostiral honetan, martxoaren 21a, Arraza-bereizkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Erregimen arrazista kolonial batean bizi gara, Euskal Herrian modu askotan betikotzen eta sakontzen dena.

Berau desegitea eta pertsona guztientzako eskubideak eta aukerak benetan betetzen direla bermatzea eskaera eta konpromiso kolektiboa da, eta horrekin bat egin behar dute erakundeek, administrazioek eta ordezkari politiko eta sozialek.

Eskatzen dugu zor koloniala konpontzea, justizia-neurri zehatzak hartzea eta bizitza seguruak eta baldintza duinetan sustatzea pertsona migratu eta arrazializatu guztientzat.

LABetik Euskal Herriko herri eta hirietan arrazakeriaren aurkako borrokari lotutako mugimenduaren eta eragileen deialdietan parte hartzera animatzen dugu.

Gipuzkoan. Martxoaren 23an 11:30ean Trintxerpeko Azokan eta 13:00etan Donostian, Alderdi Ederren.

Nafarroan. Martxoaren 22an 12:00etan Iruñeko Merindadeen plazan.

Bizkaian. Martxoaren 23an 18:00etan Bilboko Jesusen Bihotzean.

Araban. Martxoaren 21ean 18:30ean Gasteizko Andra Mari Zurian.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek EAEko hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta garbiketako kolektiboak barnebiltzen dituen grebaren erregistroa egin dute

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuak Donostiako Lurralde Ordezkaritzan elkartu dira EAEko Hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta garbiketako kolektiboak barnebiltzen dituen greba dinamikaren erregistroa egin eta urtarrilean hasitako greba eta mobilizazio zikloari jarraipena emateko.

Izan ere, urtarrila eta otsailean zehar egindako greba eta mobilizazioak izan dira Hezkuntza Saila mahai berriak deitzera behartu dutenak. Horrela, gaur eta biharko deitu ditu mahai negoziatzaileak, gaurko sukalde eta garbiketakoa, eta biharko irakasleena. Sindikatuek Hezkuntza sailari beste behin ere eskatu diote grebetako eskaerei erantzungo dioten edukiak jorratzeko.

Beraz, kalitatezko hezkuntzaren bidean Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetu, sare publikoa erdigunean jarri, indartu eta inbertsio publikoa handitu dezan eskatzeko beste 5 greba egun erregistratu dituzte, martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 1 eta 2an.

Indarrean dagoen sukalde eta garbitzaileen lan hitzarmena 16 eta irakasleena 15 urte dituzte, urtarrileko eta otsaileko mobilizazioetan langileek argi eta garbi adierazi zioten Hezkuntza Sailari hitzarmen horiek orain eta hemen negoziatzeko beharra, benetako edukiak mahai gainean jarriz.

Kolektibo bakoitzari egokitutako aldarrikapenak badituzte ere, geroz eta handiagoak diren lan-zama arintzeko neurri zehatzak adostea nahi dute, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.

Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eta baita azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea ere.

Argi dute langileon mobilizazioekin batera hezkuntza publikoa erdigunean jartzea, ikasleak erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dutela.

Tafallako FCC Aqualia-ko hitzarmena berritzea lortu du LABek azkenean, hobekuntza nabarmenekin

Tafalla eta inguruko uren zerbitzua kudeatzen duen FCC Aqualiako langileek ikusi dute nola bi urte baino gehiagoan gogor eta tinko lan egin ondoren beren legezko ordezkariak –LAB sindikatuko ordezkariak– 2022an iraungitako hitzarmena berritzeko akordio justu batera iritsi direla. Hitzarmen berriak hiru urteko indarraldia du (2023, 2024 eta 2025), soldata igoera KPIaren gainetik jasotzen du eta urteko lanaldia murrizten du, bertzeak bertze.

Mairagako Mankomunitateko uraren ziklo integralaren esleipendun den FCC Aqualia enpresako langileen lan-harremanak arautzen dituen hitzarmena 2022. urtearen bukaerarekin iraungi zen. Ordutik, LABeko hiru delegatuek, langileen eta sindikatuaren babesarekin, gogor lan egin dute enpresak aurretik hitzartutako baldintza bakar batean ere atzera egin ez zezan eta hobekuntzetan aurrera egin zedin.

Eta azkenik, bertze behin ere borrokak merezi duela erakutsiz, hitzarmena berritzeko enpresarekin akordio on bat ixtea lortu da. Hiru urteko hitzarmen hori 2025aren bukaera arte egonen da indarrean; urteko lanaldia 8 ordu murriztuko du; 2023rako %6ko soldata igoera jasotzen du, 2024rako %3koa eta 2025erako %4,2koa (atzerapenak apirileko nominan kobratuko dira); hiru kategoria aldaketa egiteko beharra ere jasotzen du; eta norberaren kontuetako egunei bertze egun bat gehitzen die.

LABek EAEko ikastetxe publikoetako eskola garraioko eta patioko zaintzaileen hitzarmen kolektiboaren blokeoa salatu du Eusko Jaurlaritzaren aurrean

Joan den urtarrilean, LAB sindikatuak salatu zuen Centro Internacional de Idiomas-CIDI enpresa, eskola garraioa eta patioaren zaintza kudeatzen dituena, hitzarmenaren negoziazio mahaitik altxatu zela, Hezkuntza Sailak zerbitzua lizitatu eta esleitu arte.

Bi ikasturte baino gehiago dira Hezkuntza Sailak zerbitzu hori lizitatu behar zuela, baina diru publikoarekin irabaziak lortzen dituen eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen duen enpresa batek kontratu zuzenaren bidez kudeatzen jarraitzea erabaki zuen. Argi dago Hezkuntza Saila egungo egoeraren konplizea dela.

