2026-07-16
HomeEkintza SindikalaLABek salatu du ez direla jarri Haurreskolak Partzuergoko hitzarmenean adostutako baliabideak 

LABek salatu du ez direla jarri Haurreskolak Partzuergoko hitzarmenean adostutako baliabideak 

Hezkuntza Saila ostrukarena egiten ari da. LABek Haurreskolak Partzuergo Publikoaren zuzendaritza batzordeari eta Hezkuntza Sailari exijitzen die 2025eko otsailaren 10ean sinatutako Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmenean jasota dagoena osotasunean bete dezaten eta berehala mahai negoziatzailea dei dezaten, lan hitzarmena garatu ahal izateko.

2025eko otsailaren 10ean LABek eta Haurreskolak Partzuergoak, 15 urte eta gero, lan hitzarmen berria hitzartu zuten, lan kargak arintzeko hainbat neurri inplementatzeko konpromisoarekin batera. LABek mugarritzat jo zuen akordioa, baina ez helmugatzat. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordearen lehendakaria denaren hitzak honakoak izan ziren: “Oso berri ona da haurreskolen zerbitzua indartuko dugulako. Etorkizunera begira kalitatezko zerbitzua bermatu nahi dugulako, profesionalen lan baldintzak hobetuko ditugu. Akordio hau aspaldi landutakoaren emaitza da eta helburua beti izan da adostasuna lortzea. Eta, kasu honetan, haurreskolek beren zeregin guztiak kalitatez betetzen jarraituko dute: zerbitzuari baliabide nahikoa eskainiko dizkiogu eta ziurtasuna eta lasaitasuna emango diegu familiei”.

Alta, LAB sindikatuak salatu nahi du Hezkuntza Saila ez dela betetzen ari 2025eko otsailaren 10ean sinatutako lan hitzarmenean jasotakoa eta hartutako hainbat konpromiso. Plantillak esleitzeko irizpideen negoziazioa izoztuta dute, eta hainbat eta hainbat hezitzailek ezin dute hitzartu zen eguneko lanaldia egin. Haurrekin sei orduko arreta zuzena hitzartuta badago ere, denbora hori gainditzen da, pertsonal faltagatik.

Hezkuntza Sailak Haurreskolak Partzuergoko alde sozialarekin harremanak etenda ditu aurreko ikasturte bukaeratik. Horrek Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen hezkuntza zerbitzuan eta langileen lan baldintzetan oso modu negatiboan eragiten du, haurreskoletako langileekiko, familiekiko eta negoziazio kolektiboareliko begirune falta argia erakusteaz gain. 

Sindikatuak aldagai horri gehitu dio 2024an sinatutako akordioa ez duela bete Hezkuntza Sailak. Lanpostu berriak sortzeko prozedura adostu zuen, baina Eusko Jaurlaritzak ez du ahalbidetu horren ondorioz iragan irailaren 1etik sortu behar ziren 63 lanpostuen sorrera.

Ondorioztatu daiteke Eusko Jaurlaritza ez dagoela baliabide pertsonalak handitzeko prest, nahiz eta horretarako akordioak sinatu zituen. Azken urteetan, gainera, matrikulazioa izugarri igo da doakotasunak bultzatuta; hain zuzen, LAB sindikatuak eta beste eragile batzuek egindako borrokaren ondorioz lortutako doakotasunari esker. Imanol Pradales lehendakariak kargu hartzean aipatutako “egiteko era berrien” zantzurik ez dago haurreskoletan; zaharrak berri. 

LABek Haurreskolak Partzuergoko langileekiko duen erantzukizunagatik eta haur hezkuntzako lehen zikloarekiko erakutsi duen konpromisoagatik, langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen dituzten akordioak sinatzen ditu. Horregatik, derrigortuta dago akordioak betetzen diren egiaztatzera. Orain, administrazioaren txanda da: sinatutakoa bete eta langileen eskubideak eta akordioak errespetatu behar ditu. 

Gauzak horrela, LABek ez du onartuko sinatu dituen akordioak betetzeari atzerapen eta aitzakia gehiago jartzerik. Datozen egunetan beharrezkotzat jotzen diren ekintzak eta mobilizazioak aztertuko ditu langileekin batera, Hezkuntza Sailak dagozkion pausoak ematen ez baditu. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba Feminista Orokorrean parte hartzeagatik epaitu dituzten kideei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dugu

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak deituta, Donostiako epaitegiaren aurrean batu gara atxilotuak izan ziren grebalariei elkartasuna adierazteko, jazarpena salatzeko eta zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borrokan segiko dugula argi uzteko.

Gasteizko Udalaren isunaren aurrean, LAB, ELA, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok greba eskubidea eta gutxieneko soldata duina aldarrikatzen ditugu

LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuok Greba Orokorra deitu dugu martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata propio eta duinaren defentsan, soldata hobeak aldarrikatuz. Deialdi horretarako, sindikatuok ahalegin militante handia egin genuen Gasteizen eta inguruan langileei grebaren testuinguruaz, arrazoiez eta helburuez informatzeko, hainbat euskarri informatibo, batzar eta bileren bitartez. Horren ondorioz, hamarnaka mila pertsonek baliatu zuten grebarako eskubidea, eta mobilizazio jendetsua egin zuten hirian, deialdiaren aldarrikapenekin bat eginez.

LABek eta ELAk EAEko udaletan greba deituko dugu hurrengo urriaren 8an

Udalhitzeko mahaian aurrerapausorik ez dagoenez, LABek eta ELAk hasita daukagun greba dinamikarekin jarraituko dugu sektoreak dituen aldarrikapenak lortu arte.