LAB sindikatua berriz ere mobilizatu da gaur Eusko Jaurlaritzaren aurrean hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko eta Hezkuntza Sailak CIDIri exijitu diezaion eskola-garraioko eta patioko zaintzaileen hitzarmenaren negoziazio mahaian berriro eser dadila. Blokeoa dagoen bitartean, LABek mobilizatzen jarraituko du.

Bi langile hil dira aurten luma garabiak erabiltzen ari zirela

S.F.P. 62 urteko langilea hil da gaur goizean, eraikuntza lanetan ari zela, Arratzun, Bizkaian. Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones, SL enpresako langilea, luma garabi batekin baserri batetako teilatura materiala igotzen ari zela, goi tentsioko kable batera gerturatu da eta deskarga bat jaso du.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Aurten, dagoeneko 14 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuetan. Eraikuntzako makina eta garabiek dagoeneko 3 hildako eragin dituzte. Lehena Gasteizen urtarrilaren 7an, lurra mugitzeko makina batek harrapatuta. Bigarrena Arbizun, garabi luma baten oinarriak huts egin eta langilea harrapatzean urtarrilaren 30ean. Gaurkoa bigarren hildakoa litzateke luma garabiak tarteko.

Makinen erabilerak formakuntza zehatza eskatzen du eta garabi lumenak are zehatzagoa. Eraikuntzan gainera, araudi berezia dago, arriskuak hala behartuta. Goi tentsioko instalakuntzen presentziari gainera, errekurtso prebentiboaren presentzia eta lanaren planifikazio egokia dagozkio halabeharrez. Oraingoan, bistan da ez direla gutxieneko baldintzak bermatu.

Patronalak eta bere komunikabideek absentismoaren inguruko diskurtso faltsu bat agenda politikoan kokatu duten bitartean, joan zen urtean 102.000 istripu izan ziren Hego Euskal Herrian, eta 64 hildako Euskal Herrian. Enpresa askok ez dituzte lan osasunerako arauak betetzen eta hori da ezkutatu nahi duten gaia.

Ikusi dugu azken 30 urteotan eta datuek hala frogatzen dute, enpresek ez duela lan osasunerako araudia betetzeko inongo asmorik. Araudia betearazteko eskumena duten instituzioek modu esplizituan kolaboratzen dute enpresekin horretan, izan ere ez dute Osalanen bidez enpresak isuntzeko gaitasunik. Formula horren bidez, patronalari araudia ez betetzea oso merke ateratzen zaio eta langileriak geure osasunarekin eta azkenik geure bizitzarekin ordaintzen dugu.

Intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu datorren asteazkenean, martxoaren 19an, 12:00etan Lemoan, Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones enpresaren aurrean (Mendieta industria poligonoa, 26 C, 2).

Mahai Orokorreko sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 9rako Nafarroako Administrazio osoan

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Mahai Orokorrean langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzeko, foro horrek baitu langileen zilegitasuna eta babesa.

Mahai Orokorrean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok, LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGTk, Nafarroako Gobernuari dei egin diogu langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa egin dezan, horretarako legez ezarritako mahaian.

Gaurko prentsaurrekoan, Nafarroako Gobernuari exijitu diogu negozia ditzala aldarrikapen horiek eta sindikatuok Mahai Orokorrean planteatzen ditugun beste guztiak ere, foro hori baita langileen zilegitasuna eta babesa dituena.

Sindikatuok argi utzi dugu kalitatezko zerbitzu publiko bat nahitaez lan baldintza egokiak dituzten pertsonek eman behar dutela. Horregatik, Nafarroako Gobernuari honakoa exijitzen diogu:

  • Estatutu berri bat Nafarroako langile publikoentzat.
  • Langile guztientzako lanbide-karrera, irizpide objektiboekin. Horrek prestakuntza eta dedikazioa sustatu eta ordainduko ditu, eta, ondorioz, zerbitzuak hobetuko dira eta eremu desberdinetan dauden desberdintasunak zuzenduko.
  • Enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea.
  • Sektore publikoan indarrean dagoen pribatizazio politikarekin amaitu eta orain arte pribatizatutakoa irauli.
  • Osasun arloko Foru Legearen Aurreproiektuan Osasunbideko enpresa-entitate publikoaren sorrera geldiaraztea, eta sektore horretako profesionalen arteko bidegabekeriak desagerraraztea.
  • Plantilla handitzea, errealitatearekin bat datorren dimentsionamendu egokia lortzeko. Horrek arreta hobea, enplegua sortzea eta plantillak gaztetzea ekarriko ditu, eta, horretarako, errelebo-kontratua eta erretiro aurreratua ere eskatzen ditugu.
  • Familia eta lana uztartzeko hobekuntzak.
  • Lan-kontratudun langileen baldintzak hobetzea, euren hitzarmena eguneratuz.
  • Langile guztien ordainsarien igoera, Nafarroako KPIa aplikatuta.
  • Eros-ahalmena berreskuratzeko bidean aurrerapausoak emateko neurriak ezartzea.

Horrekin guztiarekin, Mahai Orokorreko sindikatuok gogor salatu dugu Nafarroako Gobernuak ordezkaritza sindikalarekin negoziatzeko duen ardura bazterrean utzi izana, Estatutu berriaren negoziazioan blokeo erabatekoa ezarriz. Saiakera ugari eta askotarikoak egin ditugu Gobernua Mahai Orokorrean eser dadin gai hauek guztiak negoziatzera. Alabaina, guztiak antzuak gertatu dira, eta ondorioz, sindikatuok erabaki dugu apirilaren 9an greba egun bat deitzea, eta Administrazioko langile guztiak animatzen ditugu grebarekin bat egin dezaten.